Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Filologia

 

        —Arabieratik datorrela uste al duzu zuk?

        —Ziurrenera, adiskidea, ziurrenera... Baina hitzei dagokienez, zientziak ez du ezer segururik: nondik datozen, zein bide egin duten, aldatu dituzten esanahiak: infernuko nahasmendua... Eta gainera, hitz hau, edozein lelokeria esan daitekeen horietakoa da; jakituria handiko lelokeriak, bakoitzak bere logika dutenak... Gauza da denek, hitzaren jatorria zein den begiratu baino lehen, erabiltzen denean duen esanahia nahi dutela jakin: eta hortxe hasten dira istiluak; zeren hitzak animo egoera bat adierazten duela uste duena bide batetik abiatzen baita, kanpoko egoera bat adierazi nahi duela uste duenak berriz beste bati ekiten dio... begira Petrocchik, hitza bi eferekin idazten du, italieraren gisara: «Ez legeari ez moralari errespeturik gabe, elkarren interesetan elkarri laguntza ematen dioten maila eta era guztietako pertsonen biltzarra»; eta, zalantza askorekin baina, antzinako frantseseko mafler hitzarekin zerikusia duela dio, eta hortik maflé eta maflu: jan, irentsi.

        —Ez zait gustatzen.

        —Ok eginarazten du... Jan, irentsi: Zelako pentsaera!... Pentsaera kontua baita: Horrelako zerikusirik ez litzaioke burura etorri ere egingo Pitré bezalako gizon bati: haizetik bizi zela zirudien zahartxo hura, txoritxoa bezain arina. Gogoan dut oraindik, nire auzoan bizi zen: Lehenengo Mundu Gerrakoan hil zen... Entzun zer idazten duen Pitrék: «Mafia ez da ez sekta ez elkartea, ez du araudirik ez estatuturik. Mafiosoa ez da lapurra ez gaizkilea; eta hitzari suertatu zaion adur berrian, mafiosotasuna lapurrari eta gaizkileari egotzi baldin bazaio, betiere jakintsua ez den publikoak hitzaren balioaz arrazoitzeko astirik izan ez duelako izan da, eta jakiten arduratu ez delako nola lapurraren eta gaizkilearen sentitzeko moduarentzat mafiosoa gizon ausart eta korajetsua besterik ez den, sudurrean eulirik sekula jartzen ez zaiona, eta zentzu horretan mafioso izatea beharrezko gauza da, are nahitaezkoa ere bai. Mafia bakoitzaren izaeraren kontzientzia da, interes eta ideia kontratasun eta enfretamendu guztietarako epaile bakarra den bakoitzaren indarraren kontzeptu gehiegizkoa: horra nondik, bada, inoren galaitasunarekiko, edo are okerrago, nagusitasunarekiko, jasan ezina. Mafiosoak begirunea izan diezaioten nahi du, eta ia beti izaten du berak ere begirunea. Irain egiten badiote, ez da legetara joaten, justiziara, baina badaki ordainak ematen bere kabuz, horretarako indarrik ez duenean, bere sentimen bera duten beste batzaren medioz.»

        —Aingeruek bezalaxe idazten du.

        —Aingeruek bezalaxe, bai, baina esaten ditu berak ere lelokeria batzuk...

        —Bai? Niri egia eta justua iruditu zait, Ebanjelioa bera bezala.

        —Ebanjelioa irakurtzen al duk hik?

        —Esateko modu bat zen... Baina inoiz entzun izan dut irakurtzen.

        —Ba al dakik zer dioen Ebanjelioak? «Masaileko bat ematen dizunari, erakutsi beste masaila»: Ba al duk animorik beste horrenbeste egiteko?

        —Niri masailekoa ematen didanari, tiro bat ematen zioat ahoan bertan.

        —Beno... Ebanjelioan ere badituk lelokeriak, beraz... baina goazak berriro Pitrérengana.

        —Konturatzen nauk, konturatzen nauk non egiten duen hanka sartzea: lehendabizi esaten dik mafia ez dela elkarte bat, eta gero batek eman ditzakeela ordainak inoren medioz ere: elkartea badago beraz.

        —Bizkorra haiz, baina hitz egiten ikasi behar duk: gizon handi batez hitz egitean, gure lurreko ohorea den batez hitz egitean, ez duk esan behar «konturatzen nauk non egiten duen hanka sartzea.»

        —Esateko modu bat da.

        —Ez dituk erabili behar esteko modu horiek, esaerak, parabolak: gauzak modurik lehor eta zuzenenean esan behar dituk, edukazioz, kontuz.

        —Kristo, baina eskolarik izan al dut, ba, nik? Nik unibertsitatea ardi artean egin nian.

        —Bai, eta bota ezak «kristo» bat batzordearen aurrean...

        —Baina seguru al da batzordeak deitu behar didala?

        —Seguru, heriotza seguru den adina: hirekin denbora galtzen arituko nindukek, ala, ni, seguru ez balitz? Deituko dik.

        —Izerdi hotzak irteten zidak, pentsatu hutsarekin.

        —Zenbat aldiz deitu diate karabineroek, zenbat aldiz joan behar izan duk instrukzioko juezaren aurrera?

        —Pasatako ura, dagoeneko: hamar urte pasa dituk inork traba egiten ez didala... hau, gainera, gauza berria duk... Batzordea, alegia: nork daki zein arau dituen, nork daki zer galdetzen duen... Karabineroak, epaileak gauza jakin batez galdetzen diate, pertsona jakin batez: ea gertakarian bertan nintzen, ea harremanik dudan urliarekin edo berendiarekin; eta non nengoen halako gau hartan, halako orduan... Eta erantzunak aurretik prestatzen dituk; zer galdetu, erantzuna prest daukak... Batzordeak, ordea, nik dakidalarik behintzat, edozer gauza galde zezakek: eta burua azkar eduki behar dik, nerbioak lasai...

        —Sekula eragin al diat nik hutsik, pauso hutsen bat, tontakeriarik?

        —Sekula ez.

        —Ez hadi, bada, arduratu... Nik, jakin ezak, batzordeak dei nazan eskatu behar diat. —Zuk?

        —Bai, adiskidea, neuk: nik ere badut zer esana pixka bat.

        —Baina...

        —Nahasmendurako zer esana, noski... Eta egon haiteke seguru momentu baterako ez dela ezer ulertuko: historia dela, filologia dela, eta eskutitz anonimoak direla, ez duk ezer ulertuko, ezer ez... Asmatzen al duk zenbat eskutitz anonimo jaso behar dituen batzordeak? 1943an, amerikanoek sindiko egin nindutenean milaka bat jaso nian nik: herri oso bat gertatzen huen Obrako espioiez betea, eskutitz anonimoen arabera; baita Panebianco diputatua bera ere, Mussolini erori arte espetxean egona. Eta eskutitz berberak jasotzen zizkiaten amerikarrek: hasieran egiazkotzat hartzen zizkiaten, norbait atxilotu ziaten, eta Oranera eraman ziaten. Gero eskutitzak uholdean iritsi hituen: eta orduan haiek ere ulertu egin ziaten... Pentsa zer gertatuko den orain... Lurralde honetan, adiskidea, aurpegi berean, hirean edo nirean, begi batek gorroto ziok besteari... Ikusiko duk...

        —Hori egia duk, bai.

        —Goazen, beraz, berriro gure gaira... Fanfanik dioenez...

        —Eta Fanfaniz hasten zara orain hitz egiten?

        —Amintore ez, babalorea. Prieto Fanfani esaten diat nik, italierazko hiztegi baten egilea, han maffia hitza, bi eferekin «Elkarte sekretua, Sizilian» esanahiarekin ematen duena, arabierazko maehfil hitzetik datorrela, eta bilera edo biltoki esan nahi duena. Irizpide berekoak dira Zanbaldi eta Rigutini; eta denak, Palazzi bereganaino... Eta Palazziren definizioa irakurri nahi diat, ederra duk eta; lehenengo zatia Petrocchirenetik kopiatua da, eta ondoren esaten du «mafiak ez duela beti kaltea helburu, baina erabiltzen dituen medioak legez kanpokoak direla beti; garai batean zabaldua zegoen Sizilian». Barregarria, barregarria benetan.

        —Niri gustatzen zait; mafiak ez duela beti kaltea helburu esaten duenean, gustatzen zait... Gizona da hori, benetan.

        —Ez da gizona delako, beste gizon batzuekin fidatu delako baizik... baina barregarria zerau duk: «garai batean zabaldua zegoela Sizilian.»

        —Guk ere esaten diagu, mafiarik ez dagoela jada... Behin ministroak ere esan zian...

        —Guk eta ministroak ez diagu hiztegirik egiten... Eta pentsa hori 1948an inprimatu zela... Hura garaia! Martino erregeren garaian, agian... Eta goazen siziliarretara, azterlari siziliarretara: hitza dakarren lehendabiziko hiztegi siziliarra Trainarena da, 1868koa; eta berritzat ematen du, toskanozko smàferi-tik edo etorri litekeela, borrero esan nahi duenetik alegia...

        —Ez zait gustatzen.

        —...edo, eta hau gutxiago gustatuko zaik, esaten duenez, Toskanan maffia hitzak, miseria esan nahi omen du «eta miseria da benetan indar hutsagatik nork bere burua gizon handitzat edukitzea, alderantziaz delako, zakartasun handia erakusten baitu, animalia galanta dela halakoa, alegia.» Gustatzen al zaik?

        —Nazka ematen zidak.

        —Baina ondoren gehitzen du: «Norbere buruarekiko segurtasun handia, itxurako ausardia: bulartsua.» —Hasi duk arrazoia izaten.

        —Nolanahi ere, etimologiatan asko ez luzatzeko e-ti-mo-lo-gi-an, hitzaren jatorrian, alegia, Grabiele Maria de Alepo, misiolari kaputxinoa eta arabiera irakaslea zenari atxikiko gatzaizkio, honela bukatzen baitu bere analisi jakintsua: «Hemen goian aipatutako hitzen esanahiari bagagozkio, mafia hitzak honako esanahiok izan bide ditu jatorrian: ahaldunen gehiegikerien kontrako babesa, ezein lege sozialekiko askatasuna, kalte ororen ordaina, indarra, gorputzaren sendotasuna, lasaitasuna, ongilearekiko esker ona, alde batetik, eta bestetik, gauza guztien zatirik onena eta gozagarriena, Pitrék esaten duen guztiarekin ezin hobeto egokitzen dena, alegia.» Aita Grabielek proposatzen dituen arabierazko hitzak honako hauek dira: mahafat, defenditu esan nahi duena; hofuat, edozein gauzaren zatirik onena; mohafi, laguna, esker oneko laguna... Hori errazteko, ez burua nahasteko...

        —Bazekik dotrina, kaputxino horrek!

        —Badaki, bai, baina ez nau konbentzitzen. Gehiago konbentzitzen nau Fanfanik, gure artean esateko.

        —Fanfani? Gureetako al duk, bada, orain?

        —Adi egon behar duk, adiskidea, adi egon behar duzu... Fanfani esan dut, eta esplikatu diat ez duela zerikusirik politikariarekin... Beraz, ez dituk adi entzuten ni esplikatzen ari natzaian gauzak.

        —Arazoa da, garbi hitz egiteko, hitz egiten ari garen gauza hauetan denbora galtzen ari garela, nire ustez. Kristo! Zer egin behar dut nik hitzen zientzia honekin! Nire zientzia, munduko zientzia guztia, nire karteran eta bi kanoiko eskupetan zeuzkaat nik.

        —Ba, orduan, Trainak du arrazoia: handi ustea duk, animalia galanta haizelako, ez bestegatik... Niri bost axola, ni behintzat ez nauk zaparrada horrek harrapatuko: hortxe utziko zaituztet, zakurren janari, utziko zaituztet... Hik eta hire iritziko guztiek, karteraren zientzia duzue, bi kanoiko eskopetarena eta dinamitaz kargatutako autoena... Noski, orain izan ere zuen zientzia dinamitaz eta trilitaz aberastu baitzaizue: eta hona zer ondorio bikaina... utz itzazue gauza horiek Tiroleko alemanentzat: jende fanatikoa, jende eroa; faszistak...

        —Funtzionatu egiten zuen, ordea, dinamitak, funtzionatzen zuen: zeu ere, hasieran...

        —Jarri ditzagun gauzak beren tokian: hasieran, hik dioan bezala, nik ez baitakit ondo noiz izan zen hasiera hori, esan zenidaten «lupararen historia honek amaitu egin behar du, denek hitz egiten dute orain luparaz, lupararen lurra bihurtu da hau, irudi itsusia egiten dugu kanporako: badaude modu hobeak, bizkorragoak, seguruagoak; eta kolpea huts egin behar ez denean, hobe da haiek erabiltzea... eta badugu mutil bat, lehergailu kontutan egiaz aitajainkoa dena...» Eta utzi egin nizuen nahi zenutena egiten, zuek eta zuen aitajainko horrek; autoa lehergailua itzali gabe lagatzen duen aitajainkoa... Aitajainkoa, bai!

        —Zuk badakizu gauzak nola gertatu ziren: izu une bat, distrakzioa...

        —Distrakzioa! Munduaren bukaera segituko zion distrakzioa, haren ostikada mundu guztian entzun zen distrakzioa: ikusten dituzun ondorio guztiekin.

        Telefonoz deitu erazi nien, ordea: ez ukitu autorik, infernua izango dela eta.

        —Haiek, berriz, ukitu... Eta benetan espero al zenuen, bada, ez zutela ukituko? Zergatik, ba? Telefono dei anonimo batengatik? Broma bat ere izan zitekeen. —Lastima da, baina egindakoa eginda dago...

        —Lastima diet soldaduei, haiek zerikusirik ez zuten eta.

        —Inork ez zuen zer ikusirik, hil zirenetatik. Eta gero, ederrena, nik hiletetan parte hartu behar.

        —Ez da lehenengo aldia.

        —Bromazale bihurtu haiz orain, ikusten denez.

        —Bromazale ni? Zurekin? Horrelakorik ez nuke inola ere egingo.

        —Ederki... Utzi ditzagun, beraz, terroristen medio horiek: gu ez gara anarkistak, ordena zaleak gara gu... Eta konpontzeko ditugun kontuak, gaurtik aurrera lehengo erara konponduko ditugu.

        —Ba mutilak zaletzen hasiak ziren...

        —Noski efektua handia zela, ezin ukatuko dut... baina ezin gaitezke bide horretan jarri... Ala geuk ere bonba atomikoa edukitzeko lanean hasi behar genukeela uste duzu?... Kontu handi da behar duguna; zentzua, ikastea, tratatzen jakin... Gure arazoa, oraingoz, ikerketa batzordearena da: egin diezaiogun aurre lasaitasunez... Beraz: Pitrék dioenez, mafia hitza, jatorria edozein duelarik ere, lehendabizikoz 1868 erregistratzen bada ere... Zein hiztegik dakar lehendabiziko aldiz?

        —Trainarenak.

        —Oso ongi... lehendabiziko aldiz 1868an erregistratzen bada ere, bazegoen Garibaldi iritsi baino lehenago. Eta gauza bazegoela, elkartea, alegia, ongi frogatzen du (gehitzen dut nik) Vicariako mafiosoak, presondegian itxita zeuden mafioso haiek, 1860n libre zeuden lagunei bidaltzeko dei bat egin izanak, aholku emanez, hain zuzen, ondo portatzeko, ez egiteko Borbondarrek munduaren aurrean, propagandarako gaur esaten den bezala, garibalditarren iraultzari egotzi lekizkiokeen lapurretarik, ebaskuntzarik eta hilketarik...

        —Horrelakorik ez nekien.

        —Horrenbeste gauza daude ez dakizkizunak eta jakitea gauza ona direnak... Kultura, adiskidea, gauza handia eta ederra da...

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991