Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Gizarte jolasak

 

        Atea ustekabean ireki zitzaion bere eskua tinbrean artean zalantzan zegoela. —Sartu, zure zain nengoen— esan zion andreak irribarrez, ahotsa txorrotxioka zuela, beretzat benetan nahi zuen gertakariren bat, emozioz eta pozez itxarondakoa, gertatzen ari balitzaio bezala. Hutsegiteren bat izango zela iruditu zitzaion berari, haren ondorioa kalkulatzen ahalegindu zen. Ate parean geratuta zegoen, harrituta, pasatuta ia. Seguru asko norbaiten zain egongo zen hau: ezagutzen ez zuena, edo oso gutxi ezagutua, edo aspaldiko urtetan ikusi gabea. Eta ez zuen betaurrekorik, gainera. —Nire zain zeunden? —Noski zain nengoela... Baina, sartu, mesedez—. Txorrotxioka denbora guztian.

        Sartu zen, eman zituen hiru pauso antigoaleko itsas mapa bat irudikatzen zuen zeramikazko zoruan: pisutsu, istinga batean bezala. Emakumearenganantz itzuli zen, atea itxi eta sofa bat seinalatzen baitzion.

        Nahasmendua argitzen saiatu zen, jakiten. —Zu noren zain zeunden, ordea, preziso?

        —Preziso? —egin zuen hark orduan ironikoa zuen irribarre batez.

        —Hain zuzen, ni...

        —Zu...?

        —Hori, uste dut...

        —Beste baten ordez hartu zaitudala. —Ez zuen irribarre egiten jada. Eta gazteagoa ematen zuen—. Ez ba, zeure zain nengoen... Egia da betaurrekoak ez ditudala, baina betaurrekoek gertuko gauzetarako balio didate. Kaleko atean zeundenean ezagutu zaitut. Orain beharbada, gertutik, betaurreko beharra dut: horrela ez zuk eta ez nik ez dugu dudaren izpirik izango. —Betaurrekoak liburu ireki baten gainean jarrita zeuden, liburua bere leihoaren apal gainean. Zain zegoen bitartean, belarria ondo irekirik kaleko atearen hotsa entzuteko liburu bat irakurtzen hasia zen: baina orrialde gutxi zituen irakurriak. Zein liburu izan zitekeen jakiteko nahi zentzugabea oldartu zitzaion, ea zein liburu aukeratu zuen itxoiteko denbora pasarazteko. Nola zegoen, ordea, zain? Tranparen batean, traizioren batean eroria zen, ala bidali zuen gizonaren bat-bateko damua gertatu zen?

        Gauza harrigarria, baina montura beltz eta astunezko betaurreko haiek itxura gazteagoa ematen zioten emakumeari: begiradak, lenteek handitzean, halako harridura, izu ukitu bat hartu zuen. Baina ez harriturik ez izuturik zegoen. Areago, bizkarra eman zion, desafio egin nahi balio bezala. Idazmahai bateko tiradera ireki eta eskutitz batzuk atera zituen handik. Jiratu eta hurbildu zitzaionean, hogeikoren bat argazki zituen eskutan. —Fokutik irten samarrak daude —esan zuen —baina dudarik ez da. Hau ekainaren hogeita batean hamaiketan aterea da, via Mazzinin: Zu nire senarrarekin zaude; beste hau arratsaldeko bostetan, piazza del Popolon: uztailak hogeita hiru, bakarrik zaude, autoa ixten, aparkatu ondoren; beste honetan zure emaztea ere badago... Ikusi nahi al dituzu? Doinua ironikoa zuen, baina gaizki nahirik gabea, interesik ez balu bezala ia. Egin behar zuena egiteko prest sentitu zen gizona azkenean. Baina ezin zuen; asmatzen zuen apurragatik ezin zuen jada, ez zuen egin behar. Baiezko keinua egin zuen, ikusi nahi zituela. Emakumeak eman egin zizkion, eta begira geratu zitzaion familia argazkiak, haurren argazkiak erakutsi eta zorionak espero dituenaren antsia arin eta pozezkoaz. Gizona, ordea, zurtuta bezala zegoen, sentikizunak, pentsakizunak eta mugimenduak geldi eta urrutiko bilakatzen zitzaizkion, etsitzeko bezain astun. Eta zorionak emakumearengandik iritsi zitzaizkion, banalak eta erruki gabeak —Ba al zenekien fotogenikoa zarela?— eta, egia esan, fokutik irtenak izanagatik, bere irudia ez zen erabat galtzen, bere emaztearena eta komendatorearena, aldiz, iluntzen zituen bitartean.

        —Eseri zaitez —esan zion emakumeak ondoko sofa seinalatzen ziola: eta bere existentziaren hondamendian bezala ondorainotu zen bera. Gero:— Nahi al duzu zerbait edan? —eta erantzunaren zain geratu gabe bi baso eta koñak botila hartu zituen. Basoa eskuan zuela aurkitu zen, emakumearen aurrez aurre, hark, beretik zurrutadatxo batzuk ematen zituen bitartean jolasguraz begiratzen ziola. Edan zuen. Ondoezetik onera datorrenarena gisa begiratu zuen inguruan. Ederra etxea. Argazkiak itzuli zizkion.

        —Neska ederra, zure emaztea. Ez dakit dakizun, baina Monakoko printzesaren antza du. Baina argazki honetan huts egin dezaket. Huts egiten al dut?

        —Agian ez duzu huts egiten.

        —Zu, orduan, konturatu gabe zeunden —txorrotxiozko algara gorrotagarri hura berriro—. Maite al duzu?

        Ez zuen erantzun.

        —Ez nazazu maiseozaletzat hartu, ez dizut horregatik galdetzen.

        —Zergatik, orduan?

        —Begira ... Maite al duzu?

        Esku keinu batez gaitzetsi zuen galdera.

        —Ez didazu erantzun nahi, ala emaztearekiko batere sentimendurik ez duzula ulertu behar dut hortik... —Zeuk nahi duzun bezala.

        —Erantzun zehatza nahi dut —gogor esan zuen, mehatxuz; gero, konbentzitu nahiz eta penatuta aldi berean—. Zeren, begira, onez eramateko gauza zaren jakin behar dut aurretik.

        —Zeren aurretik?

        —Erantzun didazu egin dizudan galderari.

        —Ez dut uste.

        —Noski baietz. Nik esan dizut: onez eramateko gauza zaren jakin behar dut aurretik; eta zuk ez didazu galdetu zer eraman beharko duzun onez, zer albiste zure emazteaz, hari diozun maitasunaz... «aurretik» horri heldu diozu. Zeren aurretik? Noski. Ez zara zure emazteaz arduratzen, zeure buruaz baizik. Noski. Ondo da horrela.

        —Ba, orain galdetuko dizut: Zer eraman beharko dut onez?

        —Esango dizudana.

        —Nire emazteaz? Horrek arduratzen zaitu, onez eraman ahal izango dudan?

        —Zure emazteaz. Eta zelako erreakzioa izango zenuen, arduratu egiten ninduen horrek, zeren, gu biok, izan ere, luzaro iraun beharko duen adiskidetasun batera beharturik baikaude, eta gauza askori eman beharko diogu bizkarra... Zuk nahi baldin baduzu, noski.

        —Baina nire emaztea...

        —Iritsiko naiz horretara ere. Baina, esadazu: ulertu duzu?

        —Zer ulertu?

        —Argazkiok, zain nengokizula: ulertu duzu?

        —Ez.

        —Ez nazazu desilusionatu, ba: benetan ulertu ez badidazu, nire itxaropenak pikotara doazkit. Eta baita zeureak ere.

        —Nireak?

        —Noski, zureak ere bai. Ez dizut, bada, esan adiskide egingo ginela? Esadazu, beraz, egiatan: ulertu duzu? Ez izan hitz egiteko beldurrik, ez dago mikrofono ezkuturik, ez dago magnetofoirik martxan. Froga zenezake, nahi baduzu... Lan sinple, azkar eta errentagarria eskaini behar dizut oraintxe; eta arrisku gabea. Esan gabe gainean duzun arrisku ziur batetik ari natzaizula salbatzen. Onartu beharko duzu, beraz, zure adimen maila ezagutzeko eskubidea badudala behintzat... Hortaz: ulertu duzu?

        —Dena ez.

        —Normala... Esadazu zer ulertu duzun.

        —Ulertu dut zuk badakizula.

        —Laburra eta osokoa erantzuna. Jakin nahi al duzu orain nola iritsi naizen horretara?

        —Gustatuko litzaidake.

        —Astia galduko dugu, baina bidezkoa da zuk jakitea... Baina zein ordutan elkartu behar duzu nire senarrarekin? Zeren hobe dizut segituan esan: Gure etorkizunerako adiskidetasunaren oinarria gaur gauean nire senarrarekin izango duzun topaketa izango da. Zer ordutan?

        —Ez dugu elkartu behar, ordea.

        —Orain ez zara nirekin fidatzen. Oso ondo ezagutzen dut nire senarra: ezin zintuen gaur gauerako elkartzeko ordurik gabe utzi. Zer ordutan?

        —Hamabiak eta laurdenetan.

        —Non?

        —Landetako bidetxo batean, hemendik hogeita hamar kilometrotara.

        —Ondo, astia badugu... Baina, agian, galderak orain niri zeuk egiten badizkidazu hobeto.

        —Ez nuke asmatuko nondik hasi ere, nahastu samarra nago.

        —Bai? Azkarragoa izango zinela uste nuen, gogoeta bizkorragokoa, berehalakoxe pentsakizunetakoa. Baina nire senarrak nitaz, nire izaeraz, bere pentsamendurik ezkutuenekoei antzemateko dudan gaitasunaz ezer ere ez esanak harrituko zintuen gehiena beharbada. Elkarrekin hamabost urtez igaro ondoren, hori bezalako gizona liburu irekia da ni bezalako emakumearentzat. Oso liburu tontoa, oso aspergarria. Zer deritzozu?

        —Zertaz?

        —Nire senarraz.

        —Une honetan nagoen egoeratik atera litekeenez, mozolo hutsa da.

        —Pozten nau hori esaten entzuteak. Baina konturatu zintezkeen lehenago ere zein mozoloa den. Nolanahi ere ulertzen dut haren itxurak, haren autoritateak eta motz samar bada ere, ardura gabe samar etengabe daukala erakusten duen diruak itsutu zaituela... Eta dirua badu, ez larritu... Neu ere erori izan naiz horretan, nire aldetik. Ez damututa nagoelako: Nire desilusio bakarra, esateko, amodioz ezkondu nintzela kalkuluz ezkondu ordez. Baina batera zein bestera, ezkondu egingo nintzen; eta hartara jarri ez dut esango, baina erosotasun bat bilatu nion, nire gurariak eta mesprezuak konplitzeko aukera ematen zidan egoera bat, emakume batek nahi izan lezakeen guztia ematen zidan egoera, ondoan bizi duen gizona mesprezatzea ere bai, eta hona non datorren mozolo hori oreka haustera.

        —Baina ez nuke esango, zuk deritzozun bezain guztiz mozoloa denik: ni aurkitzen naizen kasuan, bai, dudarik ez da, mozolo bezala jokatu du, kontu egin gabe... Baina bere kabuz egin den gizona da, hala esan dit niri behintzat, hala diote denek: eta oso aberatsa egin da, oso ahaltsua...

        —Nobela arrosatako ideia duzu zuk beren kabuz egiten diren gizonez, arrakastari buruzko amerikarren eskuliburuetakoa. Nik nire gizona ez ezik, gizon talde aski zabala ezagutzen dut, beren kabuz egindakoena: eta ziur esan diezazuket beren kabuz ez baina inoren kabuz eginak direla, denak: eta inor horiek ere, beren aldetik, historian gailentasunera iritsi badira ere, kasualitatezkoak eta miserableak diren zirkunstantzia, konbinazio eta harremanek eginak... Azkeneko gerrakoan, nire senarra milizia faxistan zebilen, Sabatellirekin batera, geroztik lan publikoetako ministro bilakatu zenarekin: biak boluntario. Horra dena. Eta Sabatelli, ezingo zenuke asmatu ere egin, zein mozoloa den. Gizarte ongi ordenatu batean, zuzentasunezko batean, gezurrezko kartak erabiltzen ez direnean, meritua eta gaitasuna batera doazenean, zoririk errukitsuenak ere bulego publikoren bateko atera eramango zituzkeen, atezain bezala, eta txarrenak espetxeko atetik barrura. Baina...

        —Baina aberatsak, ahaltsuak eta errespetagarriak dira... Baina galdegiteko proposatu didazu zuk. Egin al dezaket?

        Bere diskurtso oldarrean gelditurik, baiezko keinua egin zuen emakumeak, baina atsekabez, haserre samar.

        —Nire jakin nahiak gauza askorenak dira, baina hurbilenekoa hauxe da: Zergatik zeunden zain gaurko gau honetan hain zuzen?

        —Gaur, mahaian, gaua kanpoan igarotzeko asmorik nuen galdetu didalako nire senarrak: zinean, edo lagunen baten etxean; berandu etorriko zela bera, oso berandu, bere sozietateetako baten administrazio kontseiluaren bilera bategatik. Eta horrelako bilerak, uda honetan, beste bi izan ditu: eta beraz, hirugarrenak izan behar zuen ona. Ona beretzat, niretzat kitokoa. Zeren, ez baitut nik bakarrik esaten, sakoneraino ezagutzen dudan honek, harekin tratu pixka bat duenak badaki erabat emanik dagoela hiruan oinarritzen den egokitasunezko sineskeria bati. Eta bederatzia, ez dugu aipatu beharrik ere, horretaz delirioraino iristen baita. Hirugarren bilera, beraz: hirugarren eguna, eta zu bederatzi-bederatzietan iritsi. Berak esan dizu, ezta?, bederatziak puntuan jo behar zenuela tinbrea?

        —Bai, baina nik uste nuen...

        ... Bere antolamendurako prestutasunak kalkulatutako xehetasuna izango zela. Zuk ez dakizu zein prestutasun gutxi duen antolamendurako, emanik zerbait baduela. Eta esan behar dizut gainera, zuri eginkizun horren... esan dezagun kontukoa, arriskutsua... ematerakoan, zerikusi asko izan du, dudarik gabe, zu matematikako irakasle izateak. Hark apenas ezagutzen duen Pitagorasen taula, eta erabat sinetsita dago, horregatik bere lapurretak, ondo irteten duten lapurreta guztiak matematikarik gorenenari dagozkiola. Eta bankuari egindako zenbat lapurretatan, esferen musika ere entzuten du hark. Egunkarietan aipatzen diren lapurreta horiek: kronometratuak, ziurrak... Eta halakoak ez direnean, kroniketan aztertzen ditu, ahulezia eta hutsegiteak ikertzen ditu, ziurtasun idealera jasotzen ditu. Horrelaxe gertatu da kasu honetan. Orain dela urte batzuk izan zen delitu bat, gogoan izango duzu zeuk ere, auzi sonatu bat. Nire senarra irrikatzen zegoen harekin, eta goizero bere langile bat epai aretoan tokia hartzera bidaltzeraino iritsi zen, joateko astirik bazuen ere gorde ziezaion; eta astia behin baino gehiagotan izan zuen. Eta horren protagonista epaituen kaiolara eraman zuten hutsegiteak bilatzen ari zen bitartean, berak non egiten duen bat. Gaur zuk... Beno, gauzak plangintzaren arabera gertatu izan balira, hamarren bat pertsona gogoratuko ziren epaiketa hartan izan zuen interesaz, eta batez ere tokia gordetzen zion langilea, eta epaileetako bat, ondo ezagutzen baitu, eta inoiz, bere estratu gainetik keinu egiten baitzion.

        —Ordudanik hasi al zinen zu susmotan?

        —Lehenagotik ere bai: baina auzi hartan jarri zuen irrikatik antzeman nion asmoak plangintza zehatzen batean ari zirela gauzatzen.

        —Eta orduan ikerketa agentzia batera joan zinen?

        —Oso gauza luzea, oso nekosoa; baina, ikusten duzu, merezi zuen. Urte pare batean haren ezkontza-engainuak besterik ez zidan ekarri agentziak. Barre egiteko modukoa: engainuak! Ezkondu eta hilabete gutxitarako ez zitzaizkidan batere axola. Hark emakumeak, ordaintzen jarraitzen zuen. Ni neu ere ordaindu egin ninduen, ezkontzarekin, pentsatuz nire prezioa, handia eta luzerakoa bazen ere, jasangarria izango zela.

        —Eta ez al zen jasangarria?

        —Bistan da ezetz.

        —Esan nahi dut: zergatik bihurtu zaio jasanezin?

        —Nire erruz, noski. Denetik egin dut niregandik urruntzeko, nire bizitzatik, nire egunetatik, nire gauetatik kanpora uxatzeko. Harentzako asignazio gutxi batzuk, «tapis roulant» bat... Ez, ez dut harremanik izan beste gizonekin. Edo hobeto: behin bakarrik, nire gizonaz gustua galtzen hasi nintzenean. Probatzeko bakarrik. Huts egin zuen. Ez ezazu egin ilusiorik, beraz.

        Amorru etzanda bat etorri zitzaion; erantzun bortitzen bat bilatu zuen.

        —Ez zaite mindu. Badakit ez naizela ez emakume ederra ez gaztea, esan zenezake itsusia eta zaharra naizela ere. Baina esan nahi nizun, erraz egin zenitzakeela ilusioak nire gizonaren gorpuaren gainetik igaro ondoren nire gorputzaren gainetik igaroz nire diruaren zati baten ordez dena lortzeko: eta nik, berriz, gure artean oraintxe bertatik gauza guztiak argi egotea nahi dut.

        —Beraz, aitortzen duzu erru guztiak ez zirela, nolanahi ere, zure senarrarenak.

        —Nik ez dut ezer aitortzen; eta iritsi zaren unean, iritsi garen unean, aukeran dituzun ekintzen merituak, nire senarraren plangintza ala nirea bete, arkangeluaren balantzan neurtzeko gogoa baduzu, zeure kontua da. Baina kontu txarra da gauza hauetan balantza nahastea. Balantza mota hori, esan nahi dut. Zu —zorionak ospatzeko irribarre bat saiatu zuen— gaizkiletxo aurrera-nahi bat zara: ez ezazu galduko zaituen luxurik hartu.

        —Ni ez naiz gaizkilea.

        —Benetan?

        —Zu baino gehiago ez.

        —Konforme. Eta zure emaztea baino askoz ere gutxiago, esango nuke.

        —Beharbada. Baina nola esan dezakezu zuk?

        —Dakidanetik ateratzen dut ondorioa. Zuk ez al dakizu zure emaztea, esan dezagun horrela, beste gizonekin ibiltzen dela?

        —Ez da egia.

        —Ondo egia, hala ere. Eta ez ezazu gaizki hartu. Zer kendu diezaiokete zure emaztea bezalako bati ibiltzen den gizonek? Bikote ederra zarete, ondo zaudete elkarrekin, gauza berberak nahi dituzue, ez zarete inoiz haserretzen, auzoek ongi nahi dizuete... Ikerketa agentziak zuei buruz bidali zidan lehenengo txostenak gauza politak esaten ditu benetan: emazteak hogeita-bi urte ditu, eskolaurre batean dago irakasle, oso ederra, bizkorra, dotorea; gizonak hogeita-zazpi ditu, institutuko matematika irakasle ordea, atsegina, serioa; oso maiteminduak, oso lasaiak... Bigarren txostenak, eta gainerako beste guztiak, zuri buruz ez diote bestelako gauzarik; baina zure emazteari buruz uste gabeko jardunbide bat erakusten dute, harritzekoa. Diruagatik, dudarik ez da. Horregatik, orain arte benetan ez bazenekien ere, lasai zaitez. Diruagatik, diruagatik bakarrik... Badakizu behin, behin bakarrik, nire senarrarekin ere ibili zela?

        —Banuen susmoa. Susmoa, alegia, printzipioz: zure senarrak gureganako atxikimendu hori bazuen nire emaztearenganaino iritsi nahi zuelako zuela bakarrik iruditzen zitzaidan. Ez, ordea, nire emaztea hartarako zegoenik. Eta gero susmoa desegin egin zen: nire emaztea tentatzera zetorrenik uste izateko arrazoirik ez nuen, guregandik, niregandik, nahi zuena esanik zeukanez gero.

        —Nire senarraren ikuspegitik, ordea, zure emaztearekiko liaison txiki bat beharrezkoa zen. Zuk, nahi gabe, edo plangintza burutzean edozein hutsegite egiten zenuelako, saltzen bazinen ere, halakotan erabili ahal izateko, uste dut. Orduan esango zukeen: harremanak izan ditut horren emaztearekin, jakin egin du, eta mendekuz nirea hil du; edo nire bila joan, hiltzeko, eta hark eutsi egin dio, edo mindu egin du, edo bestelako moduren batera bortxara bultzatu du, eta hil egin du... Baina ez zaitez hasi orain susmotan erretzen, edozein modutara ere, zure emaztearekin hitzartuta, nire senarrak polizia atzetik bidaliko zizula pentsatuz: ez da finezia horietaraino iristen. Eta seguru nago, gainera zure emazteak ez lukeela onartuko inoiz azkeneko irtenbide hori: iruditzen zait badakidala zein eratako emakumea den.

        —Zein eratako emakumea?

        —Badu nire antza. Horrenbesteren antza du... Gauzen adorazioa dugu, amodioaren unibertsoko jaungoiko baten tokian jarri ditugu gauzak. Eskaparateak dira gure ortzea, horma armairuek eta sukalde amerikanoek dute barruan izadia. Sukalde lanik egiten ez den sukaldeak, telebistako propagandako jainkoaren bizileku... Nire aita, burges txiki bat zena, maizter bizi izan zen beti etxeetan, haien jabe izateko premiarik sekula sentitu gabe. Gaur egun ez dago iraultzaile bat bizi den etxearen jabe izan nahi ez duenik; etxe baten jabe egiteko zorretan, hogeita bost urtetarako alokairutan hondoraino sartzen ez denik. Betierekotasun ideia, infernuaren ideia bankuaren hogeita bost urtetarako alokairuetan hartzen dira. Banketxeek administratzen dute metafisika. Baina laga dezagun dagoenean... Zure emazteak, beraz, nire antza du. Denek dugu elkarren antza, gaur egun, horra zer den txarra. Zure emaztea, gainera, ganoragabea da, edo xaloa. Seguru nago bera berotu zela lehenengoa nire senarrak eginkizuna proposatu zizuenean... a, eta zein baldintzatan proposatu zizuen?

        —Dirutza handi bat jarririk dauka gure izenean Hanburgoko banketxe batean.

        —Zenbat?

        —Berrehun mila marko.

        —Beraz bazenuen gaur gauean, hona etorri ordez, hegazkina hartu eta Hanburgora joatea eta...

        —Egin nezakeen. Baina hemendik bi urtetara, gauzak ondo joatera, beste berrehun mila marko edukiko nituzkeen.

        —Bostehun mila jasoko dituzu niregandik, eta sei hilabete barru. Fidatzen al zara?

        —Ez dakit.

        —Fidatu egin behar duzu. Eta kontutan hartu nire plangintzak arriskurik txikiena duela, eta burutzeko zinenak segurtasun, orain esan baitaiteke, matematiko batekin eramango zintuela espetxera. Ikerketa agentziak agindua zeukan, ezer gerta balekit ere, txostenen eta argazkien kopiak poliziari bidaltzeko. Orain berriz, ontzat emanik ere nik ez dudala hitza betetzeko asmorik, edo zuri traizioa egiteko asmoa dudala ere, diru gehiagorik ez izateko arriskua duzu bakarrik, edo gehienez ere ohorezko, grinazko hilketagatik zigortua izatekoa. Bizpahiru urte espetxean, eta beti izaten da tartean amnistiaren bat. Ez ahaztu, beraz, nire aholku on hau: tranpan erortzen bazara, eutsi beti zure emaztearen traizioari, nire senarrak eragin dizun desilusio ikaragarriari. Eutsi beti.

        —Ondo pentsatuz gero, zeu ari zatzaizkit beharbada tranpan sartzen.

        —Mozolotzat hartuko zintuzket, hemendik susmo horrekin alde egingo ez bazenu... —begiratu zuen ordua, altxatu zen, eta galdegin zuen irribarrez:— Gehiegi jakin nahi dudala iritziko al diozu zer eratako heriotzez hil behar ninduzun galdetzen badizut?

        —Pistola.

        —Oso ondo... Zoaz orain, topo egin behar duzuen tokiraino iristeko behar duzun astia justu duzu. Suerte ona izan.

        Irribarre gozo batekin lagundu zion ateraino, ama baten gisa. Itxi baino lehen, gizona kaleko aterantz abiaturik zela, marmar bat ere ez zen hitzetan deitu zuen: —Ez ahaztu: tiro bat baino gehiago, gorputz sendokoa da— haur ahul batentzako kontu berezia eskatuko balio bezala. Eta gero: —Isilgailua izango duzu, nik uste.

        —Pistolan? bai, badut.

        —Ondo. Suerte ona izan, berriro. —Atea itxi zuen; haretxen kontra geratu zen bizkarrez. Irribarre sorgindu bat zuen, silaba guztiak dastatu zituen, esanez:Isilgailua: aurrez prestatutako hilketa —leihora hurbildu zen. Kaleko atetik irteten ikusi zuen.

        Sofan eseri zen. Altxatu zen. Atzera eta aurrera ibili zen. Behatzekin altzariak eta trasteak ukituz aritu zen, musika jotzen ari balitz bezala. Koadroen aurrean geratu zen. Erlojuari begiratu zion. Joan zen telefonora, zenbakia markatu, eta ahots larrituz hitz egin zuen: —Nire senarra bulegoan al da oraindik?... Alde egin du?... Arduratuta nago, oso urduri... Bai, badakit ez duela lehenengo aldia berandutzen dena; baina larritzen nauen zerbait gertatu da gaur gauean... Gazte bat etorri zaio bila, bere onetatik aterea ematen zuen, mehatxu moduan; hementxe egon zaio zain; eta oraintxe alde egin du. Beldurtu egin —nau... Ez, ez da irudipena bakarrik; gauza da badakidala zergatik egon zitekeen gazte hori honen bortitz, horren mehatxuz... Baina noiz alde egin du nire senarrak?... Bai, eskerrik asko. Gabon... Bai, gabon—. Telefonoa utzi zuen, jaso berriro, beste zenbaki bat markatu, eta ahots larrituagoz, izutuagoz hitz egin zuen. —Polizia? Scoto komisaria hor al dago?... Jar dadila; azkar, mesedez... Oi, komisario, eskerrak ordu honetan bulegoan aurkitzen zaitudan... Arduini anderea naiz... Entzun, beldurtuta nago, oso beldurtuta... Nire senarra... Lotsa ematen du, dit: baina ezin dizut esan gabe utzi... Nire senarrak harremanak ditu emakume ezkondu batekin, oso emakume gaztea bera, oso ederra... Badakit, ikerketa agentzia bati zaindu erazi diot eta, ez nau lotsatzen aitortzeak... Ez, ez dut ezkontza-hausteagatik salatzen; alderantziaz, beldur naiz ez ote zaion zerbait gertatuko... zeren, begira, gaur gauean emakume horren senarra etorri da hona, irakasle gazte bat: oso urduri zegoen, bere onetatik aterata. Barrura sartu dut, kontu egin gabe; eta hementxe geratu da, mehatxuzko itxuraz, nire senarraren zain. Ordu pare batez. Hitz egin erazten saiatu naiz, baina zeharka besterik ez zuen erantzuten, hitz gutxirekin. Orain alde egin du... Bai, minutu batzuk dira... Deitu diot telefonoz nire senarrari, jakinaren gainean jartzeko, baina alde eginik zen bulegotik. Hemen behar luke honez gero, ezin al zenezake zerbait egin?... Bai, ondo da —ia negarrez— orduerdi itxoingo dut oraindik, eta deituko dizut berriro... Eskerrik asko.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991