Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Trukagarri

 

        —Maiestate hori —esan zuen Santagelo ministroak behatz batez Fernandoren bizkarrean ukitu arin bat eginez—, Le Grotten gaude.

        Erregea inarrosi batez iratzarri zen; ministroaren aurpegiaren aurrean ireki zituen begi logalez busti irabiatuak, eskugainaz igurtzi zuen ahotik, listu hari fin bat baitzerion.

        —Zer dugu? —galdegin zuen.

        —Le Grotten gaude, Maiestate hori.

        Fernando karrozaren leihatilara azaldu zen. Etxe arreak, muino baten hegian pilaturik, asun eta goroldiozko sabaiak. Eta emakume beltzez jantziak atera irtenik, eta begi txunditu eta gosezko haurrak, eta zerriak zaborretan uxarrean.

        Barrura erretiratu zen.

        —Zertarako esnatzen nauzue, ordea? —esan zion ministroari. Eta besteren bati ari balitzaio bezala—. Hogeita lau ordu begirik biltzen ez dudala, eta ez al nau loak hartu, hona non datorkidan babalore hori esnatu behar nauela, Le Grotten gaudela eta albiste zoragarriarekin.

        Ezpaina, halako behi giltzurrina zirudiena, amorruaren ikarak hartu zion. Berriro azaldu zen leihora. Karrozatik urrats batzuetara jendea isilik pilatzen zen.

        —Leize zuloan otsoa: goazen aurrera —esan zion eskoltako ofizialari. Barreak eman zion, atzeraka etzanez, bururatu zitzaion ateraldi bikain harengatik. Ministroa dobla-dobla eginda zegoen barrez.

        Eta beste bi miliatan jo zuten aurrera: Racalmutoraino; balkoiak zetaz apaindurik topatu zituzten han, Korpusetarako bezala, ertzaintza formazioan jarririk, eta mahaia ederki prantatua udaletxean.

        Horrela bada, Grottek, garai hartako dokumentuetan Le Grotte deituak eta Racalmutotarrek gaur egun ere Li Grutti deitu ohi dutenak, ez zuen Fernando erregeri ongi etorria egiteko ohorerik izan.

        Mendea doi geroago, Grotteko geltokitik abiada batean igaro zen Mussoliniren trena andenetik gurpiletara ia jaulkitzen zen jendetza ozta ukitu gabe; eta ez ziren asko ere izan Mussoliniren aurpegi belztu azalpikatua Starace-ren oliba koloreko irribarretsuaren ondoan une batez ikustera egin zutenak.

        Bi gertakari horiek zirela eta, Racalmutotarrek barre eta irri zieten Grottetarrei orain dela urte gutxira arte; eta Grottetarrek, berenetik, bazuten mimo errepertorio bat, Racalmutotarren makurrak barregarriro irudikatzeko: fantasia llabur batzuk, alegia, Francesco Lanzak bildu eta berriro martxan jarririk dituenak, eta hain zuzen ere mimo izena Lanza berak jarri zienak.

        Herri biotako ekipoen arteko futbol partidetan, partidaren azkeneko bost minutuetaraino irauten zuen oroitzapen historikoen eta mimo horien, irainen eta iseken literaturak: handik aurrera karabineroen parte idatzietan ekintza bide deitu ohi direnek hartu ohi zuten haien lekua, ukabilkada, ostiko eta harrikadak alegia.

        Egia esateko, elkarrengandik ozta bi miliatara egonik, uste ere ezin daitekeen bezain bestelakoenak eta kontrakoenak ziren herri biak. Grottek gutxiengo valdearra zuen eta gehiengo sozialista, hiruzpalau familia jatorri hebrearrekoak, mafia indartsua; eta kale itsusiak, etxe itsusiak, hala-moduzko jaiak. Racalmutok jai bakarra izaten zuen, bikaina eta frenetikoa, ia astebete irauten zuena: eta Grottetarrak samaldaka hartaratu ohi ziren; horretatik aparte, ordea, bestelako kezkarik gabeko herria zen, hauteskunderako bi familia handikiren artean banatua, sozialista gutxi, apaiz ugari eta mafia zatitu batekin.

        Bi herrien arteko harremanak aldatzera, aiherkunde horiek leundu eta itzaltzera, asko lagundu dute, dudarik gabe, bizimodu berriarekin batera Racalmuto eta Grottetarren arteko sarritako ezkontzek; inor bestek neke handiz prestatu eta antolatutako ezkontzak, gehienak, baina zorionez beteak, ia denak.

        Ezkontza horietako batek, Sizilia Bien Erreinuaren amaiera baino urte batzuk lehentxeago gertatuak, bere tokia gorde izan du Racalmuto eta Grottetarren oroitzapen eta fantasiatan. Ez nobela giroagatik, kontrakotasunengatik, grinengatik eta odolagatik; neska baten edertasunagatik bakarrik, agian; edota horretatik sortu zen arazoan gizarte baten, garai baten ezaugarriak aurkitzen direlako beharbada.

        Ezkontza, Luigi M., Racalmutoko osagile eta biztanle nagusia eta Raimondo G. Grotteko lur jabe aberatsaren alaba baten artekoa, bi familiei zegokien distirarekin ospatu zen; eta goxotasunean zihoan aurrera bi ezkontideak bizi ziren Racalmutoko etxe ederrean: gorpuzkera erraldoi eta odoltsuko senarra, emazte gaztetxo eta gorputz berarekiko eztitasun lotsatiz bete-betea, eta non gertatzen den enkontru izugarria. Don Luigik hitz gogorrak izan zituen bere partzuer batekin, eta haserrearen beroan eman zion ostikada bat: zilegizko gauza baitzuen, gainera, handikiak bilau batekin eztabaida bukatzeko. Bilaua ez izan, ordea, don Luigiren gorpuzkera sendokoa, edo toki txarren batean hartu bide zuen ostikada. «Gauza da —kontatu zidan Luigiren ondorengo batek— eman zituela hiru buelta gelan, sartu zela mahaitxo baten azpian makur-makur eginda, eta hil zela».

        Orduan ere bazen legea: handikiekin arinagoa, beldurtiagoa; baina hildakoa ere hildakoa da, eta don Luigik ezin zuen atxiloa itzuri. Ihes egin zuen emazte gaztea etxe handi urrezkoan bakarrik utzita.

        Compagniako Kasinoan omendunen haserrea lehertu zen: Ez, bistan da, don Luigi gaixoaren kontra. Octavio di Castro zaharrak, udal korporazioko lehendakari eta herriko handikien zaharrenak hunkimenez jaulki zuen esaldi bat, geroztik famatu egin zena eta gaur egun ere ironiazko esaera modura erabiltzen dena: —A zer garaiak hauek! Handikiak ezin ostikorik eman nekazariari—. Denek onetsi zioten: hondamendi-hondamendira zihoan mundua, zer garaiak!

        Don Luigi ez zen urruti joana, egia esan: Bazitekeen agian Grotten bertan egotea ere, ahaide edo adiskide fidagarriren baten etxean. Baina sosegu gutxi zen hura nolanahi ere: eta sutan zegoen pentsatuz bere emazte gazte, beldurtuan, bakar bakarrik nola egongo zen, dena enkaje eta amodio, gortina damaskinatuzko ohe handian. Eta esku-ahal handiko lagunei deitu zitzaien, Armetako Kapitainak bere bulegoko mahai gainean iltze batetik eskegita zeukan atxilo agindu hura, lirio borbonikoetako tximeleta arin filigranatua, ezkutarazi zezaten. Alabaina, luze joan zitzaion don Luigiren aitaginarrebari, nahiz eta esku-ahal handiko gizona izan eta adiskidego zabalekoa, «bide egokia» bilatzen: eta ustekabean, halabehar huts eta zorionezkoz topatu zuen abendu arrats batez, etxe barruko jantziz brasa-ontziaren ondoan «Il Monitore» irakurtzen ari zela, eta bere alaba Concettina, bitartean, broda uztaian, koraltxoz eta urre hariz Jesustxo bat harra baino biluziagoa brodatzen ari zela, paxa soil batez jantzia, hartatik hanka itxuragabeen artean txilintxo bat eskegita zuela. Brodatu hura izeba moja batek opari egin zion irudi sakratu batetik hari zen kopiatzen: eta don Raimondok ezin irentsi zuen txilintxo hura Jesus Haurtxoaren hanka artean, baina ez zuen hitzik ateratzen, ezin baitzuen ez dudatan jarri irudi hura beneratzen zuten mojen errugabetasuna, ez kopiatzen tematuta zegoen alabarenaren sosegua eragotzi. Eta «Il Monitore» irakurtzen ari zen bitartean, txilintxoa har txiki bat zuen; eta asmoa hartu zuen emazteari hitz egiteko, ea Concettinari lan hura utzi erazten zion.

        Horregatik, atariko atea haserre jotzen entzun zuenean, Zabaltzera altxatzean, esan zion Concenttinari: —Kenduiozu hortik txilin hori— eta Concettinak ez baitzuen ulertzen, deiadar egin zion. —Traste hori... Jesus Haurtxoa— beldur baitzen ea bisitariak, edonor zela ere, maliziakeriaren bat botako ez ote zuen Concettinaren garbitasunaz.

        Bisitaria puska ederrekoa zen, nor eta Nicola Cirino, legegizon eta olerkaria, Prokuradore Nagusia Palermon: eta txakurren gau hartan ezbehar bat izana zuen bidaiaz zihoan karrozan Grotteko sarreran; eta gau hartan behintzat aurrera jarraitu ezin zuenez, don Raimondoren etxera eraman zuten, herriko itxurosoena zenez gero.

        Hirurogei urte inguruko gizona zen, ile eta bizar grisa, arina, xaharkitzen hasia: begiak, ordea, biziak eta adiak zituen, eta kontrastasun bitxia egiten zuten gorputza lagarik zuela zirudien neke desartikulatuarekin.

        Don Raimondok, aditze azkarrekoa baitzen, esker gogoramendu bat jaso zion jaunari: txakurren gau hura bidali zuelako, bidean harria jarri izanagatik, karroza gidariari adur txarreko distrakziotxo hura bidali izanagatik; hari egozten baitzion don Nicolak ezbeharraren errua, don Raimondor egingo zion traba barkatzeko erregu egiten zion bitartean.

        Traba? Ohorea bai, atsegina...

        Concettinak bordatze-lana ezkutatua zuen. Don Raimondok don Nicolari haren ezaguera egin zion; melokotoia nola, gorri-gorri egin zen neska, lotsak. Ederra zen txit: gorputz orekatua, buruko ileak azukre errearen kolorekoak, aurpegi suabe eta ikaratia baina edozein gauzaren eta are edozein penaren atzealde barregarria aurkitzen dakienaren alaitasun eutsiezina adierazten zuena aldi berean. Don Nicola bertsotan hasi zen pentsamenduz, nardo sorta batean, laranjak hosto berdeen atzean elurretan, goizeko izarra; eta bertsotan betiere, aise etortzen baitzitzaizkion edertasunaz sutzen zenean, bere bihotza Mongibellorekin konparatu zuen amodiozko ustekabeko isuri suzkoan. Une hartatik aurrera, nola bai baitzekien zein atxilo agindu zegoen don Raimondoren suhiaren kontra, kodizeak, pandektak, errekisitoriak, epaiak ez voto-ak bezala geratu ziren hamasei urteko neskato baten oinetan.

        Ilunabar ederra izan zen. Afaria, behin behinekoa, oso ona izan zen. Adur txarreko urte bateko zenbakia, 1848, inprimaturik zeramaten zigiluak kendu zitzaizkien botilei: ardoa ordea bikaina izan zen. Gainera, 1848 hori don Nicolak eta don Raimondok berdinak zituzten irizpideak adierazteko aitzakia izan zen. Topaketak egin ziren. Don Nicolak bertsotan egin zituen: Etxekoandreari, arrosa bezain harroa, laster batean jantzi behar izan zuen rasozko soineko barruan, eta Concettinari. Ondoren, don Raimondok, andreak eta ahots izutiz neskak ere hala erreguturik, Torquato Tassori buruzko bere poema bat errezitatu zuen don Nicolak; eta honako bertsootara iristean

 

                Ma pur la vita travagliata, oppressa

                Di quel Grande infelice avea conforto

                Di furtive dolcezze, il core, ahi lasso!

                Abbandonava alla speranza, un foco

                Lo struggeva animando, il suo sospiro

                Era d'uomo a cui il duol quasi è alimento,

                Se il consoli una lacrima d'amore,

                Una pietà celeste, un cuor gentile,

                Eleonora...

 

begiratu zion Concettinari hiltamuzko begiekin, luzatu zen harenganantz mahai gainetik hasperen batean «Eleonora» esan eta «Concettina» esan nahiko zukeenean: eta ongi ulertu zuten don Raimondo eta andreak ere, elkarri adimenezko begiratu ardurazko bat bidaliz.

        Olerkariari zorionak eman ondoren, don Raimondok, zuhur, ondoko herri batera ezkondua zuen bere beste alaba bati gertatutako zorigaitzaz atera zuen aipua: Senarra, atxilo agindupean, jakitera non; alaba, ezkondu eta hilabete gutxitara bakarrik geratua, nekazari bati emandako ostikada batengatik... Era horretara hondamendira zihoan, ordea, mundua... Legea, noski: baina horrela, ernegaldi batean emandako ostikada bat...

        Don Nikolak koraza baten barruan ixten zela zirudien: Concettinari begiratu eta ez bai ez ez ez zuen esaten: Jokatu nahi zuen partida baten aldeak eta kontrak ari zen neurtzen: ez ordea jokatu ala ez jokatu, bertantxe jokatu ala biharamunera arte itxoin baizik.

        —Bakartu al gaitezke une batez? —galdegin zuen, bat-batean erabakirik.

        Ama-alabak altxatu egin ziren, enoratu samarrik; don Raimondoren keinu batera gelatik kanpora irten zuten.

        Basoan ardo hondar bati eraginez, irribarrez ekin zion don Nicola Cirinok: —Don Raimondo, ospatu nahi al dituzu Gabonak zure suhiarekin?

        —Galdetu beharrik ere ba al da? —esan zuen don Raimondok; eta pentsatu zuen: «Dirua, horrelako batentzat ontzako pilo galanta beharko da».

        Une batez isilik geratu ziren.

        —Ez da pentsatzen ari zarena —esan zuen don Nicolak— gehiago da: bai zuretzat, bai niretzat guztiz estimagarria, maitagarria den zerbait... Ez duzu asmatzen?

        —San Antonio Abatea —egin zuen oihu don Raimondok, unerik ikaragarrienean herriko patroiari egiten baitzizkion beti erreguak. Asmatu baitzuen: Tximista bat lehertu zitzaion buruan, pentsamenduak lehortu egin zitzaizkion bat-batean.

        —Konturatzen naiz zure txundiduraren arrazoiez: eta esango dizut ez nindukeela harrituko zure ezezkoak; eta hala balitz ere, gaurko gau honetan egin dugun elkarren ezaguera jator hau oroitzapen atsegingarria izango litzateke niretzat... Baina ulertzen duzu; nagoen postuan, egingo nukeen hori, egiteko prest eta gauza naizena, ez lidake inork aurpegira emango koinatu batengatik, ahaideko batengatik egingo banu. «Bere koinatua espetxetik atera du: eta nork ez luke beste horrenbeste egingo?». Horixe esango lukete. Baina arrotz batengatik...

        —Arrazoizkoa deritzot —esan zuen Don Raimondok.

        —Pozten nau zuk hala hartuak. Pentsa ezazu, hortaz: Mintza zaitez andrearekin, zure alabarekin... Bihar, alde egin baino lehen, emango didazue erantzuna. Eta orain, utz dezagun horretan bihar arte.

        Don Raimondok deitu zion gela neskameari, etortzeko abisua bidali zien emakumeei. Emazteak aurpegian irakurri nahi zion, antsiaz begiratzen zuen. Edan zuten rosoli-a, eta Concettinak eliz kantak eta romantzak jo zituen pianoan, don Nicola ahozabal hari begira, piano kontra, halatan non bazirudien burua teklatura erori behar zitzaiola eta Concettinaren magalean amaitu.

        Ostalarien lasaitasun hoberako, don Nicolak hartu zuen azkenik deliberoa, erlojua gauerdia jotzear zela ia, lotara joateko. Hitz arabeskoak egin zituen gabon opatzeko. Irten ere doi egin zen, non jauzi egin zion emazteak don Raimondor —Zer nahi zuen?— larri eta arduratu batekin.

        Don Raimondok ez zion erantzun. Aitzitik, Concettinarenganatz itzuli, eta galdera egin zion ea ahizpari ondo nahi zion. Concettinak ondo nahi zion.

        Eta aita-alabaren artean, galde-erantzun, familiarteko dotrina bat hasi zen antolatzen: eta Concettinak ortodoxiarik garbienean ematen zituen erantzunak, gozaro eta irmo erakutsiak zizkioten familiako maitasun eta sakrifiziozko printzipiotan puntutxorik ere gutxitzeke.

        Eta azkenik, seguru zegoenean ahizparen zorionerako bazen, edozein lazturatarako prest zegoela neska, don Raimondok esan zion ezen ezkondu beharra zuela don Nicola Cirino harekin, zeinak aski baitzuen hitz bat esan, don Luigi M. bere emazte gaztearengana, bere lurraldetara, bere gaixotara itzul zedin: legearen ohore galeratik libre.

        Concertina barrez eta barrez hasi zen; eta barrez negar zotin etsira igaro zen. Baina ama ere negarrez hasi zenean, eta don Raimondo bera ere negar ikara batean hastera zihoanean, bere onera etorri zen: eta malkoen artean baietz esan zuen, ezkonduko zela don Nicolarekin.

        Guztien itxoin ezinagatik, don Nicolarenagatik, amodioz puztuta baitzegoen, eta don Raimondo eta beretarrenagatik, albait lehen nahi baitzuten libre Luigi M., azkar bai azkar antolatu zien ezteiak. Aste batez Holandako oihalez, liho freskoz, artilezko estalki koloretsuz eta zeta distiratsuz gainezka ibili zen etxe osoa: «ohe» hitza, berriketako eta ezkon «kapituluetako» pluralean horren abstraktua zena («arrioko hogeita lau ohe»), singulartu eta zehaztasunez betetzen zen, atsekabearen higuin sukarraren irudi, Concettinaren burutazioetan. Alabaina ezer ere ez zen islatzen haren aurpegian, Jesus Haurra bere txilinarekin loratzen ari zen ezkon uztaiaren gainera arinki makurtuan: eta don Nicolak estasiaturik begiratzen zion txilin hari, nola malezia gabetasunaren deia jotzen zuen bere katu amorratuzko pentsamenduetan, baina ukitu bat emanez, ukitutxo bat ozta, obszenitate atseginezkoa.

        Horrelaxe gertatu zen don Nicolak eskuartean zuen lan zabal eta garrantzia handikoa «L'instituto della Monarchia in Sicilia», amaitu gabe geratu zela: bere emazte hain gaztearekiko amodioak bere lanetatik bestetara atera zuela legegizon eta olerkari ospetsua, eta gero sosegu handian itzali zuela. Goiz batean, esnatzean, ezkondu eta sei hilabetetsura, bere alboan patxaran hilik topatu zuen Cocenttinak: kandela, azkeneko distiraren ondoren, ahitzen den bezalaxe.

        Alargundurik, aitaren etxera itzuli zen berriro Concettina, ondo aberastuta.

        Ez zen sei hilabeterik igaro: eta ihes egin zuen etxetik, ilargizko edertasuna alargun jantzien beltzean, eta ilargizko gau batean, hain zuzen ere, lehendik ere, isilpean, maite zuen Racalmutoko mutil gazte batekin. Mutil eder bat, apaina, etxe onekoa: liberala, ordea, eta iskanbila zalea.

        Don Raimondok hiltamuan doi eman zion barkazioa.

 

 

        Umetan berebiziko zirrara egin zidan historia hau, Palermon, San Domenico-ren elizara sartzean etorri zitzaidan gogora: hantxe baitago hilobiratua, Siziliako handikien artean, don Nicola Cirino. Eta zenbait sentsaziotatik, zenbait topaketetatik, zenbait irakurketetatik inoiz sortu ohi diren ustekabeko eragin soil horietako batek harrerazi zidan hau idazteko erabakia. Baudelaire berriro irakurtzen ari nintzen, eta hara: «Mais de toi je n'implore, ange, que tes prières, Ange plein de bonheur, de joie et de lumières!» Trukagarritasun katolikoa: eta halaxe etorri zitzaidan historia labur honen izenburua, eta idazteko arrazoia. Trukagarri: nola gorputz batek beste bat erreskatatzen duen, familiaren erlijio urragarrian, Siziliak gaur egun oraindik bizi duen horretan; Grotteko neska batek nola erreskatatzen duen auzoko herriko, eta are etsaiko, gizon baten askatasuna.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991