Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Crowley kasuaz apokrifoak

 

 

Polizia buruarentzat.

        Edward Alexander Crowley hiritar ingelesak Cefalù-n daraman bizimoduaz ikerketak egin eta berriak bidali.

M.

 

 

Benito Mussolini jaun agurgarria.

Gobernu burua.

Erroman, 1924eko uztailak 15.

        Jaun agurgarri horrek E.A. Crowley, orain Cefalùn, Palermon bizi denaren bizimoduaz ikerketak egiteko eman zenuen aginduari dagokionez, hango P.S.ko komisariatik iritsitako txostenaren punturik garrantzitsuenak jartzen dizkizut hemen.

        «Edward Alexander Crowley deitua, Learnington-en 1875eko urriaren 12an jaioa, herritik hiru kilometro ingurura dagoen txalet batean bizi da, 1920ko apirilaz geroztik. Bere garaian ordaintzen die alokairuaren ordaina jabeei, eta gauza bakarra deitoratzen dute hauek, alegia, Crowley horrek eresia handia duela hormak margotzeko, eta, antza denez, itxura onari ez dagozkion irudiz, margotu ere. Baina jabe horiek ez dute aukerarik izan txaleta ikusteko, Crowley horri alokairuan utzi ziotenez geroztik, eta herrian dabiltzan esamesetatik bakarrik dakite ingelesaren eresiaren berri. Esamesa horietarako indarra ematen du Crowley horrekin gutxienez bost emakume bizi direla jakiteak, nahiko gazteak eta ederrak bostak (hiru haurrez gainera, horietatik bat beltza edo mulatoa dela); horien gain halako eran askatzen eta jaregiten da hau bezalako herri baten fantasia, non gauza zaila baita kontatzen den horretan guztian zer den egia eta zer gezurra bereiztea. Nolanahi ere badirudi herrian Crowleyr egozten zaizkion bitxikeriak, naturaren araberako bizimoduaren baitan sartzen direla: haurrak, emakumeak eta Crowley bera biluzik ikusi izan dituzte eguzkia hartzen; baina auzoko jendearen aldetik inoiz ez da kexurik iritsi komisaria honetara. Badirudi, baita ere, inguruetako nekazariak sarritan jardun ohi dutela txaletaren zelatan, ingelesak, bere aldetik hesiz ongi inguratu badu ere: eta emakume gazteen biluztasuna dela eta, gero herrian eskandaluraino komentatzen den gozamen bat hartzen dutela. Honi guztiari buruz ohartarazi izan gaitu Gotzain jaunak, baina kontu askorekin egin izan dugun ikerketak, gauza bakarra erakutsi du, alegia, nekazariek bortxatu egiten dutela hiritar orok duen, eta batez ere ingelesek horrenbesteko estimazioa dioten askatasun pribaturako eskubidea. Horregatik, gauza aurrera ez eramatea iritzi da onena, baina segurtasun guztiak eman zaizkio Gotzain jaunari, Crowley-ren txaletean gertatzen zenik ez genuela bistatik galtzen, eta txaleteko biztanleek gure Herriko legeak behin hausten dituzten orduko hartuko genituela erabaki berehalakoxe eta gogorrak.

        Laburtuz: Egia da Crowleyk daraman bizimodua ohitura normalaz apartekoa dela, baina misterio gehiagorekin eskandalurekin baino; eta misterio horrexegatik eragiten du ardura gehiago bera Cefalùn egoteak. Eta espioitzan edo Estatuaren segurtasunaren kontra ari ote deneko susmoak ez du inongo oinarririk: kontutan hartzea aski da, kanpoko jendearekin dituen harremanak hornigarri erosketetara mugatzen direla, eta hilean behin egiten dituela horiek herriko denda batean. Horretatik ondorioz atera liteke ogia egiteaz emakumeak arduratzen direla, txaletak badu eta egurrezko labe bat; haragia, berriz, jaten badute behintzat, taldetxoak zaintzen dituen ahuntzek eta ukuiluko abereek emango liekete».

        Beste agindurik balitz, haien zain, faxistaren agurrarekin,

Polizia buruak.

E. De Bono jenerala.

 

 

Polizia buruarentzat oharra.

        Crowley ingelesari buruzko ikerketak aurrera behar du. Miaketa bat egin. Berri eman. Nork esan du espioi susmoa hartu zaionik. Ingalaterrako enbaxadorea da bere herrikide horrez arduratzen dena; beldur da, Ingalaterraren izen onagatik, Italian eskandalua sortuko ez ote duen. Niri bost axola.

M.

 

 

Benito Mussolini jaun agurgarria.

Gobernu burua.

Erroman, 1924eko irailak 11.

        Jaun agurgarri horrek Edward Alexander Crowley, Cefalún, Palermon bizi den hiritar ingelesari buruz hartutako erabakiei dagokienez, herri hartako PS.ko komisarioaren txostena bidaltzen zaizu.

        Faxistaren agurrarekin,

Polizia buruak.

        E. De Bono jenerala.

 

 

Polizia buru jaun agurgarria.

Erroma.

        Izenpetzen duen hau, jaun agurgarri horrek 1924ko uztailaren 20ko eskutitzean, prot. 19328, agindutakoari jarraituz, eginkizun kontu handikoa ganoraz betetzen saiatu da. Eta, beste ezeren aurretik, Auzitegiko Agintaritzarekin liskarrik sortu ez zedin, Cefalúko Auzitegiko Errege Prokuradoreari egitekoaren berri emateaz arduratu zen, era horretara Crowley bizi den txaletaren miaketa lege barruan egin zedin, eta bere bizitza pribatuan sartzen ginelako ingelesak protesta egiten bazuen ere Prokuradore jauna mindu ez zedin. Hark ez zuen berehalaxe eta zalantzarik gabe onartu izenpetzen duen honen eskabidea, nahiz eta Crowleyren azterketarako arrazoiak ziren goragoko interesak eta are Nazioaren segurtasuna aipatu. Horra zergatik atzeratu den honenbeste izenpetzen duen honek azkenik bere begiekin ikusi ahal izan duenaren berri zuri bidaltzea.

        Crowley bizi den txaletaren miaketa, izenpetzen duen honek berak burutua, Angelo Lo Turco brigadierrak eta Bartolomeo Vasta agenteak lagundurik, hilabete honetako 7ko bazkal aurreko ordutan egin zen, Paolo D'Alunzio, herri honetako Eskola Teknikoko ingeleseko irakasleak laguntzen zigula, behar bazen itzultzaile lana egiteko. Baina, egia esan, ez zen bere laguntzaren beharrik izan, Crowleyk nahikoa italiera ulergarria hitz egiten baitu. Irakaslea han egotea, nolanahi ere, nahikoa baliagarria izan genuen, geroago esango den xehetasun baterako.

        Crowley jauna haserre agertu zen hasieran, Italian legerik inola ere hautsi ez duen pertsona bat, eskandalurik eragin ez duena, bakoitzaren askatasunaren printzipioaren kontra nabarmen dagoen miaketa batera behartu daitekeelako; baina berehalaxe baimena eman eta are gustatzen zitzaiolako jarrera hartu zuen, museo bateko gidariaren papera egingo balu bezala, baina aurretik bere inguruan bizi ziren pertsona eta gauzek zuten eta erakusten zuten filosofia esplikatuz. Filosofia hori, izenpetzen duenari bere lizeo garaiko ikasketak aipatzea zilegi bazaio, esan liteke gutxi gorabehera, antzinako ekialde erdiko zibilizazioetako zenbait elementu, mafia eta astrologia alde batetik, eta bestetik Horazioren «Epicuri grege porcum» hartan aipatzen den epikureismo gutxiratu eta arrunta nahasiz ateratzen duela. Baina pesimismo bortitz baten kontrapisuarekin; eta guzti hori katolizismotik eta masoneriatik batera ateratako erritual batez goraturik, erritual horretarako balio duten objektuetatik ondorioztatu daitekeenez, horiek ere erakutsi eta esplikatu baitzizkiguten. Ez dira falta, normala denez, kateak eta zigor gauzak: zeren Crowleyk sortu duela dioen erlijio horretan, eguzkiaren eta odolaren erlijioan, gozamena sufrimenaren fruitua baita. Baina inoren sufrimenaren fruitua, segur aski, nahiz eta D'Alunzio irakasleak dioenez, Ingalaterran nahikoa sarritan gertatu, gozamenera iristeko norberaren edo inoren zigortzeaz baliatzea.

        Izenpetzaileak frogatu egin du, gainera, Crowleyk bere txalet barneko paretetan zabaldu dituen margoei buruzko esamesen egia: pintura horiek, eta ez talenturik gabe gainera, sexu harremanetarako postura bitxiez gainera, perbertsio eta sodomiazko eszenak ere irudikatzen dituzte, eta dezentziak estalirik eta izendatu gabe nahi lituzkeen gorputz atalak ditu ornamentazioko gai guztiz errepikatuak. Crowley hori konbentzitu nahiz jardun zait bizitza ez dela eta ez duela esan nahi berak irudikatzen eta burutzen dituen gauza horiek baino, eta gizonaren pentsakizun eta ekintza oro gauza horietatik datorrela, eta gauza horiexek egiten dituela, modu askotara. Eta honela Faxismoaren eta bere buruzagiaren miresle aitortzera iritsi da, eta pozik zegoela Italia bezalako herri batean ostatu hartu izanagatik: zeren une honetan Italia iruditzen baitzaio, faxismoari esker, berak bizitzari buruz duen ikuspegiaren araberako gauzarik gehiena duen herria. Gorazarre hori, izenpetzen duenari, gaitzestekoa iruditu zitzaion; baina Crowley jaunak bereari eutsi zion arrazonamendu bihurri eta gezurrezkoekin, nahiz eta beren zorroztasuntxoa gabeak ere izan ez. Geroago, izenpetzen duen honek, gainean odol mantxak zituen harri karratu bat aurkitu, eta zertarako zen galdegin ziolarik, horretan sakrifizioak egiten zirela erantzun zion Crowley jaunak. Baina esaldi bat gehitu zuen ingelesez, eta horretan Matteotti-ren izena besterik ez zuen ulertu izenpetzen duen honek; eta geroago D'Alunzio irakasleak esplikatu zuenez, zera esan zuen hitzez hitz Crowley jaunak: «Matteotti diputatua beste nonbait hil zuten». Agian ironia pixka batekin ere bai.

        Emakumeei dagokienez, nahiz eta pentsatzekoa izan esklabutza moduko batean bizi direla, ez du ematen, eta ez dute aitortu ere, zoritxarrekoak direnik. Bistan da, erabateko adorazioa diotela Crowleyri.

        Haurrak, gure miaketak iraun zuen bitartean, arbola baten azpian zeuden lotan. Osasun onekoak dirudite.

        Hitz gutxitan, izenpetzen duenak atera duen irudipena guztiz txarra izan da, eta nahikoa izango litzateke Crowley Italiatik kanpora egozteko, eta are gehiago zenbait nekazarik aitortzen duen bezala, Crowleyren emakume horiek, behin bata hurrengoan bestea, behin baino gehiagotan eguzki galdarik beroeneko ordutan, biluzik eta haitz bati lotuta ikusi izan direnez.

        Agindurik balitz, haien zain.

        Faxistaren agurrarekin.

Komisarioak.

A. Caminiti.

 

 

Polizia buruarentzat.

        Crowley jauna Italiatik kanpora egozteko neurriak hartu lehenbailehen.

        Cefalúko komisarioa inozo hutsa da.

M.

 

 

Kanpo Arazoetako Ministeriorako.

        Berria bidali Britania Handiko enbaxadoreari, barne arazoetako ministroak Crowley jauna Italiatik kanpora egoztea erabaki duela.

M.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991