Itsaso ardo kolorea Eraitsiak Gauero bezala, zortziak puntuan etxeratu zen: irabazi zuelako berrehun lira galdu zituen ohiko galdu-irabaziko karta partidaren ondoren. Jokoko bi bikoteetako batean, Nicola Spitale suertatu zitzaion joko lagun: txapelduna beste joko modu guztietan, eta berrogeikoan batez ere; baina galdu-irabazian berdin zion estalkiak itzuli eta argi guztiak itzaltzen bazizkioten ere, zeren, joku hark, esaten zuen berak, eraman ezinezko logalea ematen baitzion: begia ahuldu egiten zitzaion, kartei begiratu huts eta urrutiko bat botatzen zien. «Badira jokoak gustatzen ez zaizkidanak, aspertzen nautenak; eta sartzeko esaten badidate, nik ezetz esaten diet. Hori berriz, galdu-irabazian logurak akabatzen egongo da, animaliak bezalaxe jokatzen du; eta ez du behin ere ezetzik esango karta partidan sartzeko». Pentsakizun horiek zerabiltzan Michele Tricok, jokoko bi orduetan iragazitako behazun guztiarekin, Nicola bere adiskideaz; eta horren itsuturik zebilen partidaren hausnarrean non ez baitzen konturatu segituan etxean zegoen ilun eta isiltasunaz; eta argi guztiak pizten ari zen, eta azkenekoan bakarrik, sukaldean, erreparatu zuen emaztea ez zegoela. Deitu zuen Filomena eta logelatik hots sor bat iritsi zen, pitzatu baten hotsa. Sartu zen, eta hots bera entzun zuen berriro ohe azpitik. «Ez zen, bada, ohepean ezkutatuko?», galdegin zion bere buruari. Jaso zuen zertxobait ohe estalkia: katua zen, umezurtzaren gisa miauka, goseak akabatuaren gisan. «Nora alde egingo ote zuen? ... Ordu honetan gainera... Bere amarenera deituko zuten agian». Heriotza-ohean ikusi zuen amaginarreba. Bazen garaia. Burdinazko atsoa, laurogeita bost pasa; eta gaiztoa, mihi pozoitua, ziztadaz eta kapritxoz betea. «Banoa» erabaki zuen. Argi guztiak itzaltzeko jira egin zuen, jaitsi zen eskaileretan behera, bi bueltaz itxi zuen atea. «Gaubeila eginbeharra izango da, noski, horixe behar nuen bada, soinean dudan hotzarekin». Amaginarrebarenerantz abiatu zen, herriz besteko aldera. Atsoa, ordea, ondo zegoen, txoritxoa baino biziago: begitxoak argi, mokoa prest. Balkoian zegoenetik bertatik ireki zion atea, eskailera igotzeko astirik eman gabe, bertatik galdetu zion ea zer nahi zuen: Filomena hemen al da? Ez dago esan zuen atsoak, eta agur gisa. Tira fuerte ateari, ez da ondo ixten eta. Etxean ez dago: non aurkituko dut? jarraitu zuen Michelek. Elizan izango da esan zuen atsoak, atzera erretiratu eta argia itzaliz. Michelek kanoinazoa zirudien kolpe batez tiratu zion ateari. «Elizan: zertan ari da elizan orduotan? Zer funtzio izan liteke, bada, han gaueko bederatzietan?» Santa Filomenako eliza, etxetik bi pausotara: eta herri osoa aldenik alde igaro zuen, amaginarrebarenera joateko. Aipatu gabe, gainera, atsoa ikusten zuen bakoitzeko burura zetorkion odol guztia. «Entzungo dit: kenduko dizkiot oinen gainean den artean elizara joateko gogoak». Jendea zegoen, eliz aurrean. «Jaia izango da, agian; edo elizkizun berriren bat asmatu dute bestela, gaueko mezaren bat: ez dakite ia zer asmatu ere.» Hurbildu ahala karabinero mordo bat igarri zuen. «Jai handiren bat da, gotzaina da agian». Trico entzun zuen deitzen zutela. Brigadierra zen. Bai, esan galdegin zuen Tricok, erreminduta, brigadierrari eta edozeini ekiteko prest. Zuk ere erreboluzioa egin nahi Santa Filomenaren alde, ala? galdegin zion mehatxuzko ironiaz brigadierrak. Zer erreboluzio? Zer Santa Filomena? Zer, ez dakizu ezer ala? galdegin zion brigadierrak: ironiaz, mehatxuz, sinesgogor. Nik ez dakit ezeren ezer esan zuen Tricok, hainbesteko xalotasunez, non brigadierrak sinetsi egin baitzion. Emakumeak: eliz barruan daude esplikatu zion brigadierrak eta ez dute irten nahi. Beldur dira Santa Filomenaren, irudia kenduko ote dieten: ez omen dira mugituko, esaten dute, harik eta artzapezak zin egin arte irudia dagoen tokian geratuko dela. «Badakit: Santa Filomenaren historia. Aspalditik ari dira honetaz hitz egiten. Nork eragiten die, ordea, apaizei? Santa Filomenaren izeneko eliza bat, Filomenaz betetako herria, aste bete osoa irauten duten Santa Filomenaren jaiak, feria eta festekin, prozesioak, zaldi karrerak, etxeak dardarizo batean petardoengatik, eztitan pasatutako gozokiak: eta horra nondik ezta dekretu emanez Santa Filomenarik ez dela inoiz izan.» Ni nire andrearen bila nator esan zion brigadierrari. Zoaz: ia lortzen duzun ezer... Hobe litzateke senar guztiak etorriko balira beren emazteen bila... Istilu gaitza da hau, Trico adiskidea brigadierrak kidekotasun irribarrea egin zion, adiskidetasunezkoa. Pentsatua baitzuen komunistek bazutela zerikusirik nolabait, emakumeen protestan: goiz hartantxe ken erazirik zuen hain zuzen norbaitek gauez Garibaldiren monumentu oinean erantsirik zuen kartela. Meza liburuko letretan idatzia zegoen, gorriz eta beltzez, «Martyrologium Romanum: Apud Septempadanos, in Piceno, sanctae Philomenae Virginis», arra beteko altu letra bakoitza. Politena, ordea, berak ikusi zuela kartela, baina elizako gauza iruditu zitzaiola, Berrogei Orduko Otoitzetarako deia, edo biraoaren kontrako gurutzadaren bat: eta ohiz kontrako tokia, Garibaldiren oinetan alegia, artzapezaren iraintzat jo zuela. Alabaina, berehalaxe deitu zion artzapezak, hamaikak aldean, txoriburu bat zela, eta duda hasi zitzaiola jaten Armak Elizari zion atxikimenduaz. Brigadierrak kontuan hartu erazi zion Armak, majoreetatik behera, latin gauzarik ez zekiela, eta berak berez, Santa Filomenari buruzkorik batere ez. Kartela, nolanahi ere, kendu egin zuten: eta haren errua, artzapezaren eta brigadierraren adostasunez, komunistei egotzi zieten. Orain, ordea, kontutan harturik Trico Federterra-ko idazkaria arazoaren ezjakinean iruditu zitzaiola seguru, lasaitu egin zen brigadierra. Michele elizan sartu zen; nolabait esateko, zeren ez al zen atetik barrura pasatu, mihi-arraina balitz bezalaxe zanpa-zanpa eginik aurkitu baitzen hormaren kontra. «Kristo: honenbeste emakume ba al zegoan herrian?» Eta nola aurkitu bere andrea emakume eta haur iskanbila hartan? Besteren artean, ia ilunik zegoen eliza: kandela gutxi batzuk aldare aurretan, eta olio kriseiluak Via Cruciseko geldiuneen artean. Ideia ona, artzapezarena edo brigadierrarena, argiak itzaltzeko hura: eta bere emaztearen bila zetorren gizajoak linternaren bat hartu behar zukeen. Eta iluna gutxi balitz, han zegoen titiko umeen negarra ere; eta izerdi bapainu mikatz bat, haur oihal bustiena, ahokarena. «Banoak hemendik: mokadu bat tabernan eta gero etxera, ohera... Eta bera, goseak eta logaleak erasotzen diotenean, itzuliko da etxera: eta entzungo dit.» Baina ohore puntuak min egin zion: bere emaztea, nor eta bere emaztea hasi Santa Filomenaren alde sedizioa antolatzen. Aurrera egin zuen jauzi, oihuka Utzi pasatzen, Kristo! eta horren eskandalagarria izan zen esateko modu hura, non, inguruan sortu zuen izuagatik, pasabide bat ireki baitzioten, pasillo bat. Bere inguruan zurrunbilo bateko urezko paretak bezala irekitzen ari zitzaizkion aurpegien artean bat bereizi zuen: bere iloba Filomena. Haurra altzoan zuen. Non dago Filomena? galdegin zion. Aurrerago, koru aldean. «Lehenengo ilaran bertan joan da jartzera pentsatu zuen, antzokian bezala». Eta esan zion ilobari Eta atera ezazu ume hori kanpora, ez diozu igartzen itotzen ari dela hemen? Gaitzespen zurrumurru batek hartu zituen bere hitzak. Iloba ez zen mugitu. Nekez aurreratu zen koru aldera. Belaustradara iritsi zenean, haren kontra apoiatu zen deneaturik. Goiko aldetik begira zuen Santa Filomena: irudiei edozein tokitatik begiratzen diezula ere begietatik uzten ez zaituztela egin ohi dizkieten begirada horietako bat; baina samurra, gozoa: ez Monrealeko Aita Eternoarena bezalakoa, hark errauts bihurtzen baitzaitu. «Eta ez da existitzen, Santa Filomena hori... Ez da sekula existitu.» Pentsakizun horrekin baretu zuen barnean hazten sentitzen zuen debozio eta beldurrezko haur sentimendua: eta bizkarra eman zion aldareari, lehenengo ilaretara begiratzeko. Ez zuen bere emaztea ikusten, aurpegiak dantzan hasi zitzaizkion bere begi ninietan, argiaren uhin zur eta zalantzariaren arabera: haize korronte bat baitzegoen, agian artzapezaren estrategiak asmatua, eta gartxoak bazirudien une batetik bestera itzali behar zirela; eta haragiaren eta jantziaren arteko haizetxo harekin, izerdia izoztu egiten zen. Unetxo batera bere emaztea aurkitu zuen: aurpegia belo beltz batek estalia, progutarako bezala, begiak berari begira izututa. «Ez nuela aurkituko espero zuen». Hurbildu zitzaion, amorruz gainezka, baina itxuraz lasai-lasai. Goazen etxera esan zion. Ezin dut esan zuen Filomenak hementxe geratuko gara harik eta artzapezak zin egiten duen arte Santa hori aldarean geratuko dela. Goazen etxera, esan dizut. Ez noa. A, ez zatoz... esan zuen Michelek. Mehatxu hotzekoa zuen doinua, baina egia esan, ez zekien zer egin: tragedia eta fartsaren artean nora jo erabakitzen zaila den egoera horietako batean harrapaturik sentitzen zuen bere burua. Emakumezkoen matxinadak pitzadura bat zabaltzen zion bere mundu ikuspegian; ikuspegi hartan elkar joa zuten Gherman Titov majoreak, bere hegaldi orbitalean, eta Michele Trico 1919an laurogeita hamar urterekin hildakoaren arimak; harengandik baitzekarren, semearen semeak, izenaz aparte, emakumeez orokorki eta emazteez bereiziki, aitonak Garibaldi lehorreratu zenetik Konkordatura bitartean, familiaz aparte herri osoan ere oroimen argia uzteko moduan hain zehazki praktikatu zuen zentzu zuzen hura. Gauza bakar baterako onak, entzun izan zion agureari emazteak epaitzen: ordurako agurea gauza hura egiteko gai ez zenean, eta berak, aldamenean jolasean eta pipa berriro kargatzeko edo basokada uraren bila korrika joateko prest zebilkiola, gauza hura zer ote zitekeen artean ez zekienean. Ez noa esan zuen berriro Filomenak. Ba, zure ama esan zuen Michelek. Kolpetik engainutxo bat egiteko ideia bururatu baitzitzaion, amaginarrebaren tratuari eta emaztearen asaldamenduari ordainik emateko broma bat. Nire ama, zer? larritu zen Filomena. Ezer ez esan zuen Michelek, albiste txar bat eraman eta emateko kontuz ibili nahi duenaren itxurak eginez. Zer gertatu da? ia oihuka Filomenak salto batetik zutituz. Hutsa, esaten dizut... ondo pentsatuz gero, geratu zintezke hementxe: nolanahi ere medikua han da, erretorea ere bai. Medikua, erretorea... Orduan, gauza larria al da? Ezbehar txiki bat, hura galdu duela bakarrik eta pentsatu zuen «egia balitz sikiera.» Filomena inguruan eserita zituen emakumeengana itzuli zen, Entzun al duzue? esan zuen Amak ezbeharra izan du, hara joan behar dut. Ilara pasatu eta Goazen esan zion senarrari, eta Santa Filomenaren aldarerantz itzulirik, aitaren egin zuen, barkazioa eskatu, alde egin baino lehen. Michelek berriro begiratu zion Santari. Tunika zuria, urrezko gerrikoa, palma adar berdea eskuan. «Quo Vadis-eko konpartsa bat ematen du». Irtenbidea emazteak alde egin beharra justifikatzen ari zelako azkartu zen amak ezbeharra izan du, korrika joan behar dut eta emakumeek, errukituz, bidea zabaltzen zieten. Baina atera iritsi aurretik bere iloba Filomenari azken ohar bat egiteko gelditu zen Michele; hura zutik zegoen haur negartia altzoan kulunkatu eta lo kantu bat xuxurlatzen ziola. Zakar esan zion Jainkoa egia bada ume hori hiltzen zaizula: Santa Filomenaren ohoretan eta haserre uholde bat eragin zuen inguruan. Eskomikatua! egin zioten oihu. Zuek bai eskomikatuak, Aita Santuaren kontra ari zarete jartzen eta egin zien oihu Michelek bat-batean. Bere emazteari helduta atetik kanpora ezkutatzen zela. Izerditan urtzen ari zen, belarriak erre-erreta zituen: eta elizako atalburuan geratu zen arnasa hartzen. Zorionak esan zuen brigadierrak, lortu duzu. Lortu dut bai esan zuen Michelek. Baina hori infernu bat da... Sinesten ahal didazu, irtenbide bat besterik ez dago: konpondu daitezela nahi duten bezala. Bai, iritzi horretakoa naiz neu ere... Baina agindu zain nago... Ikusiko dugu... Suerte ona izan agurtu zuen Tricok. Goazen presatu zen Filomena. Orain presa sartu zaizu frogatu zuen Michelek emaztearen atzetik pasiera batean balebil bezala mugituz. Noski sartu zaidala: ama... A, horretaz ari garela: zergatik ez duzu zeurekin eraman, Santa Filomenaren alde huelga egitera?... Orduantxe bai izango lukeela egiaz ezbeharra beharbada, lapiko haren barruan... Ez da egia orduan. Kolpe bat izan duela?... Noski ez dela egia: pixka bat lehentxeago ikusi dudalako bururatu zait, izan ere, ideia hori, eta neu baino ere hobeto zegoen. Hilik nahi duzu, amona gaixoa: zer egin dizu zuri? esan zuen negar doinuz Filomenak. Zeuk dakizu nik baino hobeto, zer egin didan... Baina orain beste gauza bat da arazoa: gaur gauean zuk egin didazunaz hitz egin behar dugu... Nola arraio sartzen zaizu buruan, nik nola pentsatzen dudan jakinda, horko iskanbila horretan sartzea? Etxean zeuden jada, eta Filomena sukaldeko lanetan hasia zen, ohi baino zalaparta gehiagoan, afaria prestatzen. Ez zen iskanbila: zuk egiten dituzunak dira iskanbilak... gurea gauza isila zen: gure Santa kendu nahi digute, eta gu elizan gaude hura zaintzen... Ezjakina halakoa, behia bera baino ezjakinagoa zara... Nik dakidana da gure Santa beti egon dela, gure herria zaindu duela eta mirariak egin dituela, harentzako izan direla mezak, hirurrenak... Eta horrek zer esan nahi du? Morroiren batek harlauza bat irakurri zuela katakonba batean, bertsoz huts egin zuela: haren azpian Filomena izeneko birjin baten hezurrak zeudela, eta horretatik ezer ere ez zen egia, idazkiak beste zerbait esan nahi zuen... Ezinezkoa da hori... Eta mirariak? non sartzen dituzu mirariak? Sartzen ditut... Eskua ahora eraman zuen Michelek, esateko zeukan esaera takarra hantxe isiltzeko. Begira, laga hori, arazoa ez da hori: arazoa da ea zu eta elizan dauden zoritxarreko horiek guztiak katolikoak zareten ala ez. Ondo katolikoak noski! Ba orduan Santa Filomenarik ez dela esaten dizuetenean, sekula ez dela izan, sartu isatsa hanka artean eta segi aurrera, ezkerretara edo eskuinetara, inora begiratu gabe? Artzapezak esaten badizue botoa Kristau Demokraziari ematen ez diona infernura doala, sinetsi egiten diozue; Santa Filomena ez dela existitzen esaten badizue, matxinada egiten duzue... Eroen gauzak dira horiek! Zuk ez duzu ezer ulertzen esan zuen Filomenak. Nik ez dudala ezer ulertzen? lehertu zen Michele. Nik? Nik horrenbesteraino ulertzen dut, ze gauza hori zeuk, katolikoa zarela esaten duzunak, heldu behar zenukeen tokitik baitaramat nik... Oraintxe itzuliko dizut nire gisara: eta zutitara eta apaletara zarela zu ezjakina, eta historia hari harriei ere barre eragiteko modukoa da, horra zer esaten dizudan. Irakiten zegoen eltzean aza hosto eskutada bat botatzen zuen bitartean, Filomena negarrez ari zen isilean, ez Jainkoarengan ez Santuetan sinesten ez zuen senar hura izatearen gurutzeagatik negarrez. Egizu negar zure ezjakintasunagatik, heriotza baino beltzagoa da eta. Mirariak asaldatu zen Filomena, hor daude mirariak: mirariak ezin ditu inork ukatu. Hortxe dago historia honetako gauzarik politena: badirela mirariak... Gogoan dut zure amak ametsetan Santa Filomena ikusi zueneko hura, hiru zenbaki zituen eskutan; jokatu, eta irabazi egin zuen hirukoitza. Santa Filomena loteriako zenbakiak zituela, barre egiteko modukoa zen horixe... Baina okerragorik ere bada: bada apaiz bat Santa Filomenaren ikustaldiak zituena, eta ikustaldi horiengatik ia santu bilakatu da; apaiz frantses bat, ez naiz gogoratzen nola zuen izena... Ikusten duzu nola Santa Filomena baden? Arraio! Hori da burugogorra hori! Santa Filomenarik ez dago, bai kamutsa zarela: eta zer interes du Aita Santuak, arazo honetan, gauza baten ordez bestea esateko: iskanbilak sortaraztea? Santa Filomenarik ez da: eta aski da... Eta politena, nahiz eta inoiz izan ez, apaiz frantses hark eta zure amak, eta beste hainbat apaizek, eta beste hainbat emakumek ikusi egin dutela, nik zu ikusten zaitudan bezalaxe. Bada esan zuen Filomenak, haitza bezain finko. Ez da, eta ez da inoiz izan esan zuen Michelek eta aldaretik behera kenduko dute: eta Santa Filomenaren tokian beste santa bat jarriko dute eta zuk hor jarraituko duzu elizara kandelak eramaten, mezak ateratzen, botoa artzapezaren aholkuaren arabera ematen... Eta zure amak beste hirukoitzen bat irabaziko du, santa berriak emango dizkion zenbakiekin... Harik eta berriro etortzen zaizkizun arte esanez morroi batek gaizki irakurri zuela hartan ere harlauzan... Sukaldetik irten eta mahaira eseri zen, Filomenak azak eta arrautza egosia noiz ekarriko zain. Atera zuen patrikatik egunkaria gauero bezala; ireki zuen. Ahaztuta zeukan: alferrikako eztabaida hura izan ordez, emakume batekin eztabaidan sartzea astoari burua garbitzea bezalaxe baita, hobe zukeen «L'Unita» bake bakean irakurri izan balu. Begia tituluetan irristatu zitzaion. Mundu guztiko obserbategietan igarria. Zenbla Berrian sobietarren «superbonba» lehertu. Desarme orokorra! «Behar denean egin egin behar: orain badakite gure bonba beraiena baino indartsuagoa dela». PCUSren XXII Batzarrean Stalin mausoleotik eraistea erabaki. Antiojoak egin zuen deiadar, ekarri antiojoak letra txikirako antiojoak behar baitzituen. Filomenak segituan ekarri zizkion antiojoak. Michele irakurketan murgildu zen. Aza platera ketan ari zitzaion aurrean. 9. orr: 3. sailean jarraitzen du. Zalapartan astindu zuen egunkaria bederatzigarren orrialdea eta hirugarren sailaren bila. Hona: «Stalinen erruz gertatua bada... zentzurik ez duela, erabaki da, Stalinen hilobia mausoleoan gordetzea... Erabakia bototara jarri zen. Ordezkariek mandatu gorria jaso zuten. Stalinen gorpua egozteko erabakia aho batez onartu zen.» Kolpe batez Michele Tricoren eskuak sabaira jaurti zuen egunkaria; orriak batzuk zorura erori ziren eta besteak josteko makina gainera. Zer da? galdegin zion Filomenak. Michelek hondoraino sartu zuen tenedorea aza platerean. Emaztea begira zegoen, Santaren arazoa berriro hasiko ote zen beldurrez. Ezer ez esan zuen Michelek, ezer ez. Itsaso ardo kolorea |