Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

@

 

        Arabiarren garaietatik bizi da Guifa Sizilian. Garai haietan idazten zen moduagatik, txoritxo isats tente, gandordun bat zen haren izena, mokoan mahats ale bat zuela: @. Mila urte igaro dira; eta karriketan zabuka doa oraindik Guifa, adinik gabe, babo guztiak bezala, zein baino zein handiagoa asmatuko. Eta jendea amorratu egiten da, edo barre egiten dio, errukiturik; edo astia duenean, elizako mailetan, garai batean meskitakoetan bezala, tontakeriak esatera inguratzen zaio, beste munduko gauzak sinestaraztera. Ama, semea bera baino askoz ere azkarragoa ez zen, baina lana behintzat astoak bezala egiten zuen gizon baten alargun gaixoa, Giufaren bila ateratzen da tartean behin etxetik kalera: eta eskutik helduta garraiatzen du, geratzen zaizkion indar apurrekin ekartzen du tiraka; Giufak etxean geratzerik ez baitu entzun ere nahi, baina kanpoan dabilela dakienean halako txitxarra bat sentitzen du amak buruan, beldurrak eraginda, txirrioka eta deika: Giufa, Guifà, Guifa, @, @, @. Zertzuk ikusi behar izan ez dituen atso gaixoak bere mila urteko bizitzan! Beste edozein ama urraduraz eteteko adinako gauzak, loteriako zenbaki guztietara jokatzeko moduko sustoak, mende betez negar egiteko adinako hondamenak. Eta borrero mandatariak beti etxean, mota guztietako borrero mandatariak: kaid-arenak eta errege ordearenak, Fernando erregeren arma-lagunak eta Vittorio erregeren karabineroak. Giufak kardinala akabatu zueneko hartan bezala: eta ondo agerian akabatu ere, edo inozoegi zelako, edo maleziaren gehiegiaz, inozokeria maleziarekin batera baitoa beti, eta Gula den inozoa izanda, badaki arras maliziati izaten. Edo beste hartan bezala, epaile baten aurpegian, epaile handi horietako batenean, pausatu zen euli bat akabatzeko, halakoxe zaplazteko bat eman eta hiru jira eraginda epailea erdi hilik bota zuenean; eta bere onera berriro etorri zenean hesolan hilarazi nahi zuen Guifa, baina Guifák, beti bezala, onik irten. Makina bat konta litezke Giufarenak. Kardinalarena da, hala ere, ederrena: ia-ia, amarekin batera, nahiz eta errurik izan ez gaixoak, urkamendira joan baitzen. Egia, Guifak ere, zen bezain mozoloa izanik, errurik ez zuela: zeren kankailu haiek, buruan gauza barregarriak, eta are arriskugarriak, sartuz gozatzen zirenak, ehizan hasteko eman baitzioten aholku, bere asaba baten edo haren ondorengoren baten oroitzapena zen arkabuza, jakin ez norena, hartuta. Giufarekin alferrekoa baita urte edo mendeen kontaduria, lehenarena eta geroarena, eduki nahi izatea; bolbora adarrarekin eta kargazoiarenarekin, sukarriarekin eta muiloarekin bere ohe buruan, paretatik eskegita zegoen arkabuz zaharra. Guifari ona iruditu zitzaion ideia: eta galdezka aritu zen arma nola kargatu, nola joan ehizara, zer animalia bota eta zeintzuk ziren gozoenak. Dena esplikatu zioten, euren modura, eta Giufarenera: buru gorria dutenak zirela jateko onenak, nekazariek kaskagorri deitzen dietenak, alegia, txiki zailak direnak, hexur pila hutsa, eta ehiztariek inoiz botatzen ez dituztenak. Esan eta egin: Ama mezatara lehenengo mezara, goizekora, joana zela aprobetxatu zuen Giufak: askatu zuen arkabuza, kargatu zuen zegoen bolbora guztiarekin, muilo guztiarekin eta kargazoi guztiarekin, eta zelatan jarri zen, herritik irten eta bertakoxe zelai batean. Ederra zen zelaia: itxitura berdeak, loreak edonon, iturriak palmondoak islatuz, haizetxo gozamenezko bat tontorren artean. Giufak ikusten zituen, ikusi, lepo luzeko txori zuri handiak ur gainetan hegalari, baita beste batzuk ere luma nabar distiratsuak, bide zidorretako hondar gainean astiro zebiltzala, isatsa begiak ziruditen arkutan irekiz. Kaskagorrien zain zegoen, ordea, Giufa: eta ez zekien zer ziren, txoriak, ala erbia edo astoa bezalako abereak, ala, agian, gizonak bezalakoak. Buru gorria: burua gorria zuen edozein bizidun. Eta zain zegoen, besoak ia aterean zizkion armarekin, halakoxe astuna baitzen.

        Eta horra non itxitura berde baten gainetik kolore gorriko zerbait mugitzen den, gorri distiratsu bat, zeta ematen zuen ilaje bat. Meskita builatxo baten itxura zuen. Ezin zitekeen izan burua besterik, mugitu egiten zen eta: brigada oso batentzat nahikoa izateko bezain handia behar zuen abereak: Guifa, ordea, ez zen inozoa, bere hartatik jaten emateko, eta tripakiak berehalaxe jateko asmoa hartu zuen, bere amak belar eta gozagarriz prestatzen zekien gisara; buruarekin salda egin, eta giharrak gatzetan jarri. Eman zion su bolbora kazuelatxoari eta builatxo gorrira begira jarri zuen arma muturra. Castellamareko kanoia gutxian uzteko moduko eztanda izan zen hura, eta atzerakadagatik errekatxo baten erdian aurkitu zen eserita derrepente Giufua. Altxatu zen, eta korrika joan zen buila gorria itxitura atzean ezkutaturik zen tokira. Gorputz handi goitik behera gorri bat aurkitu zuen, gizonarena zirudiena (bi esku lodi zuri, zilarrezko ebila zuten zapata beltzezko bi oin), baina ezin zitekeen ezer esan hartua zuen kanoikadaren ondoren. Hilabeterako zer jana bazegoen han. Bizkarrean hartu, joan korrika etxera, eta sukaldeko mahai gainean utzi zuen karga. Ama mezatatik etorri gabea zen artean. Sorpresa galanta, pentsatu zuen Giurak: pozik egongo da ama, ez du esango berriro ezertarako ere balio ez dudala, ezin esango du, etxera ekarri diodan Jainkoaren opari guzti honekin.

        Eta bere amak zentzua ia galtzeko modukoa hala ere, izan zuen sorpresa. Ileetatik tiraka, buruarekin pareta joz, negar batean zebilen hara-hona etxean. Kardinala hil duk, kardinala hil duk. Giurak ez baitzekien, ordea, zer zen kardinala: begi biribil biribilez begiratzen zuen, larridura hark txunditurik, poza espero baitzuen berak; eta ez zekien zer egin. Gero, kolpetik, berari ere gertatzen baitzitzaizkion amorrualdiak, kargatu zuen bizkarrean kardinala eta kortako putzura joan zen botatzera.

        Ama negarrez eta zotinez ari zen artean. Eta Giurk, amorratuta oraindik, ez dakigu, ordea, amorruz ala kalkuluz, inozokeriaz ala maleziaz, heldu zion ama hazten ari zen ahariari, une hartantxe kortako belar txarrez bazkatzen ari zenari, jaso zuen gora, eta putzura bota zuen hura ere. Gorago altxatu ziren amaren zotinak; korrika joan zen putzura: ederra zen aharia, orain ordea itoa. Giufuak, negarrak ez entzutearren, alde egin zuen etxetik.

 

 

        Kardinalaren desagertzea zela eta, marmario ugari zen herri hartan eta Sizilia osoan. Guardia alde guztietan ari zen bila, beren lantzaz lastategietan, ganbaretan, harri eta sats pilotan miatzen ari ziren. Baita jende pobrearen koltxoiak ere, koltxoi jabe ez izateko bezain pobre ez baziren behintzat. Eta sari bat jarri zuten, ehun ontza, diru pilatxo ederra, kardinala, bizirik ala hilda, aurkitzeko albiste onik ematen zuenarentzat; eta hamar bider beste horrenbeste, mila ontza, desagertze haren erruduna salatzen zuenarentzat. Hori zela eta, kalean gora eta behera zebiltzan salatariak eta zurkaitzak, ehundegiko ainezkak bezala, eta haien belarriak, taldetan eta etxe ate atzetan marmarrik txikienak ere jasotzeko ahaleginez, tronboi ahoak bezain handiak ematen zuen hazi zirela. Era horretara jakin zuen justiziako kapitainak, guardien buruak, Giurren etxeko kortan zegoen putzutik ustel kiratsa zeriola: eta polizia mugimendu handi batekin bertaratu zen. Ez, ordea, Giuraren susmorik zuelako.

        Banan-banan, kapitainak lehendabizi, putzu zulotik begiratu zuten, baita erretiratu ere, nazkak atzera eraginda. Kardinala oso maite bazuten ere, ez zen inor gauza sentitzen han behera sartu eta dudarik gabe uretan desegiten ari zen gorputz hura ateratzeko: hurreratzen ziren, begiratu bat bota beren aurpegiak, beren kasko distiratsuak islatzen zizkien hondo hartara eta berehalaxe urruntzen ziren goizaldeko aire ona arnastera. Horregatik, eta ikusirik Giufa, kortan batera eta bestera zebilen koraza eta alabarda distirazko jende haren espektakuloari begira putzu ondoan nola zegoen, huraxe putzuan barrena sartzea otu zitzaion. Ontza bat agindu zion. Ontza batengatik, buruz behera ere egingo zukeen jauzi Giufak.

        Inork ez dakien gauza da, historia kontatzen dutenek ez baitute esaten, Giufak bazuen ala ez eginaren oroitzapenik. Egun gutxi ziren igaroak kardinala eta aharia putzu hartara bota zituenetik: baina gauza jakina da baboek oroimenik ez dutela, edo oroimen nahasia dutela, gertatutako gauzen oroitzapen lausoa izan ohi dutela, ametsena bezala. Nolanahi ere, pozez beterik zegoen gerritik eta besapetik sokak lotu eta behera jaisten zuten bitartean. Hondoa jo zuenean bularreraino zuen ura. Belaunikatu zen, eta ahoraino iristen zitzaion ia: eta urpean eskuak mugitzen hasi zen, bazterrak ukituz. Eta derrepente, hoska: —Aurkitu dut.

        —Bera? —galdegin zuen kapitainak sudurra bi behatzen artean estuturik zuela.

        —Zein bera? —galdegin zuen Giufak.

        —Kardinala, esan nahi dut —zehaztu zuen kapitainak.

        —Nik kardinalik ez dut ikusi sekula —esan zuen Giufak—, eta ukitu, gutxiago oraindik: eta ukitzen ari naizena izan daiteke kardinala edo zakur bat.

        —Lotsagabea! —egin zion deiadar kapitainak—. Erakutsiko diat nik zigorrada batekin zer den kardinala eta zer zakurra.

        —Zigorra aipatzen badugu —esan zuen Giufakni ez naiz mugituko: eta jaitsi zaitezte zeuek kardinala den ala zakurra den ikustera.

        —Bromatan ari nintzen —esan zuen kapitainak.

        —Horrela hobeto —esan zuen Giufak: eta bitartean urpean miatzen jarraitzen zuen, eta harridurazko aurpegiz begiratzen zuen gora, itsuak bezala.

        —Habil bizkor —esan zuen kapitainak.

        —Hona: gauza iletsu bat ari naiz ukitzen, artilea bezala. Artilerik ba al zuen soinean kardinalak?

        —Ez zekiat —kapitainak.

        —Ez dakizue... Eta zenbat hanka zituen kardinalak, ba al dakizue hori?

        Liztor pila batek jarraitzen ziola ematen zuen kapitainak; astinka hasi zen, eskuak airean astinka. —Zenbat hanka zituen kardinalak? Eta ausartu egiten haiz gure kardinal artzapezpiku jaunak zenbat hanka zituen galdetzera? Atera ezazue hortik— esan zien guardiei —eman nahi dizkiot zigorrada batzuk eta lau hankan ibiliko da bere bizitza guztian.

        Guardiek ez zuten atera: euretakoren batek jaitsi beharko baitzuen bestela Giufaren ordez. Eta gainera, kapitainak berak ere, amorruak inarrosita ez baitzuen jada sudurra behatzekin estutzen, usaintzen zuen kiratsarekin, doinua aldatzea erabaki zuen. —Tira —esan zuen— ez gaitezen hasi bromatan.

        —Eta nor ari da bromatan? —esan zuen Giufak—. Nik kardinala ez dakit nola dagoen eginda: bila ari garen horrek bi ala lau hanka zituen jakin nahi dut.

        —Lau —esan zuen kapitainak, amorruak nahasita.

        —Bi, kapitain jauna —esan zioten guardiek batera.

        —Lau esan al dut, ba? —esan zuen kapitainak, oraingoan guardiei ekinez—. Zuek ere sutan jarri behar al didazue, ba, burua? Bi esan dut: eta dudatan jartzen didan ahardi semeak hemen edukiko nau, hemen edukiko nau.

        —Lau esan duzu, benetan —esan zuen Giurak, irribarrez, eta bromazko erriertan behatza jasoz. Eta gero serio:— Orduan, bi ala lau?

        —Bi —esan zuen kapitainak amorruz ufaka.

        —Honako honek lau ditu: ez da kardinala, beraz —esan zuen Giufak.

        —Bi ala lau izan —esan zuen kapitainak—, lotu ezak sokarekin eta aterako diagu.

        —Zertarako egin lana alferrik? —galdegin zuen Giurak—. Kardinala ez bada zertarako atera kanpora?

        —Egik esandakoa —esan zion kapitainak— eta ez zaik damutuko.

        Giurak bila jarraitu zuen eskuekin urpean, entzun ez balu bezala. Eta —Itxoin!— hots egin zuen garaile. Kardinalak ba al zuen adarrik?

        —Adarrak, kardinalak? Adarrak, esan duk? —orroz kapitainak. Eta putzuaren jiran hasi zen korrika orro batean— Sakrilegioa! Sakrilegioa! —hortz karraska, eta koraza gainean desesperaziozko ukabilkadak joz.

        —Ezinezkoa al da? —galdegin zuen patxaroso Giurak.

        —Titiko txerrikumea bezala erreko haut —egin zion garrasi kapitainak putzura begiratuz.

        —Galdera bat ezin al liteke egin? —esan zuen Giurak—. Esadazue, bada, nola dagoen eginda kardinala, eta ez dizuet besterik galdetuko.

        —Nola dagoen eginda kardinala? —garrasika kapitainak—. Heu eta neu bezalaxe, mozolo hori.

        —Ez al du ezer bestelakorik, ezer berezirik? —artean Giurak.

        —Ezer ez —esan zion kapitainak.

        —Orduan zergatik ari zarete bila horrenbeste guardiarekin?

        —Garrantzia handiko gizona delako, printze bat bezala delako.

        —Eta aberatsa al da?

        —Oso aberatsa.

        —Eta zer darama buruan?

        —Tertzipelozko txapeltxo bat, txapel gorritxo bat.

        —Eta adarrik ez al du... seguru al zaude ez dituela?

        —Guztiz seguru —esan zuen kapitainak ikarak inarrosita.

        —Baina itxoin pixka bat... Begira, gauzak argitzeko bakarrik... —esan zuen Giurak, pergola baten azpian bezain fresko baitzegoen putzuko lokatzetan—. Esaten duzunez, adarrik ez zuen: eta sinesten dizut... Baina zuk bizirik ezagutu duzu: zer dakizu zuk hil eta gero irten ez dioten?... Nik badakit bizirik bekatu itsusiak egin dituenari, hil ondoren adarrak hazten zaizkiola. Kardinalak ba al zuen bekatu itsusirik?

        Berriro lehertu zen kapitainaren amorrua: biraoak, mehatxuak. Eta sosegatu zenean, berriro iritsi zen, lasai-lasaia, Giufaren ahotsa putzu barrenetik galdezka.

        —Honelakoxe bekatutxoren bat ere ez? —eta azkazala erakusten zuen.

        —Ezta hori ere —kapitainak.

        —Eta zein arte zuen? —galdezka Giufak.

        —Arte? —egin zuen kapitainak—. Zein arte, mozolo hori? Kardinalarena, horixe egiten zuen. Apaizei agindu: Siziliako apaiz guztiei.

        —Don Vicenzori ere bai? —galdegin zuen Giufak. Parrokia hartako apaiza zen don Vicenzo.

        —Baita don Vicenzori ere —erantzun zuen egonarriz, kapitainak.

        —Ba, orduan —esan zuen Giurak—, zuen kardinal horrek, niretzako behintzat, izan behar ditu adarrak: bidaliko dizuet gora, bai, eta zeuek ikusi.

        Lotu zuen sokaz ur azpian gorputza, ordura arte eskuz ukitzen aritu zena: jasotzeko hots egin zien. Eta gora azaldu zen, ustelduta, aharia; eta atzetik Giura. Kapitaina eta guardiak lelotuta zeuden begira, hitzik gabe.

        —Kardinala da ala ez da? —galdegin zuen Giufak arras pozik.

        Kapitainak ostikada bat eman zion. Eta horixe izan zen Giufak jaso zuen zigor guztia, inori ez baitzitzaion bururatu putzuan bila jarraitzea.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991