Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Bidaia luzea

 

        Propio egina zirudien gau hark, iluntasun gogortu bat, mugituz gero ia pisua ere sentitzen zena. Eta izua eragiten zuen itsasoaren hotsak, mundua den piztia horren hatsak bezala: bere oinetan itzaltzera zetorren hats horrek.

        Muinoek gordetzen zuten legartza mutur batean zeuden, beren maleta eta arropa fardelekin, Gela eta Licata tartean: ilunabarrean iritsiak ziren, beren herrietatik goiz-txintan alde eginak; barreneko herriak, itsasotik urrenekoak, feudoaren barruti mortuan pilatuak. Haietako zenbaitek lehendabiziko aldia zuten itsasoa ikusten zutela: eta ikara eragiten zuen hura dena igarotzea pentsatzeak berak, hemendik aldeko Siziliako hondartza mortu hartatik, gauez, Ameriketako beste hondartza morturen bateraino, gauez baita ere, agian. Halaxe baitzen tratua —nik gauez ontziratzen zaituztet— esan zuen gizonak: halako bidaia antolatzaile berba-jario bat, baina serioa eta jatorra aurpegieraz —eta gauez uzten zaituztet lehorrean: Nuoirsi-ko hondartzan, hantxe utziko zaituztet; Nuebaior-tik bi pausotara... Eta Amerikan ahaidekorik duenak, idatz diezaieke Trentongo geltokian itxoiteko, ontziratu eta hamabi egunera... Zeuek egin kontuak... Noski, egun ziurra ezin dizuet zehaztu: eman dezagun itsasoa haserre dela, eman dezagun itsasertzeko guardia zain dagoela... Egun bat gorabehera ez da ezer. Amerika jotzea da kontua.

        Kontua Amerika jotzea zen noski: noiz eta nola ez zion axola. Beren ahaidekoei eskutitzak iristen bazitzaizkien, kartazaletan markatzen zituzten helbide nahasi eta zirriborratu haiekin, eurak ere iritsiko ziren; «mihin duenak itsasoa igarotzen du», arrazoiz zioen esaerak. Eta igaroko zuten itsasoa, itsaso handi ilun hura, eta iritsiko ziren Ameriketako store eta farm haietara, beren anai-arreben, osaben, iloben, lehengusuen nahitasunera, etxe bero, aberats, ugarietara, etxea bezain handi ziren auto haietaraino.

        Berrehun eta berrogeita hamar mila lira: erdia irteteko orduan, erdia iristean. Eskapularioak bezalaxe zeuzkaten, azala eta alkandoraren artean. Saltzeko zuten guztia zuten saldurik, sosak pilatzeko: lurrezko etxea, mandoa, astoa, urtebeteko aurreramenak, armairuak, mantak. Bizkorrenak usureroengana joanak ziren, ziria ea sartzen zieten asmo ezkutuarekin; behingoz behintzat, urtetan haien irainak jasan ondoren; eta gustura zeuden berri hura jakitean jarriko zuten aurpegia gogoratuz: «Hator Ameriketara nire bila, ihizain hori; itzuliko dizkiat sosak, baina korriturik gabe, inoiz topatzen banauk». Amerikaren ametsa dolarrez gainezka ari zen: kito dirua kartera zikinean gorderik edo azala eta alkandora bitartean; aitzitik, galtzetako patriketan ardurarik gabe sartua, eskukadaka haietatik aterea baizik: beren ahaidekoei ikusia zieten bezala, goseak akabatzen, eguzkiak erreta, eta hexurretan alde eginak ziren haiei; eta handik hogei urtera berriro itzultzen zirenak, opor labur batzuetarako bazen ere, ile zuriekin kontrastasun ederra egiten zien aurpegi bete arrosa koloreko harekin.

        Hamaikak baziren. Euretako batek linterna piztu zuen: baporera eramateko bila etor zitezkeen seinalea. Itzali zuenean, iluntasunak lodiagoa eta beldurgarriagoa ematen zuen. Baina handik minutu batzuetara, itsasoaren hatsartze obsesibotik bestelako hots gizatiarrago bat, etxetiarrago bat sortu zen: erritmo batean baldeak bete eta hustuka ariko balira bezala. Gero zarata sor bat entzun zen, marmarizo isileko bat. Txalupak lurra ukitu zuela ohartu baino ere lehenago topatu zuten aurrez aurre Melfa jauna, izen horrekin ezagutzen baitzuten bere menturaren enpresaria.

        —Denak al gaude? —galdegin zuen Melfa jaunak. Piztu zuen linterna, kontatu zituen. Bi falta ziren—. Agian hobeto pentsatu dute, agian beranduago iritsiko dira... Beraientzat okerrago, nolanahi ere. Zertan gaude horien zain, dugun arriskuarekin?

        Itxoiteak ez zuela merezi esan zuten denek.

        —Zuetako norbaitek sosak aldean ez baditu —esan zien Melfa jaunak— hobe du oinei bidea erakutsi eta etxera itzultzea: ontzian ziria sartu nahi didana okertxo dabil; jainkoa bada gero, ekartzen zaituztedala berriro lehorrera zareten guztiak!. Eta batengatik denek ordaindu beharra, ez da legezko gauza: eta, beraz, errudunak edo neure eskutik edo lagunenetik hartuko ditu ordainak, oinen gainean den artean gogoan izango duen jipoia. Hala baderitzozue...

        Zinez eta benaz zioten denek, baietz, dirua bazela, azkeneko sosetarainokoa.

        —Ontzira —esan zuen Melfa jaunak. Eta kolpetik, zihoazenak itxura gabeko masa bihurtu ziren denak, maleta mordo nahasi bana.

        —Kristo! Etxea ekarri al duzue aldean? —hasi zen biraoak aletzen, eta karga osoa, gizon eta maleta, txalupan pilatu zenean amaitu zuen: gizonen bat edo fardelen bat kanpora eror zedin arriskuarekin. Eta gizona ala fardela, berrehun eta berrogeita hamar mila lirak aldean zituela gizonak, horretantxe zegoen aldea Melfa jaunarentzat; aldean noski, txaketan josiak edo azala eta alkandora artean. Ezagutzen baitzituen berak, ondo ezagutu ere: nekazari nazkagarri haiek, bilauak halakoak.

 

 

        Bidaia uste baino laburragoa izan zen: hamaika gau, irteerakoa ere kontatuta. Eta gauak kontatzen zituzten egunen ordez, gauak nahasmendu ikaragarrikoak baitziren, itogarriak. Arrain, nafta eta gonbito usainetan murgildurik sentitzen ziren betun beltz bero urtutan bezala. Goizean kentzen zuten aldetik, deneatuta, argia eta haizea edatera igotzen zirenean. Baina itsasoaren iduria haientzat nola lautada gariz berdea zen, haizeak zabunkatzen duenean bezala, egiazko itsasoak izu laborria ematen zien: eta hesteak kiribizto egiten zitzaizkien, begiak argiz txindurritzen zitzaizkien baldin begiratzera atrebitu ere egiten baziren.

        Baina hamaikagarren gauen Melfa jaunak zubira deitu zituen: eta itsasotik konstelazio bete-beteak artaldeak bezala irten zietela iruditu zitzaien; herriak ziren, ordea, Amerika aberats hartako herriak, gauez harri bitxiek bezala dizdiz zegitenak. Eta gaua bera ere zoramena zen: soseguz eta gozamenez, hodeitxozko fauna gardenaren atzetik zihoan ilargi langa, birikak garbitzen zituen eguratsa.

        —Horra Amerika —esan zuen Melfa jaunak.

        —Arriskurik ez al dago beste tokiren bat izateko? —galdegin zuen batek: zeren bidaia osoan pentsatuz etorri baitzen itsasoan ez dela ez biderik ez zidorrik, eta jainkoaren gauza zela bide zuzenetik ibiltzea, zerua eta uraren artean ontzia erratu gabe gidatuz.

        Melfa jaunak errukiz begiratu zion, galdegin zien denei: —Ikusi al duzue inoiz, zuen alde horietan, honelako horizonterik? Ez al zarete konturatzen airea bestelakoa dela? Ez al duzue ikusten zelako distira duten herri horiek?

        Ados ziren denak, errukiz eta haserrez begiratu zioten horren galdera inozoa egitera ausartu zen bidelagunari.

        —Kita ditzagun kontuak —esan zuen Melfa jaunak.

        Alkandora azpitan bilatu eta agirira atera zituzten sosak.

        —Presta itzazue zuen gauzak —esan zien Melfa jaunak, diruak gorde ondoren.

        Ez zuten minutu askorik behar izan: hitzarmenaren arabera eraman behar izan zituzten prestamenak ia ahituan, barruko arropa piska bat eta Amerikako ahaideentzako opariak besterik ez zitzaien geratzen: ardi gaztatxoren bat, ardo zaharrezko botilaren bat, mahai erdirako edo besaulki sorbaldarako brodaturen bat. Arin jaitsi ziren txalupara, barrez eta ahopeko kantuz; eta eztarria lehertu beharreko kantuan hasi zen bat, txalupa mugitzen hasi bezain laster.

        —Ez al duzue, baina, ezer ulertu? —haserretu zen Melfa jauna—. Iskanbila sortu nahi didazue, ala? ... Lehorrean uzten zaituztedanean joan zintezkete, nahi baduzue, korrika topatzen duzuen lehenengo poliziarengana, eta lehenengo bidaian berriro zuen herrira bidali arazi: niri bost axola, bakoitzak libre du nahi duen bezala hiltzea... Nik hitza bete dut: Hara hor Amerika, nik bete dizuet honaino ekartzeko eginkizuna... Baina utzidazue ontzira itzultzeko astia behintzat, Kristo!

        Ontzira itzuli eta gehiagotarako astia eman zioten: hondar freskotan eserita geratu baitziren, erabaki ezinik, zer egin ez zekitela, gaua bedeinkatuz eta madarikatuz: haren babesa, hondartzan geldik zeuden bitartean, ikaragarrizko arrisku bilakatuko baitzen handik urrutiratzen ausartuko balira.

        Aholkua emana zien Melfa jaunak —bana zaitezte— baino inor ez zen ausartzen besteengandik bereizten. Eta Trenton, nork jakin zenbat bidera zegoen, nork jakin zenbat behar zenbat behar zen haraino iristeko.

        Urrutira, eta gezurra bailitzan, abesti bat entzun zuten. «Guretako itzain bat ematen du» otu zitzaien: mundua berdina baita alde guztietan, gizonak malenkonia berbera, pena berbera, kantuz adierazten duen bitartean. Baina Ameriketan zeuden, hare eta zuhaitzezko horizontearen atzetik igartzen ziren hiriak Ameriketako hiriak ziren.

        Tarteko bik abangoardian joatea erabaki zuten. Hurbileneko herriak zeruan islatzen zuen argitarantz ibili ziren bidean. Berehalaxe topatu zuten errepidea: «asfaltatua, ondo zaindua: hemen ez da gure aldean bezala», baina egia esateko zabalagoa espero zuten, zuzenagoa. Kanpoan geratu ziren, topaketaren bat ez izateko: zuhaitz artetik ibiliz jarraitzen zuten.

 

 

        Auto bat igaro zen: «seiszientosa ematen du»; eta gero beste bat miliziena ematen zuena, eta beste bat gehiago: «gure autoak kapritxoagatik dauzkate hauek, haurrei erosten dizkiete, gure artean bizikletak bezala». Gero bi moto igaro ziren bata bestearen atzetik, gorreria emateko moduan. Polizia zen, ez zen dudarik: eskerrak errepidez kanpo geratuak zirenik.

        Eta hona seinaleak non ageri ziren azkenik. Begiratu zuten atzera-aurrera, sartu ziren errepidera, hurbildu ziren irakurtzera: Santa Croce Camarina-Scoglitti.

        —Santa Croce Camarina: ez zait berria egiten izen hauxe.

        —Ezta niri ere; eta Scoglitti bera ere ez dut berria.

        —Gure ahaidekoren bat ea bizia den hemen, agian, neure osaba, agian, Filadelfiara alde egin aurretik: ni gogoratzen naizelarik behintzat beste hiri batean zen eta, Filadelfiara aurretik.

        —Baita nire anaia ere: beste toki batean zegoen Brukilina aldatu aurretik... Baina zer izen zuen, ez bainaiz gogoratzen: guk gainera Santa Croce Camarina irakurtzen dugu, Scoglitti irakurtzen dugu, baina nola irakurtzen duten amerikarrek ba al dakigu, amerikanoa ez da irakurtzen idatzita dagoen bezala eta.

        —Bai, horixe du ona italierak: idatzi nola, halaxe irakurtzen duzula... Baina ezin dugu gau osoa hemen eman, animatu beharra dago... Lehendabiziko autoa pasatzen dena, geratu egin behar dut: «Trenton?» egingo diot galdera bakarra. Hemen jendeak edukazio gehiago du... Esaten duena ulertzen ez badiegu ere, egingo du keinuren bat, seinaleren bat: eta zein aldetara dagoen behintzat ulertuko dugu, Trenton madarikaziozko hori.

        Bihurgunetik, hogei metrotara, cinquecento bat azaldu zen abiadan: ikusi zituen gidariak aurrean erdira irteten, eskuak jasota geldi zedin. Biraoka frenatu zuen: ez zitzaion lapurreta konturik gogoratu, paraje hura lasaienetakoa baitzen: eramatea nahiko ote zuen iruditu zitzaion, atea ireki zuen.

        —Trenton? —galdegin zuen bietako batek.

        —Zer? —egin zuen txoferrak.

        —Trenton?

        —Zer Trenton eta zer arraiondo —bota zuen autoko gizonak.

        —Italianoz badaki —esan zioten elkarri biek, zer erabaki elkarri begiratuz, ea ez ote zen gauza egokia izango, alegia, hura ere italiarra zenez, zein egoeratan zeuden hari jakinaraztea.

        Txoferrak itxi zuen atea, piztu zuen motorra. Autoa kolpetik abiatu zen: eta orduantxe hasi zitzaien deiadarka errepidean estatuak bezain tente geraturik ziren biei —mozkorrak, mozkor adardunak, ahardi semeak...— urrutiratu ahala galdu zen gainerakoa.

        Isiltasunak bete zuen dena.

        —Gogoratzen ari naiz —esan zuen handik pixka batera Santa Croceren izena berria ez zitzaion hark— Santa Croce Camarinara, gure aldean gauzak gaizki joan ziren urte batean, gari jasotzerako etorri zela gure aita.

        Hautsita bezala bota ziren kuneta ertzean: ez baitzen presarik besteei berria eramateko nola Sizilian bertan zeuden lehorreratuta.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991