Itsaso ardo kolorea Azterketa Telefono fitxa pilatxo bat, ehun lirako txanponen tamainakoak, hiru pilaretan zatitu beharra: zimurrak, leunagoak, leunak. Alanbre zati bat eta aliketak: alanbrearekin hiruki bat egiteko. Kartel batean hainbat biribil marraztuta, mahats mordo bat bezala osatuz: eta ale bakoitzaren barruan zenbaki bana. Eta distantzia batetik ahalik eta zenbaki gehienak irakurri behar ziren, gizonak, erlojua eskuan «hasi» esan eta «aski» agintzen zuen bitartean. «Hasi» eta «aski» ziren gizonak italieraz hobekien ahoskatzen zuten hitzak. Gizon garaia bera, musugorria, begi argia, ile horiak, buru erdian krisantemoaren gisara irekitzen zitzaizkiola. Zurich-eko suitzarra. Blaser, deituraz. Lanerako emakume bila etorria Siziliara: hemezortzi urtetik gora eta hogeita hamarretik beherako neskak. Elektrizitate gauzako fabrika baterako: kontagailuak, zirudienez; ez baitzen gauza askorik ulertzen hark esaten zituen hitzetatik. Agian katolikoa zen, luteranoa agian, edo kalbinista. Erretoreek ezin zioten antzik eman. Geldik geratzen zen, jakin nahirik gabe, neskei azterketa egitean: bai erretorearen etxean, bai sakristian, behar bazen, giro haiek betidanik ezagutu izan balitu bezala, monagillo ibilia zelako edo dotrinara sarritan joana. Hiriburuan tratua kostata eginez txofer eta guzti alokatutako auto batean ibiltzen zen herriz herri: Sizilia erdi-erdiko hiri itxi, harkaitzez inguratua, haizezko soka metalikoz dardaratua zen hiriburua. Joko han, azterketa haiei, eresia handia zien auto txoferrak, maila batean behintzat: sakristietara, erretore-etxetara gizonaren atzetik joaten zen; eta inoiz bazekien hitz polit bat tartekatzen neskaren batek etsamina gainditu ezin zuenean, edo beharreko adina ez bazuen: nahiz eta suitzarrak ezertarako kontutan hartzen ez zituen, hitz polit haiek. Eszena berbera errepikatzen zen herri guztietan: eta neskek ere, ia, herri batetik bestera, berberak ematen zuten. Baita erretoreek ere. Aurrez jarritako ordurako Blaser jauna iritsi zain ziren erretoreak; hogeiren bat neska, gehienean amak lagundurik, sakristian edo erretore-etxeko beheko solairuan ziren; emozioz marmarrean, edo barretxo larritan. Erretoreak egiten zituen ezaguerak, garantia osoak emanez ondo betetzen zituztela haiek Suitzarakoan langile bertute bilakatuko ziren lege kristauak eta etxeko bertuteak. Blaser jaunak ateratzen zituen alanbrea, aliketak eta kartela: eta azterketari ekiten zitzaion. Autoko txoferrari damu sentipen batek hondatzen zion egiten ari zen irabaziaren poza, bere lan eguna gertatzen zitzaion denbora pasa: iparraldeko gizon batek, beste ezer baino gehiago alemana zen batek eta Siziliako erretoreek misterioz antolatutako sabinen bahiketa gisako batean errukide bilakatu izan balitz bezala. Ez zituen maite alemanak, atxilo itxitura batean igarotako goseagatik. Eta ez zituen maite erretoreak, beste hainbat arrazoirengatik. Eta goseak akabatzen ikasia zuen aleman apur hark bere bezeroaren deitura «puzlari» itzultzeko balio zion: eta bere ezkutuko mendekurako biluzik eta zintzilik ikusten zuen, masailak puztuta, ahotik haizeak argi sorta gisan irteten ziola; elizako koruetan igeltsuzko aingeru batzuk bezala. Zeren eta Blaser jaunarentzat autoaren zati bat balitz bezala baitzen txoferra, eta bidaian hizketan hasteko ahaleginei edo azterketa garaian neskaren baten alde esaten zizkionei autoaren matxurari egingo liokeen jaramon berbera egiten baitzien: enbarazua, denbora galtzea. Eta horrek tripak jaten zizkion txoferrari: ia-ia gorrotorainoko ondoeza sentitzen zuen, konfiantza ahalegin apurrena zela eta, «puzlariaren» begiratua bere gain jartzen zenean, edozein trasteri begiratuko balio bezala: hitz egiteko ahalmen bitxi eta ernegagarria zuen trastea. Eta ezinegona sentitzen zuen baita ere erorita zegoen sentimendu kontraesankorrengatik: Ez zitzaion atsegin suitzarrak neskak eramatea, baina bateren bat baztertzear bazegoen haren alde ahalegintzen zen. Horren sentimendu konplexuak, bere lanagatik soldata egokia ematen zion gizon batengan, eta lanak berak sortuak hain zuzen, ezin izango lituzke susmatu eta hurrik eman ere Blaser jaunak; eta susmatu izan balitu, ez lituzke gogoko izango. Astebete igaro zen horrela; hamarren bat herri, ehunekoren bat neska lanerako hartuak; dena lasai, dena ongi. Eta Blaser jaunak V.-rako zeukan eguna; V., lurralde zabal lehor baten erdian herri bakana, herentzi zatiketak ordurako pipi janda zeuzkan feudoduna, eta mafia oraindik sendoa zuena. Harako bidaian, herriko historiak kontatu zizkion txoferrak Blaser jaunari, detailerik beldurgarrienak erantsiz: suitzarrak, ordea, ez zuen jakin-minaren ez harriduraren seinale txikienik ere eman. Herri erdira iritsi zirenean eliz nagusiko mailadian zain zeukaten ordurako artzapeza suitzarrak eta artzapezak elkarri diosala egiten zioten bitartean, gazte bat hurbildu zitzaion autoa ixten ari zen txoferrari. Diosal egin zion, eta txoferrak itzuli: eta une batez elkarri begira geratu ziren, gaztea beldur nabarmenez, ausardiarik gabe; txoferra, ustekabeko ardura ilun batek asaldaturik, Blaserrentzako aipatu zituen herriko istorioek hari ordez berari esnatu baitzizkioten beldur izuak. Horregatik Zer dugu? galdegin zion, zakar, ea doinuaren harrotasunarekin ardura estaltzen zuen. Ba, dugu, mesede bat egin behar didazula esan zion gazteak. «Bagaudek», pentsatu zuen txoferrak; baina, egia esan, ez zekien zertan. Ahal badut esan zion; gogor, mesede hura ez egiteko ere erabakia agertu nahiz; edo egitez gerotan mesedeagatik bakarrik, ez behintzat beldurragatik. Ba, begira esan zuen gazteak neska baten arazoa da: Suitzara lanera joan nahi duen neska bat... Ez dut joaterik nahi, horra... Han dago, artzapezarekin. Ez duzue hartu behar, horra... Ez dut nahi... Ezkondu egin behar dugu, ulertzen duzu... Nik ez dut ezer ulertzen, adiskidea: niri ez dagokit ezer. Nik horrako hori alde batetik bestera erabili, besterik ez dut egiten. Ni txoferra naiz: ordaintzen dit, eta herriz herri erabiltzen dut. Zer egiten duen, ez dakit ezer, ezta jakin nahi ere. Bakoitzak bere lanak: nik nirea, eta horrek berea. Ulertu duk? eta hika hasi zitzaion, halakoxe lastima ematen baitzion orain gazteak: mutiko hutsa, negarretan lehertzear. Lagundu egin behar didazu esan zuen gazteak. «Lastima ematen du pentsatu zuen txoferrak honelako herri batean gainera, gauza dira edozertarako.» Hasperen egin zuen, enbarazuagatik, estutasunagatik. Ondo da: saiatuko naiz. Baina ez pentsa gero nire hitzak ezertarako balio duenik: suitzarra duk hori, suitzar alemana. Badakik suitzarrak zein zehatzak diren? Erlojuak egiten ditiztek, eta erlojuak bezalaxe ibiltzen dituk... Eta alemanak, hobe ez hitz egitea, deztera harria baino gogorragoa diate burua. Ateratzen ahal zaio zukurik deztera harriari? eta eliza aldera abiatu zen. Baina ataritik, jiratu zen mailadi oinetan geratua zen gaztearenganantz, begiratu zuen erriertaz eta errukiz batera. Eta nola arraio du izena? galdegin zuen. Rosalia esan zuen gazteak. Rosalia Calaciura. Sakristian Blaser jaunak aterata zituen bere gauzak: mahai luze baten gainean kirurgiako tresnak bezala ari zen antolatzen: arretaz, emeki; eta bazirudien benetan goiko leiho errejadunetatik igarotzen zen eguzki ziargiak bortxaz sortaka banatutako sakristia hartan, oihal kastatuetan argiak nabarmentzen zituen obispo eta artzapezen kastitate eta sadismo zalantzagarrizko begiratuaren azpian, intxaur beltzezko armairu handien artean, argizari eta intsentsu, bainila eta lizun usain arraroan, kirurgia edo tortura operazio tetrikoren bat ari zela prestatzen. Neskek txunditurik bezala begiratzen zieten Blaser jaunaren eskuei; baita artzapezak ere. Txoferrak eten zuen atetik antsia eta nahasmenduzko giro hura, deika Blaser jauna, entzungo al didazu, mesedez? eta Blaser jauna jiratu egin zen: harriturik, haserreturik, begiak ohi baino izoztuagorik. Txoferrak hurbiltzeko keinua egin zion eskuineko behatzarekin. Suitzarrak masailak puztu eta nahigabez putz egin zuen («puzlaria» bururatu zitzaion txoferrari), eta astiro mugitu zen, probokatuz: Konturatu al zara zelako herria den hau? marmaratu zion belarrira txoferrak. Konturatu naiz Blaser jaunak. Mafia: mafia herria txoferrak. Ulertu dut. Ba dakizu mafia zer den? Bost axola esan zuen, silabak nekez ebakiz, Blaser jaunak. Ba niri ez txoferrak eta anaia baten aholku bat entzun nahi baduzu, hobe duzu «bost axola» esan baino lehen mila bider pentsatu. Axola ala axola ez, hil ala lasai biziren arteko aldea da hemen. Ez dut ulertzen esan zuen Blaser jaunak: eta hain zuzen une hartantxe hasia zen zertxobait ulertzen. Ba entzun ezazu aholkua esan zuen txoferrak. Laga esan zuen Blaser jaunak: eta «eman aholku hori azkar» esan nahi zuen. Neska hauen artean bada bat hartu behar ez duzuna: Rosalia Calaciura du izena. Ez dut hartu behar? Bai, baztertu, baztertu segituan... Ez ona. Adina ez? galdegin zuen Blaser jaunak. Edo...? behatza kopetara eraman zuen, burutik nahastua adierazteko. Ez esan zuen txoferrak, egonarria galduz alde horretatik ondo dago: baina ez da hartu behar, aski da. Aski da? Aski da txoferrak ukabila erakutsi, behatz lodia eta hurrengoaren artean eskuadra egin, eta hiru bider bildu zuen, fusil baten gatua bezala pam, pam, pam: bioi, zuri eta niri... Hankaz gora. Nork? Maiteminduak: neskak alde egitea nahi ez duenak. A! egin zuen Blaser jaunak bizkarra emanez. «Hartzen du pentsatu zuen txoferrak, neu naizen bezain seguru, hartzen duela horrek; burugabea halakoa, harroa; niri kontra egiteagatik. Baina hor kanpoan zain geratu den gizajo horren tokian banengo ni, bai emango niokeela zer ikasia. Hori berriz, niri jarriko zait kontra: ez dio inork sartuko buruan honako honek ez duela arrazoirik entzuten, pentsatuko du ez dudala bere alde hitz egin nahi izan.» Azterketa hasia zen. Txoferra adi-adi jarri zen, neska haien artean Rosalia Calaciura nor zen ea antzematen zuen. Hamalau ziren. Ederrenak aukeratu zituen: hiru. Baina halako batean haietako bat beste izen batez deitu zuten. Bi geratzen ziren: baina bi haietakorik ez zen Rosalia. Rosalia ez zen ederra: ondo begiratuz gero, adi, eman zezakeen agian polita; ederra ez behintzat. Txikia, beltzarana. Eta azterketan azkarrenetakoa izan zen. Blaser jaunak, Rosaliaren azterketari «aski» esan bezain laster, txoferraren aldera begiratu zuen. Hark ezezko keinua egin zion buruarekin. Blaser jauna pentsatzen geratu zen une batez. Artzapezarengana itzuli zen gero: Ez dut istilurik nahi esan zuen. Zer? harritu zen artzapeza. Istiluak, iskanbilak, liskarrak esan zuen Blaser jaunak, gaizki ahoskatuz, baina ustekabeko hiztegi aberastasuna erakutsiz. Bere lepo harilkatuan, haga batean bezala jiratu zen artzapezaren burua: begiak irtenik, ahoa irekita airean, ia, komikietako pertsonaia bailitzan esklamaziozko harridura globo bat puzten ari balitzaio bezala. Neska honek senargairik ba al du? galdegin zuen Blaser jaunak. Ez esan zuen artzapezak. Eta ulertzen hasi zen. Ez esan zuen Rosaliaren amak. Ba nik baietz diot esan zuen Blaser jaunak. Ez da senargaia esan zuen Rosaliaren amak, gaizki nahi dion bat da: langabe bat, ganoragabea. Baina nire alabari nik agintzen diot. Ez da egia ganoragabea dela esan zuen Rosaliak, lanik ez duela aurkitzen, horixe. Hondamenera eraman nahi zaitu amak. Ez nau hondamendira eraman nahi: ongi nahi dit... Baina nik Suitzara horrexegatik ere joan nahi dut: arrioa egiteko, ezkontzeko. Egizu bai arrioa moztu zuen amak, eta gogoan eduki etxean dugun miseria eta Suitzatik bidali ahal izango dizkidazun lau txanpon horietan jarria dugun esperantza. Zerbait bidaliko dizuet, bai, zuei, baina Suitzara arrioa egitera noa ni. Aski da esan zuen Blaser jaunak. Hartu egiten dut. Txoferrak irten zuen sakristiatik, igaro zuen eliza hutsa. Gaztea autoaren kontran zegoen zain. Esan diat esan zion txoferrak. Hartu egin al du? Ezer esan ez banio bezalaxe... Burugogorra, adiskidea... Eta gainera, eragotzi egin nahi hiola eman dik aditzera. Atsoa haserretu duk, ezertarako gauza ez haizela esan dik, eta alaba hondatu nahi dioala: baina neskak hire alde egin dik. Ongi nahi dit esan zuen gazteak. Ongi nahi dik, eta Suitzara zihoak esan zuen, ironiaz, txoferrak. Haseak ez dio baraurik dagoenari sinesten mindu zen gaztea. Ez nagok ni baraurik dagoenari ez sinesteko asea esan zuen txoferrak, esan nahi diat bakarrik heuk ere konbentzi hezakeela Suitzarako eskabidea ez egiteko, azterketara ez azaltzeko; eta entzun nahi izan ez badik, seinale bazeuzkala bere arrazoiak: edo ez hau maite hik uste duan adina, edo ezin dik gehiago bere miseriarekin... Ezin du gehiago esan zuen gazteak. Ba hortaz, ongi nahi badiok, laga ezak joaten... Etorriko duk bueltan, neska erabakia duk, etorriko duk... Eta ezkonduko zarete. Lanik aurkitiko banu... esan zuen gazteak. Aurkituko duk: alde egiten ari den jende guztiarekin, geratzen denak ez luke lan faltan behar. Gertatzen dena, ordea, zenbat eta jende gehiagok alde egin, pobreago bihurtzen dela herria. Ez da posible esan zuen txoferrak, ekonomia gauzetan aritmetika soila erabiltzen baitzuen beti. Ez da aulki batean jende sail bat estu-estu pilatuta dagoenean bezala: bat altxatu eta gainerakoak lasaitu eta erosoago aurkitzen direla... Hemen inor ez dago eserita: eta inork alde egiten badu, gainerakoak ez dira konturatu ere egiten; edo herria husten ari dela konturatzen dira bakarrik. Hori ez da batere argia esan zuen txoferrak. Ez dago argi, ez onetsi zuen gazteak. Eta zergatik ez hoa Suitzara heu ere? Suitzara, Alemaniara... Alemania Suitzatik bertan zegok. Alemanian egonda nago lehendik ere, hiru hilabetez... Baina nik diodana: gizona ez da zakurra... Egon daiteke deserriratua, berea ez duen herri batean, hau guztiau falta duelako sufritzen eliza aldera, inguratzen zuen enparantza, ilunabarreko urretan urtzen ari zen zerua seinalatu zuen keinu batez baina bere eskubidea ez dio inork kendu behar. Eskubidea? Zer ba, ez ziaten ordaintzen, ala? Ordaindu bai, kontuak, ostiralero, xentimoetaraino ematen zituzten: zuzenak, zehatzak. Baina orain hemen bezala egoteko eskubidea esan nahi dut nik: ozta elkar ezagutu ere egin dugun, baina zu pertsona bat zara eta ni pertsona naiz, eta berdinak gara, eta hitz egiten dugu... Haiekin ez da horrela: ez zaituzte ikusten, horra, ez zaituzte ikusten... amaraun sarean harrapatutako eulia bezala sentitzen da bat, beren zerbeza baso haien gainean zabuka... Zerbeza! Kristo, zerbeza! Bai bai esan zuen txoferrak: eta kolpetik jabetu zitzaizkion oroitzapenekin izotz arrakala bat sentitu zuen hezurretan. Horregatik, hark ere nik egina dudan froga igaro behar duela pentsatze hutsak, erotu egiten nau: nahiz eta Suitza izan... Emakumea duk esan zuen txoferrak, emakumeak egokitu egiten dituk: sentimenduz eta ohituraz aldatu egiten dituk... Emakume bat uzten duk ukuilua garbitzen, eta handik hilabete batzuetara andre dotorea eginda aurkitzen duk. Egia da hori esan zuen gazteak. Eta gainera, badakik zer? Patua duk dena. Suitza ala ez Suitza, ezkontzeko patua baduk ezkonduko zarete; eta galdu behar duala baduk, galdu egingo duk. Blaser jaunak elizatik irten zuen; haren atzetik, mordoan, neskak. Banoa esan zuen gazteak eskerrik asko, nolanahi ere. Ez horregatik: zorte ona izan txoferrak. Blaser jauna autora hurbildu zen. Herri basatia esan zuen. Itsaso ardo kolorea |