Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamaseigarren kapitulua

 

         Inspektorearen despatxuan sarrarazi zituzten.

         — Berehalaxe dukezue hemen Bere Fordtasuna —esan zuen maiordomo Gammak.

         Eta bakarrik utzi zituen.

         Helmholtzek parreari eman zion.

         — Honek judizio bat ez baina errezibimendu sozial bat zirudik. —Eta butaka pneumatikorik luxotsuenean etzan zen luze—. Aupa, Bernard —gaineratu zuen, bere lagunaren aurpegi kezkatia erreparatzean.

         Baina Bernard ez zegoen animuzko hitzik hartzeko. Ezer erantzun gabe, Helmholtzi begiratu ere egin gabe, despatxuko aulkirik deserosoenean jesarri zen, apropos hautatu zuena botere nagusien kontrako amorrazioa nolabait baretzeko esperantza ilunez.

         Bitartean, Basatia alderik alde bueltaka zebilen despatxuan egon ezinez, erdi arretaz dena ikusmiratuez: alasetako Liburuak, zinta ozeneko erroiluak, eta irakur makinen bobinak, bakoitza bere zuloan jarriak. Mahai gainean, leihoaren ondoan, liburu lodi bat zetzan larrubeltz artifizialez koadernatua. Liburu azalean T haundi bat ageri zen urrez irarria. Johnek hartu eta ireki zuen. «Ene Bizitza eta ene Obra» Gure Fordek egina. Liburua Detroit-en argitaratu zuen Forden Jakintza zabaltzeko Sozietateak. Begiraldi nagi bat eman zion, han hemenka zer edo zer irakurriez. Baina liburu hark bost axola ziolako konklusioa atera zueneko, hara non atea ireki zen eta Mendebal Europako Inspektore Mundiala sartu pauso azkarrez.

         Mustafa Mondek luzatu zien eskua hiru gizonei; baina Basatiari zuzendu zitzaion esanaz:

         — Gure zibilizazioa, beraz, ez omen zaik askorik gustatzen, Mr. Basati —esan zion

         Basatiak begiratu zion. Erabakia hartua zeukan gezurretan aritzeko, panparreriak jaurtikitzeko edo tutik ere ez esateko. Baina Inspektorea hain adikor eta umoretsu zetorrela ikustean, egia esatea erabaki zuen argi eta garbi.

         — Ez —eta buruari eragin zion.

         Bernard ikaraz jarri zen eta izuturik begiratu zion. Zer pentsatuko ote zuen Inspektoreak? Zibilizaziorik ez zaiola gustatzen dioen gizon baten laguntzat agertu beharra ikaragarria zen noski eta argi esan ere, noren eta Inspektorearen beraren aurrean gainera.

         — Baina aizak, John...—hasi zen Bernard. Baina Mustafa Monden begirada zorrotz batek mutu utzi zuen kolpera.

         — Egia esan —aitortu zuen Basatiak— ba dago gauza ederrik hemen. Airezko musika guztiok, esaterako...

         — «Batzuetan milaka instrumentu ozen dabilzkit furrundaka belarrietan, Bestetzutan ordea, ahotsak dira...» [1]

         Basatiari bat bateko atseginez argitu zitzaion begitartea.

         — Zuk ere irakurri al duzu? —galdetu zuen—. Nik uste nuen hemen, Ingalaterran, inork ez zuela liburu hori ezagun.

         — Ia inortxok ere ez. Neu nauk guti gutietariko bat. Debekatua diagok, konprenitzen al duk? Baina nola neu naizen legeen egile, hautsi ere egin zitzakeat. Zigorrik gabe, Mr. Marx —gaineratu zuen, Bernardengana itzulirik—; beldur nauk, ordea, hik ez dezaan horrelakorik ahal.

         Bernard beherago amildua zen oraindik bere zorigaitzean.

         — Baina zergatik dago debekatua? —galdetu zuen Basatiak.

         Shakespeare irakurria zuen gizon bat ezagutzeak eman zion bihozkadak gainetiko guztia ahantzarazi zion kolpera.

         Inspektoreak bizkarrak jaso zituen.

         — Aintzinakoa delako. Horra arrazoi nagusia. Hemen aintzinako gauzek ez diaukuate ezertarako balio.

         — Ederrak izanik ere ez?

         — Ederrak direnean batez ere. Ederra lilurakor duk eta hemen ez diagu nahi jendeak aintzinako gauzen lilurarik senti dezan. Gauza berriak gusta dakizkion nahi diagu.

         — Gauza berriak, ordea, zentzugabekeria nazkagarriak baitituzu! Helikopteroa baizik ikusten ez den eta aktoreak elkar muxuka publikoak sentitzen dituen pelikutatzar hoik bezala! —Johnek keinu bat egin zuen— «Akerrak eta tximinoak».

         Oteloten hitz hauexetan aurkitzen zuen bere arbuio eta gorrotoa adierazteko bide egoki bakarra.

         — Dena dela, animalia mantsoak— marmartu zuen Inspektoreak, parentesi gisa.

         — Zergatik ez diezu Otelo irakurrarazten itsuskeria hauen ordez?

         — Esana dauat: aintzinakoa delako. Gainera ez likeate konprenituko.

         Halaxe zen, bai. John gogoratu zen nolako parreak egin zituen Helmholtzek Romeo eta Julieta irakurtzean.

         — Beno, ba, orduan —esan zuen geraldi baten ondoren— zerbait berria, Oteloren antzekoa eta haiek konprenitzekoa.

         Horixe da hain zuzen, denok idatzi nahiez ibili garena —esan zuen Helmholtzek, bere ixilaldi luzea mozturik.

         — Eta horixe duk hain zuzen, zuek sekula idatziko ez duzuena —esan zuen Inspektoreak—. Zeren Oteloren antzeko zerbait baledi, ez likek inork konprenituko, berririk berriena izanik ere, Eta berria izatekotan, ez likek Oteloren antzik.

         — Zergatik ez?

         — Bai, zergatik ez? —berresan zuen Helmholtzek.

         Berak ere ahazturik zituen ia situazio hartako errelitate latzak. Larri-ikaraz zurbilik, Bernardek bakarrik gogoratzen zituen. Besteak, ordea, ahazturik zeuden.

         — Zergatik ez?

         — Gure mundua ez delako Oteloren mundua. Ez diagok kotxeak egiterik, altzairu gaberik. Ez diagok tragediak sortzerik, inestabilidade sozial gaberik. Gaur mundua estable duk. Jendea zoriontsu duk. Nahi duen guztia zeukak eta eduki ez dezakeenik ez dik inoiz desiratzen. Gustora diagok; salbo diagok; inoiz ez diagok gaisorik; ez duk heriotzaren beldur; grina eta zahartzea zer diren ere ez diakik. Ez diagok emazterik, ez seme alabarik, ez amodio sendoegirik. Gure jendea egokiturik dagoen bezala egonik, ez zezakek obra, obra dezakeen moduan baizik. Eta okerrik gerta baledi, hor diagok soma beti. Hik, Mr. Basati, libertadearen izenean leihotik behera jaurtiki duan soma, hain zuzen. Libertadea! —Inspektoreak parre karkara bat bota zuen—. Pentsatzea ere Deltek ba dezaketela libertadea zer den jakin! Eta ba dezaketela Otelo konpreni! Baina mutil!

         Basatia ixilik egon zen apur batean

         — Hala ere —ekin zion temati— Otelo ona duzu, Otelo hobea duzu sensoramako pelikula hoik baino.

         — Hala duk, noski —baieztu zuen Inspektoreak—. Baina horixe duk estabilidadearen truke ordaindu behar dugun prezioa. Bietarik bat hauta beharra diagok, edo zoriona, edo jendeak behinola zioen arte bikain hura. Guk arte bikaina bazter utzi diagu. Eta sensorama eta lurrin organoa jarri ditiagu haren ordez.

         — Ez daukate ordea, inolako mezurik.

         — Ba zeukaate, bai, mezua, baina berena. Publikoarentzat sensazio atsegingarri pila baten mezua.

         —Argumentuak behintzat tenteltzarren batek idatziak dira. [2]

         Inspektoreak parreari eman zion.

         — Ziri ederra sartu diok hire adiskide Mr. Watsoni, berau baita gure emozio injinerurik gorenetakoa.

         — Arrazoi osoa du —esan zuen Helmholtzek itzaltsuki—. Zeren izan ere tentelkeria hutsa baita guzti hau. Zer esanik batere ez dagoenean idaztea...

         — Horixe, noski. Baina horretarako talentua behar. Hik ahalik eta altzairurik gutienez lortzen duk kotxegintza; ia sensazio hutsez artegintza.

         Basatiak buruari eragin zion.

         — Izugarri deritzat nik zer guzti honi

         — Hala duk izan ere. Egiazko zorionak askozaz tristeago ematen dik beti zorigaitzaren alderdien ondoan. Eta jakina, estabilidadea ez duk inoiz inestabilidadea bezain ikusgarri, ez eta gutiagorik ere. Eta guztiez aserik egoteak ez dik zorigaitzaren kontrako burruka porrokatuak duen lilurarik, ez eta tentazioaren edo grina fatal baten edo duda baten kontra jokatzeak duen bitxitasunik ere. Zorionak ez zeukak inoiz arrandirik.

         — Ezezkoan nago —esan zuen Basatiak ixilaldi baten ondoren—. Baina biki horiek bezalako izugarrikeriak asmatzeraino behar al da iritsi? Izugarriak dira!

         — Baina balio baliokoak. Badiakusaat gure Bokanowsky sailik ez zaiala begiko. Baina jakin ezak berak direla gainetiko guztiari eusten dioten zimentuak. Berak dituk Estatua delako abioi-kohetea establarazten dutenak bere abiada bortitzean.

         Ahots sakon hark belarriak zulatzeraino bibratzen zuen; esku keinulari hark aldenezinezko makinaren potentzia eta espiritua errepresentatzen zuela zirudien. Mustafa Monden oratoria ia ia eredu sintetikoen parekoa zen goitasunaz.

         — Behin baino sarriago galdetu ukan diot neure buruari —esan zuen Basatiak— zergatik produzitzen dituzuen hauen moduko izakiak, zeuen gustokoak egin ahal izanik ontzi beldurgarri horietan. Zergatik ez —ahal duzuenez gero— Alfa-Bikoitz-Gehiagoak bakarrik fabrikatu?

         Mustafa Mondek parre ederrak egin zituen.

         — Ez dugulako nahi lepoa motz diezaguten —erantzun zuen—, Guk biak sinesten ditiagu, zoriona eta estabilidadea. Alfa hutsezko gizarteak inestable eta zorikabe izan behar nahi eta ez. Pentsa ezak Alfa hutsezko fabrika bat: denak indibiduo bereziak eta ahaidetasunik gabeak, eta —neurri batean—, libreki hautatzeko eta erantzukizunak hartzeko kapaz direnak. Pentsa ezak zer litzatekeen hori!—esan zuen berriro.

         Basatia saiatu zen pentsatzen, baina alferrik.

         — Absurdoa duk. Alfa bezala dekantatua, Alfa bezala egokitua izan den gizon bat zoratu eginen lukek, Epsilon erdi ipotx baten lanak egin behar balitu. Alfak zeharo sozialduak izan diaitezkek, baina Alfei dagokien lana eragiteko kondizioz bakarrik. Epsilon bati bakarrik eska diakiokek Epsilon sakrifiziorik, zeren hoik ez baitira harentzat sakrifizio. Erresistentzia izpirik ere ez dik jartzen. Bere egokimenduak ifini zizkiok nondik korritu errailak. Ez zezakek ebita. Aldez aurretik diagok horretara kondenatua. Dekantatua izanez gero ere, ontzi barruan segitzen dik: ontzi ikusgaitz bat haurren eta enbrioien hertsikeria guztiekin. Gu denok ere, jakina —jarraiki zen pentsakor Inspektorea— ontzi baten barruan bizi izanak gaituk. Baina Alfen ontziak, erlatiboki hitz eginez, izugarri haundiak dituk. Guk gorriak ikusi beharra genikek, leku medarragoan sartuko bagintuzte. Ez diaitekek klase goikoen Chanpagne artifizialik ixur kasta behekoen ontzietan. Teoriaz ere bistakoa duk hori, Baina teoriaz gainera, praktikan ere garbi frogatua diagok. Txipreko esperimentuaren ondorioa biribila izan zuan horretaz.

         — Zer izan zen, bada, esperimentu hura? —galdetu zuen Basatiak.

         Mustafa Mondek irriparre egin zuen.

         — Beno, nahiago baldin baduk, dei ezak berrontzialdiko esperimentua. Forden 73garren urtean hasi zuan. Inspektoreek Txipreko ugartea arras hustu ziaten aurreko biztanle guztietarik eta berriro koloniatu, hogei eta bi milako labaldi bat apropos aterarik harako. Nekazari eta industria tresneria guztia eman zieaten eta berak berenez konpon zitezen utzi. Esperimentu haren ondorioak zehazki bete zituen susmo teoriko guztiak. Ez ziaten lurrik behar bezala landu; grebak noiznahi fabriketan, legerik betetzen ez, agindurik obeditzen ez. Lan apaletara destinaturik zeuden personek satorkerietan ziharduten eten gabe kargu onak arrapatzearren, eta goiko karguetan zeudenak ere beste hainbeste egiten ziaten kargu haiei nola edo hala eustearren. Sei urteren buruan egundoko anai guduan nahaspilatu zituan. Hogei eta bi mila biztanletik emeretzi mila hilak zirenean, bizirik geratu zirenek, denek aho batez eskatu zieaten Inspektore Mundialei har zezatela berrito ugarteko aginpidea, eta hala egin ziaten. Eta hala akabatu zuan munduan izan den Alfa gizarte bakarra.

         Basatiak hasperen sakona egin zuen.

         — Populaziorik onena —esan zuen Mustafa Mondek— icebergen antzekoa duk: zortzi bederatzigarren ur azalaren azpitik, eta bederatzigarren bakarra gainetik.

         — Eta zoriontsu al dira ur azalaren azpitik daudenak?

         — Gainetik daudenak baino zoriontsuago, noski. Hire bi lagunok baino zoriontsuago, esate baterako.

         Eta Helmholtz eta Bernard seinalatu zituen.

         — Beren lan zatar eta guzti ere bai?

         — Zatarra? Berek ez zeukaate, ba, zatartzat. Aitzitik, gustoko ziaiek. Lan arina duk, errexa, haurrena, zazpi ordu eta erdiko lan leuna, nekegabea, eta gero soma errazioa, jolasak, kopulazio librea eta sensorama, Zer gehiagorik eska dezakete? Bai, jakina —gaineratu zuen—, lanordu gutiago eska zezakeate. Eta eman ere eman geniekek. Teknikaz txit erreza lukek kasta beheko langileen lanaldia hiruzpalau ordura jaustea. Baina ba ote lirateke zoriontsuago horrela? Ez, ez lituzkek inola ere. Mende eta erditik gora duk esperimentua egin zutela. Irlanda osoan lau orduko lanaldia ezarri ziaten. Zer ondorio? Iskanbila franko eta soma kontsumoan gorakada galanta; besterik ezertxo ere ez. Hiru ordu eta erdi extra haiek ez zituen, ez, zorion iturri gertatu. Jendeak bakazioak hartu behar haiezaz libratzeko. Inbentu-Ofizina planez josia diagok lanaren gutitzeko eta aurrezteko. Milaka plan horretarako. —Mustafa Mondek gorputz osoari eragin zion—. Zergatik ez ditugun planok praktikaratzen? Langileen onagatik. Astakeria lukek asti ordu gehiago ematea beren kalterako. Nekazaritzan ere berdin berdin gertatzen duk. Nahi baldin bagenu, jateko guztiak sintetikoki egin ginitzakek. Baina ez diagu nahi. Nahiago diagu populazio hiruren bat lurrak ematen duenetik bizi dadin. Beren onarren, zeren denbora gehiago pasarazten baitu lurretik jatekoa ateratzeak, fabrika batetik baino. Gainera gure estabilidadea jagon beharra zeukagu. Ez diagu aldakuntzarik nahi. Edozein aldakuntza amenazu bat duk estabilidaderako. Horra beste arrazoi bat inbentu berriekin kontuz ibiltzeko. Zientzia soileko deskubrimenduak ere subertsio bide dituk funtsean. Zientzia bera ere etsaitzat jo beharra zeukagu inoiz. Zientzia bera ere bai, noski

         Zientzia? Basatiaren bekoskoa ilun jarri zen. Hitza ezagutu bai, egiten zuen. Baina ezin esan zukeen zer esan nahi zuen zehazki. Shakespearek eta herriko zaharrek ez zituen sekula aipatu eta Lindagandik zirri borrozko aipuren bat ez beste entzuna zen soilki: zientzia helikopteroak egiteko zerbait zen, Arto Dantzak farragarritzat harrarazten zituen zerbait, gaixotasunetatik eta haginak galtzetik zaintzen eta jagoten duen zerbait. Izugarrizko ahaleginak egin zituen zer esan nahi zuen aditzeko.

         — Bai —jarraiki zen Mustafa Mond— estabilidadearen kostoari jartzeko beste kargu bat duk hori. Ez dut artea, ez, zorionarekin ezin ados daitekeen bakarra, zientzia bera ere baizik. Zientzia arriskugarria duk; horregatik ardura bereziaz kateaturik eta bozaturik eduki beharra dugu.

         — Zer? —esan zuen harriturik Helmholtzez—. Baina beti ari baikara esaka zientziak egiten duela dena! Axioma hipnopedikoa baita hori!

         — Astean hiru bider hamairu urtetik hamazazpira bitartean —esan zuen Bernardek.

         — Eta Eskolan zientziaren alde egin ohi dugun propaganda guztia...

         — Bai, baina nolako zientzia? —galdetu zuen Mustafa Mondek isekaz—. Zuek ez daukazue formazio zientifikorik eta, beraz, ez dezakezue eritzirik eman. Ni behinola fisiko ona izana nauk. Onegia, noski: laster igarri nian gure zientzia delako guzti hau sukalde liburu bat besterik ez dela, sukalgoari buruz inork dudan jar ez dezakeen teoria ortodoxa duena eta errezeta mordo bat, inork batto ere erantsi ez diezakeona sukaldari nagusiaren aparteko baimenik gabe. Neu nauzue orain sukaldari nagusia. Baina lehenago sukal mutil gazte eta nonzeberri bat izan ninduan. Eta saltsaren batzuk neuk neuretara egiten hasin ninduan. Sukalgoa heterodoxoa, sukalgoa debekatua. Izatez, benetan zientzia pitin bat. Mustafa Mond ixilik geratu zen.

         — Eta zer gertatu zen?— galdetu zuen Helmholtz Watsonek.

         — Zuei, ene gaztetxooi, laster gertatuko zaitzuena bera gertatu zitziaidaan ia. Onetik apartatu ninduan, ia ugarte batera bidali baininduten.

         Hitz hauek konkorturik utzi zuten Bernard, bortxaz dardarka jartzen zelarik kolpera.

         — Neu jaurtikiko nautela ugarte batera?

         Salto batez zutitu zen aulkitik, despatxua presaka iragan zuen alderik alde eta besoei eraginez. Inspektorearen aurrez aurre geratu zen.

         — Zuk ez nazakezu ni desterra. Nik ez dut ezertxo egin. Besteak izan ziren. Zin dagit besteak izan zirela. —Eta Helmholtz eta Basatia seinalatu zituen salati—. Mesedez, ez nazazu, otoi, Islandiara bidal! Promes dagit nahi dezaten guztia eginen dudala, Emaidazu beste aukera bat. —Eta negarrari eman zion—. Hauek dute erru guztia —zotinka ari zen—. Islandiara ez! Mesedez, Berorren Fordtasuna, Mesedez...!

         Eta doilorkeriarik doilorrenez Inspektorearen aurrean belaunikatu zen.

         Mustafa Mondek jaikiarazi nahi zuen, baina Bernardek bere doilorkerian zirauen, hitza eta mitza zeriola barra barra. Azkenez Inspektoreak bere laugarren idazkariari hots egin behar izan zion.

         — Ekartzak hiru gizon —agindu zuen— eta beramate Mr. Bernard lotegi batera. Eman biezote somazko baporaldi on bat eta gero etzanaraz bezate eta bakarrik utzi.

         Irten zen laugarren idazkaria eta uniforme berdedun hiru biki morroirekin itzuli zen. Garrasika eta zotinka oraindik, atera zuten Bernard despatxutik.

         — Edonork esanen likek hurkamendira-edo daramatela —esan zuen Inspektoreak, atea itxi zutenean—. Berez, zentzu apurrik balu, aisa konprenituko likek zigor hau sari bat dela. Ugarte batera bidaliko diate. Alegia, munduan diren gizonik eta emakumerik xelebreenak ezagutzeko lekura bidaliko diate. Zergatik edo hargatik beren indibiduotasunaren kontzientzia gehiegi hartu duten personak dituk denak elkartean bizi ahal izateko. Ortodoxiaz konforme ez dauden eta ideia propioak dituzten personak. Hitz batez, norbait diren personak. Ia inbidia ematen dautak, Mr. Watson.

         Helmholtzek parreari eman zion.

         — Orduan, zergatik ez zaude zeu ere ugarte batean?

         — Zena zelakoagatik, hauxe nuelako nahiago —erantzun zion Inspektoreak—. Bietarik bat hautatzea heman zieutaaten: edo ugarte batera bidali, han neure zientzia soilari ekiten jarraikitzeko, edo Inspektoreen Kontseiluko egin, egunen batean Inspektore izateraino iristeko etorkizunez. Bigarren hau hautatu nian eta zientzia bertan behera utzi.

         Ixilunetxo baten ondoren, gaineratu zuen: —Inoiz zientziaren falta haundia sentitzen diat. Zoriona ugazaba txit okerra duk, besteen zoriona batez ere. Egia ere baino ugazaba askozaz latzagoa duk zoriona, norbera hartarako egokitua izan ez bada behintzat.

         Hasperen egin eta ixilik geratu zen berriro. Gero honela jarraiki zen tonu biziagoz: — Beno, eginbeharra eginbehar duk. Ez diagok nork bere gustoei kasu egiterik. Egia axola ziaidak. Zientzia maite diat. Baina egia amenazu bat duk, eta zientzia arrisku publiko bat. Ongarri izan zaikun bezain arriskugarri. Historiako ekilibriorik estableena eman diaukuk. Txinako ekilibrioa kilikolo hutsa zuan gurearen aldean. Aintzinako matriarkatuek ere ez zieudukaten guk hainako tinkotasunik. Zientziari eskerrak, zioat berriro. Baina ez zezakeagu permiti zientziak bere obra desegin dezan. Hauxegatik mugatzen diagu hain zehazki zientziako inbestigazioen norainokoa; hauxegatik egon ninduan ugarte batera bidalia izan hurran. Mementoko arazorik hurbilenak bakarrik trata ditzala permititzen zinagu zientziari. Gainetiko inbestigazio guztiak erne berritan hiltzera kondenatuak diaudek. Xelebrea duk —esan zuen geralditxo baten ondoren— Gure Forden garaiko jendeak zientziaren aurrerapenaz zer idazten zuen itakurtzea. Agi denez, permiti zitekeela uste ziaten zientziak epe gabe aurreratuez segi zezan, besterik ezer kontuan edukitzeke. Jakitea jotzen ziaten onik haundientzat, egia baliorik nagusientzat. Gainetiko guztiari bigarren mailako eta subordinatu zieritzoaten. Egia esan, orduantxe ere ideak aldatzen hasiak zieudean. Gure Fordek berak ere anitz egin zian egiaren eta ederraren omena erosotasunak eta zorionak har zezaten. Anizko produkzioak nahi eta ez eskatzen zian ideien funtsezko aldakuntza hau. Zorion unibertsala duk gurpilak eta engranajeak eten gabe martxan ibilarazten dituena; ez egia eta edertasuna. Eta izan ere, masek aginpide politikoa hartzen zutenean, zorionak gehiago axola zieaten egiak eta edertasunak baino. Hala eta guztiz ere, zilegi zuan oraindik inbestigazio zientifikoari mugarik gabe jarraikitzea. Jendea egiaz eta edertasunaz mintzo zuan ondasunik gorenak balira bezala. Honetan Bederatzi Urteko Gerratea etorri zuan. Honexek aldarazi ziean errepika. Zertarako dira egia, edertasuna edo jakintza, antrax-bonbak eztandaka ari diren bitartean? Bederatzi Urteko Gerratearen ostean, zientziari trabak jartzen hasi zituan. Ordurako jendea gertu ziegoan ia beren grinak muga eta erregula zitzaten. Edozer bakea edukitzekotan. Eta harez gero beti eduki diagu kontrola. Egia, jakina, galtzaile atera duk. Gauzek beren prezioa zeukaate. Zorionak ere bere prezioa ziedukaan. Eta hik ere ordaindu beharra dukek, Mr. Watson; ordaindu beharra dukek ederzaleegi haizelako. Neu ere ederzaleegi ninduan; eta ordaindu beharra ukan nian.

         — Baina zu ez zinen ugarte batera joan— esan zuen Basatiak, ixilaldi luzea hautsirik.

         — Honelaxe ordaindu nian nik. Zorionaren zerbitzari izatea hautatuez. Besteen zoriona, ez neurea. Suerte haundia duk —ekin zion geraldi baten ondoren— munduan hainbeste ugarte egotea. Ez diakiat nola konponduko ginatekeen ugarterik gabe. Gazezko ganbarara-edo eraman beharko genituzkeela uste diat. Eta, aizak, Mr. Watson, gustatuko al litzaikek klima tropikalik? Markesak, esaterako, edo Samoa? Zerbait tonikoagorik behar bada?

         Helmholtz zutitu zen bere butaka pneumatikotik.

         — Klimarik txarrena gustatuko litzaiket —erantzun zuen—. Klima txarrean hobeto idatz daitekeela uste dut. Haizetsua eta ekaiztsua baldin bada, esaterako...

         Inspektoreak baiezkoa egin zuen buruaz

         — Atsegin ziaidak hire aldartea, Mr. Watson. Txit atsegin ziaidak benetan ere. Ofizialki gaitzesten dudan haina. —Irriparre egin zuen—. Zer deritzek Falkland-go Ugarteei?

         — Bai, egoki dagozkidala uste dut —erantzun zuen Helmholtzek—. Eta orain, gaizki ez baderitzazu, Bernard gaixoa nola dagoen ikustera noa.

 

[1] Sometimes a thousand twangling instruments

     Will hum about mine ears, and sometime voices (Ekaitza, III, 2)

[2] Life is a tale

     Told by an idiot, full of sound and fury

     Signifying nothing (Macbeht, V, 5)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971