Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Zazpigarren kapitulua

 

         Goiko lautada hark barku bat zirudien, hauts beltzeranezko haitz bitarte batean ainguratua. Bitartea zuzen okerka zihoan malda malkar bien artean. Harresi batetik bestera zerrenda berde bat zetorren haranean behera: erreka eta erreka inguruak. Harrizko barku haren brankan —bitartearen erdi erdian eta beraren zati bezala—, han zegoen Malpais-ko herria, haitz biluziaren gangar geometriko bezala. Blokea blokearen gain, pisu bakoitza hurren azpikoa baino txikiago, etxe luzeek piramide mailatuen antza ematen zuten, zeru urdinean trunkatuak. Barrenean etxeto pila, elkarren gainean, eta horma multzoa. Lautadako hiru hegalean hiru amildegi bertikal. Ke laino batzuk zuzen zihoazen aire geldian gora, han goian galtzen zirelarik.

         — Bai arraroa dela guzti hau! —esan zuen Leninak—. Oso arraroa! —Hauxe zuen gaitzespen hitzik gogokoena—. Ez zait gustatzen. Eta gizon hau ere ez zait gustatzen —eta berak herrira eramateko zen indio gidaria seinalatu zuen. Baina sentimendu haiek, jakina, ez ziren bideak. Gizona aurretik zihoakien eta, beraz, bizkar aldea bakarrik ikusten zioten; baina hauxe ere higuingarri nonbait.

         — Gainera —ekin zion Leninak, ahotsa jautsiez—, kiratsa dario.

         Bernardek ez zuen ukatzeko ahaleginik egin. Aurrera jarraiki ziren.

         Honetan, kolpera, esan zitekeen guztia dantzan hasi zela, odolaren mugimendu asperkaitzez pilpilketa bizian. Han goian, Malpaisen, danbor hotsa entzuten zen: berez berez, hankak ere bihotz misteriotsu haren ritmora jarri ziren, eta pausua bizkortu zuten. Zekarten bideak amildegiaren barrenera eraman zituen. Goiko lautada haundi haren hegalak edo saihetsak dorreak bezala igoten ziren beren gainean, ia ehun metroko alturan.

         — Hobe helikoptero bat ekarri bagenu —esan zuen Leninak, begiak haserrez jasorik haitzezko hormatzarrean gora—. Ibiltzeak nazka ematen daut. Gainera, lurrean honelako menditzar baten azpian, hain txiki dakusa nork bere burua!

         Erdi inguruan gorantz zihoazela, arrano bat hain hurretik pasa zitzaien hegan, non haren hegoek ateratako haize bolada senti baitzuten aurpegietan. Haitzaren tarte batean hezur multzo bat ageri zen. Absurdoa eta itogarria zen guzti hura, eta indioari gero eta kirats gehiago zerion. Noizbait atera ziren trokarte hartatik eguzkiaren argitara. Lautadaren gainaldea lau laua eta haiztsua zen.

         — Charing-T-ko dorrea bezalakoa— komentatu zuen Leninak. Baina ez zuen denbora haundirik eduki antz lasaigarri haren arkitzeaz gozatzeko. Pauso hots astun batek jeurt eragin zien. Lepotik zileraino larru hutsik, beren gorputz beltzeran nabarrez («asfaltozko tenis pistak bezalatsu» esanen zuen geroago Leninak) eta arabesko gorri, beltz eta orizkaz estalitako aurpegi zakarrez, bi indio korrika zetozen bidean zehar.

         Azeri larruz eta franela gorriz trentzaturik zeukaten beren ile beltza. Pabo lumazko manta bana zeramaten bizkarretatik zintzilik; bai eta lumazko koroa galantik ere buru bueltan, alai dizdiz. Ematen zuten pauso bakoitzean, zilarrezko besaztunak eta hezurrezko eta turkesa garauzko lepaztunak elkar joka zekartzaten, tintinketa alaia atereaz. Hurreratu zuen hitzik esateke; ixilik eta korrika zetozen, bernutsik, orein larruzko abarka moduko batzuekin. Batak luma xorta bat zekarren; besteak urrunera hiruzpalau soka zati sendo ematen zutenak zekarzkiela.

         Gero eta bertago zeuden; beren begi ilunez soa egiten zien, baina ezagutzeko keinurik txikiena egin gabe, haien existentziaz oharkabe baleude bezala. Letzan esku bakoitzean. Soka bat bihurrika ari zen urduri, eta Lenina bat batean kontaratu zen sugeak hango suge urduri hura orain, arol arolik, bestean gisa zegoen zintzilik. Gizon biak aurrera segitu ziren.

         — Ez zait batere gustatzen —hots egin zuen Leninak—, ez zait batere gustatzen.

         Are gutiago gustatuko zitzaion herrira sartzean aurkituko zuena, Hemen berak bakarrik utzi zituen gidariak eta instrukzio eske sartu zen. Zikinkeria, zimaur pilak, hautsa, zakurrak, euliak... Higuinaren higuinez muxinka, Leninak sudurrera eraman zuen painelua.

         — Baina nola bizi daitezke honela?—leher egin zuen. Sinesgogor zegoen batetik, amorrutan bestetik. Hura ez zitekeen posible.

         Bernardek bizkarrak uzkurtu zituen filosofiaz.

         —Pentsa ezazu bospasei urte daramatela bizimodu honekin —esan zuen—. Oraingo ohituak egonen al dira nonbait.

         — Baina garbitasunak Fordtasunera garamatza— ekin zion Leninak.

         — Bai, eta «zibilizazioa esterilizazioa da»— jarraiki zen Bernard, higiene elementaleko bigarren ikasgai hipnopedikoa osaturik ironia airez—, Baina jende honek ez du gure Forden izenik ere entzun inoiz, eta zibilizatzeko daude. Alfer alferrik da, beraz...

         — Aizu, begira! —hots egin zuen Leninak, besotik oratzen ziola.

         Han zetorren indio bat, ia larru hutsik, geldiro geldiro hauzo etxe bateko esku eskaileran behera, mailarik maila, kontuz kontuz, zaharraren zaharrez dardarti. Begitarte beltz eta zimur zimurra zuen, obsidianazko maskara antzo. Hortzik gabeko aho zuloa matrailen artean. Ezpain txokoetarik eta kokotsaren bi alderdietarik, bizar luze zurizka batzuk, larru beltzean babes zintzilik. Ile luzeak solte eta zintzilik, galpar grisak formatuez aurpegiko bi alderdietan behera. Gorputza makur eta ihar, hezur hutsik ia. Geldiro geldiro jautsiez zetorren, maila bakoitzean geldi, hurrengo pausoa botatzera menturatu baino lehen.

         — Baina, zer gertatzen zaio?— marmartu zuen Leninak. Begiek izu eta harri zituen

         — Zaharra dela besterik ez— erantzun zuen Bernardek, ezaxol itxuraz kanpotik, baina urduri barrutik—. Zaharra? —berresan zuen Leninak—. Baina... zuzendaria ere zaharra dugu; asko dago zaharrik baina ez honelakorik.

         — Ez diegulako uzten honelakoak izaten. Eritasunetik jagoten ditugu. Barruko sekrezioak artifizialki ekilibratuak mantenarazten dizkiegu, beti gazte iraun dezaten. Ez dugu permititzen magnesio-kalziozko ekilibrioa jautsi dakien hogei eta hamar urterekin zutenetik behera. Odol gaztea sartzen diegu. Metabolismoa etengabe ernarazten diegu. Horra zergatik ez diren hau bezalakoak. Alde batera —gaineratu zuen—, gehienak agure honen edadera baino lehen hiltzen direlako. Gazte gazte hirurogei urterarte, eta gero, plasta! harenak egin zuen.

         Baina Lenina ez zegokion adi. Agureari begira zegoen, geldiro geldiro jautsiez zetorrena. Azkenerako haren oinek ikutu zuten lurra. Eta buelta eman zuen. Begi argi argiak ageri zitzaizkion begi zuloen sakonean, eta Leninari begira eduki zituen luzaro, bat ere bizitasunik gabe, sorpresarik gabe, Lenina han ez balego bezala. Gero, geldiro, bizkar makur, agurea albotik pasa zitzaien eta joan zen.

         — Ikusteko ere holakorik! —ekin zion Leninak—. Ikaragarria! Hobe etorri ez bagina.

         Poltsikoak arakatu zituen soma errazioaren bila; baina —hura ere gertatu behar— fraskoa ostatuan utzi zuen ahaztuta. Bernarden poltsikoak ere hutsik zeuden.

         Leninak ez zeukan beste erremediorik, Malpais-ko nabarmenkerieri inolako laguntzarik gabe aurrea ematea baizik. Eta nabarmenkeria nabarmenkeriaren gainean zetorren. Han ikusi zituen bi emakume gazte beren haurrei titia emanez. Lenina lotsa lotsa egin zen eta begiak apartatu behar izan zituen. Bizitza guztian ez zuen inoiz halako zikinkeriarik ikusi. Eta okerrago zena, Bernardek ez-ikusi egin beharrean, ekin eta ekin ziharduen aharditze zekena nazkagarri hartaz.

         — Bai harreman miragarriak eta mamiak! —esan zuen aproposko gordinkeriaz—. Nolako sentimentu biziak sortaraziko dituzten! Sarri pentsatu izan dut zer haundia galdu dugula amarik ez edukitzeaz. Zuk ere zerbait galdu duzu behar bada ama ez izateaz, Lenina. Pentsa ezazu hementxe jesarrita zaudela, zeure ume batekin...

         — Bernard! Nola dezakezu...?

         Eskerrak oftalmiadun eta larruko gaizdun atsotxo bat handik pasa zena. Harexek baretu zion pixka bat haserrea.

         — Goazen —erregutu zuen—. Ez zait batere gustatzen.

         Baina memento hartan gidaria itzuli zitzaien, eta segitzeko inbitaturik, kalexka batean zehar abiatu ziren, etxe ilada biren artetik. Ertz batean ezkerretara hartu zuten. Han zetzan zakur bat, zimaurtzan hilda. Kokaldedun emakume bat zorriketan ari zitzaion neskato bati. Gidaria geratu zen esku-eskailera baten oinetan, jaso zuen eskua zuzen gorantz, eta berriro jautsirik, aurrerantz seinalatu zuen. Leninak eta Bernardek egin zuten gizon hark keinuka ziotsena. Eskaileran gora jo eta ate bat aurkitu zuten, gela luze, estu eta ilun ilun batera ematen zuena. Gela hari ba zerion ke, koipe erre eta arropa zapar zikinen hatsik franko. Gelaren handiko aldean beste ate bat, eguzkitara zegoena. Danborren tarrapata gogorra eta hurbila entzuten zen bertatik.

         Ate honetatik atera eta terraza haundi batera jo zuten. Azpian, anitz etxe alturen erdian, herriko plaza zegoen, indioz josia. Kolore biziko mantarrak eta lumak adats beltzetan, turkesak dizdizka eta larru beltzak izerdiaren izerdiz islaka. Leninak berriro eraman zuen painelua sudurrera. Plaza erdiko zabalgune batean adreiluzko eta buztin zapalduzko bi plataforma biribil zeuden. Bistan zegoen lurpeko bi ganbaren teilatuak zirela, zeren plataforma bakoitzaren erdian leiho bana baitzegoen zabalik, leiho bakoitzaren aho beltzera esku eskailera bana zetorrela. Bi leihoetarik xirula hots arin bat entzuten zen, danborren etengabeko tarrapataz ia itoa.

         Berauk Leninari gustatu egin zitzaizkion. Begiak itxita, haien tarrapada sarkor eta etengabearen menera erortzen uzten zuen burua, eta hartaz bere izatasun guztia bete arte gelditu zen, munduan hotsezko pultsazio sakon hartaz besterik ez balego bezala. Forden egunaren Elkarte-Zerbitzuetako soinu sintetikoak begitantzen zitzaizkion lasaigarriro. «Uhuhu-Ahaha», esan zuen isilik. Danbor haiek ritmo berberaz jotzen zuten.

         Honetan kantu hots izugarria entzun zuten: ehundaka gizon-ahots oihuketa bizian ari ziren, metalezko danbarrada latza ateratzen zutelarik. Gero, zorrozki eta txilio desafinduz, emakumeen erantzuna. Gero danborrak berriro; eta ondoren gizonen artasunaren afirmazio basatia.

         Arraroa, bai. Lekua arraroa, bai eta musika ere, eta ez gutiago janzkerak, kokaldeak, larruko gaitzak eta atso agureak. Baina espektakulua bera ez zen berez hain arraroa.

         — Kasta apaleko Elkarte kanta bat gogarazten daut —esan zuen Bernardek.

         Geroxeago, ordea, ez zion halako funtziorik gogaraziko, zeren, bat batean, munstro pila beldurgarria agertu baitzen soto biribil haietatik. Maskara izugarriz estaliak eta gizon itxura ere arras galtzeraino pintatuak, dantza estrainio bat dantzatzen hasi ziren plaza inguruan; jira eta jira, gero eta azkarrago; danborrek ritmoa aldatu eta bizkorrago ziharduten, sukarraren taupaketa belarrietan oroitarazten zutelarik. Eta jendea dantzariekin batera kantatzen hasi zen, gero eta gogorrago. Lehenbizi emakume batek irrintzi egin zuen, gero beste batek, eta beste batek... hilen balituzte bezala. Honetan dantzari burua atera zen korrutik eta plaza ertzean zegoen zurezko kutxarantz abiatu zen korrika. Jaso tapa eta suge beltz pare bat atera zuen bertatik. Jende guztiak garrasi galanta bota zuen, eta gainetiko dantzariak ere korrika zihoazen beragana, eskuak luzaturik.

         Gizonak lehenen heldu zirenei jaurtiki zizkien sugeak, eta kutxara itzuli zen gehiago hartzeko. Hamaika suge beltz eta nabar atera zuen, atera ala dantzariei aurpegira jaurtikiez. Gero berriro hasi zuten dantza, baina beste ritmo batez.

         Dantzariak jira eta bira ari ziren, sugeak eskuetan eta sugeka berak ere, belaunei eta gerriei ondulaziozko mugimendutxoa eraginez. Jira eta bira aspertzeke. Gero nagusiak seinale bat egin zuen, eta banan banan, suge guztiak plaza erdira jaurtiki zituzten. Agure bat atera zen lurpetik eta arto irina bota zien. Emakume bat agertu zen beste leihotik eta pitxar beltz bete ur bota zien. Gero agureak eskua iaso zuen eta ixiltasun osoa, beldurgarria egin zen. Danborrak mututu ziren. Bizitza eten hurran zela zirudien. Lurpeko mundura ematen zuten bi leihoak seinalatu zituen agureak. Eta geldiro geldiro, esku ikusgaitzek jasoak, han ageri ziren behetik gora, arrano pintatu bat leiho batetik eta gizon bat biluzik eta gurutzean josia bestetik. Igo ziren eta airean zintzilik zeudela ematen zuten, espektakuluari begira bezala. Agureak txalo bat jo zuen. Ia biluz biluzik —kotoizko toaila zuri mots bat bakarrik—, hamazortzi urte inguruko mutil bat jendartetik ateta eta denen aurrean zutik geratu zen, eskuak bular gainean gurutzatuak eta burua makur. Agureak gurutze seinalea egin zion eta erretiratu zen. Astiro astiro, mutila jiraka hasi zen, han bihurrika zetzan suge multzoaren inguruan. Lehenengo buelta bukatu eta bigarren erdian zihoala, gizon luze bat atera zen dantzarien artetik, eta beraganantz zetorkion, koiote maskara buruan eta larru trentzatuzko latigoa eskuan. Mutila ibiltzen zebilen, besterik inor zegoenik ere konturatuko ez balitz bezala. Gizon koioteak astindu zuen latigoa; espektazio une luzea egon zen; gero mugimendu bizkor bat, latigoak dzist airean eta zart haragian. Mutilari dardar jarri zitzaion gorputza. Baina ez zuen ahorik ireki ere eta bueltaka jarraiki zen, lehengo pausakera geldi eta neurtuan. Koiotea berriro ere joka hasi zitzaion. Zartada bakoitzak larri unea sortarazten zuen lehenengo jendartean eta hasperen sakona gero. Mutila bueltaka jarraiki zen, Bi buelta, hiru, lau. Odola zerion. Honetan Leninak aurpegia estali zuen eskuekin eta negarrari eman zion.

         — O!, aski da, aski da!— erregutu zuen.

         Baina latigoak zirti eta zarta ziharduen, urriki gabe. Zazpi buelta. Orduan, bat batean, albo alboka hasi zen mutila, eta aiene bat jaurtitzeke, muturrez aurrera jo zuen lurra. Agureak, gainera makurturik, bizkarrean ikutu zuen luma luze zuri batez; jaso zuen gorantz luma, odol gorriz bustia, herriak ikus zezan eta hiru aldiz astindu zuen sugeen gainean. Tantaren batzuk erori ziren eta danborrak tarrapataka hasi ziren berriro, nola karrera eroari emanak. Jendeak garrasi unanime bat jaurtiki zuen. Dantzariek aurrerantz saltatu, sugeak hartu eta ihes egin zuten plazatik. Gizon, emakume eta haur, denak haren atzetik korrika. Handik minutu batera plaza hutsik zegoen. Mutila bakarrik zetzan han, ahoz behera, eroritako lekuan bertan, geldi geldi. Hiru atso atera ziren etxe batetik, eta ostaz mostaz altxaturik, barrura eraman zuten. Arranoa eta gizon gurutzatua han jarraitu ziren goardia eginez plaza hutsaren aurrez aurre. Gero nahikoa ikusi balute bezala, leihoetan behera aldendu eta lurpeko munduak irentsi zituen bere golkoan.

         Lenina negarrez oraindik.

         — Ikaragarria! —zioen behin eta berriro, Bernarden kontsolamenduak alferreko zitzaizkiolarik— Ikaragarria! Odol hori! —Dardarka zegoen—. Eta gramo bat somarik ere ez!

         Barruko gelan pauso hotsa zen, Terrazara azaldu zitzaien gaztea indioz jantzirik zetorren, baina haren ile trentzatuak lasto kolorekoak ziren, begi urdinak zituen, azal zuria, nahiz eta eguzkiak brontzetua.

         — Hola. Egunon —esan zuen ezezagunak, ingeles onez, baina arean apartekoz—. Zuek zibilizatuak zarete, ez da? Beste Mundutik, Erreserbaz kanpotik zatozte, ez al da egia?

         — Baina zein deabruk...?— hasi zen harriturik Bernard. Gazteak hasperen egin eta buruari eragin zion.

         — Gizonik zorikabeena —esan zuen—. Eta plaza erdiko odoldurak seinalaturik, gaineratu zuen: ikusten al duzue odoldura madarikatu hori? [1]

         Eta emozioz dardarka zeukan ahotsa

         — Hobe gramo bat dioskada bat baino— esan zuen Leninak makina gisa, eskurik aurpegitik kentzeke—. Ai soma pixka bat banu!

         — Neuk behar nuen hor egon —jarraiki zen gaztea—. Zergatik ez dautate hilgai izaten utzi? Nik hamar buelta, hamabi, akaso hamabost emanen nituen. Palowhtiwak zazpi bakarrik eman ditu. Doble odol atera ahal izanen zeutaten. «Itsasotzarrak odoleztatu» [2]. —Eskuak zabal zabal egin zituen eta gero erortzen utzi etsipenez—. Baina ez dautate usten. Ez natzaie atsegin, neure larru honen koloreagatik [3]. Beti izan da honela. Beti.

         Gazteari negar malkoak azaldu zitzaizkion begietara eta lotsaturik, aurpegia bueltatu zuen. Harrituaren harrituz, Leninari ere ahaztu zitzaion soma kontua. Ikusi zuen aurpegi hura eta lehenengoz begiratu zion ezezagunari.

         — Ez al duzu esan nahiko desiratzen zeundela latigo hartaz azota zintzaten?

         Oraindik aurpegia bueltaturik, gazteak baietz esan zuen buruaz.

         — Herriaren onerako; euria egin dezan eta artoak haz daitezen. Eta Pukong-i eta Jesus-i atsegin nakien. Bai eta erakusteko ere kapaz naizela txistik egiteke oinazeari eusteko. Bai —eta ahoskera berria harturik, kolpera buelta eman zuen, bizkarrak tinko eta kokotsa gorantz urguiluz eta desafioz—, bai, gizon bat naizela erakusteko, edozer... O!

         Arnasa bukatu zitzaion eta mutu geratu zen ahoa zabalik. Bere bizitzan lehenengoz zekusan neskatxa bat, txokolate edo zakur larru koloreko matrailarik ez zuena; ordea, gaztaina koloreko ile kizkurra zuena, eta (nobedade harrigarria) arreta samurrezko aurpegikera zuena.

         Leninak irriparre egite zion: «Bai mutil liraina» —pentsatu zuen—. Gorputz ederrekoa benetan». Mutilari odol kolpea igo zitzaion aurpegira. Begiak jautsi eta berriro jaso zituen, Lenina irriparrez ikustearren bakarrik. Baina hura irriparrez ikusteak hain artegarazi zuen, non berriro aurpegia bueltatu eta plaza ertzeko zerbaiti begira zegoen planta egin behar izan baitzuen. Eskerrak Bernardek galdera batzuk egin eta estuasunetik atera zuena.

         Nor? Nola? Noiz? Nondik?

         Bernardi aurpegira adi adi (zeren kartsuki desiraturik Lenina irriparrez ikustea, ez baitzitzaion begiratzen ere ausartzen) mutila saiatu zen gauzak esplikatzeko. Linda eta biak —Linda bere ama zuen (hitz honek estuasun ederra eman zion Leninari), arrotzak ziren Erreserban, Linda Beste Mundutik etorria zen aspaldidanik, bera jaio aurretik, bere aita zuen gizon batekin. (Bernardek belarriak zorroztu zituen) Linda paseo bat ematera joan zen behin, bera bakarrik, Ifar mendietan zehar, eta amildegi batean behera erori eta burua zauritu zitzaion.

         — Segi, segi —esan zuen Bernardek, arras larritua.

         Malpaisko ihiztari batzuek aurkitu eta herrira ekarri zuten. Mutilaren aita zen gizona Lindak ez zuen gehiago inoiz ikusi. Tomakin zeritzan. (Bai, «Thomas» zen I.E.Z.ren bataio izena.) Berriro joan bide zen Beste Mundura, Linda gabe. Gizon zatarra, faltsua eta gaiztoa zen dudarik gabe.

         — Eta honelaxe jaio ninduzuen Malpaisen —bukatu zuen gazteak—. Malpaisen.

         Eta buruari eragin zion.

         Zer zikinkeria herri aldameneko etxeto hartan!

         Handik herrirako bitartea hautsez eta satsez josia zegoen. Etxe aurrean bi zakur goseti muturka zebiltzan nazkagarriro sats artean, Barrura sartu zirenean, ba zen hatsik eta euli hotsik erdi itzal hartan.

         —Linda!— hots egin zuen mutilak.

         Barrutik emakume ahots latzak erantzun zuen.

         — Ba noa!

         Zain egon ziren. Katilu batzuk ageri ziren lurrean bazkal hondakinez, edo bazkari batzuetako hondakinez beteak.

         Ireki zen atea. Gorputz galanteko india beilegi bat atetik irten eta arrotzei begira geratu zitzaien, sinesgogor eta aho zabal. Lenina desgustuz konturatu zen bi hortz falta zituela. Eta geratzen zitzaizkionen kolorea ere... Ikarak hartu zuen. Agurea bera ere baino okerrago. Eta hain gizena! Aurpegi guztia hanturaz eta zimurduraz betea. Eta matrail zimel haiek, gorriduraz beteak! Eta zain gorri haiek sudurrean! Eta begi odoldu haiek! Eta lepo hura...! lepo hura! Eta buruan zeraman manta zahar zikina! Eta atorra latz ilun haren azpian, bulartzar haiek, sabeltzar hura, kaderak...! O!, lehengo agurea baino askoz okerrago, mila bider okerrago! Eta honetan, emakume hura hitzontzi bihurturik, korrika abiatu zen Leninarenganantz eta (Ford, Ford! nazkagarria zen hura. Beste edonoiz izan balitz, mareaturik zegoen ia)... eta bere sabelaren kontrara, bere bularraren kontrara estutuez, mosuka hasi zitzaion. Ford!, mosuka adurra zeriola.

         Bekoz beko zegoen berarekin. Haren begitarte handitua negarrez ari zen.

         — O, enetxo! Hitz jarioa negar zotinetan itotzen zitzaion. Bazeneki zer zoriontsu nauzun! Hainbeste urtez gero! Aurpegi zibilizatu bat! Bai, eta soineko zibilizatuak! Benetako azetato sedazko soinekorik ez nuela gehiago inoiz ikusiko uste nuen. Leninaren brusa manga ikutu zuen. Hatzazal beltzak zituen—. Eta lika panazko galtza labur dotore hoik! Aizu! Oraindik kutxa batean gorderik dauzkat ene soineko zaharrak, honera etortzean ekarri nituenak. Gero erakutsiko dauzkizut. Azetatoa, halaere, guztiz zulaturik dago. Baina kartutxontzi zuri polit bat badut oraindik. Zure larru berdezko hori, hala ere, askoz politagoa da. Baina alfer alferrik izan zitzaitan kartutxontzia! —Eta negarrari eman zion berriro—. Kontatuko al zeutzuen Johnek guztia. Gorriak ikusi nituen! Eta gramotxo bat somarik ere gabe! Meskal zurrut bat bakarrik Popek zekarkidanean! Nire lehenagoko mutil lagun bat duzue Pope. Baina meskalak erresaka latza uzten du eta peyotl-ek marearazten. Eta okerrago zena, biharamunean lotsa lotsa sentitzen nintzen. Eta egon ere arras lotsaturik nengoen! Pentsa ezazu memento batez: Nork eta nik, Beta nintzen honek, zer eta seme bat izan. Jar zaitez ene lekuan. (Pentsatze hutsak ere dardar eragiten zion Leninari.) Eta zinez diotsut, ez zela ene erru. Oraindik ez dakit nola gerta zitekeen hura, ariketa malthustar den denak egiten bainituen; ba dakizu nola, aldizka: bat bi, hiru, lau. Zinez diotsut baina kontua da gertatu zela; eta, jakina, hemen AbortoZentrorik bat ere ez zegoen. Parentesi artean hau. Oraindik irauten du Chelsea-koak? —galdetu zuen.

         Leninak buruaz baiezkoa egin zuen

         — Astearte ostiraleetan oraino erreflektoreez argitzen segitzen al da?

         Leninak berriro ere baietz.

         — Bai zoragarria kristal arrosazko dorre hura!

         Linda gaixoak, begiak itxita, arpegia altxatu zuen eta, extasian bezala, bere oroimenaren irudi argitsua ikusi zuen.

         — Eta ibaia, gauean... —esan zuen isilik.

         Malko lodiak zerizkion betazal itxien artetik.

         — Eta Stoke Poges-era bueltako bidajea, abioiz, gauez... Eta gero bainu beroa eta masaje mekanikoa... Hemen, ordea...

         Ahokada haundi bat aire hartu, buruari eragin, begiak berriro ireki, mokoei bi aldiz gorantz tiratu, gero hatzekin zintz egin eta atorrarekin sikatu.

         — O, barka! —Leninari nazka eman ziola ikusirik—. Ez nuen egin behar, Barka. Baina zer egin dezakezu, painelurik ez denean? Gogoan dut nola zeharo endredatzen ninduten zikinkeria guzti hauek, asepsia falta honek. Hona ekarri nindutenean, zauri izugarri bat nuen buruan. Ez dezakezu asma ere zer ifini zeutaten bertan. Zikinkeriak, zikinkeria hutsak. «Zibilizazioa esterilizazio da» esaten nien nik. Eta «zoazte ene estreptokoko hegaldunaz Banbury T-ra, bainutegi eta komun ederrik ikustera», haurrak baziren bezala. Baina, jakina, ez zeutaten konprenitzen. Alfer alferrik. Eta azkenerako, ohituez joan nintzela uste dut. Gainera, zer higiene eduki dezakezu ur berozko instalaziorik ez den lekuan? Begira arropa hoik. Animalien ilea ez da azetatoa bezalakoa. Betirakoa duzu. Apurtzen baldin bada, adobatu egin behar duzu. Baina ni Beta naiz. Ernalmenduko Salan egiten nuen lan. Inork ez zeutan inoiz honelako gauzarik irakatsi. Ez zen nire egitekoa. Gainera txartzat jotzen zuten. Arroparik apurtzean, jaurtiki egin behar ziren eta berriak erosi. «Zenbat eta adoba gehiago, hainbat eta diru gutiago.» Ez al da egia? Adobak antisozialak ziren. Baina hemen guztiz bestera da, Zoro artean bizitzea lakoxea da. Egiten duten guztia erokeria hutsa da.

         Lindak ingurura begiratu zuen. Johnek eta Bernardek bakarrik utzi zituztela eta paseatzen ari zirela ikusi zuen kanpoko hauts eta sats artean. Hala ere, konfidentzia gisa, jautsi zuen ahotsa, eta hain hurreratu zituen ezpainak Leninaren belarrira, non haren arnasak —enbrioientzat pozoi— neskatxarren matraileko bixartxoak astindu baitzituen.

         — Esaterako —marmartu zuen—, hemengo jendearen elkarkera. Erokeria, sinets iezadazu, erokeria hutsa. Mundu guztia mundu guztiarena da, ez al da? Ez al da egia? —ekin zion, Leninari mangatik tiratuez. Leninak burua apartaturik, baietz esan zuen; ordurarte eutsiez zeukan airea jaurtiki eta usain gaiztoetarik libre xamar zegoen beste ahokada bat hartu zuen—. Hona, bada —jarraiki zen Linda—, hemen jakintzat ematen dautzute bakar batena izan behar duela batek. Eta beste gizonen batzuekiko traturik baldin baduzu, txartzat eta antisozialtzat hartzen zaituzte. Gorroto eta arbuio hartzen dautzute. Behin emakume talde bat etorri eta egundoko eskandalua armatu zuten beren gizonak ni ikustera zetozelako. Beno, eta zergatik ez? Eta eman alak eman zeuzkidaten... Ikaragarria izan zen. Ez, ez diezakezut konta. —Lindak aurpegia eskuekin estali zuen eta dardarka jarri zen—. Higuingarriak dira hemengo emakumeak. Eroak, eroak eta krudelak. Eta, jakina, tutik ez dakite ariketa malthustarrez, ez fraskoez, ez dekantamenduaz, ez ezertaz. Haugatik umeak eta umeak egiten ditizute... zakur emeek bezala. Nazkagarriak dira. Eta pentsatzea ere nik... O, Ford, Ford, Ford! Eta, hala eta guztiz ere, kontsolamendu itzela izan zen niretzat John. Ez dakit zer eginen nuen bera gabe. Nahiz eta senetik aterea jartzen zen, gizonen bat... nigana... Eta txiki txikitarik hori. Behin, ia hazitxo zela, Waihusiwa gaixoa garbitu nahi izan zuen, edo ez dakit ondo Pope zen ere; eta dena noiz edo noiz ni ikustera etortzen zirelako. Ez nuen inoiz lortu pertsona zibilizatuek beti honelaxe jokatu behar dutela konpreniarazterik. Zorotasuna itsaskorra da, nik uste. Nola nahi ere, ba dirudi Johnek indioengandik hartu duela hori, bizi ere beren artean bizi baita gehienaz. Nahiz eta oso gaizki tratatzen zutela beti eta ez ziotela uzten beste mutilek egiten zutena egiterik. Eta hori suertea zen nolabait, zeren honela errazago baitzitzaitan mutila pixka bat egokitzea. Nekez asma zenezake zer zaila den hemen inor egokitzea. Hainbeste gauza dago egon ere batek ez dakienik! Egia esan, ez zuen jakiteko motiborik ere. Nahi dut esan, haur batek galdetzen dautzunean helikopteroak nola funtzionatzen duen edo mundua nork egin duen... zer erantzun dezakezu Beta baldin bazara eta Ernalmenduko Salan lan egin baduzu beti? Zer erantzun dezakezu?

 

[1] Out, damned spot! (Macbeth, V, 1)

[2] The multitudinous seas incarnadine (Macbeth, II, 2)

[3] Mislike me not for my complexion (Veneziako merkataria, II, 1)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971