Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamabigarren kapitulua

 

         Bernard oihuka zegokion, atea itxita baitzeukan; Basatiak, ordea, ez ziola ireki nahi.

         — Denak berton diaudek, baina, hire zain!

         — Daudela! —erantzun zuen ahots motelez ate ostetik.

         — Baina ba dakik ondo ere, Johnn —(zer zaila inor konbentzitzea oihuka hitz egin behar denean!)— neuk inbitatu ditudala, heu ezagutzearren inbitatu ere.

         — Lehenengo neuri galdetu behar zeneutan ea ba al nuen haiek ezagutzeko gogorik.

         — Orain arte beti etorri haiz, bada, John.

         —  Horixegatik ez daukat berriro joateko gogorik.

         — Egik neuri poz ematearren behintzat —erregutu zuen Bernardek.

         — Ez.

         — Benetan al diok?

         — Bai.

         Bernardek, ia etsita, berriro ekin zion:

         — Baina, zer egin behar dut orain nik?

         — Hoa ifernura! —hots egin zuen amorrazioz gela barrutik.

         — Baina gaur gauez Canterbury-ko Artxitxantrea etorri baita!

         Bernardek guti behar zuen negarrez hasteko.

         — Ai yaa takwa! —Basatiak zuñieraz bakarrik adieraz zezakeen egoki Canterbury-ko Artxitxantreaz pentsatzen zuena—. Hàni! —gaineratu zuen, hobeto pentsatuez bezala; eta gero burlazko basakeriaz bukatu zuen: Sons éso tse-nà. Eta ttu egin zuen lurrean, Popék berak egin zukeen bezala.

         Azkenez Bernardek alde egin behar izan zuen, buru makur eta nahigabez, bere gelara. Basatia gau hartan ez zela etorriko abisatu behar han zain zegoen jendeari. Notizi hura haserre bizitan hartu zuten. Gizonak sutan zeuden fama txarreko eta eritzi heretikoko tipo ziztrin hura kortesiaz tratatzera beharturik aurkitu zirelako. Zenbat eta gradu goragokoak ziren hainbat eta begizko haundiagoa zioten.

         — Honelako sapokeria egin niri! —zioen behin eta berriro Artxitxantreak—. Nori eta neuri! Emakumeak, berriz, sumindurik zeuden nork eta gizontxa mengel hark engainatu zituelako, nork eta fraskoan norbaitek deskuidoz alkohola bota zion gizontxa hark, Gamma-Gutiagoen gorpuzkeradun gizontxa hark. Laidogarri benetan, eta hala zioten denek gero eta gogorrago.

         Lenina zen ezer esan ez zuen bakarra. Zurbilik, bere begi urdinak inoiz ez bezalako malenkoniaz lausoturik, jesarrita zegoen bazter batean, inguruan zirenetarik inork sentitzen ez zuen emozioak aislatua.

         Bozkario larrizko sentimendu estrainioz beterik joan zen jaialdira. «Minutu guti barru —zioen bere baitan gelara sartzean— ikusiko dut, mintzatuko natzaio, esanen diot (erabaki sendoa baitzeukan) gustatzen zaitala, mundu guztiko inor baino gehiago gustatzen zaitala. Eta berak orduan esanen du behar bada...»

         Zer ote lioke Basatiak? Leninari odolez beratu zitzaizkion matrailak.

         «Zergatik portatu ote zen hain modu estrainioz lehengo gauez? Bai arraro egon zela! Eta, hala ere, txit segur nago gustatzen natzaiola. Segur nago...»

         Memento hartan berri izugarria eman zuen Bernardek: Basatia ez zela jaialdira azalduko.

         Leninak bat batera sentitu zituen Grina Bortitz Artifizialaren tratamendua hastean nabaitzen diren sensazio guztiak: hustasun izugarria, larderia larria nazka eta higuina. Bihotzak pot egin behar ziola sentitzen zuen.

         — Gogorra da izan ere —ziotsan Eton-go Maistra Nagusiak Erretegiko eta Fosforo Hornitegiko zuzendariari—. Pentsatzea bakarrik ere noraino naizen...

         — Bai —zioen Fanny Crowneren ahotsak—, alkohol kontu hori egia biribila da. Ba dazagut bat garai hartan Enbrioi Almazenean lan egiten zuen beste bat zezaguena. Honek neure lagunari esan zion eta nire lagunak neuri esan zeutan...

         — Penagarria, bai, penagarria benetan —zioen Henry Fosterrek Artxitxantreaz kupiturik—. Jakingarri izanen zaitzu behar bada gure exzuzendariak ia Islandiara bota zuela.

         Bere muturretan esaten ari zirenen zastadak zulaturik, Bernarden autokonfiantzazko globo puztua lertuez zihoan mila zauritik. Zurbilik, leherturik, apaldurik eta lur jorik, Bernard hara eta hona zebilen bere inbitatuen artean, ganora gabeko atxakiak murduskatuez, hurrengoan Basatia ba zela etorriko aginduez, jesartzeko inbitatuez eta hartzeko karotinazko bokadilo bana, Bitamina A atal bina edo Chanpagne artifizial kopa bina. Inbitatuek jan eta edan bapo, baina inork ez zion kasurik ere egiten. Gogor hartzen zuten edo beren artean gaizki esaka zebiltzan Bernardez, alto eta gordinki, bera bertan ez balego bezala.

         — Eta orain, ene adiskideok —esan zuen Canterbury-ko Artxitxantreak bere ahots eder eta ozenez, Forden Eguneko ospakizunak zuzentzean ohi zuen ahotsez—, orain, ene adiskideok, uste dut ba dela ordua...

         Zutitu, kopa utzi, afari eder hartako hondar mondarrak lika gorrizko txalekotik astindu eta aterantz abiatu zen. Bernard aurrean jarri zitzaion, gerarazi nahiez.

         — Benetan ere joan beharrean al zara, Artxitxantre jauna? Oraindik oso goiz baituzu. Nik espero nuen...

         Bai horixe! Zenbat gauza espero izan zuen, Leninak izkutuan esan zionetik Artxitxantreak onartuko zuela inbitazioa, bidaltzen baldin bazion! «Xit sinpatikoa duzu». Eta T formako girtendun urrezko kremailera erakutsi zion Bernardi, Artxitxantreak Leninari erregalatua, Diozesiko Kantorian elkarrekin pasa zuten asteburuaren oroigarritzat. «Canterburyko Artxitxantrea eta Mr. Basati etorriko dira». Bernardek bere inbitazio guztietan iragarri zuen garaitza hau. Baina Basatiak gau hura, gau huraxe hartan ere, hautatu behar bere gelan sartzeko eta «Hàni» deihdarka ekiteko, bai eta (eskerrak Bernardek ez zekiela zuñieraz) «Sons éso tse-nà» ere. Bernarden karrera guztiko gailur une izateko zena, horra bere apalaldirik haundien bihurtua

         — Ba nuen, ba, nik gogoa... —ekin zion Bernardek totel motelka, erregu eta samin airez begiraturik jaun haundi hari.

         — Ene adiskide gazte —esan zuen Artxitxantreak laztasun gogorrez eta solemnez; denak ixil ixilik geratu ziren—. Beranduegi izan aurretik, kontseilu on bat. —Ahotsa hilobitar bihurtu zitzaion—. Zentza hadi, ene adiskide gazte, zentza hadi.—T seinalea egin zion buruan eta buelta emanik:

         — Lenina enetxo —esan zuen beste tonu batez zatoz enekin.

         Guztiz esanekoa, baina irribarrerik gabe, eta (guztiz hotz ematen zitzaion ohorearekiko) bat ere entusiasmo gaberik, Lenina salatik irten zen haren atzetik. Beste gonbitatuak, errespetozko bitarte baten ondoren, haiei jarraiki zitzaien. Azkenak atea kolpez itxi zuen. Bernard bakarrik gelditu zen. Zeharo zulatuta, osorik despuzturik, sila batetan erori zen, eta arpegia eskuez tapatuaz, negarrez hasi zen. Minuto batzuk geroago erreakzionatu zen baina, eta soma pastila batzuk hartu zituen.

         Goian, bere gelan, Basatia Romeo eta Julieta irakurtzen ari zen.

         Lenina eta Artxitxantrea Kantoriako azotean jautsi ziren.

         — Zabiltza azkar, ene lagun gazte... nahi dut esan, ene Lenina —hots egin zion Artxitxantreak, egon ezinez, aszentsoreko atetik.

         Leninak, ilargiari begira geratu baitzen pixka batean, jautsi zituen begiak eta korrika pasa zuen azotea bereganantz.

         «Biologiako Teoria Berria». Hauxe zen Mustafa Mondek irakurri berri zuen estudioaren titulua. Jesarrita jarraitu zen apur batean pentsakor eta bekosko zimur. Hartu zuen gero luma eta hauxe idatzi zuen atarian: «Autoreak xedetasunaren kontzeptuaz egiten duen tratakera matematikoa berria eta txit zuhurra da, baina heretikoa eta, beraz, oraingo ordenu sozialari buruz, arriskutsu eta subersio bide.

         «Debekatua argitaratzea». Azken hitz hauek subraiatu egin zituen. «Autoreari kargu hartu beharra dago. Behar bada, Santa Helenako Itsas Estazio Biologikora eraman beharra gertatuko da». «Lastima galanta —pentsatu zuen firmatzean—. Lan bikaina zen. Baina behin esplikazio finalistak ematen hasiez gero... batek ba zekien noraino hel zitekeen. Honelako ideiak dira goiko kastetan hain gogorki moldaturik ez dauden buruak erraxkienik desegoki ditzaketenak, hauei Ondasun Nagusia zoriona delako fedea galdu eraginaz eta beronen lekuan, helburua presenteko giza esfera honetatik kanpoko beste edozein tokitan dagoela sinetsaraziaz; hots, bizitzaren zeregina ez dela erosotasunaren mantenatzea, kontzientziaren berrindartze eta lantze bat, jakitearen gehitze bat, baizik. Eta, behar bada —pentsatzen zuen berekiko Administrariak—, behar bada, egia da. Baina zirkunstantzia hauetan onar ezinezkoa dugu». Luma bat hartu zuen berriro eta Debekatua argitaratzea hitzen azpian marra berri bat egin zuen, are lehengoa baino lodiagoa; hasperen bat egin zuen: «Bai ederra litzatekeela bizitza zorionaren kargu hartu behar ez balitz!».

         Begiak itxirik eta aurpegia extasiturik, John hutsari errezitatzen ari zen goxo goxo:

                            Berak dirakaskie zuziei dirdaitsu argi egiten!

                            Zintzilik dirudi gauaren matrailean,

                            nola bitxi garesti bat etiopearen belarrian.

                            Bikainegia, noski, usatua izan dadin

                            Ederregia lurrerako. [1]

         Urrezko T zintzilik zegoen dizdiz Leninaren bularrean. Artxitxantreak, josta nahiez, oratu eta kontuz kontuz tiratu zion. Ixilaldi luzea hurraturik, Leninak esan zuen:

         — Hobe zaitala uste dut pare bat gramo soma hartzea.

         Ordurako Bernard lo gogorrean zen, bere ametsetako parabisu partikularrari irriparreka. Irriparreka, irriparreka. Baina hogei eta hamar segundorik segundo, ohe buruko erloju elektrikoaren orratza aurrera zihoan urriki gabe: klik, klik, klik, klik. Eta iritsi zen biharamuna, eta Bernard bueltan zetorren berriro aldiko eta aldeko mixeria artera. Egokitegirantz lanera zihoala taxiz, oso umore txarra zeraman. Garaitzaren zorabioak erreka jo zion. Berriro ere ber bera zen, lehengo lehengoa. Eta azken asteetako baloi puztuaren kontrastez, bere aintzinako «neu» inguruko atmosfera baino askoz astunago zitzaion.

         Basatia, batere uste gabe, txit adikor eta bihozbera agertu zitzaion Bernard hertu hari.

         — Malpaisen ezagutu nuen Bernarden antz gehiago duzu orain —esan zuen, Bernardek aire minkulinez bere frakasoaren berri eman zionean—. Gogoratzen al zara lehengoz hitz egin genuen hartaz? Etxeto hartatik kanpoan. Orduantxe bezalakoa zara orain.

         — Dohakabe naizelako berrito; horra zergatik.

         — Tira, nahiago nuke nik dobakabe izan hemen duzuen zorion faltsu marro horretaz gozatu baino.

         — Kaixo, bapo diagok hori! —esan zuen Bernardek saminez—. Eta heu den denaren errudun! Nire jaialdira etorri nahi ez izatearren, denak kontra jarri zitziaizkidaan.

         Bernardek ba zekien absurdoa eta bidegabea zela esaten ari zena. Bere golkorako, bai eta kanporako ere, aisa onartzen zuen Basatiak zioenaren egia, alegia, zer guti balio duten halako huskeriaz hain etsai zorrotz bihur zitezkeen lagunek. Hala ere, zer guzti hau jakinik eta aitorturik ere, bere lagunaren kontsolamendua eta laguntza zitzaiolarik ere oraingo euskarri bakar, Bernardek ba zerabilan barruan, benetako damuaz batera, Basatiaren kontrako azerikeria izkuturik, eta eten gabe ari zen haren kontrako bengantzatxoak hariltzen. Artxitxantrearen kontra ezer asmatzea alferrik zen; eta alferrekoago oraindik Enbasatzaile Nagusiaren edo Buruzagi Laguntzailearen kontra. Biktima bezala, Bernardentzat ba zuen Basatiak beste inork ez lako alde on haundi bat: zaurigarria zela, atzemangarria zela. Hauxe da izan ere gure lagunen eginkizunik aurrenetariko bat, alegia, gure etsaiei ezarri nahi eta ezin dizkiegun zigorrak sufri ditzatela (era leunagoz eta sinbolikoz).

         Helmholtz zen Bernarden beste lagun-biktima. Bere gallur haroan bost axola zion honen adiskidantzak. Orain, ordea, hondaturik, berriro joan zitzaion adiskidantza eske. Eta Helmholtzek eman; eta gainera, eman zion keixu bat ere gabe, aipurik egiteke, bien artean inoiz haserrerik egon zenik ere ahaztua balu bezala. Hunkiturik, Bernard humiliaturik sentitzen zen halako bihotz zabaltasunaz, berau are haundiagoa, eta beraz humiliagarriagoa, somari gabe, osotoro Helmholtzen izaerari zor zitzaiona izaki. Eguneroko bizitzako Helmholtz bera zen ahazten eta barkatzen zuena eta ez soma gramo erdiak ematen dituen oporretako Helmholtz. Bernard behar bezain esker oneko agertu zen (adiskide bat berriz topatzea kontsolamendu haundia zen) eta batera behar bezain sumindurik (atsegin handia litzateke Helmholtzez, beronen bihotz zabaltasunagatik, bengatzea).

         Adiskidetu eta gero, lehenengoz elkar ikusi zutenean, Bernardek bere zoritxarraren historia guztia kontatu zion, eta haren kontsolamenduak hartu zituen. Geroztik egun gutira, ez-ustez eta bai lotsaz ere, jakin zuen ez zela bera estu eta larri zegoen bakarra. Helmholtzek ere eduki zituen bere nahasteak Agintariekin.

         — Bertso batzuengatik izan zuan —azaldu zuen Helmholtzek—. Emozio Injinerutza Goikoan neure betiko kursoa ematen ari ninduan hirugarren urteko ikasleei. Hamabi ikasgai. Zazpigarrenak bertsoez tratatzen zian, «Propaganda Moraleko bertso rimatuen usadioaz» garbi esateko.

         Beti ohitu diat nire klaseak zenbait exenplo teknikoz argitzea. Oraingoan idatz berri nuen zerbait ematea exenplotzat bururatu zitziaidaan. Zentzugabekeria garbia, noski. Baina ezin izan niean tentazioari eutsi. —Parreari eman zion—. Jakingura ninduan zer erreakzio sortarazten zuen. Gainera —ekin zion astunago— propaganda pixka bat egin nahi nian, Bertso haiek idaztean neuk sentitu nuen ber bera sentiarazi nahi niean. Ford! —Parre egin zuen berriro ere—. Han harmatu zuan harmatzekoa! Nagusiak deitu eta amenazu galantak jaurtiki zieuzkidaan, berehalaxe kanpora botako ninduela, eta abar. Fitxaturik niagok.

         — Baina, zer zioten, bada, hire bertsoek?— galdetu zuen Bernardek.

         — Bakardadeari buruz zituan.— Bernardek bekainak jaso zituen.

         — Nahi baldin baduk, errezitatuko dauzkiat.

         Eta honela hasi zen Helmholtz:

                            Atzoko komitea

                            makila hotsean

                            danborra jotea

                            gauerdia City-n

                            turutak hutsean

                            Ezpainak itxirik

                            aurpegiak lo,

                            makina guztiak geldirik

                            jende bilguak muturik.

                            Horra ixiltasun guztiak pozez

                            negarrez (altu edo baju)

                            hizketan, nik al dakit noren ahotsez.

                            Susanaren eta Egeriaren beso eta bular,

                            ezpain eta ipurdi: hauen ausentziak

                            presentzia bihurtzen.

                            Zein presentzia ordea? galdezka nago.

                            Zer esentzia absurdo eta huts baizik ez denek

                            betetzen daut gaueko hutsa,

                            izorratzen dudan ohaide tristeak baino askozaz gehiago?

         — Beno —jarraiki zen Helmholtz— bertso hauek exenplotzat jarri nizkiean, eta haiek nagusiari salatu ninderaukoaten.

         — Ez nauk bat ere harritzen —esan zuen Bernardek— irakatsi hipnopediko guztien kontra baitoaz. Pentsa ezak gutienez berrehun eta berrogei eta hamar mila abisu hartu dituztela bakardadearen kontra.

         — Ba diakiat. Baina zer efektu sortarazten zuen nahi nian jakin.

         — Horra, bada, jakitun hago orain.

         Bernardek pentsatu zuen Helmholtz bere buruhauste eta guzti ere, oso zoriontsu zela.

         Helmholtz eta Basatia adiskide mami egin ziren berehala. Hain mami, non Bernard zeloz erretzen baitzegoen. Hainbeste astetan Bernardek Basatiarekin lortu ezin izan zuen adiskidantza, horra Helmholtzek berehalaxe lortu zuela. Haiei begiratuez, haiek hizketan entzunez, behin baino sarriago damutu zitzaion bi haiek elkar ezagutaraztea. Lotsa zen bere zeloez eta ahalak egiten eta soma hartzen zuen zeloetarik libratzeko. Baina alferreko ahaleginak; gainera somazko bakazioek ere, nahi eta ezko tarteak dituzte. Eta sentimendu higuingarri hura maiz eta maiz bururatzen zitzaion.

         Basatiak eta Helmholtzek hirugarrenez elkar ikustean, honek bakardadeari buruzko bere bertsoak errezitatu zizkion.

         — Zer deritzak?— galdetu zion gero.

         Basatiak buruari eragin zion.

         — Adi ezazu hau— esan zion erantzun ordez. Eta bere liburu horzkatua giltzez gorderik zeukan kajoia irekirik, hartu eta irakurtzen hasi zen:

                            Ahots ozeneko txori

                            Arabiako zuhaitz bakartian kantari

                            Hura bedi

                            mezulari triste eta turutari. [2]

         Helmholtzek gero eta larriago aditzen zuen. «Arabiako zuhaitz bakartia» entzutean ikaratu egin zen. Gero «hi, mezulari zalapartatsu hori» entzutean, irriparre egin zuen bat bateko atseginez. Gero «Hego tiranikodun txoriak oro» bertsoan matrailak odoldu zitzaizkion. Baina «hileta musika» harena entzutean zurbil eta dardar jarri zen, ordurarte inoiz senti ez zuen emozioz.

         Basatia irakurtzen jarraitu zen:

                            Jabetasuna ikaratu egin zen

                            lehengo nitasuna ez zela lehengo bera ikustean

                            Bi izen natura bakar batentzat,

                            ez bi ez bat dei zitezkeenak .

                            Arrazoimenak, bere baitan erraturik,

                            banakuntza bat egiten zela zekusan. [3]

         — Uhuhu-Ahaha! —oihukatu zuen Bernardek, parre algara zaratatsuz eta garratzez irakurketa etenaraziz—. Elkartasun Zerbitzuko eresi bat dela ematen dik hain zuzen

         Honelaxe bengatzen zen bere bi lagunez, berari baino elkarri estimazio gehiago ziotelako.

         Hurrengo bi edo hiru bileretan ere bere bengantzaxka hura erabili zuen sarritan. Hura oso erraza zen eta, biek, bai Helmholtzek eta bai Basatiak, beren poesiazko kristal maitatua hausten eta lohitzen ikustean, asko sufritzen zutelarik, oso bengantza egokia zen. Azkenez, Helmholtzek, berriz etenaraziko bazuen, ipurdian ostikada bat emanda, bertatik jaurtikiko zukeela esan zion.

         Baina harrigarri badirudi ere, hurrengo etena, denetatik okerrena, Helmholtzek beraz eginarazi zuen.

         Basatiak Romeo eta Julieta irakurtzen ziharduen ozenki, lehiaz eta dardaraz (zeren bere burua baitzekusan Romeorengan eta Lenina Julietarengan). Helmholtzek adi eta harri entzun zuen bi maitaleek lehenengoz elkarrekin topo egin zuten pasadizua... Baratzeko pasadizuak liluraturik utzi zuen bere poesiaz; baina han azalduriko sentimenduak irriparre eginarazi zioten. Parragarri zeritzan benetan neskatxa bat desiratze hutsagatik hala jarri beharrari. Hala ere, dena jorik, Emozio Injinerutzako pieza bikaina, alajaina!

         — Idazle zahar horren ondoan —esan zuen gure propaganda teknikorik onenak asto bedeinkatuak zirudiate.

         Basatiak irriparre egin zuen garaile airez eta berriro ekin zion irakurketari... Bapo zihoan dena, baina hara hirugarren agerraldiko azken eskenan, Capuleto senar emazteek Paris-ekin ezkonarazi nahi zutela Julieta. Helmholtz urduri ageri zen eskena osoan zehar. Baina, Basatiak aire patetikoz interpretaturik, Julietak hots egin zuenean:

                            Ez al da urrikirik lainoen gainean

                            iker dezanik ene saminen barrena?

                            Oi, ene ama goxo, ez, otoi, ni gaitzets.

                            Luza, otoi, ezkontza hau, hilabetez, astebetez,

                            edo, nahi baduzu, jar ene ezkon ohea

                            Tibaldo datzan hilobi tristean... [4]

         Julietak hau esan zuenean, Helmholtzek egundoko parre karkara jaurtiki zuen.

         Aita bat eta ama bat (hau lizunkeria zakarra! ) berak nahi ez zuenarekin ezkonarazten alaba! Eta zergatik neskatxa tuntun hark ez zien esan beste batekin baturik zegoela, ordukoz behintzat maiteago zuena? Absurdoaren lizunez eta lizunaren absurdoz egoera komiko hartan ez zegoen parreari eusterik. Helmholtzek hamalau ahaleginez ere, oztaz euts ziezakeon gorantz zetorkion parre uholari, Baina «ama goxo» hura (Basatiak esturaz eta dardaraz esana) eta Tibaldo hilaren aipatzea (hila, bai, baina erraustu gabe, jakina, eta bere fosforoa hilobi triste batean alferrik galduez) gehiegi ziren noski. Hura parre egitea, matrailak malkotan beratzeraino. Parre eta parre egin zuen eten gabe. Basatia, bitartean, zurbilik eta suminik, liburuaren gainetik begira zegokion. Baina hango parreek ez zutela azkenik ikustean, liburua haserrez itxi, zutitu eta zerrien muturretik bitxi bat apartatzen bezalako jestuz, bere kajoian zarratu zuen giltzez.

         — Hala eta guztiz ere —esan zuen Helmholtzek, atxakiak jartzen hasteko haina arnasa hartu eta Basatiari bere esplikazioak entzunaraztea lortu zuenean—, ba diakiat ondotxo ere honelakoxe egoera parragarriak eta eroak behar dituela batek. Ez diagok egon ere, beste ezertaz ondo idazterik. Zergatik ote zen idazle zahar hura hain propaganda tekniko bikaina? Anitz eta anitz gauza ero eta nabarmen zuelako ernarazteko. Jota edo endredatuta egon behar dik batek. Bestela ez diagok frase egiaz onik eta X izpiak bezain sarkorrik asmatzerik. Baina... Aita-amen zer hori! —Buruari eragin zion—. Ez al duk esperoko aita amez aritzean serio jarriko naizenik? Nori arraio axola zaio bost, mutil batek bai duen edo ez duen neskatxa bat lortuko?

         Basatiak putin egin zuen, haina Helmholtz ez zen konturatu, lurrera begira baitzegoen pentsakor.

         — Ez —bukatu zuen— ez diautak balio. Beste erokeria edo gogorkeria klase bat behar diagu Zer, ordea? Zein? Non aurki dezaket? —Memento batez ixilik egon zen eta gero, buruari eraginka, esan zuen azkenez—: Ez diakiat, ez diakiat.

 

[1] O, she doth teach the torches to burn bright!

     It seems she hangs upon the cheek of night

     Like a rich jewel in an Ethiope's ear;

     Beauty too rich for use, for earth too dear! (Romeo eta Julieta, I, 5)

[2] Let the bird toudest lay

     On the sole Arabian tree,

     Herald sad and trumpet be... (Fenixa eta Usapala)

[3] Property was thus appall'd,

     That the self was not the same;

     Single nature's double name

     Neither two nor one was call'd. Reason, in itself confounded,

     Saw division grow together; (Fenixa eta Usapala)

[4] Is there no pity sitting in the clouds,

     That sees into the bottom of my grief?

     O, sweet my mother, cast me not away!

     Delay this marriage for a month, a week;

     Or, if you do not, make the bridal bed

     In that dim monument where Tybalt lies. (Romeo eta Julieta, III, 5)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971