Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Seigarren kapitulua

 

 

—1—

 

         «Arraroa, arraroa, arraroa»: horra Leninak Bernard Marxez zuen eritzia. Hain arraroa, non hurrengo asteetan behin baino sarriago pentsatu baitzuen ea ez ote litzaiokeen hobe Mexiko Berriko bakazio kontua utzi eta Polo Ifarrera joatea Benito Hoover-ekin. Okerrena zen, ordea, Leninak ia ezagun zuela Polo Ifarra. George Edzel-ekin egona zen bertan aurreko udan, eta are txarrago oraindik, oso triste topatu zuen, Zer eginik batere ez eta aintzinako hotel zahar bat: ez telebistarik logelatan, ez lurrin organorik; musika sintetiko nazkagarri pixka bat eta hogei eta bost pista mugikor bakarrik berrehun lagunentzat. Ez, inola ere ez, ez zuen gehiago Polo Ifarrak harrapatuko. Gainera Amerikan behin bakarrik egona zen. Eta kondizio oso txarretan. Aste burutxo bat bakarrik New Yorken eta plan merkean bera. Jean-Jacques Habibullah-ekin ala Bokanowsky Jones-ekin joan al zen? Ez zen gogoratzen. Nolanahi ere, ez zuen honek batere inportantziarik. Sortalderantz hegatzeko plan hura, eta aste oso baterako, txit tentagarri zitzaion. Gainera hiru egun gutienez eginen zituen Basatien Erreserba batean. Zentro guztian dozena erdi pertsona bakarrik ziren Basatien Erreserba baten barruan izanak. Psikologo Alfa-Gehiago zelako, Bernard zen berak ezagun zituen gizon gutietarik bat, harako baimena erdiets zezakeena. Leninarentzat aukera bakarra zen hura. Baina Bernarden arrarokeria ere hain zelako bakarra, dudan zegoen neskatxa probetxatuko zuenetz; eta Benito begikoarekin Polo Ifarrera joatea ere bururatu zitzaion inoiz, Benito normala zen behintzat. Bernard, ordea...

         «Alkohola jarri zioten odol artifizialean.» Esplikazio hauxe ematen zien Fannyk haren nabarmenkeria guztiei. Henryk, ordea —zeinekin Leninak, gau batez, biak ohean zeutzala, eztabaida beroak erabili baitzituen bere maite berriari buruz—, Henry-k rinozeronte batekin konparatu zuen Bernard gaixoa.

         — Rinozeronte bat hezitzerik ez dago —bere estilo labur eta gogorrez—. Ba dituzu gizonak rinozeronteak lakotsuak; ez diote egokimenduari behar bezala erantzuten. Deabru urrikarriak! Bernard duzu horietako bat. Eskerrak bere profesioa ondo dakiena. Bestela oraingo jaurtikia zuen kalera zuzendariak. Hala ere —gaineratu zuen, Lenina kontsolatu nahiez—, batere txarrik gabea dela uste dut.

         Batere txarrik gabea. Bai, ba liteke. Baina bai txit kontuzkoa ere. Alde batetik, dena pribatuan egiteko mania zuen. Eta hori, praktikan, ezertxo ere ez egitea zen. Zeren, egin al zitekeen ezer pribatuan? (Oheratzeaz aparte, jakina; baina denbora guztia ohean ematerik ez dago) Hori! Zer arraio egin zitekeen? Ezer guti, Lehenengoz batera atera ziren arratsaldean eguraldi ederra egiten zuen. Torquay Basa Klubean bainu bat hartzea proposatu zuen Leninak, eta gero Oxford Batzokian afaltzea. Baina han jende gehiegi zegoela esan zuen Bernardek. Eta Golf Elektromagnetikora partidu bat Saint Andtews-en? Berriro ere ezetz. Golf Elektromagnetikoa denbora galtzea zela uste zuen Bernardek.

         — Zertarako dugu, orduan, denbora? —galdetu zuen Leninak harriturik.

         Lakuen ingutuan paseatzeko-edo, antza; hauxe baitzen Bernardek proposatu zuena. Skiddaw-ko gailurrean lurrartu eta larrerik larre paseatu ordu pare batean.

         — Zeurekin bakarrik, Lenina.

         — Baina, Bernard, gau osoan egonen baikara biok bakarrik.

         — Bernard gorri gorri jarri zen eta begiak apartatu zizkion.

         — Bakarrean hitz egiteko, esan nahi dut —esan zuen ahapeka.

         — Hitz egin? Zertaz, baina?

         Ibili eta hitz egin! Arratsalde bat pasatzeko modu xelebrea, alajaina!

         Azkenerako konbentzitu zuen Leninak, oso gogoaz kontra noski; eta Amsterdam-era hegatu ziren, pisu astunetako Burruka Xapelketa Femeninoko azken laurak ikustera.

         — Jendez josia egonen da —marmartu zuen Bernardek—. Beti bezala.

         Bekosko ilunez eman zuen arratsalde guztia. Ez zuen hitz egiterik ere nahi izan Leninaren lagunekin (atseden tarteetan dozenaka zeudenak soma izotzaren barrean). Eta bere umore txar eta guzti ere, ez zegoen hari harrarazterik Leninak behin eta berriro eskaintzen zion marrubi izotzezko gramo erdia.

         — Nahiago dut neu nerau izatea —esan zuen Bernardek—. Neu nerau eta dohakabe, eta ez beste nornahi eta alai.

         — Gramo bat garaiz hartuak berriro pozarazten du— esan zuen Leninak, bere jakinduri hipnopedikoa erakutsirik. Bernardek larritasunez apartatu zuen eskaintzen zion kopa.

         — Tira, ez zaitez zeure onetik atera —esan zuen Leninak—. Gogora zaitez zentimetro kubiko bakar batek hamar tristura sendatzen dauzkizula

         Ixi behingoz, Forden amodioarren! —hots egin zuen Bernardek.

         Bizkarrak jaso zituen Leninak.

         — Hobe duzu beti ere gramo bat, dioskada bat baino—, bukatu zuen dignidadez. Eta bere izotza hartu zuen.

         Bueltan, kanalaren parean zetozela, helize bultzaria gelarazi eta itsaso gainean zintzilik egotea pentsatu zuen Bernardek, olatuetatik hogei eta hamar bat metrora. Eguraldia zakartua zegoen. Hego haizea atera zuen eta zerua lainotsu ageri zen.

         — Begira —agindu zion Bernardek.

         — Beldurgarri deritzat —esan zuen Leninak leihoskatik apartaturik. Ikara sartu zioten gaueko hutsune iheskor hark eta oinpean zuten itsasoko olatutzar beltz apartsuek eta ilargiaren aurpegi zurbil, zimel, tristeak, laino artetik iheska—. Jar dezagun irratia berehala.

         Leninak luzatu zuen eskua, eman zion aparatuaren tableruko botoiari eta zetorrena zetorrela konektatu zuen

         — ...zure baitan zerua urdin —abesten zuten Hamasei ahots dardartik—, beti eguraldi atsegin... Gero zotin bat, eta ixilik. Bernardek indarra ebaki zuen.

         — Itsasoa bakez ikusi nahi dinat —esan zuen—. Zarata zakar honekin ez diagon begira egoterik ere.

         — Baina polita baita! Nik ez dut begiratzerik nahi.

         — Nik bai, ordea! —ekin zion Bernardek— Sentiarazten daut halako zer bat, zera...—dudan zegoen, hitz egokiak aurkitu nahiz—. Halako nerauago naizela, konprenitzen? Neu nerauago, bai, eta ez beste zer baten zati, Ez gorputz sozialeko zelula bat bakarrik. Zuk ez al duzu holakorik sentitzen, Lenina?

         Baina Lenina negarrez zegoen.

         — Ikaragarria, ikaragarria —zioen behin eta berriro—. Nola mintza zaitezke horrela? Nola esan dezakezu ez duzula nahi gorputz sozialeko zati izaterik? Nolanahi ere, mundu guztia ari da mundu guztiarentzat. Ez dezakezu inortxo ere bazter. Epsilonak berak ere...

         — Bai, ba diakinat —esan zuen Bernardek burlaz— «Epsilonak berak ere baliozko zaizkigu». Eta neu ere bai. Hobe ezbanintz!

         Lenina eskandalizaturik geratu zen biraotzar haiezaz.

         — Bernard —protestatu zuen minez eta harriduraz—. Nola dezakezu horrelakorik esan?

         — Nola dezakedan? —berresan zuen pentsakor Bernardek beste aire batez—. Ez, egiazko kakoa beste zer honetan dago; «Ea zergatik ez dezakedan esan?» Edo, are hobeki —zeren jakin ondo baitakit—, zer sentituko nukeen libre izan ahal banu, libre banitz, neure egokimenduaren esklabo ez banengo?

         — Baina, Bernard, zuk esaten dituzu esatekoak.

         — Zuk ez al duzu, bada, libre izaterik nahi, Lenina?

         — Ez dakit zer diozun. Ni libre naiz. Libre neuk nahi haina dibertitzeko. Gaur mundu guztia da zoriontsu.

         Bernardek parre egin zuen.

         — Jakina, «gaur mundu guztia da zoriontsu». Horixe da bost urteko haurrei esaten dieguna. Baina ez al litzaikezu gustatuko, zera... beste nolabait zoriontsu izateko askatasuna edukitzerik? Zeure gisa, esate baterako; ez beste guztien gisa.

         — Ez dut konprenitzen zer diostazun —esan zuen berriro Leninak. Gero, Bernardengana bihurturik, erregutu zion: O, goazen hemendik, Bernard! Ez zait zer guzti hau batere gustatzen.

         — Ez al zaitzu, beraz, nirekin egoterik gustatzen?

         — Jakina, baietz. Baina toki hau beldurgarria da.

         — Nik uste nuen hemen... elkarrekiago egonen ginela, itsasoa eta ilargia bakarrik genituela lagun. Jendartean eta neure gelan bertan ere baino elkarrekiago. Ez al duzu konprenitzen?

         — Ez dut tutik konprenitzen —esan zuen Leninak ausarki, bere konpreri ezinari gogor eutsi nahiz—. Tutik ere ez. —Eta beste aire batez jarraiki zen: Eta gutiago konprenitzen dut zergatik ez duzun soma hartzen ideia modu hoik bururatzen zaizkizunean. Eta zorikabe sentitu beharrean, zoriontsu zinateke. Txit zoriontsu—esan zuen berriro.

         Eta begietan larritasun nahasia ageri zitzaiolarik ere, irribarre egin zion, era batera maltzur eta haragikoi agertu nahiez.

         Bernardek ixilik, astunki begiratu zion, inbitazio inplizito hari erantzun gabe. Segundo gutira Leninak apartatu zituen begiak, irritxo larri bat egin zuen, nahi zuen zerbait esateko aurkitu, baina ez zuen aurkitu. Ixilunea luzatu zen.

         Azkenez, noizbait, Bernardek hitz egin zuen ahots ahulez eta nekatuz.

         — Konforme —esan zuen—; goazen.

         Eta azeleradorea bortxaz zapaldurik, tximistan jaurtiki zuen aparatua, gora eta gora, eta mila eta berrehun metroko altura iristean, helize bultzaria martxan jarri zuen. Ixilik hegatu ziren bat edo bi minutuan. Gero, bat batean, parreari eman zion Bernardek. Era estrainioz, Leninaren ustez, Baina, zena zela ere, ezin uka parre karkara galanta jaurtiki zuela.

         — Hobeto al zaude?— ausartu zen galdetzera.

         Erantzun ordez, Bernardek erretiratu zuen eskua mandoetarik, eta beso batez inguratzen zuela, bularrak igortzitzen hasi zitzaion.

         «Fordi eskerrak —esan zuen Leninak berekiko— seneratu da.»

         Geroztik ordu erdira, Bernarden gelan zeuden bueltan. Honek lau soma garau irentsi zituen kolpera, irratia eta telebista martxan jarri zituen, eta biluzitzen hasi zen.

         — Beno —esan zuen Leninak aproposko pikardiaz biharamun arratsaldean, berriro azotean elkar aurkitzean—, Dibertitu al zinen atzo?

         Bernardek baietz buruaz. Igo ziren abioira. Iharrosalditxo bat, eta gora.

         — Oso pneumatikoa naizela diote denek— esan zuen Leninak pentsakor, izterretan kolpeño batzuk emanez.

         — Oso eta oso, bai.

         Baina Bernarden begiek minbera ematen zuten. «Haragi puska bat bezala» —pentsatzen zuen.

         Leninak urdurituxe begiratu zion.

         — Baina ez nauzu «potoloegitxo» aurkituko, ez da?

         Bernardek ezetz buruaz. «Haragi puska bat bezal-bezalaxe».

         — Puntuan aurkitzen al nauzu?

         Beste baiezko mutu bat Bernardek.

         — Zer guztietan?

         — Bai, egin egina zaude —esan zuen Bernardek ozenki. Eta bere golkorako: «Horra zer eritzi duen bere buruaz. Bost axola ziaiok haragi puska bat izatea.»

         Leninak irribarre egin zuen garaile. Baina haren pozak ez zuen askorik iraunen.

         — Hala ere —jarraiki zen Bernard, ixilune labur baten ondoren—, nahiago nukeen beste modu batera bukatu izan balitz guztia.

         — Beste modu batera? Buka al zitekeen beste modu batera?

         — Nik ez nuen nahi ohean buka genezan —argitu zuen Bernardek.

         Lenina harriturik geratu zen.

         — Nahi dut esan, ez hain kolpera, ez lehenengo egunean.

         — Baina, orduan, ¿zer...?

         Bernard tontakeriak barra barra jaurtikitzen hasi zen, zein baino zein konprenigaitzagoak eta arriskutsuagoak. Leninak ahal guztiak egin zituen bere gogameneko beharriak ixten. Baina ezin ebita noizik noizera zer bat edo beste entzuterik: «...noren bere grinei eusteak zer ondorio dakarren frogatzeko», —entzun zion esaten.

         Ba zirudien hitz hauek bere gogameneko erresorteren bat jo ziotela.

         — «Ez utzi biharko gaur eduki dezakezun dibersiorik» —esan zuen Leninak astunki.

         — Berrehun berresaldi, astean bi bider, hamalau urtetik hamasei eta erdira —esan zuen soilki Bernardek. Eta aurrera zerraion bere berriketa eroari.

         — Grina zer den jakin nahi dut —entzun zuen Leninak haren ezpainetarik—. Zerbait bortxaz sentitu nahi dut.

         — «Indibiduoa minbera, Elkartea gainbehera.»

         — Beno; eta zergatik ez da pixka bat gainbeheratuko?

         — Bernard!

         Bernardek ez zuen lotsa haundirik erakusten.

         — Adultoak intelektualki eta lanorduetan, —jarraiki zen— eta haur hutsak sentimentuei eta desirei dagokienez.

         — Gure Fordek maite zituen haurrak.

         Bernard, ez-entzun eginik, jarraiki zen:

         — Lehengo egunean, kolpe kolpean, buruak eman zeutan posible dela adulto izatea mementu guztietan.

         — Konprenitzen dut.

         Leninak ahoskera firmea zuen.

         — Ba dakit, bai. Eta horixegatik oheratu ginen elkarrekin atzo, haurrak bezala, adultoak bezala jokatu eta itxadon beharrean.

         — Baina dibertitua izan zen —ekin zion Leninak— Ez al da egia?

         — O!, jakina, oso dibertitua!— erantzun zuen Bernardek. Baina haren mintzoera hain zen minbera, hain zen garratza, Leninak kolpera sentitu zuen bere garaitza guztiak pikutara zihoazela. Behar bada, besteak beste, gizenegi topatzen zuen Bernardek.

         — Esana neunan nik —erantzun zion soilki Fannyk, honen berri jakitean—. Odol artifizialean jarri zioten alkohola dun hori.

         — Hala ere —ekin zion Leninak—, gustatzen ziaidan. Esku bitxiak ditin. Eta bai dotore mugitzen dituela bizkarrak. —Haspeherapen egin zuen—. Baina nahiago niken hain arraroa ez balitz.

 

 

—2—

 

         Bernard zuzendariaren despatxuko ate aurrean geratu zen pixka batez; arnasa hartu zuen eta koadratu zen, barruan aurkituko zituen bekosko eta gaitzespenei aurpegia emateko prestatuez, Gero hots egin zuen eta sartu zen.

         — Baimen baterako zeure firma eskatzera natorkizu, zuendari jauna,— esan zuen ahalik eta naturalen.

         Eta mahai gainean utzi zuen papela. Zuzendariak begirada garratza jaurtiki zion. Baina dokumentu buruan Inspektore Mundialaren Ofizinako seilua ageri zen, eta azpian Mustafa Monden firma giharra eta lodia. Beraz, dena zegoen zuzen. Zuzendariak ez zeukan ukatzerik. Idatzi zituen bere inizialak —bi letra triste Mustafa Monden firma azpian—, eta gehiagoko gabe, bihurtzera zihoan papela Bernardi. Honetan, kasualidadez, haren begiek baimeneko textuan idatzita zetorren zerbait erreparatu zuten.

         — Mexiko Berriko Erreserba batera hoala? —esan zuen. Haren ahoskerak eta haren Bernardi begirakerak garbi erakusten zuten harri eta larri geratu zela.

         Bere zuzendariaren harriduraz harriturik, Bernardek baietz esan zuen. Ixilaldi bat gero.

         Zuzendaria jesarri zen patxadan bere aulkian, kopeta zimurturik.

         — Zenbat urte ote da? —esan zion areago bere buruari, Bernardi baino—. Hogei urte, nonbait. Ia hogei eta bost. Heure edadea guti gora behera. —Arnasa hartu eta buruari eragin zion

         Bernard gibelak jaten zegoen. Zuzendaria zen gizon konbentzionalaz, zen korrektuaren korrektuaz, nola eror zitekeen halako inkongruentzian! Arpegia estali eta korrika ihes egiteko gogoak eman zion. Ez ezer txarrik aurkitzen ziolako jendeak aintzinako kontuez hitz egiteari; zeren hainbeste aurreritzi hipnepedikoetarik bat baitzen hori, berak (bese ustez, bederen) ia zeharo kendua zeukana. Beste zerak erretzen zizkion gibelak, alegia, zuzendariak gaitzetsi egiten zuela; eta halaere, gaitzesten eta guzti ere, debekaturik zegoena egiteraino iritsi zela. Zer barne indarrek eragin ote zion? Zegoen desgogara egonik ere, Bernard adi adi zegokion.

         — Heuk bezalakoxe ideia eduki nian —esan zuen zuzendariak—. Basatiak ikusi nahi nitian. Mexiko Berrirako baimena lortu eta hara joan ninduan udako bakazioak pasatzera, garai harta nerabilan neskatxarekin. Beta-Gutiago bat zen, eta uste diat —begiak itxi zituen mementu batean— uste diat beilegia zela. Nola nahi ere, pneumatikoa zuan behintzat, oso pneumatikoa; honetaz ondo gogoratzen nauk. Beno, joan gintuan hara, basatiak ikusi genitian, zaldi gainean ibili gintuan, etabar, etabar. Eta gero, ia azkenengo egunean... gero... beno, neskatxa galdu egin zitzaidaan. Mendi nazkagarri haietako batera joan gintuan zaldiz. Bero izugarria eta itogarria egiten zian. Bazkal ondoren siestara joan gintuan. Nik behintzat lo egin nian. Itzartzean, ordea, neskatxarik ez han. Memento hartan ekaitz haundi bat atera zian gure gainean, bizitza guztian ezagutu dudanik gogorrena. Hura zuan euriaren euria, hura trumoi hotsa, hura oinaztuketa! Zaldiek soltatu eta ihesari eman zioaten lauroinka. Harrapatu nahi nituela, erori ninduan eta belauna zauritu, ia ibiltzerik ere ez nian. Hala ere neskatxaren bila hasi ninduan, deihadarka eta deihadarka deituez. Arrastorik ere ez. Gero pentsatu nian ostatura joko zuela. Abiatu ninduan, beraz, haranean zehar arrastaka, ekarri genuen bidea eramanez. Belaunak min itzela ematen zieutaan eta soma errazioak galduak nitian. Orduetan ibili beharra izan nian. Gau erdirarte ez ninduan ostaturaino iritsi. Eta neskatxa ez ziegoan han; ez ziegoan —berresan zuen zuzendariak. Ixilaldia gero—. Hala gauzak —jarraiki zen azkenez— biharamunean bilaketa antolatu genian. Baina ez genian aurkitu. Amildegiren batetik behera erori bide zuan, edo akaso mendietako lehoiren batek irentsia. Fordek diakik. Ikaragarria izan zuan hura. Jota geratu ninduan. Behar baino gehiago, aitortzen diat. Zeren, okerrenean ere, akzidente hura edozeini gerta baitzekikeon. Eta, inolaz ere, gorputz sozialak berdin zirauk, bere zelulak aldatu arren. —Baina kontsolamendu hipnopediko hura ez zen efikazegia.

         Eta zuzendaria isilik geratu zen bere oroitzetan.

         — Kolpe izugarria izan behar zuretzat nahi eta ez, —esan zion Bernardek ia inbidiaz.

         Bernarden ahotsa entzutean, ikara sartu zitzaion zuzendariari, errudun sentitu eta non zegoen konturatu zen. Begirada bat jaurtiki zion Bernardi, eta begiak apartaturik, gorri gorri jarri zen kolpera; bat bateko deskonfiantzaz begiratu zion berriro ere, bere dintasunean zauritua.

         — Baina ez pentsa —esan zuen— inolako lizunkeriarik erabili genuenik neskatxa hark eta biok. Bihozkadarik bat ere ez, zer luzeegirik bat ere ez. Dena izan zuan guztiz sanoa eta normala.—Baimena luzatu zion Bernardi—. Ez diakiat zergatik asperrarazi hautan huskeria hauekin.—Bere bururaz amorraturik sekretu hain lotsagarria agertu ziolako, Bernardengan deskargatu zuen bere amorrazio guztia. Oraingoan begikera zitala zuen oso—. Aukera hau probetxatuez, Mr. Marx, —jariaiki zen—, esan beharra dauat ez nagoela batere konforme hire ordu libreetako portaeraz datozkidan informeekin. Hori ez dela nire kontua esanen dautak behar bada. Baina ba duk. Zentro honetako izen onaz kargutu beharra diat. Nire langileek ez diate susmabiderik txikienik ere eman behar, batez ere kasta goikoek. Alfak egokiturik dauden modura, ez diaudek derrigorrez derrigortuak beren emozioetan haurren gisa jokatzea. Are behartuago diaudek, beraz, aparteko ahaleginak egitera hartaratzeko. Haien egitekoa haur izatea duk, noren bere joeren kontra bada ere. Haugatik, Mr. Marx, jakinean ifinten haut. —Zuzendaria zorrotz eta inpertsonal jarri zen. Ahotsak dardar egiten zion haserrearen haserrez; horra haurren normak hautsi zituelako gaitzespen espresiorik argiena—. Hire portaeraz kexurik gehiago hel badakit aurrerantzean, Subzentro batera eraman hazatela eskatuko diat. Islandiara ahal hada. Egunon.

         «Honekin bapo ikasiko dik», esan zion bere buruari. Baina oker zegoen. Zeren Bernard oilartuago atera baitzen despatxutik, atea danba itxirik, poz eztitan bakar bakarrik aurkitzen zela pentsatuez, gauzen ordenuaren kontrako burruka heroikoari emana; bere sentidu eta inportantzia indibidualaren kontzientzia mozkorgarriz animatua. Zigor amenanazuak ere ez zuen kikiltzen; aitzitik, akuilu zitzaion hori. Ba zuela sentitzen zuen zigorrari eusteko eta jasateko indarrik aski, bai eta Islandiari aurrea emateko ere, Konfiantza are haundiagoa zuen oraindik, zeren, egiaz, txit sinetsia baitzegoen, ez zela halako ezeri aurrea eman beharrik izanen. Inor ez dute halako gauzengatik trasladatzen. Islandia amenazu hutsa zen. Pasiluan barrena zihoala, ezin eutsi Bernardek kanta bat txistukatzeko gogoari.

         Gauez, Watsonekiko entrebistan, zuzendariarekin izandako berriketaldiaren kontakerak heroe trazak zituen

         — Eta ezkenean —bukatu zuen— Amai gabeko Lehenera joan zedila esan eta hanka egin nioan despatxutik. Horra hor guztia.

         Espektazioz begiratu zion Helmholtz Watsoni, honen onespen edo txundioaren zain, Baina Helmholtzek ez zuen hitzik atera, eta jesarrita zegoen begiak lurrera zituela.

         Maite zuen Bernard; asko estimatzen zion bera izatea inportantetzat zituen gauzez mintza zekikeon ezagun bakarra. Hala ere, ba zuen Bernardek alderdi okerrik. Esaterako, panparreria hura. Eta bestetik autourriki aldi haiek aldizka. Eta ohitura negargarri hura gertatuak gertatuez gero ausart agertzeko eta animuz beterik... inor bistan ez denean. Higuingarri zitzaizkion guzti hauek, Bernard maite zuelako hain zuzen ere. Segundoak ba zihoazen. Helmholtzek lurrera begira zirauen. Eta honetan, kolpe kolpera, Bernard lotsa lotsa egin zen eta alde egin zion begirada.

 

 

—3—

 

         Bidajean ez zuten gora behera txikienik izan. Pazifikoko Kohete Urdina bi minuto eta erdi lehenago iritsi zen Orleans Berrira. Lau minuto galarazi zizkion haize zirimol batek Texas-en; baina 95 gradu luze Sartaldera iristean, haizea alde harrapatu zuten eta Santa Fe-n lurrartu zuen, izendatu ordua baino berrogei segundo beranduago.

         — Berrogei segundo sei ordu eta erdiko hegaldian. Ez dago gaizki —aitortu zuen Leninak.

         Gau hura Santa Fe-n pasa zuten. Hotela ezin hobea zen, mila bider hobea, esaterako, Egunsenti Ifarreko palazio nardagarri hura baino, zeinetan Leninak hainbeste sufritu baitzuen aurreko udan. Gela guztiek zeukaten aire likido, telebista, irrati, bibraziozko masaje, kafeina-ur irakin eta zortzi lurrin klase diferente. Atarian sartu zirenean, Musika sintetikoko aparatua jo eta ke ari zen eta bapo jo ere.

         Aszentsoreko idaztxartelak informatzen zuenez, hotelak hirurogei pelotaleku mugikor zituen eta parkean Oztopo Golfera eta Elektromagnetikora joka zitekeen. Itzela da benetan hau! —hots egin zuen Leninak—. Ia berton geratzeko gogoak ematen daut. Hirurogei pelota leku! ...

         — Erreserban batto ere ez duzu izanen bada, —oharrarazi zuen Bernardek—. Ez lurrinik, ez telebistarik, ez eta ur berorik ere. Ezinen diozula eutsi uste ba duzu, zaude berton ni itzuli arte.

         Lenina haserretu egin zen.

         — Jakina euts diezakeodala. Hau itzela dela esan dut nik, zeren... beno, zeren aurrerapena itzela baita. Ez al da egia?

         — Bostehun berresaldi astean behin, hamairu urtetik hamaseira— esan zuen asperturik Bernardek, bere buruarentzat bezala.

         — Zer diozu?

         — Aurrerapena itzela dela diot. Haugatik ez duzu nirekin Erreserabara etorri behar, bene benetan nahi ez baduzu behintzat.

         — Nahi dut, bada.

         — Konforme orduan— esan zuen Bernardek ia amenazuka.

         Baimenerako Erreserbazainaren firma behar zuten, eta despatxura joan zitzaizkion biharamun goizean. Atezain beltz Epsilon-Gutiago batek pasa zuen Bernarden tarjeta, eta berak ere ia berehalaxe pasarazi zituen.

         Erreserbazaina Alfa-Gutiagoa zen, beilegi, buru borobil, zaparrote, koloretsu, aurpegi potolo eta bizkar zabala. Ahots gogorra eta zorrotza zuen, zientzia hipnopedikoa enuntziatzeko aproposkoa. Hamaika kontu alferreko eta inork eskatu gabeko kontseilu ematen zekien hitzontzia. Behin hasiez gero, ez zuen azkenik, bere trumoi ahots burrunbariz.

         — ...bostehun eta hirurogei mila kilometro koadratu, lau Suberreserbaren artean, bakoitza tentsio altuko kable hesi batez inguratua.

         Hartan, inolako arrazoirik gabe, kolpera gogoratu zitzaion Bernardi bere bainu-gelako Kolonia-ur grifoa zabalik utzi zuela, Londresen...

         — ...Kanoi Nagusiko Hidroelektrikatik zetorren indarrez elikatua...

         «Ez ziaidak dirutza makala kosta behar hara itzul nadinean». Irudimenez ba zekusan Bernardek nola bere lurrin kontagailua jiraka eta jiraka ari zen aspertzeke. «Berehalaxe telefonatu behar zioat Helmholtz Watsoni».

         — ...bost milatik gora kilometro hesi, hirurogei mila voltiora.

         — Bai zera— esan zuen Leninak kortesiaz. Ez zuen tutik ere konprenitzen Erreserbazainak zioenik, baina haren atseden teatrala probextu zuen zerbait esateko.

         Erreserbazainak bere hitz jarioari eman zionean, Leninak gramo erdi soma hartu zuen disimuloz; eta hari eskerrak lasai jesarria zegoen, Erreserbazainaren aurpegira so eta so, ia extasizko arretaz, baina ezer ere entzun eta pentsatu gabe.

         — Hesiari ikutzea eta ber-bertan hiltzea bat dira —zioen Erreserbazainak haundiro—. Ez dago inola ere Basatien Erreserbatik ihes egiterik.

         «Ihes» hitz hura sugestiboa zen.

         — Eta bertara bagindoaz, zer? jaurtiki zuen zutitzekoa eginaz.

         Kontagailuaren eskutxoak jira eta jira ziharduen intsektu gisa, denbora zurrupatuez, bere diruak zurrupatuez.

         — Ez dago ihes egiterik —berresan zuen Erreserbazainak, berriro jesarteko adierazirik. Eta baimena oraindik firmatzeko baitzegoen, Bernardek ez zuen obeditzea beste erremediorik—. Erreserban jaioak... zeren pentsa, ene andereño maite —gaineratu zuen Leninari lotsagabeki begiratuez eta marmario lizunez— pentsa Erreserban haurrak jaio egiten direla oraindik, jaio, bai, jaio, diotsuedan bezalaxe, nahiz eta guri higuina eman honek.

         Itsuskeria hau aipatzean, Leninaren koloreak gorrituko zitzaizkiola uste zuen; baina honek, somaren indarrez, irribarre egin ezuen zuhurki, esanaz:

         — Bai zera!

         Desengainaturik, Erreserbazainak berriro ekin zion bere berriketari.

         — Erreserban jaioak, diot, bertan hiltzera destinaturik daude.

         Hiltzera destinaturik... Dezilitro bat Kolonia-ur minutuko. Sei litro orduko.

         — Behar bada —mintzo zen berriro Bernard—behar bada hobe litzaikegu...

         Aurrerantz makurturik, Erreserbazaina mahaia tarrapataka hasi zen eri luzeaz

         — Erreserban zenbat jende bizi den galde badiezadazue, ez dakigula esanen dautzuet. Guti gora hehera bakarrik dakigu.

         — Bai zera!

         — Benetan diotsut, ene andereño maite.

         Sei hogei eta lauko... ez; sei hogei eta hamaseiko ia.

         Bernard zurbil eta dardar zegoen egon ezinez. Baina hizmizti hura ari eta ari etengabe.

         — ...Hirurogei milaren bat indio eta mestizo ...basati basatiak... Gure Inspektoreek noizik noizera bisitatzen dituzte... Horrez aparte inolako harremanik ere ez mundu zibilizatuarekin... beren ohitura eta usadio nazkagarrietan diraute oraindik... ezkontza —jakinen al duzue zer den hori... familiak, inolako egokimendurik ez... aztikeria higuingarriak... kristautasuna, totemismoak, arbasoen adoratzea... hizkuntza hilak, hala zuñiera, espainiera eta atabaskera... pumak, urdelatzak eta beste anitz ihizi... eritasun itsaskorrak... apaizak... musker pozointsuak.,.

         — Bai zera!

         Aldegin zioten halakoren batean. Bernard telefonora abiatu zen korrika. Agudo, agudo; baina hiru minutu kosta zitzaion Helmholtz Watson topatzea.

         — Ordu honetan Basatien artean egon behar genuke —esan zuen erostaz—. Hau duk ganora modua!

         — Har ezazu gramo bat— gogarazi zion Leninak.

          Bernardek ezetz. Nahiago zuen bere amorrazioa. Eta azkenez, Fordi eskerrak, lortu zuen; han zegoen, bai, Helmholtz. Azaldu zion zer gertatzen zen, eta Helmholtzek berehalaxe joanen eta grifoa itxiko zuela agindu zion. Berehalaxe, bai; baina era batera aukera huraxe probetxatu zuen, I.E.Z.ak bezpera gauez publikoan esan zuena jakinarazteko.

         — Zer? Nire ordezko baten bila dabilala?— Bernard estu eta larri zegoen. Egina dagoela, beraz? Islandiarik aipatu al zuen? Bai? Ene Ford! Islandia! Esegi zuen aurikularra eta Leninarengana itzuli zen. Aurpegikera txit zurbila zuen eta jota zegoen.

         — Zer gertatzen zaitzu?— galdetu zion neskatxak— Zer gertatzen? —Bernardek bere gorputza bertan behera utzi zuen sila batean—. Islandiara bidaliko nautela.

         Lehenago maiz galdetzen zion bere buruari, somarik ez beste inolako barneerrekursorik gabe, zer ondorio ekar ote ziezakeon prozedura haundiren, zigorren edo pertsekuzioren bat jasan beharrak; eta sufrimendua desiratzeraino iritsi zen. Ez zen oraindik astebete, zuzendariaren despatxuan, bere burua ikusten zuela sufrimenduari ausarki eusten, areago, estoiko gisa onartzen inolako kexurik gabe. Egia esateko, zuzendariaren amenazuek bero bero jarri zuten, haundi eta inportante sentiarazi zuten. Baina —orain konturatzen zen ondo—, inoiz benetan hartu ez zituelako zen hori. Inoiz ere ez zuen sinetsiko egiazko orduan, I.E.Z.ak erabakirik hartuko zuenik. Baina orain, agi zenez, amenazu haiek kunplitu eginen ziren. Bernard ikaraturik zegoen. Bere ametsezko estoizismoak eta bere teoria hutsezko ausardiak erreka jo zuten.

         Bere buruaren kontra zegoen haserre —bai lerdoa izana zela! —zuzendariaren kontra— bai bidegabekeria egin ziola beste okasio bat ez ematean!; noski, okasio horri ongi jakinen zukeen lotzen—. Eta nora eta Islandiara, Islandiara...

         Leninak buruari eragin zion.

         «Utz bertan behera izana eta izatekoa —aipatu zuen—. Har ezazu gramo bat eta denari bakarrik begira.»

         Azkenerako konbentzitu zuen lau soma garau hartzeko. Bost minutugarrenera, abolituak ziren sustrai eta fruitu; oraineko lorea bakarrik zegoen zabalik, mardulik. Atezainaren errekadu bat hartu zuten nola, Erreserbazainaren aginduei jarriki, Erreserbako jagole bat abioian etorri zen eta azotean zain zegokien. Gammen uniforme berdedun batek agurtu zituen eta goizeko programa jakinarazi zien. Zortzi hamar herririk printzipalenei begiratu arin bat, eta gero Malpais-ko haranean lurrartu eta gosaldu. Ostaletxea egokia zen, eta basatiek beren udako jaialdia ospatuko zuten seguro asko herrian. Gaua pasatzeko lekurik aproposena.

         Hartu zituzten abioiko jesarlekuak eta gora. Hamar minutu geroago, zibilizaziotik basati-aldera bitarteko mugaren parean zihoazen. Mendietan gora eta behera, gatzezko eta harezko deserturik desertu, oihanetan eta kainoien leza ubeletan barrena, amildegi, tontor eta lautadatan zehar, hesi hura aurrera eta aurrera zihoan zuzenetara; giza gogo garailearen irudi geometrikoa. Eta hesi barrenean, han hemenka, hezur zurizko mosaikoak edo oraindik usteltzeko haragitzar ilunak lur beltzaren gainean. Hantxe ikusi zuen azkena zenbait oreinek eta zezenek, zenbait pumak, urdelatzek eta koiotek. Sai haundi jatun bat baino gehiago, haragitzarren usainera, gehiegi hurreratu nonbait kable hondagarri haietara eta halako juztizia poetiko batek jo eta garbi utzi zituen.

         — Ez dira inoiz eskarmentatzen —esan zuen uniforme berdedun pilotuak, beren azpian, lur gainean zeuden eskeleto haiek seinalaturik—. Eskarmentatu ko ere ez, gaineratu zuen parreka, animalia elektrokutatu bakoitzetik halako tantu bat balu bezala. Bernardek ere parre egin zuen. Bi soma gramoei eskerrak, zerbaitegatik parragarri iruditu zitzaion txistea. Parre eginez gero, ia berealaxe, loak hartu zuen. Eta lotan pasa zituen Taos et Tesuco; Namba, Picorres eta Pojoaque, Sia eta Cochiti, Laguna, Acoma eta Mesa Encantada, Cibola eta Ojo Caliente. Itzarri zenerako, Lenina maletak eramaten ari zen etxeto koadratu batera, eta mestizo Gamma berdea indio gazte batekin hizketan zegoen, erdara ulertezin batez.

         — Malpais -iragarri zuen pilotuak, Bernard jautsi zenean—. Horra ostatua. Eta arratsaldean dantza egonen da herrian. Gizon honexek lagunduko zaitue —itxura zakarreko indio gaztea seinalaturik—Dibertituko zaretelakoan nago —irribarre egin zuen—. Egiten duten guztia da xelebrea.—Hitz hauek esanik, igo zen berriro aparatura eta motorrak martxan jarri zituen— Bihar itzuliko natzaitzue. Eta gogoan ukan —gaineratu zuen, lasarazi nahiez, Leninari begiraturik—, gogoan ukan mantsoak direla basatiek ez dautsue inolako txarrik eginen. Ondoegi dakite gazezko bonben berri, txantxetan ibiltzerik ez dutela sinesteko.

         Parreka oraindik, helikopteroko helizea martxan jarri, azeleratu eta joan zen.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971