Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Bigarren kapitulua

 

         Mr. Foster Dekantamenduko Salan geratu zen. I.E.Z.a eta bere ikasleak aszentsorerik hurbilena hartu eta bosgarren pisura igo ziren.

         HAURTEGIA. NEO-PAULOV EGOKIMENDUKO SALA, zioen sarrerako txartel batek.

         Zuzendariak ate bat ireki zuen. Egongu haundi huts batean sartu ziren. Txit distiratsu eta eguzkitsu zegoen dena, hegoaldeko horma kristalezkoa baitzen alderik alde. Dozena erdi inude zebilen bertan, glutina zurizko galtzaz eta jakez uniformatuak, eta adatsak txano zurien pean gordeak. Arrosadun murkoak lurrean ipintzen ari ziren erreskada luze batean. Milaka lote hosto, guri eta zetazko, aingeru matrailen antzo. Baina argitasun bizi hartan, aingeru arrosazkoak eta arioak ez ezik, ba ziren txinatar distiratsuak eta Mexikotarrak ere; ba ziren apopletikoak ere, zeruko turutei puzka eta puzka ekinez; ba ziren herioa bezain zurbilak ere, marmolaren azken zuritasunezko zurbiltasunez. I.E.Z.a sartzean, inudeak zorrozki koadratu zitzaizkion.

         — Jar itzazue liburuak— agindu zuen zuzendariak.

         Inudeek ixilik obeditu zuten. Arrosa murkoen artean behar bezala jarri zituzten liburuak: han geratu zen zabalik haurren liburu erreskada bat, abere, arrain edo txorien irudi polliki koloreztaturen bat erakusten zuelarik bakoitzak.

         — Eta orain ekar itzazue haurrak.

         Inudeak agudo atera ziren salatik, eta handik minutu bat edo bira itzuli. Bakoitzak tezko gurditxo antzeko bana zekarren, oso altua; gurditxo bakoitzak sare metalezko launa alasa, eta alasa bakoitzean zortzi hileko haurtxo bana, Denak ziren berdin berdinak (Bokanowsky sail bat, noski) eta denak kaki kolorez jantziak, Delta kastakoak baitziren.

         — Jar itzazue lurrean.

         Laster deskargatu ziren gurditxoak.

         — Eta orain jar itzazue lore eta liburuak ikus ditzaketen moduan. Haurtxoak berehalaxe ixildu eta arrastaka abiatu ziren koloretza bizi haietarantz, liburuen orri zurietan ageri ziren irudi alai eta dizdikor haietarantz. Ia hurbil zeudenean, eguzkia itzali zen pixka batean, laino baten ostean ezkutaturik. Arrosak garretan jarri ziren, barruko irrits batek eraginda bezala. Beste esanahi berri eta sakon bat erne zela zirudien liburuetako orri argitsuetan. Lauoinka zebiltzan haurren artetik asalduzko garrasitxoak, xi1ioak eta pozezko burrunbatxoak aditzen ziren. Zuzendariak eskuak igurtzi zituen.

         — Zoragarri —hots egin zuen—. Apropos eginda ere ez hobeto.

         Azkarrenak ia iritsiak ziren liburuetaraino. Kontuz kontuz luzatzen zituzten beren eskutxoak, ikutzen, oratzen eta hostokatzen zituzten arrosa transirudituak eta zimurtzen liburu orri argitsuak. Zuzendaria zain egon zen apur batean, haurtxo guztiak jostaketan hasi arte. Orduan esan zuen:

         — Begira orain ondo.

         Inude nagusia giltza koadro baten ondoan zegoen zutik salako beste ertzean, eta palankatxo bat jatsi zuen.

         Eztanda gogor bat entzun zen. Adar bat joka hasi zen geroago eta zorrotzago. Alarma tinbreak kolpera disparatu ziren. Haurtxoak zeharo ikaratu ziren eta txilioari eman zioten. Aurpegiak dardar zeuzkaten izuaren izuz.

         — Eta orain —esan zuen oihuka zuzendariak (izugarrizko harrabotsa baitzegoen)— orain biribil dezagun lezioa shock elektriko biki batez.

         Beste seinale bat egin zuen eskuaz eta inude nagusiak beste balanka bati eman zion. Haurtxoen garrasiak bat batean aldatu ziren. Halako etsipen zer bat, halako erotasun zer bat ziruditen orain haurren ezpainetarik zetozen txilio zorrotz beldurgarriek. Gorpuzñoak bihur-artezka zebilzkien. Gorpuzki guztiak dardarka zeuzkaten, alanbre ezkutu batzuen tirakadak obedituez bezala.

         — Lurreko alderdi guzti hau elektrika genezake —hots egin zuen zuzendariak, azalpen bezala—. Baina oraingoz aski da.

         Eta beste seinale bat egin zion inudeari.

         Bukatu ziren danbarradak, mututu ziren tinbreak eta adarraren hotsa ere jausten ari zen, zeharo ixildu arte. Gogorrik eta bihurrik zeuden gorpuzñoak laxotu ziren. Eta lehen zotinka eta uluka ziharduten haur senetik atereek, orain negar normalari eman zioten berriro, beldur arrunteko negarrari.

         — Eman iezaiezue berriro liburuak eta loreak. Inudeek obeditu zuten, Baina arrosak hurbiltzean eta katutxo, oilar eta ardien irudi alai koloretsuak ikusiaz batean, haurrak izu ikaraz apartatu ziren. Hura zen negar egitea!

         — Begira —esan zuen zuzendariak, aire gailenez—. Begira.

         Liburuak eta zarata haundiak, loreak eta deskarga elektrikoak. Honez aurrera bi gauza hauek bortizki elkartuak daude haurren buruetan. Eta berrehun bider honelako edo antzeko lezio bat eraginez gero, elkartasun hori hauts ezina izanen da. Gizonak batu duena ez dezake Naturak bereiz.

         — Psikologoek deitzen duten gorroto «instintiboa» izanen diete beti liburuei eta loreei. Erreflexu egokituak behin betirako. Liburuetatik eta botanikatik libre daudeke bizitza guztirako. Zuzendaria inudeenganantz bihurtu zen.

         — Eraman itzazue.

         Negarrez oraindik, kakiz jantziriko haurtxoak gurditxoetan kargatu zituzten berriro eta salatik erretiratu, atzean esne mingots usaina uzten zutelarik, bai eta ixiltasun atsegina ere.

         Ikasle batek eskua jaso zuen, Ederki konprenitzen zuen, inola ere, kasta apalentzat luxu gehiegi zela elkartearen denbora liburuetan alferrik galtzea; ederki konprenitzen zuen beti zegoela zoritxarrez arriskua, beren erreflexu egokituren bat deusez dezaketen liburuak irakurtzekoa, baina... baina, lore kontu hari ezin inola ere antzeman. Zertarako nekatu lorezaletasuna psikologiaz ezineko bihur dakien Deltei?

         I.E.Z.ak patxadan azaldu zien dena. Haurrei, loreak ikustean, ulu eragiten bazitzaien, politika ekonomiko haundi bati jarraikitzearren zen. Ez zela denbora askorik (mende bat guti gora behera), Gammak, Deltak eta Epsilonak berak ere loreak gusta dakizkien eran egokitzen zituzten. Loreak bereziki eta Izadi basatia jeneralki. Hauxe nahi zuten orduan lortu, alegia, noiz nahi kanpora irtenarazi, transportea kontsuma zezaten.

         — Ez al zuten, bada, transporterik kontsumatzen? —galdetu zuen ikasle batek.

         — Bai horixe —erantzun zion I.E.Z.ak—. Baina transporte hutsa bakarrik.

         — Pazko loreak eta paisajeek —azaldu zuen— akats bat dute: debaldekoak direla. Izadi zaletasunak ez die fabrikei lanik ematen. Izadi zaletasuna abolitzea erabaki zuten, kasta apalen artean bederen. Izadi zaletasuna abolitu, noski, baina ez transportea kontsumatzeko joera. Zeren, jakina, behar beharrezkoa baitzen kanpora joan gogoz segi zezaten, nahiz eta kanpoa gorroto izan. Honetantxe zetzan kakoa, alegia, pazko lore eta paisaje zaletasun hutsa baino arrazoi ekonomiko sendoagorik aurkitu behar zela, transportea kontsumatzeko. Bai eta aurkitu ere.

         — Masak egokitzen ditugu kanpoa gorrota dezaten moduan —bukatu zuen zuzendariak—. Baina kanpo deporteak maite ditzaten ere egokitzen ditugu aldi berean. Hortaz gainera kontu haundia daukagu kanpo libreko deporte guztiak aparatu konplikatuen usadioa behar dezaten. Honela, transporteaz gainera, artikulu eskuz eginak ere kontsumatzen dituzte. Horra zertarako diren deskarga elektrikoak.

         —Konprenitzen dut— esan zuen ikasleak.

         Eta zeharo harritua, ixilik geratu zen.

         Ixilunea luzatu zen. Gero, eztarria garbiturik, honela hasi zen zuzendaria:

         — Duela denbora asko, gure Ford oraindik lurrean zegoela, ba zen mutiko bat Reuben Rabinovitx zeritzana. Polakoz mintzatzen ziren guraso batzuen seme zen Reuben. Polakoa zer den jakinen al duk horraitino.

         — Hizkuntza hil bat.

         — Frantsesa eta Alemana bezalaxe— gaineratu zuen beste ikasle batek, bere jakinduriatxoa agertu nahiez.

         — Eta «guraso»? -galdetu zuen I.E.Z.ak.

         Ixilune latza egin zen. Mutil batzuk lotsatu egin ziren. Oraindik ez zuten ikasi bereizten zer alde zegoen lizunkeriatik zientzia soilera; alde haundia, noski, baina sarritan igarkaitza. Halako batean ausartu zen bat eskua jasotzera.

         — Behinola gizakiak... zera... —dudan jarri zen; odola matrailetaraino igo zitzaion—. Beno, erditzaileak ziren.

         — Ederki— esan zuzendariak, ontzat emanaz.

         — Eta haurrak dekantatuak zirenean...

         — Jaiotzen zirenean —zuzendu zion.

         — Ba, orduan, gurasoak ziren... Tira, nahi dut esan... ez haurrak, jakina, besteak baino.

         Mutil gaxoa zeharo lotsaturik eta nahasturik geratu zen.

         — Besteak beste —laburtu zuen zuzendariak— gurasoak aita eta ama ziren. Hura zen lizunkeria! Benetako zientzia, noski, baina mutilak mutu geratu ziren, danbarrada bat entzun balute bezala.

         — Ama— berresan zuen ozenki zuzendariak, zientziaren barrena sarrarazi nahiez; eta bere aulkian patxadatsu eseririk, esan zuen astunki; Ba diakiat, bai, gauza higuingarriak direla hauek. Baina historiako gauzarik gehienak dituk higuingarriak.

         Gero Reuben tipiaren harira jo zuen berriro. Reuben tipia, bai, zeinen gelan gau batez, deskuidoz, baten aita-amek (hau duk zerrikeria! ) irratia martxan utzi baitzuten (bada, jakin beharrik zaudete erditze haro nazkagarri haietan, haurrak beren gurasoekin hazten zirela beti, eta ez Estatuaren Egokitegietan).

         Mutikoa lotan zegoela, hara non Londrestik irrati programa bat ematen ari ziren. Eta biharamun goizean, txunditurik bere zerraita-zerramak (mutilik ausartenak irribarre egin zioten elkarri), Reuben tipia konferentzia luze bat hitzez hitz jalkiez iratzartu zen. Konferentzia hura behinolako idazle xelebre batek emana zen («bere obrak gureganaino iritsi ahal izan diren idazle guti gutietariko bat»). George Bernard Shaw zeritzan, orduko tradizio sendoari jarraiki, bere buruaren jeinuaz mintzo ohi zen beti. Reuben tipiaren zerek... (keinua eta irritxoa) konferentzia hura ez zuten, jakina, tutik ere konprenitzen, eta semea kolpera zoratu zitzaielakoan, medikua ekarri zioten. Zorionez medikuak ba zekien ingeles, eta laster konturatu zen Shaw-ek bezperan irratituriko hitzaldia zela. Konprenitu zuen gertatuaren esanahia, eta berehalaxe bidali zien haren berri publikazio mediku guztiei.

         — Lotako irakaskintza printzipioa, edo hipnopedia, aurkitua zegoen.

         I.E.Z.ak atseden patxadatsu bat egin zuen.

         Printzipioa aurkitua zegoen; baina urteak eta urteak iraganen, printzipio hori onurez aplikatu baino lehen. Reuben tipiaren kasua hogei eta hiru urtera gertatu zen bakarrik, gure Ford-ek bere lehen Modelo T merkatura jaurtiki zuenetik. Hitz hauek esatean T seinalea egin zuen zuzendariak bere sabel gainean, eta ikasle guztiek ere beste hainbeste egin zuten errespetuz.

         Amorrazioz ari ziren ikasleak koadernoan zirri borroka:

         «Hipnopedia, lehenengoz ofizialki enplegatua Ford-en 214-n». Zergatik ez lehenago? Bi arrazoi: (a)...

         Lehen esperimentu hauek —ziotsen I.E.Z.ak— okerreko bidetik zebiltzan. Inbestigatzaileek uste zuten hipnopedia hezigailu intelektual haundi bat bilaka zitekeela. Haur batek eskuin aldera lo egiten du, eskuineko besoa luze eta eskerreko eskua ohetik behera zintzilik. Kutxa baten ertzean egindako zulo saredun biribiletik, ahots bat mintzo da emeki-emeki:

         «Nilo da Afrikako ibairik luzeena eta Munduko ibai guztietarik bigarrena luzez. Nahiz eta Mississippi Missouri baino laburtxoagoa izan, Nilo da Munduko ibairik inportanteena bere altzoaren zabalari begiratuez gero, 35 gradu zabal hedatzen baita...»

         Biharamun goizean, badio norbaitek:

         — Aizak, Tommy, ba al dakik zein den Afrikako ibairik luzeena?

         Haurtxoak ezetz buruaz.

         — Baina ez al haiz oroitzen honela hasten den zeraz: Nilo da...?

         — Nilo - da -Afrikako - Ibai-rik - luzeena- eta Munduko – ibai - guztie - tarik - bigarrenaluzez—Hitzak parra parra ateratzen zaizkio mutikoari ezpainetarik. «Nahiz eta - Missi – ssipi- Miss ouri baino...»

         — Bapo. Zein duk, orduan, Afrikako ibairik luzeena?

         Begiak marro ageri zitzaizkion Tommyri.

         — Ez dakit.

         — Nilo, Tommy, Nilo.

         — Zein duk, Tommy, Munduko ibairik luzeena?

         Tommyk negarrari ematen dio.

         — Ez dakit— dio zotinka.

         Negar hauek entzutean, zuzendariak azaldu zuenez, etsita geratu ziren lehenengo inbestigatzaileak. Esperimentu hauek bertan behera utzi zituzten. Ez zuten gehiago ahaleginik ere egin haurrei lotan Niloren luzera irakasteko. Ederki egina gainera, ez baitaiteke ikas inolako zientziarik, zertaz tratatzen duen jakin gaberik.

         — Aitzitik, hobe heziketa moraletik hasi izan balira —esan zuen zuzendariak aterantz abiatzen zela. Ikasleak atzetik zerraizkion, koadernoak arrapataka zirri borratuez, aszentsoreraino iritsi arte— Heziketa morala, bai, inoiz ere, inon ere, arrazoizkoa izan behar ez duena.

         — Ixi, ixi —hots egin zuen altaboz batek, aszentsoretik irtetean, hamalaugarren pisuan, eta «ixi, ixi»ka ari ziren aspertzaka pasilu guztian zehar, han hemen zeuden altabozak. Ikasleak eta zuzendaria bera ere automata gisa hasi ziren behatz puntetan ibiltzen. Bai, berak Alfak ziren, noski. Baina Alfak ere egokituak izan dira.«Ixi, ixi.» Hamalaugarren pisuko aire guztia dardarka ari zen agindu bortitz harez.

         Berrogei eta hamar metro behatz puntetan ibili ondoren, ate bat aurkitu zuten. Zuzendariak kontuz kontuz ireki zuen. Atalburua iraganik, logela itxi bateko erdi itzalean barrena sartu ziren. Laurogei kamaina zeuden horma kontrara. Arnasa hots arina eta erregularra entzuten zen, eta etengabeko murmurika, ahots txit ahul batzuk han urrunean zurrun-zurrun baleude bezala.

         Sartu zirenaz batera, inude bat zutitu eta zuzendariaren aurrean koadratu zen.

         — Zein da gaur arratsaldeko ikasgaia?— galdetu zuen honek.

         — Lehenengo berrogei minutuetan Sexu Elementala eduki dugu —erantzun zion inudeak—. Baina orain Klase Sozialen Kontzientziari gagozkio.

         Zuzendaria geldiro geldiro paseatu zen kamaina erreskadan zehar. Han zeutzan laurogei haurtxo lozorro lasaian, emeki-emeki hatsartuez.

         Bururdi bakoitzaren pean zurrungatxoa aditzen zen.

         I.E.Z.a geratu zen, eta ohetxo baten gainera makurturik, adi-adi jarri zen.

         — Klase Sozialen Kontzientzia? —esan zuen zuzendariak—. Entzun dezagun berriro altabozetik. Logela ertzean altaboz bat zegoen hormatik zintzilik. Zuzendaria hurreratu eta interruptoreari eman zion.

         «...berdez janzten dira guztiak —esan zuen ahots leun baina txit argi batek, esaldi baten erditik hasirik—, eta Delta haurrak kakiz janzten dira guztiak. O! ez, inola ere ez, nik ez dut nahi Delta haurrekin jostatzerik. Epsilonak, berriz, are zatarragoak dira. Tonto garbiak dira. Idazten eta irakurtzen ere ez dakite. Gainera beltzez janzten dira. Kolore nazkagarriagorik! Zer poza Beta naizelako! —Geraldi bat egin zen. Gero honela jarraiki zen ahotsa: «Alfa haurrek grisez janzten dira. Guk baino askoz lan gehiago egiten dute, oso buru argikoak baitira. Benetan ere pozik nago Beta naizelako, ez baitaukat hainbeste lan egin beharrik. Gainera gu Gammak eta Deltak baino askoz hobeak gera. Gammak tonto hutsak dira, Berdez janzten dira guztiak, eta Delta haurrak kakiz janzten dira guztiak. O! , ez, inola ere ez, nik ez dut nahi Delta haurrekin jostatzerik! Epsilonak, berriz, are zatarragoak dira...».

         Zuzendariak berriro itxi zuen interruptorea. Ixildu zen ahotsa. Lehengo murmurio motela baizik ez zen entzuten laurogei bururditxoen pean.

         — Oraindik beste berrogei edo berrogei eta hamar aldiz ekinen zaie iratzar baino lehen, eta halaber osteguneko saioan; eta berriro larunbatean. Ehun eta hogei aldiz, astean hiru ikasgaira. Horra arrosak eta deskarga elektrikoak, Delten kakia eta azafetida bufada, behin betiko elkarrekituak, haurrek hizketan ere ikasi aurretik. Baina hitzik gabeko egokimendua zakartxo eta baldrestxo gertatzen da, noski; ez dezake bereizketa zorrotzagorik egin; ez ditzake portaerarik konplexuenak ezar. Honetarako hitzak behar dira, baina arrazonamendu gabeko hitzak: Hipnopedia, alajaina.

         — Inoizkorik indar sozialtzaile eta moraltzailerik haundiena.

         Ikasleek beren kuadernoetan apuntatu zuten. Zientziaren iturritik bertatik hara.

         Zuzendariak interruptoreari eman zion berriro. «...oso buru argikoak baitira —zioen lehengo ahots leun, sarkor eta asperkaitzak—. Benetan ere pozik nago Beta naizelako, ez bait...»

         Ez, noski, ur tantak bezala, nahiz eta urak granitorik gogorrena ere zula dezakeen; baizik lakre urtuzko tantak bezala, tanta itsaskorrak, inkrustakorrak, non eror han finkatzen direnak, harik eta haitza bloke gorri bakar bihur dadin arte.

         — Harik eta haurren burua sugestio horietantxe transformatu arte, eta haurren burua sugestio horiexen bilduma izan arte. Eta haurren burua ez ezik, adultoarena ere bai, bere bizitza guztirako. Sugestio horiexen arabera juzkatzen, desiratzen, erabakitzen... duen burua. Eta sugestio hauek geure sugestioak ditugu! —ia oihuka hasi zen zuzendaria, senetik ere aterea—. Estatuaren sugestioak!

         — Ukabilkada bat eman zion mahai bati—. Hortik, beraz, atera kontu...

         Marmario batek jeurt eragin zion.

         — O, Ford! —hots egin zuen beste aire batez—. Ederra egin diat. Haurrak iratzarri ditiat.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971