|
Bai mundu berria
Bosgarren kapitulua
—1—
Arratseko zortzirak aldean argia gutitzen hasi zen. Stokes Poges Klubeko altabozek, tenor ahots normala baino zorrotzagoz, Golf kanpoak ixteko ordua zela iragarri zuten. Leninak eta Henryk beren Golfaldia utzi eta Klubera jo zuten. Barruko eta kanpoko Sekrezio Trust-eko instalazioetatik milaka animalien urrumak entzuten ziren. Animalia hauek, beren hormonaz eta esnez, Farnham Royal-eko fabrikarako behar ziren lehen materiak ematen zituzten. Helikopteroen etengabeko zurrungak betetzen zuen ilunabarreko airea. Bi minutu eta erdi bakoitzeko, tinbre batek eta txistu batzuek iragarten zuten golflariak Metropolira bueltan eramateko tren errailbakar arin baten irteera. Leninak eta Henryk aparatura igo eta arrankatu zuten. Berrehun eta berrogei eta hamar metroko alturan, Henryk helizearen erreboluzioak gutitu zituen eta bat edo bi minutuan airean zintzilik egon ziren, galduez zihoan paisajearen gainean. Burnham Beeches-ko oihana ilungune haundi bat bezala hedatzen zen, Mendebaleko ortzi bazter argitsurantz. Horizonte gorrian, eguzki sartzearen hondarrak zurbiltzen ari ziren. Laranja koloretik horira iraganez, eta azkenez berde motel ur antzekora. Iparraldean, zuhaitzez bestekaldean eta zuhaitzen gainetik, Barruko eta Kanpoko Sekrezioen fabrika dizdiz zegoen, bere hogei pisuko leiho guztietarik zetorren argi elektriko harroz. Haien begien azpian Golf Klubeko edifizioak hedatzen ziren, kasta beheragokoen kaserna haundiak, eta murru banatzaileaz beste aldean, Alfa eta Beta kastako sozioentzako etxetxoak. Erroilbakarraren estaziorako helbideak kasta beheragoko xingurrien artean beltz nabari ziren. Kristalezko bobedatik irtenik, argidun tren bat kanporantz abiatu zen. Zabaldi ilunean zehar Hego-Mendebalerantz zihoazela, Slough-ko Erretegiko edifizio galantekin topo egin zuten haien begiek. Gauez zebiltzan abioien segurantzarako, lau tximinia luzeak argi argitan ageri ziren eta gailurrean arrisku seinale gorriak. Zuzenbide ederra ziren tximiniok. — Zertako dituzte tximinia horiek balkoi antzeko hoik inguruan? —galdetu zuen Leninak — Fosforoa errekuperatzeko —azaldu zuen Henryk telegrafoz gisa—. Tximiniatik goranzkoan lau tratamendu ezberdin pasatzen dituzte gazek. Lehenago P2 O5 galdu egiten zen beti errealdirik zuten guztian. Orain, ordea, ehuneko laurogei eta hamazortzitik gora errekuperatzen da. Kilo eta erditik gora adulto gorpu bakoitzeko. Guztira ia laurehun tonelada fosforo urtero, Ingalaterran bakarrik.—Henry harro mintzo zen garaitza hartaz, berea balitz bezala gozatuez—. Itzela da pentsatzea hil eta gero ere mesedegarri izan gakizkiokeela gizarteari, landareak hazteko ongarria emanez. Bitartean, Leninak apartatu zituen handik begiak eta orain errailbakarraren estaziora begira zegoen perpendikularki. — Itzela da, bai —baitetsi zuen—. Baina xelebrea da ere pentsatzea Alfek eta Betek ez dutela landareak hazteko, hemengo Gamma, Delta eta Epsilon nazkagarriok baino gehiagorik balio. — Fisiko-kimikoz gizon guztiak dituzu berdinak —esan zuen Henryk esaera gisa—. Gainera Epsilonek berak ere behar beharrezko zerbitzuak egiten dauzkizute. — Epsilonak berak ere... Lenina kolpera oroitu zen nola behinola, oraindik eskola haur zela, itzarri zen gauerdian eta lehenengoz konturatu zer zen loa galarazten zion murmurio hura, Oraintxe ere entzuten zegoen emeki emeki mintzo zen ahots hura (hitzak gogo gogoan zituen, ahaztu gabeak, ahaztu ezinak, hainbeste gautan entzun baitzituen): «Mundu guztia ari da mundu guztiarentzat. Ez dezakegu inortxo ere bazter. Epsilonak berak ere baliozko zaizkigu. Ez gaitezke Epsilonik gabe bizi. Mundu guztia ari da mundu guztiarentzat. Ez dezakegu inortxo ere bazter... «Leninak gogoan zuen oraindik nolako ikara eta harridura sartu zitzaizkion lehenengotan, nolako gogoetak egiten zituen loa galdurik, ordu erdian; eta nola gero, amai gabeko entzunaldi haiek eraginda, baretuez zihoakion gogoa eta hurbilduez loa... — Dena dela, Epsilonei ez die nonbait, axola haundirik emanen Epsilon izateak. — Ez horixe. Nola lieke axola? Haiek ez dakite besterik izatea zer den. Guri, bai, axola leukegu, jakina. Baina gu beste modu batera egokituak izan ginen. Gainera heredentzia ere diferentea daukagu. — Poztutzen naiz Epsilon ez naizelako —esan zuen Leninak, arras konbentziturik bezala. — Eta Epsilon bazina ere —esan zion Henryk—, zeure egokimenduak berak behartuko zintuzke poz berdina hartzera Beta edo Alfa ez izateaz. Ipini zuen martxan aurreko helizea eta aparatua Londreserantz zuzendu zuen. Haien atzean, Sartalde partean, kolore gorrixka horixkak ia zeharo hilak zeuden. Laino zerrenda ilun bat ageri zen ortzi gailurrean. Erretegiaren parean hegan zihoazela, aparatua gorantz saltatu zen kolpera, tximinietatik zetorren haize bolada beroak jaurtikita. Baina berriro jautsi zen kolpera hurrengo haize bolada hotzean sartuaz batera. — Hauxe mendi errusiar bikaina! —hots egin zuen Leninak gustora parre eginez. Henry, ordea, triste xamar jarri zen memento batez. — Ba al dakigu gero mendi errusiar hau zer den? —esan zuen—. Gizaki bat duzu hori, betirako hila. Horixe zen haize bolada bero hori. Jakitekoa litzateke nor izan den hila, gizona ala emakumea, Alfa ala Epsilona... —Hatsartu zuen eta gero, golkoa bete pozez, bukatu zuen: nola nahi ere, gauza bat behintzat segur dakigu: zena zela, zoriontsu izan zela bizitzan. Gaur mundu guztia da zoriontsu. — Bai, gaur mundo guztia da zoriontsu —berresan zuen Leninak oihartzun gisa. Hitz hauek berauk gauero entzunak zituzten ehun eta berrogei eta hamar aldiz, hamabi urtean zehar. Berrogei pisuko Henryren apartamento etxeko azotean lurrartu zuten, eta jantokira zuzen. Han, lagunarte alai eta algaratsuan, afari eder bat jan zuten. Kafeaz soma hartu zuten. Leninak gramo erdiko bi garau eta Henryk hiru. Bederatziak eta hogeian kalean barrena abiatu ziren, Westminster Abadiako kabaret inaugura berrirantz. Gau izarratua zegoen, ez lainorik ez ilargirik gabe. Baina zorionez Lenina eta Henry ez ziren ohartu gertaera triste honetaz, zeren anuntzio argitsuek ez baitzuten uzten kanpoko ilunberik ikusten. «Calvin Stopes eta bere Hamasei Sexufoilariak». Abadia berriko ataurrean letra izugarriak dizdiz, ondo etorrika. «Londresko Kolore eta lurrin Organorik onena. Musika Sintetikorik berriena.» Sartu ziren. Airea bero zegoen, ia sargori. Arnasa ere nekez har zitekeen, hango anbar gris eta sandalo usainaren usainez. Atariko sabai bobedatuan, kolore organoak tropikoko eguzki sartze bat pintatua zeukan pixka bateko. Hamasei Sexufoilariak kanta zahar famatu bat jotzen ari ziren: «Ez dago munduan ontzirik ene ontziño kutuna lakorik». Laurehun bikotek five-step bat dantzatzen ziharduten, zelai dirdaitsu guriaren gainean. Lenina ete Henry ere han ziren laster dantzan. Sexufoiak behin marrauka, katu melodikoak ilarpean bezala, behin intzirika tenore doinu zorrotzez, azkenetan bezala. Hots harmonikoetan aberastasun haundiz, haien koru dardartia gora eta gora zihoan, gero eta gorago, gero eta gogorrago. Azkenik zuzendariak, esku eragin batez, azkenengo nota jaurtikitzen zuen airera, musika etereozko iskanbila galantean, eta existentziatik borratzen zituen hamasei musikoak, gizaki hutsak izaki gaixoak. Trumoi bat la bemol nagusian. Gero hotsa eta argia motelduez zihoan; pixkanaka pixkanaka, tonu laurenka, linburtzen zen diminuendo bat, jautsiez, jautsiez, motelki jotako akorde oinarri bateraino iritsi arte.. Akorde honek luzaro irauten zuen (bitartean lautik bosteko ritmoak pultsuari eusten ziola azpitik). Segundo ilun haiek espektazio itzelez kargaturik zeuden. Eta azkenez, espektazio hark jo zuen bere azkena. Egunsentia egin zen kolpera, eta Hamaseiek kantuari ekin zioten denek batera: Ene ontziño!, beti zintudan zu desiratu Ene ontziño! zergatik ninduten dekantatu? Zure baitan zerua urdin beti eguraldi atsegin. Ez baitago munduan ontzirik ene ontziño kutuna lakorik. Laurogei bikote era batera, jiraka batetik bestera, Westminster-ko Abadiako pista inguruan. Lenina eta Henry, ordea, beste mundu batean zebiltzan dantzan, somaren mundu bero, koloretsu eta atsegintsuan. Zer maitagarri, lirain eta jostari ziren denak! Ene ontziño, beti zintudan zu desiratu! Baina Leninak eta Henryk ba zeukaten desiratzen zutena. Orduantxe bertantxe, ontzi barruan zeuden, salbo biak, hango eguraldi atseginaz eta zeru beti urdinaz gozatuez. Leherrak eginda ia, Hamaseiek utzi zituzten beren sexufoiak, eta Musika Sintetikozko aparatua hasi zen kreaziorik berrienak jotzen, blue Malthustar geldiak. Lenina eta Henry bi enbrioi biki izan zitezkeen orduan, jiraka eta jiraka biak batera, odol artifizialezko ozeano botilatu bateko olatutzan. — Gabon, lagun maiteak, gabon, lagun maiteak. —Altabozek kortesia haundiz eta musikalez ematen zituzten aginduok—. Gabon, lagun maiteak... Beste guztiek bezala, Leninak eta Henryk ere obeditu zuten eta kanpora atera ziren. Izar urrikarriak bidaldi polita eginak zeuden zeruan zehar. Anuntzio argitsuzko horma aislatzaile hura ere gehien bat itzalirik zegoen ia. Bi gazteak, halaere, zoriontsu jarraiki ziren, gauaz konturatzeke. Dantzalekua itxi baino ordu erdi aurretik hartu zuten bigarren soma dosiak horma zulakaitz bat jaso zien mundu errealaren eta haien gogoen artean. Enbasaturik bezala hartu zuten aszentsorea eta Henryren gelara igo, hogei eta zortzigarren pisuan. Baina zegoen «enbasatuan» ere, bigarren soma gramoa hartu eta guztiz ere, Leninari ez zitzaion ahaztu agindurik zeuden prekauzio antisortzekoak hartzerik. Ez zuen alferrik eman hainbeste urte hipnopedia intensiboan; eta hamabi urtetik hamaseira, ariketa malthustarrak astean hiru bider. Prekauzio hauek, beraz, begien itxi-irekia bezain automatiko eta derrigorreko zitzaizkion. — Oraintxe gogoratzen naiz —esan zuen bainu gelatik irtetzean— nola Fanny Crownek nahi duen jakin ea non aurkitu zenuen lehengoan erregalatu zeneutan larru berdezko kartutxontzi polit hau.
—2—
Ostegun birik behin, Bernardek bere Zerbitzu eta Elkartasun eguna zuen, Afroditeum-ean goizetik afaldu ondoren (Helmholtz bertako sozio izenda berri zen 2. artikuluaren arabera) agurtu zuen bere laguna eta azoteatik taxi bati deiturik, Fordson-go Kantoria Komunalera hegatzeko esan zion konduktoreari. Aparatua berrehun bat metro igo eta gero Ekialderantz abiatu zen. Eta buelta ematean, han ikusi zuen Bernardek Kantoria, galanta eta ederra. Erreflektoreek argiturik, haren Carrarako marmol zuri artifizialezko hirurehun eta hogei metro haiek elurtzazko goritasunez ari ziren dizdiz Ludgate Hill gainetik; helikopteroentzako zuen goiko zabalunearen lau kantoietan, T gorri erraldoi bana azaltzen ziren argitsu gauean eta hogei eta lau tronpeta urrezkok musika sintetiko solemne bat orroz jaurtikitzen zuten. «Madarikatua! Berandu niatork!» —hots egin zuen bere batean Bernardek, Big Henry, Kantoriako erlojuari begiratzean. Hala zen izan ere. Taxiarena ordaintzen zegoen bitarten Big Henry-k ordua jo zuen. «Ford!» -oihukatu zuen baju ahots izugarri batek urrezko tronpetetatik. «Ford, Ford, Ford...!» bederatzi bider. Forden Eguna eta beste Elkartasun kantak ospatzeko auditorium-a edifizioaren beherengo aldean zegoen. Salatzar honen gainean, ehun pisu bakoitzean, Elkartasun Taldeen zazpi mila salak zeuden, biasteroko zerbitzuetarako usatzen zituztenak. Bernard jautsi zen hogei eta hamairugarren pisura, abiatu zen azkar pasiluan barrena eta han geratu zen, dudan pixka batean, 3.210garren salako ataurrean. Gero hartu zuen erabakia, ireki zuen atea eta sartu zen. Fordi eskerrak, ez zen bera azkena. Mahai biribil baten inguruan ifinita zeuden hamabi silatarik hiru hutsik zeuden. Hurreratu zen hurbilenera, ahalik kontuzen inor kontura ez zedin; eta prest bera ere beranduago zetozenei bekosko iluna jartzeko. Beregana bihurturik, ezkerraldean jesarrita zegoen neskatilak galdetu zion: — Zertara jokatu duzu gaur arratsaldean? Oztopoetara ala Elektromagnetikora? Bernardek begiratu zion (Ford! Morgana Rothschild baitzen bera), eta gorri gorri jarririk, aitortu behar izan zuen ez zuela batera ez bestera jokatu. Morganak harriturik begiratu zion. Eta ixilune latza ondoren. Gero bizkar eman zion apropos, eta bere eskuin aldean jesarrita zegoen gizonarengana zuzendu zen. Gizon hau deportezaleago izaki. «Hasiera aparta Elkartasun Zerbitzu baterako!», pentsatu zuen penaz Bernardek. Bere lagunekin elkartzeko ahaleginak beste behin ere alferreko izanen zitzaizkiola sumatzen zuen. Silarik hurbilenera jo beharrean, nortzuk zeuden bertan bilduak begiratzeko astia hartu ukan balu bederen! Fifi Bradlaugh-en eta Joanna Diesel-en erdian jesarri ahal izanen zatekeen. Orain, ordea, hala egin ez zuelako, noren eta Morganaren ondoan jesarrita egon behar. Morgana! Ford! Haiek ziren bekain beltzak! Edo hobeki esateko, hura zen bekain beltza!, zeren biak bat eginak baitzituen sudurraren gainean, Ford! Eskuin aldean Klara Deterding zeukan. Klararen bekainek ez zuten, ez, bat egiten. Baina pneumatikoegia zen, noski. Fifi eta Johanna ordea, puntu puntuan zeuden: potolatxoak, beilegiak, ez altuegiak... Eta nori eta Tom Kawaguchi kankailutzar hari suertatu behar haien erdian jesarri ahal izatea! Sarojini Engels iritsi zen azken. — Berandu hator —esan zion zorrozki Taldeko Buruzagiak—. Gaurkoa bedi azkena. Zutitu zen buruzagia, T seinalea egin zuen eta Musika Sintetikoari eman zion. Danborrak eta gainetiko instrumentuak —erdihaize eta superkordel—, jo eta jo ari ziren, behin eta berriro, zalapartatsu jotzen zutelarik Lehenengo Elkarte Eresiaren doinu labur eta itsaskorra. Behin eta berriro, eta ez beharriek baizik diafragmek biltzen zuten doinu mailukari hura. Etengabeko harmonia haien auhenak eta burrundadak entzuleen gogoak ez ezik, erraiak ere zoraraziko zituzten, kupidaz beteez. Buruzagiak beste T seinale bat egin zuen eta jesarri zen. Funtzioa hasita zegoen. Soma garau sakratuak mahai erdian jarriak zeuzkaten. Maitasunaren kopa, somaz bete betea, marrubizko izotz baten forman, eskurik esku pasa zuten, formula honekin: «Ene deuseztatzeko edaten dut». Gero, orkesta sintetikoaren laguntzaz, Lehenengo Elkartasun Eresia kantatu zuten: Ford, hamabi gaituzu. Egin gaitzazu bat bakar. Ibai Sozialeko tantak bezala Iguzu Elkarrekin korri dezagula Zure kotxeto dirdaitsua bezain azkar. Hamabi ahapaldi hasperentsu honela. Gero maitasunaren kopa bigarrenez pasa zuten eskurik esku. Hau zen oraingo formula: «Izakirik Haundienagatik edaten dut» Denek edan zuten. Musikak ba ziharduen aspertzeke. Danborrak terrapataka. Harmonia haien hotsak eta danbarradak zoraraziak zituen denak, erraiak ere urturik. Bigarren Elkartasun Eresia kantatu zuten: Zatoz, o Adiskide Sozial, Izakirik Haundiena! Deusez gaitzazu hamabiok batean: Hiltzea nahi dugu, zeren hiltzean hasi berri baitugu bizitzarik ederrena. Beste hamabi ahapaldi. Ordurako hasia zegoen soma bere lanak egiten. Begiak dirdir, matrailak gori: bihozberatasun unibertsalaren barne argia arpegietan kanpora zerien, zorionezko eta adiskidetasunezko irriparreetan. Bernard bera ere hunkituxe aurkitzen zen. Honetan Morgana Rothschild itzuli zitzaion eta irribarre argitsu bat egin zion. Ahal guztiak egin zituen erantzuteko. Baina lehengo bekaina, bekain bakar beltz hura, ai!, han zegoen oraindik. Bernardek ezin zuen burutik ken; inola ere ezin, nahiz eta ahalegin guztiak egin. Haren emozioa, haren besteekin elkartzea ezer gutian geratu zen. Fifiren eta Joanaren erdian jesarri izan balitz behar bada... Maitasunaren kopari hirugarren erronda eragin zioten: «Bere Etorkundearen hurbiltasunagatik edaten dut», esan zuen Morgana Rothschildek, zeini, hain zuzen, suertatu baitzitzaion rito biribilaren hastea. Ahotsa gogor atera zitzaion pozaren pozez. Edan zuen eta Barnardi pasa zion kopa. «Bere Etorkundearen hurbiltasunagatik edaten dut», berresan zuen honek ere, benetan saiatuez Etorkundea gainean zela sentitzen. Baina bekain bakar hark senetik ateratzen zuen; Etorkundea berriz, berari zegokionetik, izugarri urrun zegoen. Edan zuen eta Klara Deterding-i pasa zion kopa. «Gaur ere pot eginen diat —esan zuen berekiko— seguru niagok.» Hala ere, ahalegin guztiak egiten jarraiki zen irriparretsu agertzeko. Maitasunaren kopa buelta osoa emana zen ia. Eskua jasorik, buruzagiak seinale bat egin zuen; koruak hirugarren Elkartasun Eresia hasi zuen: Ez al duzu sentitzen ba datorrela Izakirik Haundiena? Poztu zaitez, eta poztutzean, hil zaitez! Bil zakizkio danborren musikari! Zeren ni zeu bainauzu eta zu neu baitzaitut. Ahapaldi bakoitzeko, ahotsak berotzenago eta erotzenago zihoazen. Buruzagiak luzatu zuen eskua, eta bat batera Ahots bat mintzo zitzaien beren buruen gaineko puntu batetik. Ahots sendoa eta astuna, beste edozein giza ahots soil baino musikalago, oparoago, beroago, maitasunez, desiraz eta kupidaz bibratzenago, ahots miragarria, misteriotsua, goitarra. Geldiro geldiro, oso geldito, esan zuen: «O Ford, Ford, Ford», jautsiez eta gutituez zihoan eskala batean. Halako berotasun zirrara ikaragarria sentitu zuten entzule guztiek, sabelsaretik hasi eta gorputz guztian zehar. Malkoztu zitzaizkien begiak. Bihotzak eta erraiak jauzika ari zitzaizkien barruan, bizitza propioa balute bezala... «Ford», urtzen zeuden„, «Ford», urtuak zeuden... Gero beste doinu batean, kolpe kolpera, denak izuarazirik, tronpetaka hasi zen Ahotsa: «Adi ezazue!» «Adi ezazue!» Denak adi. Tarte baten ondoren, Ahotsa beheraka hasi zen, furrundara bilakatzeraino. Furrundara hura, ordea, irrintzirik zorrotzena baino sarkorragoa zen. «Izakirik Haundienaren oinak», jarraiki zen Ahotsa. Furrundara hiltzear zegoen. «Izakirik Haundienaren oinak eskaileran daude.» Berriro ixilaldia. Eta jendearen espektazioa, pixka batean laxotua, berriro atezatu zen, soka bat atezatu ohi den bezala; gero eta atezuago, ia krask egiteraino. Izakirik Haundienaren... O, bai, ba zentzuten, ba zentzuzten haren oinkadak, poliki poliki eskaileran behera, berengana hurbilduez pixkanaka eskailera ikuskaitzean behera! Izakirik Haundienaren oinak. Honetan krask egin zuen sokak. Begiak eta besoak zabalik, Morgana Rothschildek salto egin zuen. — Ba dantzut! —hots egin zuen—. Ba dantzut! — Ba dator!— oihukatu zuen Sarojini Engelsek. — Bai, ba dator, ba dantzut! Fifi Bradlaugh eta Tom Kawaguchi zutitu ziren. — O, o, o!— hots egin zuen Joannak. — Ba dator! —oibukatu zuen Jim Bokanowskyk. Zuzendaria aurrerantz makurtu zen, botoi bati eman zion eta, hura zen zinbaloen eta metalezko instrumentuen zoramena!, hura zen jotzea, hura mailuketa, hura kanpaiketa, zer ez zen hura! — O, ba dator! —irrintzi egin zuen Klara Deterding-ek—. AI! Lepoa moztu ziotela zirudien. Bernard konturatu zen ba zela zer edo zer egiteko ordua. Eta zutiturik, hots egin zuen berak ere: — Ba dantzut, ba dator! Baina gezurra zen. Ez zuen ezertxo entzun, ez zuen sinetsi ere egiten inor etor zitekeenik. Alferrik ekinen zion Musikak, alferrik zorabiatuko ziren: inortxo ere ez. Baina besoak dantzatu eta hango onenak bezala irrintzi egiten zuen berak ere; eta besteak iharroska, lurrari ostikoka, eta arrastaka hasi zirenean, beste hainbeste egin zuen berak ere. Korruan dantzan hasi ziren, prozesio bat eginez eta bakoitzak aurreko dantzariaren ipurdian eskuak zituela. Jiraka eta Jiraka, denak aho batez oihuka, musikaren ritmoari hankekin lagunduez eta aurrekoaren ipurdian zafladak emanez. Hamabi esku pare zaplaka, bat bakar bezala. Hamabi ipurdi pare durundaka, bat bakar bezala. Hamabi bat bakar bezala, Hamabi bat bakar bezala. «Ba dantzut, ba dantzut ba datorrela!» Musikak ritmoa bizkortu zuen. Hankak azkarrago ostikoka, esku ritmikoak ere azkarrago zaplaka. Eta bat batean, baju sintetiko batek trumoika iragarri zuen ondorengo elkartzea eta Elkartasunaren azken kontsumatzea, Hamabiak-Baten Etorkundea eta Izakirik Haundienaren Gizakundea. «Uhuhu-Ahaha» [1] kantuari eman zion, danborrek jo eta ke tarrapataka ziarduten bitartean: «Uhuhu-Ahaha», Ford eta jeup, besarka neskatxak eta egizkizue bat Mutilak ordu betean bil neskatxekin bakean: Uhuhu-Ahaha-k libre uzten dautzue dena. «Uhuhu-Ahaha... Dantzariek batu zuten errepika liturjikoa. «Uhuhu-Ahaha, Ford eta jeup, besarka neskatxak eta egizkizue bat...». Eta kantuz ari bitartean, argiak itzaltzen hasi ziren pixkanaka. Baina argiak moteldu ala, berotzenago, gozatzenago eta gorritzenago ziren. Enbrioi Almazen bateko arginabar gorrian zeuden dantzan azkenik. «UhuhuAhaha». Odol koloreko ilunbe fetozkoan dantzariek luzaz jarraiki zuten beren jiraketa, eskuz eta hankaz eramanik azken gabeko ritmo hura. Gero korrua kolokatu zen, hautsi zen eta zatikatu zen; eta nola desegin, hala erortzen ziren mahai eta planetar silen inguruan —zirkulo kontzentrikoetan— zeuden butaketan. «Uhuhu-Ahaha...» Xamur xamur, Ahots astunak furrunka ziharduen. Eta arginabar gorri hartan, uso beltz izugarri bat orekan zegoela zirudien dantzarien gainean; uso emankorra, behin ahoz gora, behin ahoz behera luze etzanik zeuden dantzarien gainean. Zutik zeuden azotean. Big Henryk hamaikak jo berri zituen. Gau barea eta epela zegoen. — Ederra izan da, ez da? —esan zuen Fifi Bradlaugh-ek—. Ederra benetan, ez da? Extasi airez begiratu zion Bernardi, baina larritasun edo asaldu arrastorik gabeko extasiz, zeren asaldaturik egotea, oraindik asegabe egotea baita. — Ez al zitzaitzun eder iruditu? —ekin zion berriz ere, Bernardi bekoz-beko begiratuez, halako goiargiz dizdiz zegioten begi haiekin. — O, bai horixe! , zoragarri iruditu zitzaidan! —gezur galanta bota zuen Bernardek. Begiak apartatu zituen; aurpegi transiruditu hura ikustea akusazio zitzaion batetik eta bere aislamenduaren oroipen ironiko bestetik. Funtzioaren hasieran bezain bakar eta dohakabe zekusan orain ere bere burua. Are aislatuago bere hutsaren bete ezinez, bere asetasun hilkorrez. Harmoniatik aparte eta kanpo zegoen, gainetikoak Izakirik Haundienaren golkoan elkartzen ziren bitartean; Morganaren besoetan ere bakarrik sentitzen zen, askoz ere bakarrago, egiaz; ordua bere bizitza osoan baino askoz ere berberago sentitzen zen erremedio gabeki. Iluntasun gorrixka hartatik argi elektrikoaren klartasun arruntera agoniaren penak iraganarazten zizkion ni-tasun sentimendu batez irtena zen. Muga gabeki zoritxarrekoa zen, eta agian (begi dirdaitsu haiek akusatzen zuten) errua betea zukeen. — Zoragarri benetan —berresan zuen. Baina ezin burutik aldendu Morganaren bekain hura.
[1] Orgy Porgy jatorrizko ingeles testuan. Onomatopeia joko bat denez gero eta euskaraz zuzenki ezin eman daitekeenez gero, bidezko deritzogu itzultzailearen euskaratze libre honi, berez oso adierazgarria izaki.
Bai mundu berria |