|
Bai mundu berria
Oharrak
Hemen duzue Huxley-ren nobelaren itzulpena, baina irakur dezazuenerako ohar batzuk ematea beharrezko zait. 1.— Gaztelaniazko bi itzulpen erabili ditut, Ramon Hernandez-ena eta Luys Santa Marina-rena. Lehenengoaz baliatu naiz gehienaz, baina noizik behin, hobeto iruditu zaidanean, bigarrenari jarraiki natzaio. 2.— Nobelaren orijinal ingelesa ia lana bukaturik nuela hartu nuen. Hasieratik eduki ahal izan banu, besterik izanen zen, baina errepasoan orijinalaz dena berriro ikuskatzen hasteari, lan haundiegia eta nahaspide gehiegi neritzan. Itzulpen honek, beraz, zerbait edo askorik galdu beharko orijinalari buruz. Shakespeare-ren zitak bakarrik errepasatu ditut orijinalaren arabera (hala Shakespearen oharrak nola besteak edizio digitalean liburuaren amaieran jarri ditugu). 3.— Itzulpenean zehar hitz batzuk aurkituko dituzue parentesi bitartean galdera seinale bat dakartenak. Esaterako 75-garren orrian: «Zegoen lekutik, Janztegiko nabearen (?) beste ertzetik...» Galdera hau agertzen denean, adierazten du hitz horretan ez nengoela guztiz segur eta ba litekeela zuek hitz egokiagorik aurkitzea. 4.— Beste hitz batzuk aurkituko dituzue, parentesi bitartean ere, beste hitz bat dakartenak. Esaterako 80-garren orrian: «Eta orain deiadarka ari ziren geroko eskaria (demanda)...» Honek esan nahi du ez nengoela guztiz segur «eskaria» jartzean «demanda» hitz hain teknikoa eta ekonomikoa adierazteko. Bietarik bat hautatu beharko da eta hori zeuen esku uzten dut. 5.— Gainetiko hitzetan ere, nahiz eta seinalatu gabe etorri, ordezko hoberik aurki badezazue, dudarik ere ez niregatik alda dezakezuela. Eta honela oharrik inportanteenera nator. Lan hau, neuk egina izan arren, guztiz zeuen esku usten dut. Zertan esanik ere ez, ortografia ondo begiratu beharko duzuela, ez bainago horretaz gehiegi enteratua. Aditzean ere ba liteke deskuidoren batzuk egotea. Baina horrez aparte ere, lexikoan batez ere, eskua sartu beharrik iruditzen bazaizue, lasai sartu niregatik, horixe baita nik nahi dudana, alegia, gutienez bete dadila Batasuna iritzita dagoen guztia, eta aurrerago jo ahal balitz, hobeto. Mila bider nahiago dut Batasunaren lana atera dadin, eta ez neurea. Ez diot hau apaltasunez edo zabaltasun tolerantez, konbentzimenduz baino. 6.— Aditzean aparteko kontua erabili beharko duzue aditz sintetikoekin. Batasunaren Kutxan ez dator aditz hauen flexiorik, baina uste dut beharrezko dela flexio hauek ere hurrengoan ateratzea, denak ez bada ere, patroi batzuk behintzat. Nik itzulpen honetan neuk ondoen neritzan erara moldatu ditut, baina ez nenbilen beti segur, ez jarriak gaizki daudelako, baizik, aditz laguntzailean bezala, forma askotatik bat hautatu behar delako. Nik hemen darabiltzadan aditz sintetikoen flexioak Batasunean geratuko diren bezalakoak izatea txiripa haundia litzateke. 7.— Azkenez, hitzaurre bat ere bidaltzen dautzuet, badaezpadan, behar bada egoki etorriko zaizuelakoan. Ba liteke zuek uste izatea inolako hitzaurrerik ez duela behar, edo behar duela baina beste era batekoa. Haugatik nik bidaltzen dautzuedanak ez zaituzte ezertara behartzen, eta paperontzira bota badezazue ere, ez duzue nirekin zorrik. Gel bedi, beraz, garbi, badaezpadan bidaltzen dudala, astia ere bai baitaukat. Are gehiago naturalago iruditzen zait argitaltzaileek berek eginiko hitzaurrea eraman behar duela nobela honek. Eta bukatzeko, bego garbi lehen esan dudana: nobela hau ez dudala neure kontsideratzen, Batasunaren giltzariena baino. Egizkizue, bada, nahi ditzazuen zuzentza guztiak eta sinets iezadazue ez diodala hau kunplimentuz, konbentzimentu osoz baino.
Bai mundu berria |