Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamargarren kapitulua

 

         Bloomsbury-ko Zentroko lau mila saletako lau mila erloju elektrikoen orratzek ordu biak eta hogeitazazpi minutu seinalatzen zituzten, «Erlontzi trebe» hura —zuzendariari atsegin zitzaionez deitzea— jo eta su ari zen lanean. Denak lanpeturik, dena ordenuz mugituez. Mikroskopioen pean, beren buztan luzeak amorrazioz dantzatuez, espermatozooak buruz aurrera sartzen ziren obuluen barrura. Ernalduez gero, obuluak hazten eta zatikatzen ari ziren, edo —bokanowskytuak— kimuak botatzen eta enbrioi populazio osoak sortarazten zituzten, Predestinamendu Sozialeko Salatik amai gabeko zintak zihoazen sotora, eta han behean, erdi itzal gorrixka hartan, bero berorik, beren peritoneozko bururdian egosiak eta odol artifizialez eta hormonaz aseak, fetoak hazten ari ziren, edo pozoindurik, ahulduez zihoazen geroko Epsilonak bihurtu arte. Furrundara ixilez, alasa mugikorrak ziri zara arrastatzen ziren Dekantamenduko Salarantz: hemen haur ontzitik atera berriek lehen hasperena jaurtikitzen zuten ikaraz eta sorpresaz.

         Subsotoan dinamoek intzirika eta aszentsoreek gora eta behera ziharduten. Haurtegietako hamaika pisuetan bazkalordua zen. Arreta haundiz etiketaturiko mila-eta zortzirehun haurrek xurga eta xurga ziharduten denek batera mila eta zortzirehun biberoitik, nork bere litro erdi kanpoko sekrezio pasteurizatu hartuez.

         Gorago, logelatzat zerabiltzaten hurrengo hamar pisuetan, bi sexuetako haurtxoak zeuden, txikiegiak oraindik siesta behar izateko. Hala ere, mundu guztia bezain lanpeturik zebiltzan, nahiz eta ez jakinean. Lezio hipnopedikoak oharkabez aditzen ari ziren: higiene eta soziabilidadea, klaseen kontzientzia eta bizitza erotikoa. Eta gorago oraindik jolasgelak zeuden. Euri eguna zelako, han zebiltzan jolasean bederatzirehun haur hazitxo. Behin adreiluak edo buztina lantzen ; ari ziren, behin kukuka edo joko erotiko arruntetara.

         Furrunnnn...! Erlontzia furrunka, lanean, alai. Alaiak ziren, bai, neskatxak kantatzen ari ziren kantak, entsegu tuboen gainera makurturik! Predestinatzaileek txistuka ziharduten lan egin bitartean. Dekantamenduko Salan txiste bikainik ere kontatzen zioten elkarri, frasko hutsen gainetik. Baina zuzendariak, Ernalmenduko Salan Henry Fostertekin sartzean, begitarte astuna, garratza eta harrizkoa zekarren.

         — Eskarmentu publikoa behar dik! —zioen—. Eta Sala honetantxe gainera, zeren hementxe baitago Zentroko inon baino goi-kastako langile gehiago. Bertora etortzeko esan zioat ordu biak eta erdietarako.

         — Bere egitekoa bapo betetzen du behintzat —esan zuen Henryk, zabaltasun hipokritaz.

         — Ba diakiat. Arrazoi bat gehiago alde, gogor egin diezodan. Adimendu haundikoa izateari bere erantzukizun moralak dagozkio. Gizon batek zenbat eta talentu haundiago eduki, hainbat eta ahal gehiago dik inor hondatzeko. Eta hobe duk baten sufrimendua, askoren hondamendia baino. Azter itzak gauzak hotzean Mr. Foster, eta aisa kargutuko haiz ez dagoela krimen okerragorik portaera heterodoxoa baino. Eraileak indibiduoa bakarrik eran ohi dik, eta kontuak kontu, zer da indibiduo bat? —Eta besoak zabaldurik, mikroskopio errezkadak, entsegu tuboak eta inkubagailuak seinalatu zituen—. Aisa fabrika zezakeagu beste berri bat; geuk nahi haina. Heterodoxiak, ordea, indibiduo baten bizia baino zer inportanteagorik amenazatzen dik. Gizartea bera amenazatzen dik. Bai, gizartea bera —esan zuen berriro—. Baina hemen diatork bera.

         Bernard salan sartu eta hurbilduez zetorren ernaltzaileen ilada artetik. Harroxka eta bere buruarengan konfiantzatsu agertu arren, nekez estal zezakeen barruko larritasuna. «Egunon, zuzendari jauna» esan zuen gogor eta absurdoki ozen. Gero, ordea, bere okerra zuzendu nahiez, farragarriro motel esan zuen: «Hona etortzeko eskatu zeneutan hitz egin diezadazun».

         — Bai, Mr. Marx —esan zuen gailenki zuzendariak—, ikustera etor henkidala eskatu neuan. Bart itzuli omen haiz bakazioetatik bueltan.

         — Bai —erantzun zuen Bernardek.

         — Baaaaai -a bokala idi orroa bezala luzatuez. Gero kolpera ahotsa gogorturik, hots egin zuen: Jaun-andreok, jaun-andreok.

         Berehalaxe bukatu zen neskatxen kantaketa beren entsegu tuboen gainean eta mikroskopiolarien txistuketa. Ixilaldi haundia egin zen. Denak erdirantz bueltatu ziren.

         — Jaun andreok —ekin zion berriro zuzendariak—. Barka iezadazue zuei lanak gelaraztea. Eginkizun latzak behartzen nau honetara. Gizarteko segurantza eta estabilidadea arriskuan ditugu. Arriskuan, bai, jaun andreok. Gizon honek —eta Bernard seinalatu zuen salati—, zuen aurrean duzuen gizon honek, hainbeste eman zaion eta, beraz, hainbeste eman behar lukeen Alfa-Gehiago honek, zuen lankide duzuen, edo hobeki esateko, zuen lankide zenuten honek, doilorki traditu du beragan ezarri genuen konfiantza. Deporteaz eta somaz eritzi heretikoak ditu, bizitza sexualean heterodoxia nabarmena darama, ez du nahi Gure Fordek irakatsiak obeditzerik eta lan orduetatik kanpo «haur bat bere fraskoan bezala» portatzerik —eta puntu honetara iristean T seinalea egin zuen zuzendariak—. Beraz, hona hemen, jaun andreok, gizartearen etsai bat, hona hemen Ordenuaren eta Estabilidadearen kontrako elementu subertsibo bat. Hona hemen Zibilizazioaren beraren azpi jale bat. Hauek honela direla, kanpora jaurtikitzea erabaki dut, eta lotsagarriro jaurtiki ere, Zentro honetan orain arte izan duen kargutik. Eta halaber erabaki dut Subzentrorik bajuenera bidal dezaten eskatzea; eta ahalik urrunen edozein populazio inportantetatik, honen zigorra ahalik ongarrien izan dakion gizarteari. Islandian ez du aukera haundirik izanen bere antifordkeriaz inor hondatzeko. —Geraldi bat egin zuen. Gero besoak uztarturik, Bernardengana itzuli zen haundikiro. — Marx —esan zuen—. Ager al dezakek arrazoirik ezarri dauadan zigor hau ez dezadan exekuta?

         — Bai, ba dezaket —erantzun zuen Bernardek gogorki.

         — Esak, bada, zein —esan zuen harrituxe zuzendariak, baina bere dintasunari zegokion majestaterik galtzeke.

         — Esan ez ezik, erakutsi eginen dut. Baina pasiluan dago. Egon pixka batean. —Bernard hurreratu zen agudo atera eta brasta ireki zuen—. Aurrera —agindu zuen.

         Eta eskaturiko «Arrazoia» han agertu zen denen bistan

         Ikara sartu zitzaien denei, arnasa ere kolpera etenik. Marmarketan hasi ziren gero harriduraz eta higuinez. Neskatxa gazte batek txilio bat jaurtiki zuen. Sila baten gainean zegoen hobeto ikusteko, eta zalantza egitean, bi entsegu tubo bota zituen espermatozooz beteak. Puzturik eta hanpaturik, gorputz gazte eta irmo haien artetik, edade berdineko, mamutzar harrigarri bat zetorren: Linda zen, bera sartu zen salan, bere irriparre baldres eta kolorgaz irri eginez. Ibilkera zatarragoa zuen oraindik berak ondulazio lizun ustez bere hankatzarrei eragiten zien mugimenduaz. Bernard ere alboan zetorren.

         — Hemen duzu —esan zuen Bernardek, zuzendaria seinalatuez.

         — Ez nuela ezagutuko uste al zenuen? —galdetu zion haserrez Lindak Bernardi. Gero zuzendariarengana itzulirik, gaineratu zuen: Jakina, bada, ezagutzen zaitudala, Tomakin. Edonon ezagutuko zintudan, bai eta mila personen artean ere. Zuk, ordea, ahazturik nadukazu behar bada. Ez al zara gogoratzen? Ezetz, Tomakin? Zeure Linda nauzu bada. — Lindak buru zeharka begiratzen zion, irriparrez oraindik. Baina zuzendaria hain harri eta mutur garratz ikustean, konfiantza galduez zihoan apurka, lehenengo irriparre hura zeharo itzali arteino. Ez al zara nitaz oroitzen, Tomakin? —esan zuen berriro Lindak ahots dardartiz. Aurpegi puztu hura are itsusiago jarri zen, oinaze biziko zeinu batez—. Tomakin!

         Lindak besoak zabaldu zizkion. Batzuek parreka hasi ziren ahapetik.

         — Zertara dator —hasi zen zuzendaria— hain...?

         — Tomakin!

         Linda aurrerantz abiatu zen bere atorra zaharra tatarrez, besoak zuzendariaren lepora jaurtiki eta aurpegia haren bularrean izkutatu zuen. Ez ziren parre algara makalak sortu jendartean.

         — Zertara dator hain usain gaiztoko txantxa nazkagarri hau? —hots egin zuen zuzendariak.

         Aurpegia gorri eta gori zuela, ahal guztiak egin zituen hain hertsiki besarkaturik zegokion emakumea soltatzeko.

         — Baina Linda nauzu, bada, Linda nauzu! —Parre algarak baretu ziren—. Ume bat egin zeneutan! —hots egin zuen Lindak parre hotsaren gainetik.

         Ixilune latza egin zen kolpera. Denak harrituak. Begiak nora ezik zebiltzan batetik bestera, norantz begiratu ez zekitela. Zuzendaria zurbil geratu zen bat batean, amore eman zuen, eta eskuak Lindaren eskuturretan zituela oraindik bekoz beko begira geratu zitzaion, izuturik.

         — Bai, ume bat... eta neu izan ninduen ama.

         Lindak desafio bezala jaurtiki zuen lizunkeria hura, ixiltasun zital hartan. Brasta apartatu zitzaion, lotsa lotsa eginik, eta aurpegia esku artean gorde zuen, negarrez

         — Ez zen nire erru, Tomakin. Nik beti egin nituen ariketak, ez al da egia? ez al da egia? Beti... Ez dakit nola... Ba zeneki Tomakin, zertzuk ikusi behar izan nituen! Hala eta guztiz ere haur hura kontsolagarri izan zitzaitan. —Eta atera bihurturik dei egin zuen—: John!

         John berehalaxe sartu zen. Atalburuan geralditxoa egin, ingurura begiratu, eta gero, bere orein larruzko abarkekin ixil abiaturik, belauniko erori zen zuzendariaren oinetan eta ozenki esan zuen:

         —Aita!

         Hitz honek, hitz honen zikinkeria farragarriak, pixka bat laxotu zuen ia eutsi ere ezineko tentsio hura. (Izan ere «Aita», hitza —umegintzaren okerkeria moralaz zer ikusi zuzenik ez zuenez gero— ez zen lizun, baizik zakar; lotsagabekeria pornografikoa ez baina eskatologikoa zen) Parre algarak berriro leher egin zuten, burrunbatsu, ia histeriko, elkarren atzean, inoiz amaituko ez bai ziren bezala AITA! Nor eta zuzendaria! AITA! O Ford! Entzuteko ere halakorik! Parrea parrearen gain, aurpegiak ia desintegra zorian, eta begiak ere malkoa zeriela. Espermatozooz beteriko beste sei entsegu tubo hankaz gora joan ziren. AITA!

         Zurbil zurbil, begiak lekutik atereak, zuzendaria begira geratu zen ingurura apaldura erogarrizko agonian.

         AITA! Parre algarak itzaliaz zihoazelakoan, inoiz baino gogorrago leher egin zuten. Zuzendariak esku atzean aurpegia gorde eta korrika aldegin zuen salatik.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971