Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamairugarren kapitulua

 

         Henry Foster Enbrioi Almazeneko arginabar gorriskatik agertu zen

         — Nahi al duzu gaur gauez sensoramara joan?

         Leninak ezetz egin zion buruaz, ezer esateke.

         — Besteren batekin al zoaz?

         Henryk ardura haundia zeukan beti bere lagunek zer bikote egiten zuten jakiteko.

         — Benitorekin, ala? —galdetu zuen.

         Leninak berriro ere ezetz buruaz.

         Henryk hauteman zuen Leninaren purpura begietako neke espresioa, haren azalaren zurbila lupus dizdiraren azpitik, eta irriparre nahiko zituen ezpain ertz gorri haietako tristura.

         — Ez al zaude gaixorik gero? —galdetu zuen arduratuxe, oraindik geratzen ziren gaixo itsaskorren bat Leninak ote zeukan beldurrez.

         Leninak hirugarrenez ezetz buruaz.

         — Nola nahi ere, medikuarengana joan behar zenuke —esan zuen Henryk—. «Medikua ikus, minak ihes» —gaineratu zuen amultsuki, bizkarrekotxo batez lagundurik irakatsi hipnopedikoa—. Izor Orde baten beharra duzu agian —sujeritu zion—, edo G.B.A.ren tratamendu gogor bat. Ba dakizu, bada, batzuetan Grina Bortitz Artifizialaren indarra ez dela iristen...

         — Forden amodioarren! —esan zuen Leninak bere ixiltasun tematia hautsirik—. Zaude ixilik behingoz!

         Eta bizkar emanik, bere enbrioiei ekin zien berriro.

         G.B.A.ren tratamendua? Parreari emanen zion Leninak, ia negar egitekotan egon izan ez balitz. Bere G.B.A.rekin ere aski ez balu bezala! Xiringatxo bat bete bitartean, hasperen sakona egin zuen. «John —murmurikatu zuen berekiko— John...» Gero galdetu zion bere buruari: «Ford! eman al diot honi loeriaren kontrako indiziorik? Ala ez al diot oraindik eman? Ezin gogoratu. Azkenez ebatzi zuen bigarren dosirik ez sartzea badaezpadan, eta hurrengo hilarara pasa zuen fraskoa.

         Geroztik hogei eta bi urte, zortzi hilabete eta lau egunera, Alfa-Gutiago gazte eta Muanza-Muanzako administrari etorkizuntsu bat tripanosomiasiz hilen zen. Lehenengo kasua mende erdi baino gehiagoan. Hasperenka, Leninak jarraiki zuen bere lana.

         Ordu erdi geroago, Janztegian, Fanny agiraka bizian ari zitzaion.

         — Absurdoa dun horrela jokatzea. Absurdoa benetan —esan zuen berriro—. Eta zergatik guztia? Gizon bategatik! Gizon bakartxo bategatik!

         — Huraxe dun, ordea, gustatzen zaitan bakarra.

         — Munduan milioika gizon ez baleude ere!

         —  Baina niri ez ziaizkidan gustatzen!

         — Nola dakin hori, frogatu ez baditun?

         —  Bai ditinat frogatu!

         — Zenbat, ordea? —galdetu zuen Fannyk mesprexuz, bizkarrak uzkurturik

         — Dozenaka. Eta alfer alferrik —esan zuen Leninak buruari eraginez

         — Ba, ekin egin behar dion —esan zuen Fannyk sententzia gisa. Bistan zegoen, ordea, bere kontseiluetan ere ez zeukala ia konfiantza haundirik—. Ekin ezik ez diagon ezer lortzerik.

         — Baina bitartean...

         — Ez ezan harengan pentsa

         — Ezin dinat ebita.

         — Har ezan soma apur bat

         — Hartzen dinat.

         — Segi orduan aurrera.

         — Baina bitarteetan gustatzen ziaidan. Beti gustatuko ziaidan.

         — Beno, horrela baldin bada —esan zuen zarta Fannyk— zergatik ez haiz joan eta harrapatzen? Nahi dezala nahiz ez dezala.

         — Baheki zer arraro egon zen!

         — Hainbat arrazoi gehiago zirt edo zart egiteko

         — Esan bai erraz hori

         — Utz itzan tontakeria hoik. Egin ezan egitekoa —Fannyren ahotsak tronpetaren hotsa zirudien. «Fordtar Gazteen Elkarteko» hizlaria zirudien, Beta Gutiago gaztetxo talde bati gaueko hitzaldi bat emanez—. Egin ezan, bai, egin berehalaxe. Egin ezan oraintxe.

         — Lotsa naun —esan zuen Leninak.

         — Egin aurretik gramo erdi soma hartzea dun aski. Eta orain ba nihoan neure bainua hartzera. Eta bertatik tente irten zen, eskuoihala tatarrez zeramala.

         Tinbreak jo zuen. Basatia urduri zegoen, Helmholtz arratsalde hartan ikustera etor zekion zain (zeren Helmholtzi Leninaz hitz egitea ebatzi zuenez geroztik, ez zitzakeen apurrik ez luza bere konfidentziak). Salto bat eman zuen, bada, eta aterantz abiatu zen korrika.

         — Etorriko hintzela ematen zieutaan barruak, Helmholtz— hots egin zuen atea irekiez.

         Nor ordea, ate aurrean? Saten azetatozko marinel jantzi zuriz, eta buruan xanotxo biribil bat, zuria hau ere, ezkerrerantz maltzurki okertua: Lenina zen bera.

         — O! — hots egin zuen Basatiak, norbaitek makilada itzel bat eman balio bezala.

         Gramo erdi izan zitzaion aski Leninari bere beldur lotsak uxatzeko.

         — Kaixo, John! —esan zion irriparrez.

         Eta gelara sartu zen. John, automata gisa, itxi atea eta ba zerraion. Lenina jesarri zen. Ixilune luzea gero.

         — Ez dakit baina ba dirudi ni ikusteak ez zaituela askorik poztutzen, John —esan zuen azkenez Leninak.

         — Ez nauela poztutzen?

         Basatiak haserre airez begiratu zion. Gero bat batean belaunikatu zitzaion aurrean eta Leninaren eskutik oraturik, erreberentziaz mun eman zion.

         — Ez naizela poztutzen? O, bazeneki jakin! —esan zion ahapetik; eta begiak haren aurpegira altxatzen ausarturik, jarraiki zen: Lenina miragarria, miragarri guztien gailurra, munduan denik onenaren dina.

         Leninak ezin eztiago irriparre egin zion,

         — O, zu, horren perfekt —Lenina hurreratuez zetorkion ezpainak erdi zabalik—, horren perfekt eta paregabe —Lenina hurrerago eta hurrerago zetorkion—, izaki bakoitzaren onenaz kreatua! [1] —Hurrerago oraindik. Baina Basatia zutitu egin zen kolpera. — Haugatik —esan zuen, begiratu gabe hitz eginez—, zerbait egin nahi nuke lehenengo... Nahi dut esan, zure dina ba naizela erakutsi. Ba dakit, izatez ez naitekeela izan. Baina guztiz ezdina ere ez naizela erakutsi bederen. Zerbait egin nahi nuke.

         — Baina zergatik deritzazu horren beharrezko...? —hasi zen Lenina.

         Baina ez zuen fraserik amaitu. Haserre kutsua nabari zitzaion ahotsean. Emakume bat aurrerantz makurtzen denean, gero eta hurrerago, ezpainak erdi zabalik eta bat batean, tenteltzar bat zutik jartzen zaiolako, hutsaren gainera makurturik, aurkitzen denean... arraioa! arrazoirik franko du, bai, haserrez jartzeko, nahiz eta gramo erdi soma eduki odolean.

         — Malpaisen —zioen nahas mahaska Basatiak— mendiko lehoi baten larrua eraman beharra zegoen andregaiari... nahi dut esan, bat ezkon-gura zenean. Edo otso batena bestela.

         — Ingalaterran ez duzu lehoirik, ordea —esan zuen Leninak tonu irainkorrez.

         — Eta balego ere —gaineratu zuen Basatiak bat bateko haserrez eta arbuoiz—, hilen zituztelakoan nago helikopteroetatik edo gaz pozointsuz. Eta nik ez dut honelakorik inola ere nahi, Lenina. —Koadratu zitzaion, begiratzera menturatu zitzaion eta Leninaren aurpegia ezulerkor eta suminkor aurkitu zuen. Artega eta gero eta nahas mahasago, honela jarraiki zen: Eginen dut zerbait. Zeuk nahi dezazuna. Ba da deporte nekakorrik, ondo dakizunez. Baina ematen dautan atseginak sobera kitatzen daut neke hori. Horra zer gertatzen zaitan. Goiak eta beheak garbituko nituzke, zuk hala nahi bazeneza.

         — Baina aspirailuak baititugu hemen —esan zuen Leninak harriturik—. Ez dago horretarako beharrik!

         — Bai, noski, ba dakit ez dagoela beharrik. Baina ba da zenbait arlotekeria, nobleziaz egin daitekeenik [2]. Zerbait nahi nuke nobleziaz egin Konprenitzen al?

         — Baina aspirailuak egonik...

         — Ez, ez, hori ez.

         — ...eta Epsilon erdi ipotxak manaiatzeko —jarraitu zen Lenina—. Zergatik?

         — Zergatik? Ba... zeugatik! Zeugatik! Zenbat maite...

         — Eta zer dute zer ikusirik aspirailuak lehoriekin?

         — Zenbat...

         — ...edo lehoriek ni ikusteaz poztutzearekin?

         Lenina gero eta haserreago zoan.

         — ...zenbat maite zaitudan erakusteko bakarrik —bota zuen noizbait Johnek, ia desesperaturik. Leninari matrailera igo zitzaion odola, barruko bozkario urgoraren ezaugarri.

         — Benetan al diozu, John?

         — Baina ez nuen esan nahi —hots egin zuen Basatiak, eskuak bortxaz baturik agonian bezala—. Ez nuen esan nahi arik eta... Aizu, Lenina, Malpaisen ezkondu egiten da jendea.

         — Zer agiten dela?

         Ahoskera garraztuez zihoakion berriro. Zer katramila zekarkion, ordea, orain?

         — Betiko elkartzen dira. Betiko elkarrekin bizitzea agintzen dioten elkarri.

         — Bai buruera zantarra!

         Lenina atsekabeturik zegoen benetan.

         — «Kanpoko edertasunak baino gehiago iraunez, odola ahulduez doan baino azkoz bizkorrago birloratu ohi den arima batez... [3]

         — Zer?

         — Shakespeare-k dio beste hau ere: «Birjin korapiloa hauts badiezozu, zeremonia donetzaile guztiek rito osoz eta gurenez ahal dezaten baino lehen...» [4]

         — Forden amodioarren, John, ez ezazu aldrebeskeriarik esan! Ez dut diozunetik tutik konprenitzen. Lehen aspirailuak zirela, orain korapiloak. Burutik eragin behar dautazu. —Leninak salto egin zuen oin puntetan eta nola buruz hala gorputzez ere Johnek ihes eginen zion beldurrez, eskuturretik oratu zion, Erantzuiozu galdera honixe: gustatzen al natzaitzu benetan? Bai ala ez?

         Ixilunetxo bat egin zen; gero emeki emeki Johnek esan zuen:

         — Munduko ezer baino maiteago zaitut.

         — Orduan zer deabrugatik ez zeneutan esaten —hots egin zuen Leninak eta haserrearen haserrez hatzazalak sartu zizkion Johni eskuturrean—, Korapiloa, aspirailua, lehoia eta kopla, hainbeste astetan dohakabe ninduzularik?

         Soltatu zion eskua eta bortxaz apartarazi zuen.

         — Hainbeste ez bazintzaizkit gustatuko —esan zuen— arneguka nengokezu.

         Eta bat batera inguratu zion lepoa besoez; Johnek haren ezpain leunak sentitu zituen bereen kontrara. Hain eztiki leun, bero eta elektriko, non «Hiru aste helikopteroan»go musuez oroitu behar derrigor. «Oooo! Oooo!», neskatxa beilegi estereoskopikoa, eta «Aaaa! aaaa!» beltz super-erreala. Ikaragarria, ikaragarria, ikaragarria. Johnek egin zuen ahaleginik soltatzeko, baina Leninak estuago besarkatzen zuen

         — Zergatik ez zeneutan esaten? —esan zion aurpegia apartaturik bera ikusteko.

         Leninak akar xamurrez beterik zituen begiak.

         «Ez ziegarik ilunenek, ez lekurik hartarakoenek —trumoikatzen zion kontzientziak poesiaz— ez eta gure jeinurik gaiztoenen sugestiorik bortitzenek ahal dukete inoiz ene ohorea lizunkeria bihur[5]

         Sekula ere ez! Sekula ere ez!

         — Pello zozo! —esan zuen Leninak—. Zenbat desira zintudan! Eta zeuk ere desira baninduzun, zergatik ez...?

         — Baina Lenina... —hasi zen John aiko maikoka.

         Eta nola Leninak berehalaxe besarkada utzi eta apartatu zitzaion, Johnek memento batez pentsatu zuen konprenitu ziola bere ohar mutua.

         Baina Leninak xarol zurizko kartutxontzia soltatu eta kontuz kontuz sila adarretik esegi zuenean, susmo txarrak egiten hasi zen John erratua ote zegoen.

         — Lenina! —esan zion berriro ahalkez.

         Leninak esku bata leporatu eta tirakada gogor bat egin zuen beherantz. Marinel blusa zuria josturatik ireki zen. Susmoa egia bilakatu zitzaion.

         — Lenina, zertan ari zara?

         Leninaren erantzunak ez zuen hitzik behar.

         Dzist-dzast! Atera zen bere kanpai antzeko galtzetarik. Barruko arropak, pieza bakarrekoak, oskol arrosazko ematen zuen. Hartxintxarraren urrezko T dizdizka zeukan bularrean.

         «Leiho saretik gizonen begietara sartzen diren bular hoik...» [6] Hitz kantari, durduritsu, magiko haiek are arriskutsuago, are liluragarriago agerrarazten zioten Lenina. Hitz leunak, leunak, baina bai sarkorrak ere! Arrazoimena zulatuez, erabakirik sendoenak kraskatuez «juramenturik indartsuenak lasto antzo dira odolaren suarentzat. Absteni zaitez, edo bestela...» [7].

         Dzast! Arrosa koloreko biribildura bitan zabaldu zen, garbiro erdibiturik sagar bat bezala. Beso batzuk eraginka, hanka eskuina jasoez; gero ezkerra, eta horra prenda fina lurrean geratzen, hilik eta herturik.

         Zapata galtzerdiak oinetan eta xanotxo zuria buruan zituela, Lenina hurreratu zitzaion berriro.

         — Ene Maite, lehenago esan ukan bazeneut!

         Leninak zabaldu zituen besoak.

         Baina berak ere «ene maite» esan eta besoak zabaldu beharrean, Basatiak atzerantz egin zuen, besoak astinduez, abere intruso eta oker bat uxatzeko bezala. Lau pauso atzerantz eta horma kontrara aurkitu zen nora ezik.

         — «Ene maitetxo!» —ziotsan Leninak. Eta eskuak sorbaldetan kokaturik, arrimatu zitzaion— Ingura nazazu zeure besoez —agindu zion— Besarka nazazu, ene maite, drogatua gel nadin arte.—Ba zuen Leninak ere poesia bikainik, ba zekien berak ere hitz kantaririk, formula magikoen eta danbor hotsaren antzeko zirenak—. Muxuka nazazu. —Leninak itxi zituen begiak eta bere ahotsa erdi lotako murmurika bezalatsu egin zen—. Muxuka nazazu, hil zorian nadin arte; besarka nazazu ene maite... Basatiak oratu zion eskuturretarik, erauzi zizkion besoak bere sorbaldetarik eta beso bat hurrun apartarazi zuen beregandik.

         — Ai! Min egiten dautazu... O!

         Lenina ixildu zen kolpera. Izuaren izuak mina ahantzarazi zion. Begiak irekitzean, Johnen aurpegia ikusi zuen. Ez, hura ez zen Johnen aurpegia, ezezagun amorratu batena baizik, zurbilik, zimurrik, sumin eroz bihurrikaturik.

         — Baina zer gertatzen zaitzu, John? —murmurikatu zuen Leninak.

         Basatiak ez zion erantzun. Bekoz beko begira zegokion bere ero begiez. Leninari eskuturretarik oraturiko eskuak dardarka zituen. John arnasa estuka ari zen irregularki. Ahul, ia oharkaitz, baina beldurgarri, Leninak bat batean haren hortz karraska entzun zuen.

         — Zer gertatzen zaitzu? —esan zuen ia txilioka. Eta txilio harexek iratzarri balu bezala, Johnek sorbaldetarik oratu eta astinaldi ederra eman zion.

         — Mari urde! —hots egin zion—. Mari urde! Bargastatzar lizun hori! [8]

         — O, ez, ez...! —protestatu zuen Leninak, astinaldiek farragarriro eteniko ahotsez.

         — Mari urde!

         — Mesedeeeez!

         — Mari urde madarikatua!

         — Graaamo baaat hooobe daaa...

         Basatiak hain bortxaz jaurtiki zuen beregandik, non Lenina zalantzatu eta erori egin baitzen.

         — Hoa! —hots egin zuen Johnek, bere ondoan zutik, mehatxuka—. Ospa hemendik berton garbitzea nahi ez badun.

         Eta ukabilak itxi zituen. Leninak beso bat jaso zuen aurpegia estaltzeko.

         — Ez, mesedez, ez, John...

         — Agudo gero! azkar!

         Besoa goian oraindik eta Johnen mugimenduak izu begiz jarraikiez, zutitu zen Lenina eta erdi kokoriko eta burua gordeez, bainutegirantz abiatu zen korrika.

         Martxa bizkorrarazteko Johnek jo zuen txalo izugarriaren hotsak pistola tiroaren zarata atera zuen.

         —O! —oihukatu zuen Leninak aurrerantz saltatuez.

         Bainutegian giltzez zarraturik eta salborik ia, Lenina bere ubeldurak kontatzen hasi zen. Zutik eta ispilura atzez, burua bueltatu zuen. Sorbalda gainetik begiraturik, han zekusan argi argi eta gorri gorri esku zabalaren hatza, bere nakar koloreko larruaren gainean, Kontuz kontuz igortzi zituen minbera zeuzkan alderdiak.

         Beste gelan dinbi-danba zebilen Basatia alderik alde, pausakera itzelean, danborren konpasera eta hitz magiko hauen musikara: «Xepetxa jaurtikitzen zaio gainera eta horra urrezko eulitxoa lizunkoi portatzen ene begien aurrean». Hitzek erogarriro hots egiten zioten belarrian. «Ez dago mierlarik ez zaldi zikinik lehiazago horretara jotzen duenik. Gerritik behera zentauroak dira, nahiz eta gerritik gora emakumeak izan. Gerritik gorakoa Jainkoengandik hartu dute. Handik beherakoa, ordea, dena dute deabruzko, dena dute ifernu, ilunbe, sufre leza, sutan, irakiten, kirastua, usteldua. Uf! Emaidazu ontza bat algalia, botikari jauna, pixka bat goza dezadan ene irudimena.» [9]

         — John! —ausartu zen deitzera ahostxoa bainutegitik, Basatiarekin adiskidetu nahiez—. John!

         «Oi, zu belartxar, hain eder eta lurrintsu, zentzuak zugatik zorarazten dituzuna! Nola egina izan da hain liburu ederra, «ematxar» idazteko bertan? Zu hurreratzean, sudurra estaltzen du zeruak...» [10]

         Baina Leninaren lurrina inguruan zebilkion oraindik, eta Johnen jakea hirineztaturik ageri zen Leninaren tertziobilozko gorputza lurrindu ukan zuen hautsez.

         «Bargasta zikina, bargasta zikina, bargasta zikina». Ritmo errukigabe hura mailuka ari zitzaion. «Bargasta...»

         — John, eman al zenietzaket arropak?

         Basatiak batu zituen lurretik kanpai antzeko galtzak, blusa eta azpiko prenda.

         Ireki! —agindu zion, ateari ostikada bat emanik

         — Ez, ez dut nahi.

         Ahotsa ikaraz eta deskonfiantzaz entzun zen.

         — Beno, nondik arraio ematea nahi duzu, orduan?

         — Pasa itzazu ate gaineko haizegailutik.

         Johnek hala egin zuen eta gero berriro ekin zion bere joan etorri urduriei gelan zehar. «Bargasta zikina, bargasta zikina... Haragikeriaren deabrua, bere ipurdi biribilez eta patatazko hatzamarrez...» [11]

         — John!

         Basatiak ez zuen erantzuten. «Ipurdi biribilez eta patatazko hatzamarrez.»

         — John!

         — Zer nahi dun? —galdetu zuen Johnek betilun.

         — John!

         — Ba... emanen bazeneut nire kartutxontzi malthustarra...

         Leninak jesarrita zirauen alboko gelako pauso hotsa entzunez eta bere burua galdez zenbat denboran ibiliko ote zen John han batetik bestera, ea zahi egonen ote zen Johnek bere pisutik aldegin arte, ala beroaldi hura baretzeko haina denbora emanez gero, ahal izanen ote zuen lababoko atea ireki eta korrika abiatu kanpora.

         Asmaketa larriotan ziharduela, hara telefono hotsa alboko gelan. Johnen joan etorriak kolpera bukatu ziren. Leninak Basatieran ahotsa entzun zuen ixilarekin elkar hizketan.

         — Esan.

         ...

         — Bai.

         — Neure burua trukatu ezik, nerau nauzu.

         — Bai. Ez al dautazu entzun? Mr. Basati nauzu

         ...

         — Nola? Nor dagoela gaixorik? Jakina, bada, axola zaitana.

         — Baina ezer graberik al da? Hain gaizki al dago emakumea? Berealaxe noa.

         ...

         — Ez dagoela bere gelan? Nora eraman dute, bada?

         ...

         — Oi ene Jainkoa! Emaidazu zuzenbidea.

         ...

         — Park Lane, hiru, ez al da? Hiru? Eskerrik asko.

         Leninak aurikularraren esegiera entzun zuen eta gero pauso hots bizkorra. Ate bat brasta itxi zen. Gero ixilune. Joana ote zen John?

         Kontuz baino kontuzago, Leninak zentimetro erdi atea ireki eta zirritutik begiratu zuen. Gela hutsik ikustean lasaitu zen pixka bat. Gehixeago ireki eta burua atera zuen, Azkenez oinen puntan sartu zen gelara. Adi adi jarri zen, bihotza taupaketa bizian ari zitzaiola. Gero kanporako aterantz korrika abiatu, ireki, pasilura pasa, brasta itxi berriro, eta korrika jarraiki zen. Eta aszentsorea harrapatu eta beherantz hasi arte, ez zuen bere burua salbo ikusi.

 

[1] Admired Miranda!

     Indeed the top of admiration! worth

     What's dearest to the world!...

     ... but you, O you,

     So perfect and so peerless, are created

     Of every creature's best! (Ekaitza, III, 1)

[2] There be some sports are painful, and their labour

     Delight in them sets off: some kinds of baseness

     Are nobly undergone (Ekaitza, III, 1)

[3] Outliving beauty's outward, with a mind

     That doth renew swifter than blood decays. (Troilo eta Kresida, III, 2)

[4] If thou dost break her virgin-knot before

     All sanctimonious ceremonies may

     With full and holy rite (Ekaitza, IV, 1)

[5] The murkiest den,

     The most opportune place, the strong'st suggestion.

     Our worser genius can, shall never melt

     Mine honour into lust (Ekaitza, IV, 1)

[6] For those milk paps that through the window bars

     Bore at men's eyes (Timon Ateneteako, IV, 3)

[7] The strongest oaths are straw

     To the fire i' the blood: be more abstemious,

     Or else, good night your vow! (Ekaitza, IV, 1)

[8] Imprudent strumpet! (Otelo, IV, 2)

[9] The wren goes to 't, and the small gilded fly

     Does lecher in my sight...

     ... The fitchew, nor the soiled horse, goes to 't

     With a more riotous appetite.

     Down from the waist they are Centaurs,

     Though women all above:

     But to the girdle do the gods inherit,

     Beneath is all the fiends';

     There's hell, there's darkness, there's the

     sulphurous pit,

     Burning, scalding, stench, consumption; fie,

     fie, fie! pah, pah! Give me an ounce of civet,

     good apothecary, to sweeten my imagination (Errege Lear, IV, 6)

[10] O thou weed,

     Who art so lovely fair and smell'st so sweet

     That the sense aches at thee...

     ... Was this fair paper, this most goodly book,

     Made to write 'whore' upon?

     ...Heaven stops the nose at it... (Otelo, IV, 2)

[11] How the devil Luxury, with his fat rump and

     potato-finger, tickles these together (Troilo eta Kresida, V, 2).

     Shakespeare-ren denboran patata afrodisiakotzat ematen baitzen.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971