Amaibako heriotza
Jose Gorostiza

Muerte sin fin, 1939
euskaratzailea: Josu Landa
Idatz & Mintz, 2009

 

 

Aurkezpena

 

      Jose Gorostiza, Mexikon XX. mendean idatzi den poemarik onenaren egilea, euskaldun baten semea izan zen. Datu hutsal honek ez du agian garrantzi berezirik poeta honen bizitzan edo idatzi zuen maisulanean, Muerte sin fin (Amaibako heriotza) izeneko poeman, hain zuzen ere. Baina egia historiko honek areago justifikatzen du lan hau beraren arbasoen euskara zaharrera bihurtzeko ekimena. Alfonso Reyes-en hitzetan, “Mexikar Poesiaren koroako harribitxia” den honek berez eta besterik gabe mereziko luke mintzaira guztien harrera ona. Idazleari buruzko zenbait zertzelada gogora ekartzeak, halere, erants liezaioke kolore zerbait —ez mamirik, ordea— poemaren euskaratze lanari, olerkariaren asaben mintzairara itzultzeari, alegia.

      Poetaren aita, Celestino Gorostiza Eskauriza, José María Gorostiza Zaballa eta María Eskauriza Homo-ren semea, Barakaldon (Bizkaia) sortu zen 1869an. Artean nerabe zelarik lehorreratu zen Ameriketan, Kuban ziren indar inperialen soldadu joanik, eta zeregin horretan jardun zuen zazpi urte eta erdiz kasik. XX. mendearen hastapenerako Mexikon bizi zen jadanik, Canpeche-tik zetorren Elvira Alcara-rekin ezkonduta. 1901ean seme Jose jaio zitzaien, Villahermosa hirian (Tabasco). Aguascalientes hirian Espainiak daukan Kontsulatu-ordekoak 1914an emandako agiri batek egiaztatzen du don Celestino bertan egon zela orduan, Mexikoko Banku Nazionaleko gerente edo kudeatzaile. Aurrekari hauek Muerte sin fin euskaratzera are gehiago behartzen nindutela pentsatu nuen, beti ere halako obra handia hizkuntza guztietara itzuli beharra dagoela konbentziturik ene barne muinetan: eta bete-betean sinistuz —eta espero dut sinesmen hau sobera alegiazkoa ez izatea— haren euskarazko bertsioa aberasgarri gerta lekiokeela hizkuntza honetan izkiriatzen den poesiari ere.

      Muerte sin fin 1939an argitaratu zen estreinako aldiz. Urte beltz hartan Espainiako Errepublika erabat azpiratua izan zen, baita Bigarren Mundu Gerra deitu ohi dugun sarraski ikaragarri hura hasi ere. Ez da harritzekoa, beraz, hain poeta sentibera izaki, Mendebalde osoa askoz lehenagotik ere itotzen ari zen giro bortitz eta goibel hark Jose Gorostizari berari ere eragitea; gutxienez gizaldi bereko 1914. urtean hasia zen lehen Gerra Handia gertatu zenez geroztik.

      Baina ez da garai hartan heriotza nonahi su eta gar zabaltze hura Gorostizaren 775 lerroko silbaren nondik norakoak azaltzen dituen zio bakarra, askoz urrunago doan zerbait baizik, hots, herio eta beronen ezinbesteko aurkariaren artean dagoen osagarritasun enigmatikoa: etorkizunaren agonia, gizakiaren zati bat bezala ulertua. Amaierarik gabeko —hau da, mugagabeko ondorioak eta esanahia dituen— poema hau agertu zenetik iragan diren 70 urteotan hainbat interpretazio egiten saiatu dira eta kritikoki baliagarri eta onargarriak diren guztiak bat datoz dagokion izaera ontologiko hori onartzean. Ez dago ukatzerik Amaibako heriotza idazlan zaila dela, eta garai guztietako lirikarik onenak lengoaiari jokarazi dion jokoan ohitu eta trebatu gabeko irakurleek nekez ulertuko dutela. Baina ez gara hemen beste azalpen bat ematen hasiko, ezta orain arte eman direnetariko bat geure egiten ere, ez eta, azkenik, agertu diren jarreren sintesi edo laburpen bat eskaintzen ere. Ekin diezaiola irakurle bakoitzak lana deszifratzeari bere kabuz, eta egoki baldin baderitzo, edo nahiago baldin badu soilik. jo dezala Gorostizaren testuaren gainean egin diren exegesi ugarietako edozeinetara.

      Amaibako heriotza poema luzeen arloan sartzen da bete-betean eta, zehazkiago mintzatuz, silba barrokoaren eitean, Gongora-ren Soledades eta sor Juana Ines de la Cruz-en Primero sueño lirateke haren aurrekari batzuk. Bide batez esanda, aipatutako azken idazle hau oso lotua egon zitzaion euskarari, nahiz eta haren bizitza eta lanaren ikertzailerik ospetsuenek alde batera utzi duten gertaera bau. Lanaren tankera zehatza, hala ere, bere soiltasunean, urrun dago barroko klasikoak hain maiteak zituen apaingarri eta gehiegizko hitz andana dotoreetatik. Zerk ematen dizkio Gorostizaren lanari sotiltasun eta handitasun horiek? Mendebaldeko poesia zorrotzenaren tradizioaren barnean kokatuta egoteak, hain juxtu: haren erlijiotasun handiak, gizakia lotzen baitu lehenik giza munduarekin eta jainkozkoarekin atzera ere; haren egitura sendoak eta gerra arteko fenomenologia dotore baten zerbitzupean jarritako prosodia irmoak (bestela dirudien arren, ez da benetako teoria bat).; lengoaiaren joritasunak eta erritmoak. Ezaugarri hauek guztiok direla eta, Muerte sin fin joan den mendean Mexikon izkiriatutako poemarik onena ez ezik, bertan sekula idatzi direnen artean bikainenetakoa ere bilakatu da.

      2004. urte amaieran lotu nintzaion Muerte sinfin euskarara bihurtzeko lan atsegingarriari, 2005eko otsailean amaituko zitzaidan urte sabatikoan, beste zenbait zereginen artean. Honek esan nahi du lanak Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoaren babesa izan zuela, bertako Filosofia eta Letretako Fakultatean jarduten baitut irakasle. Halaber, Euskal Herriko Unibersitatearena ere bai, Euskara Erretoreordetzaren bidez, Ludger Mees doktorearen ardurapean. Erakunde honetan ezinbestekoa izan zen, eta erabakigarria ene proiekturako, Pilar Etxeberriak eta Joxe Azurmendik, bai ene lanari, bai neuri ere egin zidaten harrera on eta eskuzabala. Poemaren lehen euskal bertsioa xehetasunez berrikusi zuten Luigi Anselmi poeta eta itzultzaile bilbotarrak, Juan Kruz Igarabide olerkari eta narratzaile gipuzkoarrak eta Txema Larrea kritikariak, hau ere Bilbo ingurukoa. Haien iritzi eta oharrak funtsezkoak izan ziren nire lanerako. Ezinezkoa da euskaraz Gorostizaren poema luzearen musikaltasun, erritmo eta metrika birsortzea. Euskara eta gaztelaniaren egitura desberdinek eta hizkuntza bakoitzari dagokion logikak galarazten dute. Zenbaitetan erabaki ausartak hartu beharrean egon nintzen, ene poesiarekiko sena beste gidaririk izan ez nuela. Gorostizak idatzi poemaren esanahia albait zehatzen gordetzea espero dut, haren prosodiatik ere sobera urrundu barik. Dena dela, aitortu beharra daukat neu naizela finean Amaibako heriotza deritzan testu honen azken emaitzak izan ditzakeen huts eta akatsen erantzule bakarra.

      Erakutsi duten eskuzabaltasun eta elkartasuna direla-eta, aipatutako guztiei bihoazkie ene eskerrik beroenak, baina badira, Muerte sin fin euskaratu nuenetik kaleratu arte igaro den epe luzean, arrazoi berberengatik, esker ona zor diedan beste lagun batzuk. Besteak beste, Dña. Josefina Ortega eta Dña. Martha Gorostiza, poetaren alarguna eta alaba, hurrenez hurren, baimendu baitzuten argitalpen hau, eskuzabaltasun osoz. Eskerrik anitz ere David Huerta poeta paregabeari, Goroztizaren obraren ikerle eta aztertzaile handia izan zen Arturo Cantú-ri —liburu hau kalean ikusteko poza sentitu gabe herioak eraman baitzuen— eta Eduardo Clavé editore zorrotzari ere: izan ere, ezin ulerkorrago agertu ziren euren babespeko poetaren lana euskaratzeko ene asmoekiko. Gainera adore eman didate etengabe azken lau urteotan, egunen batean argitaratuko zelako itxaropena gal ez nezan. Eduardo Dave-ri gainera, zor diogu Arturo Cantúk finkatu zuen jatorrizkoaren taxutze tipografikoa hutsaren truk emateko karitatea. Jesus R. Jauregi artista adimentsuaren laguntza ere aipatu beharra daukat hemen, garrantzi handikoa berau ere, hala nola kausa nobleen alde beti agertzen den Teresa Querejazu. Eta ezin ahantz ditzaket Labayru Ikastegiko Ander Manterola, Igone Etxebarria eta Segundo Oar-Arteta ere. Haien bermerik gabe, haien babes moral eta material errimerik gabe, ez zen Gorostizaren lana agertuko orain, Mexikon lehen aldiz argitaratu eta 70 urtera, Euskal Herriko ama hizkuntzan berean.

 

J.L.

Euskerara itzulpena:
Luigi Anselmi

 

 

Amaibako heriotza
Jose Gorostiza

Muerte sin fin, 1939
euskaratzailea: Josu Landa
Idatz & Mintz, 2009