Hamahiru ate
Zer naiz ni? zer egiten dut hemen? Zein dut bizitzaren helburua?
ZUBIA
Ni zurruna eta hotza nintzen. Ni zubia nintzen eta amildegi baten gainean nengoen. Oinak mutur batean eta atzamarrak bestean kokaturik nituela, tinko errotzen nintzen lokatz bigunean. Ene zamarraren hegalak aldeetan linburtzen ziren. Eta ene azpian, han behean, erreka hotz bat iragaiten zen orroaka. Turista bat ere ez zen mendi zail haietaraino ausartzen; zubia ez zen inongo mapetan agertzen. Beraz, ni han netzan, esperoan; ezin nuen ezer egin itxadotea salbu. Hondatzen ez den artean, zubi batek, behin eraikiz gero, ezin dio zubi izateari uko egin. Egun batez arrats beheran —lehenengoan, milagarrenean?, ez dakit— iritsi egin zen. Ene pentsamenduak lausoak ziren, zirkulutan biraka beti; uda ilunabar bat zen, errekaren zarata sorgorragoa, giza oinotsen zurumurrua aditu nuenean. Eneganantz dator, eneganantz! Tinka zaitez, zubi, presta zaitez, gaina, leporatuko zaizun bidaztiaren zama aguantatzeko! Bere pausoa zalantzazkoa baldin bada, lasai ezazu, mugitu gabe, baina oreka galtzen baldin badu, erakutsi egiozu zure azkartasuna eta, mendietako jainko legez, eraman ezazu bestaldera, lur segurura! Iritsi zen; bere makilaren burdinazko puntaz ikertu zuen ene finkotasuna; ondoren, punta berberaz, ene zamarraren hegalak altzatu eta atondu zituen ene atzealdean. Bere makilaren punta ene ile harroetan murgildu zuen, eta luzaroan utzi zuen han, nitaz ahazturik agian, bere ingurura begirada basatiak ematen zituelarik. Baina bat-batean —nik mendi eta haran gainetaz pentsatzen nuen artean— ene bizkar gainera jauzi egin zuen oin biekin. Min gotor bat senditu nuen, zer gertatzen ari zen entelegatu gabe. Nor ote zen? Haurren bat? Ametsen bat? Bidaztiren bat? Suizidaren bat? Tentaldizko edo hondamenezko espirituren bat? Eta horixe jakiteko itzuli nintzen. Zelan itzul daitekeen zubia? Bada, ene mugimendua hasi besterik ez eta, jadanik, erortzen ari nintzen, erortzen, eta istant batean urratu eta suntsitu ninduten han beheko arrokek, erreka aldetik beti lasai behatzen ninduten arroka zorrotz haiek.
EZETZA
Neskatila eder bat kausitzen dudalarik eta «Lagunduko nauzu?» galdetzen diodalarik, berak erantzuten ez duenean, bere isiltasun honek hauxe esan nahi du: — Ez zara titulu ospetsuko duke, ez larru gorri plantako amerikarra, begi orekatu eta lasaiduna, larrua lautada eta ibaietako haizeek gogortua, ez duzu ozeano handietan edo non dauden ez dakidan itsaso horietan bidaiarik egin. Beraz, zergatik lagunduko zaitut nik, neskatila eder batek? Nik hauxe erantzungo nioke: — Ez zara ohartu ez zaituela auto dotoreren batek kaleetan barrena paseatzen; ez dut ikusten zure segitaldean zaldun andanarik zure inguruan semizirkuluak egiten, lauseguak eskaintzen; zure bularrak ondo sakaturik daude zeure alkondararen barruan, baina zure gerria eta izterrak hantuagoak dira; iragan udazkenean hainbeste alaitu ginduen jantzia daramazu, tafetan lisuzkoa, eta hala ere irribarrez zaude noizean behinka zeure gorputza arriskuan jarririk. Biok arrazoia dugunez, eta egia aurrez aurre ez jasotzeko, nahiago dugu, horrela, bakoitza bere etxera joatea.
AHAZTU
Goizaldea zen. Kaleak garbi eta hutsik zeuden. Estaziorantza nindoan. Ene erlojua dorreko erloju handiarekin frogatzean konprenitu nuen, nik uste baino beranduago zela eta arinago joan behar nintzela. Berandu nindoalarik ene bideaz ere ez nintzen zihur senditzen, ez bainuen ziudadea ondo ezagutzen. Zorionez, polizia bat zegoen hurbil. Beregana joan eta arnas hestuka nion galdetu ea zein zen ene bidea. Barre egin eta esan zidan: — Bidea ezagutu nahi duzu? — Bai —esan nuen— nik ez baitut ezagutzen. — Ahaztu, ahaztu ezazu —esan zuen, eta itzuli egin zen, bere bostean barre egin nahi duenaren gisan.
HILAK
Sarritan erortzen dira gizon hilak kalean, eta han geratzen dira. Orduan, merkatariek ireki egiten dituzte beren ateak, salgaiez hornituak, arinka irtetzen dira, hila jaso eta etxeren batean gordetzen dute, eta berriro irtetzen dira kalera, irribarrea ezpainetan, esanaz: «Egunon... Zerua gris dago... Zetazko zapi asko saldu dut... Bai, gerla haroa da... »
ERREGEA ETA MEZULARIAK
Hautatzeko eman zitzaien, Errege ala Erregeren mezulari izan. Haurren gisan, mezulari izan nahi zuten guziek. Horregatik, mezulari besterik ez dago, arineketan dabiltza eta —Erregerik ez dagoenez— zentzurik gabe daramatzate mezuak, bata bestearen ondoren. Gustora hilgo lituzkete beren buruak, baina ez dira ausartzen, zerbitzu horretan fideltasuna zin egin baitzuten.
Hamahiru ate |