Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985

 

VIRGILIO PIŅERA

 

 

 

La Habana hirian sortu zen 1912 urtean,
baina Buenos Aires aldean erbesteraturik bizi izan zen
1946 eta 1958 urteen artean. Gero, sorlekura itzulirik,
iraultzak homosexualitatea ametitzen ez zuen garaian,
problemak izan zituen 1979 urtean hil arte.

Bere ipuinetako umorismoa aluzinantea,
angustiatua eta ironikoa da
.

 

 

 

LO EGIN EZINEAN

 

      Goiz oheratu da gizona. Ezin du loak hartu. Itzulika ari da ohean behin eta berriro. IzAra artean endredatzen da. Irakurri egiten du alditxo batez. Berriro itzali du argia. Baina lorik egin ezin. Goizaldeko hiruretan jaiki da. Alboko laguna esnatu denean, lorik ezin duela egin aitortu dio lagunari. Aholkua eskatu du. Paseatzeko gomendatu dio lagunak, ea horrela apur bat nekatzen den. Gero ezki ura edan eta argia itzal dezala. Horixe egin du, baina hala ere ezin du lorik egin. Berriro jaiki da. Oraingoan medikuagana doa. Beti bezala, medikua berritsua da, baina gizona ez du loak hartzen. Goizeko seietan errebolberra kargatu eta tiro bat desarratu du bere buruan. Hil egin da gizona, baina ez du loak hartu ahal izan. Lo egin ezina arras iraunkorra baita.

 

 

INFERNUA

 

      Haur garenean, infernua ez da deabruaren izena besterik gure gurasoen ezpainetan. Gero ideia hori konplikatu egiten da, eta orduan ohean iraultzen gara, adoleszentziako ordu amaigabeetan, erretzen gaituzten sugarrak —imajinazioaren sugarrak!— itzali nahian. Geroago, gure aurpegiek deabruaren antza hartzen ari direlako, geure burua ispiluetan begiratzen dugunean, infernuaren ideia bildur intelektual bat bihurtzen da, eta hainbesteko angustia horretatik ihes egiteko bera deskubritzea besterik ezin dugu egin. Zahartzaroan, infernua hurbilegi dago eta kalte derrigorrezkotzat onartzen dugu, eta antsia ere erakusten dugu infernua sufritzeagatik. Geroago oraindik (eta su artean gaude jadanik), erretzen ari garelarik lekura agian egoki gintezkeela otutzen zaigu. Mila urte iraganda, ea oraindik ere sufritzen dugun galdetzen digu deabru batek, momenturako aurpegi bat erakutsiaz. Errutinaren aldea sofrimenduarena baino askozaz handiagoa dela erantzuten diogu. Azken batean, infernutik irten gaitezkeen eguna ailegatzen da, baina inondik ere ez dugula irtengo erantzuten dugu; ezen, nork uzten du ohitura maite bat?

 

 

HERRENEN GAUZAK

 

      Herrenak, herrenak izan arren, joan-etorrian ibiltzen dira kaleetan. Muleta bakarreko herrenak daude, eta muleta biko herrenak, baina ez batzuek ez besteek ez dute lortzen gauza handirik, jendeak albotik pasatzean ia oharkabean besterik ez die begiratzen. Interesgarriagoak lirateke jendearentzat bandatan elkartu eta bakoitza bere zango galdua erreklamatzen hasiko balira. Baina ez, herrenari ez zaio beste herrenen laguntza gustatzen; itsuak, alderantziz, elkarrekin ibiltzen dira, beren makilekin zarata eginez...

      Hala ere, herrentasunari dagokion bakardade eta lotsa horri amore eman ordez, duela guti elkar kausitzeko punduan egon ziren herren bi.

      Herren hauetarik batek (eskuineko zangoa baitzuen herrena) bere zango onarentzat behar zuen zapata bat erosi, eta zapateria aurrean geratzea erabaki zuen —diskrezioarekin, noski— ea ezkerreko zangotiko herrenen bat eskuineko oinetako bila ailegatzen zen.

      Bere arrazonamendua miresgarria zen: Zertarako erosi bi zapata bat aski bazitzaion? Eman dezagun bi zapatok 2.000 pezeta balio dutela: Zergatik galdu diru horren erdia modu tontoan? Argi dago herrenek logika zehatz bat dutela.

      Alabaina, bizitza ez da dirudien bezain singlea. Horixe gertatu zen. Berak hainbesteko espero zuen beste herren horrek ere ideia berbera ukan zuen, baina, ostera, beste zapateria bat aukeratu zuen itxaroteko.

      Hori da hori kemena. Urteak iragaiten ziren, zorioneko enkontrua ez zen sekula suertatzen, baina ez ziren horregatik etsitzen. Jendeak, eskena odoltsu eta izugarrientzat besterik ez baitu imajinaziorik, herrenok espia internazionalak zirela imajinatu zuen, baina haien zapatak malenkoniaz begiratzen zituzten soilik eta inork ere ez zituen poliziara denuntziatu.

      Hala ere, beren bizitzetan ez da guzia halabehar eta drama. Halako egun batez, andere herren bi (ez abariziagatik, baizik eta ekonomia makalagatik) gure herren gizonezko bien ideia berbera ukan zuten eta, zorionak hala nahirik, gure istorioko herrenak urterik urte zeuden zapaterien aurrera etorri ziren.

      Herren gizonezkoek, hasieran, indiferentzia nabarmenez begiratu zieten. Andere zapatak gizonezkoen zapatekin ezkondu ezin badaitezke, zertara zetozen hara anderezko herren haiek? Ezen anderezko herren bat gizonezko herren baten alboan egotea edozein lekutan da logikoa, salbu eta zapaterian.

      Baina ar emeen arteko indar erakarlea fuertea da.

      Egun batez, finean, andere gizon herrenek amoroski begiratu zioten elkarri, eta beren muletatan sostengatuaz besarkatu ziren, elkarren bihotz taupadak entzuteko.

 

 

Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985