Hamahiru ate
Saki izenordearekin ezagunagoa da kazetari
GONBIDATUAK
— Leiho honetatik ikusten den paisaia xarmangarria da benetan —esan zuen Annabelek—; geriza horiek, landa ferdeek eta ibarrean behera suge antzera doan errekak, eta ezkurren artean agertzen den elizdorreak kuadro eder bat osotzen dute. Hala ere, erdilo eta hildurik dirudi dena, bare barea guzia. Hemen ez da sekula ezer gertatzen; ereiaroa eta uztaroa, elgorri aldiren bat, edo ekaitz suntsitzaile samar bat eta, host urtetan behin, hauteskunde ernetzaileak; horixe da bizitzaren ohitura aldatzeko dugun guzia. Nahiko izugarria da, ez? — Alderantziz —esan zuen Matildak—. Niri lasaigarria eta atsegina iruditzen zait. Gauza sobera batera gertatzen deneko herrialdeetan bizi izan naiz. Ez nintzen ni holakoetarako egina. — Hori gauza desberdina da —esan zuen Annabelek. — Ez dut sekula ahaztuko —esan zuen Matildak— Bequar aldeko apezpikuak ustekabean bisitatu gindueneko eguna. Monastegiren bateko lehen harria jarri edo antzerako zerbaitetara etorri zen. — Zuek edozein esturatan ere gonbidatuak hartzeko gauzak prest izaten dituzuela uste nuen nik —esan zuen Annabelek. — Erabat prest genituen gauza guziak hamabi apezpikurentzat ere —esan zuen Matildak— baina nahasi egin ziren denak, solasaldi labur baten ondoren, apezpiku hori gure lehengusua zela ohartzean. Bere familia eta gurea hasarre zeuden Grown Derby markako azpil batengatik. Haiek heredatu zuten guk heredatu beharrean, ala alderantziz, ez dut ondo gogoratzen; edozelan ere badakit lotsagabeki portatu zirela. Eta hona hemen, haietariko bat, saindu usainez inguraturik, eta sortaldekoen ohiturazko ospitalitatea erreklamatuz agertzen zela. — Gogaikarri samarra izanik ere, senarra utzi zenezakeen berarekin, harrera egiten. — Ene senarra ehun kilometrotara zegoen, laborari herri batean, euren nagusietarik bat giza-tigrea zela sinetsirik zeuden laborariak arrazoira, berak arrazoitzat zuenera, erakarri nahian. — Giza... Zer esan duzu? — Giza-tigrea; maiz entzun duzu giza-otsoetaz mintzatzen, ez? Otsoaren eta gizasemearen, eta deabruaren nahasmen bat dela. Bada, leku horietan giza-tigreak ere badaude, edo badaudela uste dute, eta kasu honetan sinesteko arrazoiak ere badaude, batzuek zin egin eta bestek hori ukatu ez dutelako. Baina, duela hirurehun urte utzi genuen sorginen erreketa, eta ez zaigu guk utzitako usantzak beste herri batzuek gorde ditzatela laket; gure arau mental eta moralekiko errespeto falta da. — Apezpikuarekin baina —esan zuen Annabelek— ez zinen trauskila izango... — Gure gonbidatua zen, eta itxuraz behintzat begikoa izan behar nintzen berarekin, baina gure ahaide arteko iskanbila aipatu eta bere familiaren portaera zuritzea besterik ez zitzaion otu; hori egin nahi izanez gero ere, eta ez dut hori egitea inolaz ere onartzen, ez zen gure etxea horretarako leku egokia. Ez nuen arazo hura eztabaidatu, baina bakazioak eman nizkion sukaldariari, larogeita hamar miliatara bizi ziren bere gurasoak ikustera joan zedin. Sukaldari ordea ez zen trebeegia curries prestatzen; areago, ez dut uste sukaldean ezer prestatzen trebea zenik. Uste dut lorezaintzat etorri zitzaigula lehendabizi, baina lorategirik sekula nahi izan ez genuelarik, ahuntzain laguntzaile gisa enplegatu genuen, eta uste dut Ian hori ez zuela hain txarto egiten. Apezpikua, sukaldariari bakazio berezi eta premiarik gabekoak eman nizkiola jakin zuelarik, ohartu egin zen ene maniobraz eta harez geroztik ez genion elkarri hitz egiten. Zure etxean inoiz apezpiku bat ukan eta berarekin hitz egiten ez baduzu, orduan har zenezake egoera haren ideia bat. Annabelek, bere bizitzaren historian esperientzia hain asaldagarririk ez zuela aitortu zuen. — Gainera —segitu zuen Matildak— Gwadlipichee deritzan erreka hori urgaineztu egin zen, eurite handietan gertatzen den bezala, eta urez bete ziren etxearen behealdea eta inguruko etxola guziak. Garaiz askatu ahal izan genituen pottokak, eta muino hurbilenera eraman zituzten morroiek. Galerian gordetzera etorri ziren ahuntz bat edo bi, ahuntzain nagusia, eta bere emaztea, eta bere semealaba batzuk. Itxura herabeko oilo eta oilaskoz beterik zegoen gainerako leku libre guzia; norberak ere ez daki, uholdera arte, zenbat hegazti dituen morroien bizilekuan. Egia da antzerako gauzak gertatu izan zirela aurreragoko uholdeetan ere, baina ez nuen sekula etxea ahuntz, haur eta oilo erdi itoez beterik ukan; eta apezpiku bat, gainera, berarekin hitz egiten ez nuela. — Esperientzia akigarria benetan —komentatu zuen Annabelek. — Ez nion utziko uholde baldres bati Crown Derby markako azpil haren oroitzapena itotzen. Apezpikuari seinalatu nion bere gela zabala, idazmahai eta bainugelarekin, pitxer batzuk ur hotz, horixe zela etxean berari zegokiona eta, gauzak zeuden bezala, ezin zuela gehiago eskatu. Alabaina, arratsaldeko hirurak inguruan, siestatik esnatzerakoan, apezpikua bat-batean lehen sala ohi zen gelara abiatu zen, une haretan jakitoki, jantoki, ikuilu eta beste hamaika zerbitzu betetzen zituen gelara. Bere arropen itxuragatik, gure gonbidatuak jantzitokia ere hortxe zegoela zirudien. — Zoritxarrez ez dukezu non eseri —esan nion hozki—; ahuntzez beterik dago guzia. — Ene gelan ere beste bat dago —erantzun zidan hozki eta destainaz. — Hara! —esan nuen— Bizirik geratu den beste bat! Besteak itota daudela uste nuen. — Ahuntz harek ez du, baina, esperantza handirik —esan zuen—. Zeren lehoinabar bat ari baita ahuntza irensten. Horregatik irten naiz gelatik; animalia batzuei ez zaie laket jaten ari direnean inork begira ditzan. Erraza izan zen, noski, lehoinabarraren zergatia asmatzea; ikuilu inguruak zelatzen zebilen agian, uholdea suertatu zenean, eta apezpikuaren bainugelaraino doan eskaileran gora igon zen seguru asko, badaezpadan ahuntz bat altzaturik. Agian, bainugela umelegia eta hertsiegia iruditu zitzaion lasai egoteko, eta apezpikua siesta lotan zegoeneko gelara eraman zuen bere banketea. — Zer egoera izugarria! —esan zuen Annabelek—. Pentsa ezazu: lehoinabar goseti bat etxean eta uholdea inguruetan. — Goserik ez —esan zuen Matildak—, ahuntzez beterik zegoen lekua, eta egarria ukanez gero ere nahi beste ur zegoen inguruetan, baina, lehoinabar harek, lasai etzanda, lo egitea besterik ez zuen nahi. Hala ere, edozeinek onartuko luke traba handia zela gonbidatuentzako gela bakarrean lehoinabar bat egotea, galerian ume, ahuntz eta oilo busti saldoak, eta sala bakarrean, halaber, apezpikua eta ni, elkarri hitz egin gabe. Ez dakit, benetan, zelan iragan nituen ordu geldo guziok, eta bazkariek ez zuten, noski, egoera hobetzen. Sukaldari ordeak munduko arrazoi guziak zituen salda ureztatu bat eta arroz erabat hondatua ateratzeko; eta ez ahuntzain nagusia ez bere emaztea, igerilari onak ez zirenez, bada, ezin ziren sotora iritsi. Zorionez, Gwadlipichee deritzan erreka, goratzen bezain arina zen beheratzen, eta egunsentia orduko morroiak palastaka itzuli ziren, hanketaraino bakarrik hondoratzen ziren pottokekin. Gero, egoera zail bat suertatu zen, zeren eta alde batetik apezpikuak lehoinabarrak baino lehenago alde egin nahi baitzuen etxetik, baina beste aldetik lehoinabarra apezpikuaren ondasunen artean geldirik baitzegoen. Oztopo nabarmen bat zegoen, beraz, alde egitearen nork lehena aldatzeko. Lehoinabarrei atsegin zaizkien gauzak ez direla ugabereei atsegin zaizkien berberak, eta lehoinabarrak seguru asko nahiago zukeela ibiltzea ibiragaitea baino, eta edozelan ere ahuntz oso bat afaldu ondoren lehoinabarrari atsegin aldia ondo zegokiola adierazi nion apezpikuari. Animalia izutzeko, arma hartu eta tiro bat jaurti banu, apezpikuak eskatu zidan legez, gelatik irten eta jadanik gainezka zegoen salara sartuko zatekeen lehoinabarra. Edozelan ere, finean, biak aldendu zirenean gozadura handi bat utzi zuten etxaldean. Orain, agian, entelega dezakezu zergatik zaizkidan laket ezer ere gertatzen ez deneko paisaia loak hartu hauk.
Hamahiru ate |