Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985

 

GABRIEL GARCIA MARQUEZ

 

 

 

Aracataca herrixkan, 1928an Kolonbia aldean sortua,
bere "Cien años de soledad" literatura unibertsaleko gailurretarik bat da.
Hemen itzuliko dugun bere ipuina Kasandraren mitoaren
bariazio bat da, umore beltzaren erregistroan.

 

 

 

ZERBAIT IZUGARRI GERTATU BEHAR DA
HERRI HONETAN

 

      Imajina ezazu herri tipi bat, hantxe bizi da andere zahar bat bere seme-alaba biekin, bata hamazazpi urteko mutila eta bestea hamalauko neskatila. Bere semealabei gosaria ematen ari da, anderea, eta arduraturik ari dela igartzen da. Zer gertatzen zaion galdetu diote seme-alabek, eta berak hau erantzun du: “ez dakit, baina herri honetan zerbait izugarri gertatu behar delako susmoarekin esnatu naiz”. Semea eta alaba irribarrez daude amagatik. Zaharren susmoak direla, gauza normala.

      Semea bilar jokora doa eta, karanbola erraz-erraz bat jo behar lukeen unean, “honenbeste diru ezetz” esan dio bere lagunak. Irribarrez daude guziak; bera ere bai. Egin du kolpea, eta ez du egin karanbolarik. Dirua ordaindu du, eta galdetu diote: “baina zer gertatu da karanbola hain erraza ez egiteko”? Berak honela erantzun du: “erraza zen benetan, baina gure amak goizean esan didan gauza baten ardura geratu zait, herri honetan zerbait izugarri gertatu behar dela eta”. Barreka daude guziak, beragatik, eta dirua irabazi dion laguna etxera abiatu da, bere amagana edo ilobagana edo, finean, edozein ahaidegana. Bere diruarekin zoriontsu, hau dio: “Damasori modurik errazenean irabazi diot gaur dirua, tontoa delako”. «Eta zergatik da tontoa?» Erantzun du: «bada, karanbola erraz erraz bat egin ez duelako, bere amak gaur goizean herri honetan zerbait izugarri gertatuko dela pentsatu duela eta». Orduan, esan dio bere amak: “ez zaitez zaharren pentsamenduez burlatu, sarritan egia bihurtzen baitira”.

      Ahaide batek entzun du hori, eta okela erostera joan da gero. Harakinari esan dio: “imini egidazu okela libra bat”; eta, harakina okela ebakitzen ari dela, hau gehitu dio: «hobe bi, zerbait izugarri gertatu behar dela diote eta, hobe da gerturik egotea”. Okela hartu eta badoa. Harakinak, beste andere bat libra okela erostera ailegatu denean, esan dio: “eraman itzazu bi, ezen honaino iritsi da jendea zerbait izugarri gertatu behar dela esanaz, eta gauzak erosten ari dira, gertu egoteko”. Orduan, hau dio atsoak: “seme-alaba ugari ditut, begira emaidazu lau libra”. Lau libra eraman ditu; eta ipuina luza ez dadin esango dut, ordu erdian amaitu da harakinaren okela guzia; beste behi bat hil du, eta hori ere guzia saldu. Eta esamesa hedatuz doa. Laster, mundu guzia dago herrian zer gertatuko ote den esperoan. Lanak gelditu egin dira eta, bat-batean, arratsaldeko ordu bietan, beti bezalako beroa egiten du. Norbaitek hau esan du: “ohartu zara zelako beroa egiten duen?»

      “Baina herri honetan beti egin du beroa”.

      (Hainbesteko beroa egin ohi du herri honetan non musikoek breaz lotutako instrumentoak zituztenean itzalpetan jo behar baitzuten, eguzkitan joez gero zatika eroriko bailirateke tresnak).

      “Hala ere, ez du sekula ordu honetan hainbesteko berorik egin”.

      “Baina ordu bietan egin ohi du beti berorik gehien.

      “Bai, baina ez orainbesteko beroa”.

      Herri desertura, enparantza desertura, bat-batean, xoriño bat jaitsi da, eta ahots hau hedatu da: «Xoriño bat dago enparantzan». Eta mundu guzia dator, izuturik, xoriñoa begiratzera.

      “Baina, jaun andereok, beti egon dira pausatzen diren. xoriñoak”.

      «Bai, baina sekula ere ez ordu honetan».

      Estutu egiten da jende arteko giroa, hazi egiten da tentsioa eta, jadanik, etsiturik daude herriko biztanleak, alde egiteko gogoaz, eta alde egiteko ausardiarik gabe.

      «Ni bai ausarta naizela —oihukatu du batek—. Ni banoa”.

      Hartu ditu bere muebleak, bere seme-alabak, bere abereak, karro batera sartu ditu eta kale nagusian barrena abiatu da, herri gizagaixoa berari begira geratzen dela. Harik eta esan arte: “hori alde egiten ausartu bada, orduan gu ere bagoaz”, eta herria erabat desegiten hasi dira. Gauzak, abereak, dena daramate.

      Eta Herria uzten azkenetarikoa den batek, hau dio: “ez bedi zorigaitza gure etxe bakartietara etorri”, eta orduan sua eman dio bere etxeari, eta beste guziek ere berdin izeki eta erre dituzte beren etxeak.

      Benetako eta izugarrizko bildur ikaraz doaz guziak ihes, eta haien guzien erdian lehen susmoa eduki zuen anderea doa, oihuka: “neuk esan nuen zerbait izugarri gertatu behar zela, eta eroturik nengoela esan zidaten”.

 

 

Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985