HAMAHIRU ATE
(2018ko epilogoa)
Gure bildumak erreferentzia bat izan zuela uste dut, Andre Bretonen Umore Beltzaren Antologia famatua. 1940an argitaratu zen Parisen, okupazioak eta Vichyko gobernuak oztopatu zuen liburuaren banaketa, eta Liberazioaren ondoren berrargitaratu zen. Andre Bretonen liburu hartan agertzen ziren ja guk aukeratutako autoreetako batzuk: Franz Kafka, Francis Picabia, eta Leonora Carrington.
Andre Bretonek “beltza” deitu zion umore mota horri. Koloreari dagokionez, “beltz” horrek ez zuen ezer esan nahi, horixe idatzi zuen behintzat Bretonek: “beltzak ez du ezer esan nahi”. Gauzak sartu eta tapatzeko hitz horietakoa da beltza hitza, zaku bat bezalakoa, hagatik balio du era desberdineko testuak biltzeko. Mina, beldurra, sexua, lotsa eta halakoa gai ilun eta akaso mingarriak, umorearen ukitu atseginarekin.
Euskaraz Jon Mirandek emana zuen umore beltza. Ez da ahazteko erraza, bizarra egiteko labana harmonika zelakoan jotzen hasi zen neskatoaren irribarrea. Irribarre gero eta zabalagoa, gero eta zabalagoa.
Umore beltzaren aurrekari nagusitzat Jonathan Swift seinala daiteke. Gure “Hamahiru Ateak” baino apur bat lehenago argitaratu zen, Xaguxarra deitzen zen zenbaki bakarreko aldizkarian, “Proposamen apal bat”, Swiften A Modest Proposal (1729) zaharraren itzulpena, itzultzailearen sinadurarik gabe. Irlandarrei egindako proposamena zen, krisi egoeran eta seme-alabak mantentzea arazo larria zela kontuan hartuta, umeok saltzea zen, ingeles aberatsek dudarik gabe ondo ordainduko baitzuten okela samur hori.
Geroztik, euskal itzulpenak asko aurreratu du. Orain baduzue Ambroise Bierceren Deabruaren hiztegia ere euskaraz, Xabier Olarrak atondua. Badakizue hiztegi horretan zelan definitzen den “Zoriona”?
“Besteren miseriaren ikusmirak sortzen duen sentsazio atsegina.”
Apur bat ukituta, zoriona ezik umore beltza ere definitzeko balio du. Honela proposa daiteke definitzea umore beltza:
“Besteren edo norberaren miseriaren kontaerak sortzen duen sentsazio atsegina.”
“Eta norberaren” erantsi dut, beltzentzat ere izan daitekeelako kontsolagarria umore beltza. Guretzat behintzat bai, bazela beltza egoera Puerto de Santa Marian edota Herrera de la Manchan. Kartzelakoa, kolore beltzak esanahi apur bat irabazi badu Bretonengandik hona: bizimodu beltzagorik! Hala ere, bai besteren eta bai geure miseriez barre egiteko gauza ginen patioan edo zeldako leihoan, eta, Mitxelek eta biok, liburu hori ere prestatu genuen. Eta liburuaren titulua apur bat autoerreferentziala zen, Hamahiru ate, bat ere ez genuenean geure eskuz zabaltzeko modukoa. Orduan, hamahiru ate, ipuin beltz haien bertsioak baitziren egoera beltz hartatiko gure ihes zoriontsuak.
Letrazko ate batzuk zabaldu genituen gure askatasun beltzarekin, errealitatea eta desira adostu ezinean. Orduko gauzak dira gure oroitzapenak eta gure hamahiru ate beltzen liburu hau, baina kartzelako ateak ez daude zabalik oraindik. Eta kartzelak gero eta handiagoak eta seguruagoak eraikitzen direnez, etorkizuna beltza baizik ezin dugu imajinatu. Pentsatu ohi dugu: gu libre gaude eta preso batzuk preso daude oraindik. Baina susmatzeko da benetan bestela dela: preso batzuk preso daude eta gu libre gaude oraindik.
Horregatik, ea albait arinen eta ahalik eta ate gehienak zabaltzen ditugun. Ez haiengatik bakarrik, baizik eta denongatik.
Joseba Sarrionandia