Hamahiru ate
Oviedo hirian sortua 1934. urtean. Bai literaturan bai zineman, Ondorengoak, Trece Veces Trece liburuko detektibe istorioak dira.
NON LURRA ESFERIKOA DELA
Gizon harek ez zuen sudurrik, ez begirik, ez ahorik. Ilez estalirik zuen aurpegi guzia. Ene ikerketa ez zen erraza izan, gero ikusiko duzuenez. Abioi biletea eman zidaten, eta antipodetara joan. Eta handik, irtendako lekura itzuli nintzen. Munduaren beste aldetik. Arretaz egin behar ziren gauzak, horretan baitzegoen jardun guziaren arrakasta. Horrela bakarrik aurkitu nuen aurkitu nuena, eta hirurogeita zazpi orrialdeko informe bat izkiriatu nuen. Zeinetik deduzitzen baitzen, gizon hura bizkarra emanaz zegoela alegia.
KONTZERTUAREN PREZIO EGOKIA
Ezaguna da denok dugula prezio bat. Baina gizon hura arrazista zen: aberatsak gorrotatzen zituen. Eta ezetz esan zion behin eta berriz biolina aberatsei jotzeari. Neuri hots egin zidaten arazoa ikertzeko. Biolinista harekin mintzatu nintzen, bere baldintzak zeintzu ziren galdetu nion. Ehun mila bakoitzak imini eta hamar pertsonarentzat joko zuen gaztelu abandonatu batean. Musikazale aberatsenek onartu egin zuten. Konde batek bere gaztelua proposatu zuen, non prostituta ospetsuek beren espiritismo saioak zelebratu ohi baitzituzten sarritan. Biolinista berak hautatu zuen kontzerturako salarik egokiena. Eta hara joan zen asteburu batean. Zazpi andere eta hiru gizon ziren. Zeinetan, bat jada zaharra eta bi gazteak. Guziz, sei homosexualak eta lau normalak. Zazpi masokistak eta bat sadikoa. Bi diruagatik bakarrik. Gaueko hamabietan hasi behar zen kontzertua. Biluzik zeuden guziak, ganderailuen argi zalantzakorrean. Biolinista bere biolin kaxa besapean zekarrela ailegatu zen. Aldez aurretik kobratzeko ohitura zuela esan zuen. Ordaindu zioten. Biolinaren kaxatik metraileta bat atera zuen orduantxe. Hamabi eta laurdenetan, kontzertua amaitu egin zen. Biolinista, biolin kaxa biletez beterik irten zen gaztelutik, eta niri, bere aktuazioaren laburra kontuan hartuez gero, garestiegi kobratu zuela iruditu zitzaidan.
PUNTU BIREN ARTEKO DISTANTZIARIK LABURRENA
Amerikar magnate kortxogile baten alaba aberatsa Urrezuri itsasertzean zuten etxandira iritsi zen. Hirugarren egunean, bere urrezko orratza, diamantezko buru eta guzi ostu ziotela ohartu zen. Neuri hots egin zidan, auziaren kargu hartzeko. Magnatearen alaba etxandian instalaturik zegoen: hogei gonbidaturekin, sei zerbitzari fidelekin, sukaldari beltz batekin, lau zakur eta bere azken senarrarekin. Ene klienteak bere gonbidatu eta zerbitzarien inozentziaz zihur zegoela esan zidan, sukaldari beltzaren inozentziaz ere bai. Ez baitzen arrazista. Berehala, ene susmoak senarrarengana zuzendu ziren. Dena dela, lau zakurren erradiografia egin nuen. Froga harek ez zuen gertaera misteriotsu hura argitu. Nik susmatzen nuenez, berehala agertu zen albandorratza senarrak zeukala. Hain zuzen ere, bizkarrean iltzaturik zeukan, ezkerreko omoplatoaren azpian. Hileten ondoren ere, lapurketaren arrazoiak enigmatikoak ziren, neuk ere ez bainituen igarri. Ondorengo gertaerek ere ez dute deus argiagotzen, baina gutienez amaiera zoriontsua emango diote istorio triste honi. Aste bi geroago, magnatearen alaba hura ezkondu egin zen, berriro, errege handi ia erbesteratu batekin. Eta, finean, loria irabazi zuen Hollywood aldean.
Hamahiru ate |