Hamahiru ate
"Ohar biografikoa: Ene izena pere da eta bi abizen gehiago. P.C
TRAMITE ARAZOAK
Kondenatuari esan zioten bere azken desira eskatzeko eskubidea zuela, baina kondenatuak deus ere ez zuela eskatuko erantzun zuen, horretan ez zirela ezelan ere ados etorriko eta.
ITSUTASUNA
Zerura joatearen eta etxean geratzearen artean, nahiago ukan zuen bigarren aukera, nahiz eta hain handia izan beste aukeraren aldeko propaganda, nahiz eta bere etxean itogin eta beste ezbehar ugari egon.
TRENA
Inork ere ez zion esan nahi trena zer ordutan iragaiten zen. Maletaz hain kargaturik ikusten zuten, non pena ematen baitzien han trenbiderik ez estaziorik sekula ere ez zela izan berari adierazteak.
COPYRIGHT
Norbaitek egin nau, eta saldu naute. Oraindik ez dakit nork kobratu dituen eskubideak, ez dakit negozio ona ala txarra izan naizen.
ZERBAITEN BILA
— Butanoa kobratzera nator —esan zuen kobratzaileak. — Ez dugu butanorik —erantzun zuen andereak. — Orduan elektrizitatea —esan zuen berriro funtzionarioak. — Baina ez dugu elektrizitaterik. — Eta ura zer? — Ez dugu urik. — Orduan, mesedez, bortxatu egingo zaitut, horrek ez du kalterik eta.
BESTE LURRALDETAKO OHITURAK
Aloba tribuko indioak itsuak dira, salbuespenik gabe, baino oso lagunkoi eta abegikorrak. Bere etxera gonbidatzen zaituztenean beren anderea eskaintzen dizuete eta, gainera, eurek atontzen dizute ohea. Baina zera: anderea gustatzen ez bazaizu, eta onartzen ez baduzu, berehala ebakiko dizute zintzurra, gaizki zorrozturiko sukarri batez.
AURRETIK EZIN DA JAKIN
Autoaren lau erroberetarik batek alderantziz ematen zituen bueltak. Baina horixe zen errobera on bakarra, guziok suntsitu gintuen kurba hartarik urrindu nahi baikinduen.
MILITAR ISTORIOA
Leihotik salto egiteko agindu balie, alegrantziaz egingo zuketen salto, buruzagi harengan konfiantza itsua zutelako. Baina behin batean agindu egin zien leihotik salto egiteko, eta desertatu egin zuten guziek, horrelako gauzak erabakitzen dituen gizona batere fidagarria ez delako.
AITORPENA
Ene amoranteak esan zidan bular bat baietz, baina bestea ezetz, hitzemana zuela. Hasarrekor eta enekoia, enetzat zen bakarra ere galdu nuen.
HAUTSETATIK GATOZ ETA
Bere etxe aurrean egin zuten zuloa. Ez zioten esan nahi zer obra zen, igerileku bat pendiz baten oinarria. “Sorpresa bat izango da”, erantzuten zioten beti bere galderei. Eta sorpresa izan zen, ezen, neurriak ondo hartu eta gero, kristaukiro ehortzi baitzuten bertan.
DISKREZIOA
Pentsatzera gonbidatu ziotenean, berak ez zuela inor mindu nahi eta bere etxean pentsatuko zuela erantzun zuen.
ARIMAREN ISPILUA
Ez genuen sekula lehenago elkar ikusi inon, baina ene auzoko baten antza zuen, hainbeste non bihotzez saludatu baininduen: bera ere konfunditu zen.
Hamahiru ate |