OPORRAK HONDARTZAN
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014

 

Goizean goizetik nago eguzkitako azpian

itsas aurrean, isilik edaten argia

eta gelditasuna hurrupa laburretan.

                                                 Eskatu dut

limoiarekin tea eta olio eta gatzarekin

ogi txigortua.

                        Lehenik egin dut

bular-igeriketa kable erdi buiek

mugatzen duten eremuan barrena.

                                     Zer darabilkit buruan,

beldurrez dar-dar egiteko?

                                     Udatiar bat naiz

tea hartzen eta postalak idazten eta hondartza

nabarra begiratzen duena, guztiagandik urrun.

 

Egia da itotzen naizena:

barbarina azkenetan hondar gainean,

sentitzen dut nire agonia.

                                  Ahalko banintz

itzuli kolpetik arrainontzi

garbira, beira lodiz

babestua ni harrapatu

eta olio agian txarrean frijitu

eta munstroaren ahora eraman nahi nauen 

esku handi atzaparkaritik: hori guztia,

ikusiko banu bezala: ia ezin dut arnasarik hartu

beldurrez.

              Ez dut ihesbiderik.

 

OPORRAK HONDARTZAN
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014