HEGAZTI BELTZA
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014

 

Gau honetan usoek

burrundara handiago ateratzen dute erlaitzean.

Ordu honetan kaleak

hutsik daude.

                    Orain da unea

zu, hegazti beltz handia,

plaza desertutik

hegoak moztuta ibiltzeko,

besapean egunkari

orri tolestu pisuak,

sentituz goizaldea

gaza heze josturagabe bat

bezala aurpegian.

 

Eguna justu argitzen du

iluntasunetik nekez askatuta.

Trenen lehen

txistukada entzuten duzu,

astiro abiatzen dira

hiri inguruko munduetatik.

 

Ez dago oraindik

plaza zabal, zuhaitzik gabeko honetan

taberna bakar bat irekita

trago bat jo dezazun

itzultzeko zure onera.

 

Ez duzu egiaz beste berotasunik

arratsaldearen besarkada luzea baino.

Esku batek keinu egin dizu,

ikusten ez duzun

lainozko ektoplasma, ez zara itzultzen ere.

Nora zoaz? Ez dakizu.

                               Agian sorbeltzaren hegaldia

edo eguzkia ateratzea

hodei itsaso batetik nagi,

pentsamendu makurrez

betea, oroitzapen eta ziurtasun

ezerosoz:

             bizitzak

balio du bakarrik

erabat gure egin ezin

ez luzaz atxiki ditzakegun

zoriontasun minezko

ezusteko uneengatik.

 

HEGAZTI BELTZA
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014