BIDE LABURRA
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014

 

Joan ahal ginen

askoz urrutirago, baina bide laburra

egin dugu bakarrik.

                        Astiro

kai muturrera

iritsi gara: hiruzpalau

figura beltz bertan.

                          Olatuak altu

eta zuri etortzen ziren;

                               itsasoa

aitzitik erasokor.

 

Gurutzatu dugu errepidea

azpiko pasabide zikinetik;

gure pentsamenduetako txori biziek

urdin, hori, gorri, sutsu

eragin zieten hegoei.

                                    Kolpetik

bestaldean: larunbat betea, erakusleiho

argietako distira fluoreszenteak,

herriko bizitza uda balitz bezala.

Zorionekoak gu

perla koloreko toki bateko

ur ubelak ezagutzeagatik,

ardoa edateagatik

itsasoa ikusten ez den

beste toki batean.

                        Besarkatzeko

lekuak aurkitu nahi genituen.

                                          Igo gara

lorategiz betetako kale estuetatik

                                           hemeretzigarren

mendeko dorreekin, eliza, begiratokia.

 

Bizitza zati txiki bat

ebaki dugu, egia; uste dut, ordea

hala bizi garela:

                     leku txikietan barrena

ibiliz

           eta babestuz

gauza guztietatik.

                       Egurats zabalean gaude.

 

BIDE LABURRA
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014