ZINGIRAK
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014

 

Gero eta argalagoa da

arratsaldea; gero eta behartuago gaude

ilunabarreko izatera, zer egin ez dakigun

itzal soberakinekin, geure buruak engainatzen ditugu,

bizi bagina bezala mintzatuz, baina hitz hutsak

baino ez dauzkagu eta soro urpetuak dira,

arroz ale bakar bat gabe.

                                   Orain ahateak aireratzen dira

zingiretatik iluntzeko zeru

gorrizta eta tristearekin.

                                    Altxatu orain? Ahateek hegan egiten dute

isilean ehizatuak izateko.

 

ZINGIRAK
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014