GATZA
Karlis Verdins

Sāls
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Esku maitagarri batek spaghettiak gatzitu ditu eskolako jantokian. Hiru edalontzi fruta-zuku ez dira nahikoa aho zapore garratz hau kanporatzeko. Bi heren platerean utzi eta desagertu.

Kale garbitzaile maiteminduek gatza botatzen dute espaloietan, eta zure boten larrua jaten doaz bidea egin ahala. Elur pila borobilak, bazterrak inbaditzen eliza txikiak bailiran, negu-txilintxen zain soinu joka hasteko.

Igande goizean harrapatu gintuen soinu leuneko kanpaiak, zure bularretik munduko gatz guztia miazkatzen ari nintzelarik. Jaiki, zeure burua lehortu eta spaghettien gisako bertso lerro luzeak zituen liburu bat hartu zenuen.

Maitemindutako poetek, poema luze eta kaotikoak idazten dituzte. Berdin du hasieratik edo erditik irakurtzeak, ulergaitz beti, beraien gatzak merezi ote duen da axola duena.

 

GATZA
Karlis Verdins

Sāls
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015