BON APPETIT!
Karlis Verdins

Labu apetīti!
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Bazeneki zer dagoen saltxitxa horretan,

ziurrenetik ez zenuke jango.

Bazeneki nola izan den garbitua plater hori,

ez zenuke miazkatuko.

Bazeneki nork josi duen zure jaka

eta zenbateko mozkina lortu duen,

ez zenuke jantzi ere egingo.

Zure amak baleki

nork kendu dizun gaur gauean txamarra,

ez zintuzke munduratu ere egingo.

 

Bazeneki nire ahoa non galdua izan den,

ez nindukezu musukatuko.

Bazeneki nire ahoak zer esan duen,

ez zenidake entzungo.

Beraz, jan zure saltxitxa, jantzi zure jaka

jo aurrera, ordaindu eta zoaz nire lekura.

Nire zintzotasun osoarekin esan ahal dizudana

bi hitzetan laburbiltzen da: bon appetit!

 

BON APPETIT!
Karlis Verdins

Labu apetīti!
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015