ENE HILOBIRAKO EPITAFIOA
Alfonsina Storni

Ocre, 1925
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015

 

Hemen natza: epitafio argi hori diotso

Alfonsinak makurtzen denari.

Hemen natza, eta hobi honetan,

sentitzen ez baitut, gozatzen dut, ase naiz.

Begi lauso hilak ez dira itzultzen,

ezpainek, askaturik, ez dagite zizpururik.

Luze eta zabal lo dagit sekulako;

hots egiten didate baina ez dut jiratu gura.

Lurra gainean dut eta ez dut igartzen

negua heldu da eta ez nau haizeak hozten.

Udak ez ditu nire ametsak ontzen

udaberriak ez dit taupadarik arintzen.

Bihotza dardara, jauzi, pilpirarik gabe

gudu-zelaiaz lekora nago.

Zer dio, bidaiari, hegazti hark?

Itzul iezadazu haren kantu nahaslea.

"Ilargi berria jaio da, itsasoaren lurrina,

gorputz ederrak bitsez estaliak.

Badoa gizon bat itsaso ondoan

erle milikari zoro bat duelarik ahoan:

Oihal zuriaren azpian gorputzak nahi du

dardaraka hiltzen den beste gorputz hura.

 

Marinelek amets dagite branketan

neskak kantuan dira txalupetan.

Ontziak itsasoratzen dira eta haien koba argietan

gizonak lur berrietarantz doaz abian.

Emakumeak, ametsetan lo baitago,

eta bere epitafioan bizitzari barre egiten baitio,

emakumea denez, beste gezur bat ere irarri zuen

bere hilobian: asebetea zen".

 

ENE HILOBIRAKO EPITAFIOA
Alfonsina Storni

Ocre, 1925
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015