HIK NAHI NAUK ZURI
Alfonsina Storni

El dulce daño, 1918
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015

 

Hik nahi nauk alba

nahi nauk bitsezko

nahi nakarrezko.

Zitori nadin

orotan, aratz.

Lurrin arineko.

Korola itxi.

Ilargi izpi bat ere

irazi gabea.

Bitxilore batek ez nazan

ahizpatzat har.

Hik nahi nauk elur

hik nahi nauk zuri

hik nahi nauk alba.

Ontzi guztiak eskuan

izandako horrek,

ezpainak fruituz

eta eztiz aserik.

Oturuntzean

aihenez beteta

Bakoren omenez haragiak

utzitako horrek.

Engainuaren lore-

baratze beltzetan

gorriz jantzita

Desmasiara bizkor

joandako horrek.

Ez zakiat nolako

mirarien bidez

eskeleto osoa

gordetzen duan horrek,

nahi nauk zuria

(Jainkoak barka diezaala),

nahi nauk aratza

(Jainkoak barka diezaala),

nahi nauk alba!

Alde oihanetara;

hoa mendira;

garbi ezak ahoa;

txaboletan bizi;

uki ezak eskuez

lur basitua;

elika gorputza

sustrai mingotsez;

edan harrietatik;

lo egik lantxurda gainean;

berri itzak oihalak

ur eta kresalez;

mintza txoriekin

eta abia hadi goiztirian.

Eta haragiak

itzultzerakoan,

eta etzalekuetan

nahasitako arima

haietan jartzean,

orduan, gizon ona,

nahi nazak zuri,

nahi nazak elur,

nahi nazak aratz.

 

HIK NAHI NAUK ZURI
Alfonsina Storni

El dulce daño, 1918
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015