Alfonsina Storni, bazoaz zure bakardadean
Xabier Boveda

Aurkezpena
Idatz & Mintz, 58
2015

 

      Alfonso Storni eta Paulina Martignoni senar-emazteak Suitzako Luganotik emigratu ziren Argentinara, San Juanera, etorkizun hobearen bila. Han garagardo-enpresa txiki bat sortu zuten, eta bizimodua aurrera ateratzea lortu zuten. 1890ean Suitzara itzuli ziren sei urterako. 1892an Lugano ondoko Sala Capriasca herrian jaio zen euren alaba Alfonsina Storni.

      Lau urte zituela, gurasoek Argentinara bueltatzea erabaki zuten, hango negozioekin jarraitzeko asmotan. Baina, lehengo familia-negozioa erreka jota zegoen. 1901ean, aurreztuta zuten apurrarekin, San Juanetik Rosariora aldatu ziren. Kafe-etxe bat ireki zuten tren-geltokiaren ondoan. Baina aita ez zen gauza negozioa gobernatzeko, eta ez zuen atarramentu onik izan. Etxean arazo ekonomikoak zituztenez, Alfonsinak hamaika urterekin hasi behar izan zuen lanean. 1906an aita —edariari emandako gizon etsikorra— hil egin zen. Ordurako,

haren hamalau urteko alaba neska heldua zen.

      1907an herririk herri ibiltzen zen antzerki talde bat heldu zen Rosariora. Alfonsinak gaixorik jarri zen aktore bat ordezkatu zuen, eta aktore izateko ametsa piztu zitzaion. Amaren baimenarekin konpainia horretan ibili zen Santa

Fe, Córdoba, Mendoza eta Tucumánen denboraldi batez.

      1910ean maistra titulua atera zuen eta udagoien hartan irakasle ibili zen Rosarion. Bitartean, poemak argitaratzen hasi zen hango aldizkarietan (Mundo Rosarino, Monos y Monadas).

      1912an gizon ezkondu eta bera baino askoz zaharrago batekin lehenengo amodio-desengainua izan zuen. Haurdun eta bakarrik geratu zen. Lotsatuta. Buenos

Airesen bilatu zuen babesa, eta bertan haren seme Alejandroz erditu zen. Hogei une baino ez zituen, eta ama ezkongabea izatearen "desohorea” jasan behar izan zuen, orduko.

      1916an bere lehenengo liburua argitaratu zuen: La

inquietud del Rosal (Arrosondoaren arrangura). Hasierako poesia hartan Ruben Darioren modernismoaren eraginaz batera, ezaugarri autobiografikoak eta maitasunaren gaiaren presentzia nabarmentzen dira. Zenbait kritikarik ez zuten haren obra gogoko izan, desio ezkutuenak argiegi adierazten zituelako, eta ama ezkongabe izateaz lotsatu barik hitz egiten zuelako. Baina Nosotros aldizkariak goretsi egin zuen poema-liburua, eta harrezkero inguruko idazle-giroan sartu zen. 1918an bere bigarren liburua argitaratu zuen, El dulce daño (Min eztia), non estereotipoek eragiten zizkioten frustrazioak agerian jartzen zituen. Liburu horretan haren poema ezagunenetako bat dago: "Hik nahi nauk zuri".

      1919an emakumearen eskubideen alde idatzi zuen, gizarte patriarkala eta emakumeen aukerak mugatzen dituzten tradizioak kritikatuz. Urte hartan Irremediablemente (Erremediorik gabe) argitaratu zuen. Liburuak oso kritika ona izan zuenez, Montevideoko Unibertsitateak hitzaldi batzuk emateko deitu zion. Orduan ezagutu zituen betiko lagun minak izango ziren Horacio Quiroga eta Juana de Ibarbourou idazleak. 1920an Languidez (Nagitasuna) argitaratu zuen. Obra horrekin zenbait sari lortu zituen. 1923an harentzako katedra bat sortu zuten Hizkuntza Bizien Eskola Nazionalean. Jarraitu zuen poesia idazten (Ocre, 1925; Poemas de amor, 1926), eta antzerkigintzan ere saiatu zen, baina horretan ez zuen arrakastarik izan.

      1930ean eta 1934an Europan ibili zen bidaiari, eta hango abangoardia bertatik ezagutu zuen. Horrek estilo aldaketa eragin zion, modernismo autobiografiko eta sentimentala utzi, eta poesia abangoardista batera eraman zuena. Irudi jokoak, ironia iluna, hiriarekiko erreferentziak eta larrimin metafisikoa ikus daitezke bigarren etapa honetako liburuetan: Mundo de siete pozos (Zazpi putzuko mundua, 1934), eta Mascarilla y trébol (Maskara eta hirusta, 1938).

      1935ean bularreko minbizia diagnostikatu zioten. Ebakuntza egin arren, minbizia ez zen osatu. Azken urteetan heriotzaren beldurrez bizi izan zen, kalera ia irten gabe. Zenbait etsialdi ere izan zituen, batez ere, bere lagun Horacio Quiroga, Egle Quiroga eta Leopoldo Lugonesen suizidioen ostean.

      1938an, bere bizitzaren amaiera erabakita, Mar del Platara joan zen. Semeari gutun bi idatzi zizkion, eta La Nación egunkarian argitaratzeko agur-poema bat, Voy a dormir (Lotara noa). Itsasoan murgildu zen urriaren 25ean. Heriotza poetiko horrek Ariel Ramirezek eta Félix Lunak egindako kantu hunkigarria inspiratu zuen: Alfonsina y el mar (Alfonsina eta itsasoa).

 

 

Alfonsina eta Itsasoa (Felix Luna)

 

Itsasoa miazten duen hareatza zurian

haren oinatz txikia ez da berriz itzuliko.

Samin eta isiltasunezko zidor bakarra

iritsi da ur hondora,

samin mutuen zidor bakarra

iritsi da bitsetara.

 

Jainkoak daki zer larriminek lagundu dizun,

zer min zaharrek isilarazi dizuten ahotsa,

urrumaka etzan zaitezen itsas kurkuiluen kantuan,

itsas kurkuiluak itsasoaren zola ilunean

kantatzen duen kantuan.

 

Alfonsina, bazoaz zure bakardadean

Zer poema berri joan zara bila?

Haize eta kresalezko antzinako ahots batek

arima losintzen dizu eta deika ari da...

Eta bazoaz harantz ametsetan bezala

lotan, Alfonsina, itsas jantziaz.

 

Bost sirenatxok eroango zaituzte

alga eta koral bideetan barna.

Eta itsas zaldi fosforeszenteek

itzulia egingo dute zure ondoan.

Eta ur biztanleak jolastuko dira

sarri zure ondoan.

 

Jaits iezadazu kriseilua apurtxo bat.

Utz iezadazu bakez lo egiten, inudea.

Eta hark deitzen badu, ez esan nagoela,

Alfonsina ez dela itzuliko esaiozu

Eta hark deitzen badu, ez inoiz esan nagoela,

alde egin dudala esaiozu.

 

Alfonsina, bazoaz zure bakardadean.

Zer poema berri joan zara bila?

Haize eta kresalezko antzinako ahots batek

arima losintzen dizu eta deika ari da...

Eta bazoaz harantz ametsetan bezala

lotan, Alfonsina, itsas jantziaz.

 

Alfonsina Storni, bazoaz zure bakardadean
Xabier Boveda

Aurkezpena
Idatz & Mintz, 58
2015