Umeen gurutzada eta Marcel Schwob. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

UME BIDAIARIEN ELEZAHARRA


      XI. eta XIII. mendeen artean Hilobi Santua Jerusalemetik erreskatatzeko sukar zoroa nagusitu zen Sartaldeko herrietan. Haren ondorioz, Gurutzada izeneko ekintza militarrak antolatu eta bultzatu ziren musulmanen aurka, batez ere. Historia eta istorio asko idatzi ziren arrazoigabeko ekintza haiek gai hartuta. Euren artean umeen bidaia harrigarri bat aipatuko dugu.

      Errealitatearen eta fikzioaren artean gertakari aparteko bat iltzatu zen herriaren oroimenean. Elezaharrak dio XIII. mendearen hasieran artzain gazte batek ikuskari bat izan zuela eta Jainkoaren mezua jaso zuela. Artzain hark erakarrita, umeen aldra handi bana abiatu ei zen Frantziatik eta Alemaniatik, Jerusalemera heltzeko helburuarekin. Bidaian berein ume ezjakin eta behartsu batu ei ziren, eta Mediterraneo itsasoa oinez zeharkatzera ei zihoazen, uste osoarekin, urak euren aurrean alboratu egingo zirelakoan. Baina miraria ez zen jazo, eta bidaia tragedia bihurtu ei zen: asko eta asko bidean hil ei ziren gosez, gaitzez, edo deslairik; batzuk itsasoan hondoratu ei ziren; eta beste batzuk esklabo saldu ei zituzten Egipto inguruan. Elezahar horretan ere oinarrituta dago Hamelingo txirulariaren ipuin ezaguna.

 

La croisades des enfants (1895)

 

      Marcel Schwoben La croisades des enfants ipuinak bidaia harrigarri hura berritu zuen. Idazleak zortzi ahotsen bidez azaltzen digu istorio eder lazgarria, gertaeran inplikatutako zortzi ikuspegi desberdin aukeratuz eta amestuz: goliardo bat izango da, eta legenardun bat, eta Aita Santu bat, eta hiru ume, eta kleriko bat, eta kalandar bat, eta neskato bat, eta beste Aita Santu bat. Horrela, hizkuntza poetikoaren bitartez –aipagarria da kolore zuriaren erabilera–, eta boterearen aurreko xalotasun inozoa azpimarratuz, nabarmen uzten ditu amets zoro haren hutsalkeria eta ikaragarrikeria.

 

Marcel Schwob (1867 – 1905)

 

      Chavillen (Frantzia) jaio zen familia edukitsu eta kulturadun baten giroan.

      Literatura kritikaria eta itzultzailea izan zen. Garrantzi handikoa da Francois Villon poeta madarikatuaz egin zuen lana, eta aipatzekoak dira frantsesera itzuli zituen hainbat idazleren liburuak, Daniel Defoe, William Shakespeare eta Robert L. Stevensonenak, besteak beste.

      Idazle bezala, garai hartan Frantzian nagusi zen errealismoaren bidetik aldendu, eta, sinbolismoaren ildo berriak hartuz, prosa poetikoan idatzi zuen. Robert Louis Stevensonen miresle handia izan zen: “Stevensonen errealismoa guztiz irreala da, eta horregatik da hain indartsua. Stevensonek gauza guztiei irudimenaren begiekin begiratu die”. Aipu horretan bere literatura asmoaren berri ematen digu.

 

      1891z geroztik, bost urte harrigarrian, bere harribitxirik ederrenak argitaratu zituen: Bihotz bikoitza (1891) –Stevensonen omenez egindako ipuinak–, Urrezko maskaradun erregea (1892), Monelleren liburua (1894), Umeen gurutzada (1895), eta, batez ere, Bizi alegiazkoak (1895), bere lan ezagunena, zeinak Jorge Luis Borgesi eragin zion Historia universal de la infamia idazteko.

      Samoa  irlara egin zuen bidaia Stevensonen hilobia ikusteko asmoz. Haraino heldu zen (Samoarantz izeneko liburuan kontatu zigun bidaia), baina hilobia ikusi barik itzuli zen berehala. Handik gutxira, 1905ean, 38 urte betetzeke, hil zen gripe txar batek jota.

 

Umeen gurutzada eta Marcel Schwob. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018