UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Nik, goliardo honek, Gure Jaunaren izenean neure eguneroko ogiaren eske baso eta bideetan barna alderrai nabilen kleriko lander honek, deboziozko ikuskari bat ikusi dut, eta ume txikien berbak entzun ditut. Badakit nire bizitza santu-santua ez dena, eta bideko ezkipeetan tentaldiei amore eman diedana. Ardoa ematen didaten anaiak ondo konturatzen dira ez nagoela edatera oso ohituta. Baina ni ez naiz mutilatzen dutenen sektakoa. Badira erakustearren eta errukia eskatzearren umetxoei begiak erauzi, hankak moztu eta eskuak lotzen dizkieten astakirtenak. Horra hor zergatik naizen beldur ume horiek guztiak ikustean. Zalantzarik gabe, Gure Jaunak zainduko ditu. Nahas-mahas hitz egiten dut, pozez beteta nago eta.  Barre egiten dut udaberriagatik eta ikusi dudanagatik. Nire gogoa ez da oso sendoa. Kleriko tontsura  hamar urte nituela jaso nuen, eta latinezko berbak ahaztu egin ditut. Matxinsaltoaren antzekoa naiz, ze jauzi egiten dut, hara eta hona, eta burrunba, eta batzuetan kolorezko hegoak zabaltzen ditut, eta nire buru txikia garden eta hutsik dago. San Joanes basamortuan matxinsaltoekin elikatzen omen zen. Hamaikatxo jan beharko zituen. Baina San Joanes ez zen inola ere gu bezalako gizon bat.

      San Joanesen miresle handia naiz ni, ze erromesa zen eta zentzu gabeko berbak esaten zituen. Uste dut gozoagoak izan beharko zutela. Aurten udaberria ere gozoa dugu. Inoiz ez ditu izan hainbeste lore zuri eta arrosa. Belardiak garbitu berri daude. Non-nahi egiten du diz-diz Gure Jaunaren odolak hesien gainean. Gure Jesus Jauna lili zuri kolorekoa da, baina haren odola gorrimina da. Zergatik? Ez dakit. Hori pergaminoren batean dago seguru asko.  Ni letretan aditua izan banintz, pergaminoa izango nuke, eta bertan idatziko nuke. Horrela ondo jango nuke gauero. Komentuetara joango nintzateke hildako anaiengatik otoitz egitera, eta haien izenak neure bilkarian idatziko nituzke. Nire hildakoen bilkaria abadia batetik bestera eramango nuke. Gure anaiek gogoko duten gauza da. Baina ez dakizkit nire anaia hilen izenak. Baliteke Gure Jauna ere ez arduratzea asko haiek jakiteaz. Iruditu zait ume hauek guztiek ez zutela izenik. Seguru da Gure Jesus Jaunak maiteago dituela. Bidea betetzen zuten erle zurien multzo batek bezala. Ez dakit nondik zetozen. Askotariko erromes txikiak ziren. Urritzezko eta urkizko bide-makilak zituzten. Gurutzea zeramaten bizkarrean; eta gurutze horiek guztiak konta ezin ahala koloretakoak ziren. Ikusi ditut berdeak, jositako hostoekin eginak izango zirenak. Ume basati eta ezjakinak dira. Alderrai dabiltza ez dakit norantz. Fedea dute Jerusalemen. Nik uste dut Jerusalem urrun dagoela, eta  Gure Jaunak gugandik hurbilago egon behar duela. Ez dira Jerusalemera helduko. Baina Jerusalem helduko da haiengana. Nigana bezala. Gauza santu guztien helburua alegrantzian datza. Gure Jauna  hemen dago, arantza gorritu honetantxe, eta nire ahoan, eta nire berba urrian. Ze beragan pentsatzen dut eta haren hilobia nire pentsamenduan dago. Amen. Hemen etzango naiz eguzkipean. Leku santua duzu. Gure Jaunaren oinek leku guztiak santutu zituzten. Lo egingo dut. Jesusek gauean lokarraraz ditzala gurutzea daramaten ume txiki zuri hauek guztiok. Benetan, nik hori diotsat. Logura handia dut. Nik hori diotsat, benetan, ze beharbada berak ez ditu ikusi, eta ume txikiak zaindu egin behar ditu. Eguerdiko orduak pisu handia dauka nire gainean. Gauzak oro dira zuri. Hala biz. Amen.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018