UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Gaur, Gure Jaunaren haragitzearen ondoko mila berrehun eta hamabigarren urteko irailaren hamabosgarren egunean, hainbat ume heldu dira nire nagusi Hugo Ferréren bulegora itsasoa zeharkatzeko baimena eskatzera Hilobi Santua ikustera joan ahal izateko. Eta Ferré delakoak Marseillako portuan nahikoa merkantzia ontzi ez dituenez, gomendatu dit Gillermo Porc-i eskatzea kopurua osatze aldera. Hugo Ferré eta Gillermo Porc maisuek gidatuko dituzte ontziak Lur Santuraino J. K. Gure Jaunaren amodioagatik. Gaur egun badira Marseilla herriaren inguruan sakabanatuta zazpi mila ume baino gehiago, euretako batzuek hizkuntza barbaroetan egiten dutenak. Nire jaun zinegotziek, urritasunaren beldur zuhurraz, bilera egin dute udaletxean, non, deliberatu ondoren, dei egin dieten aipatutako ontzi-maisuei bairatzeko eta arren eskatzeko ontziak ahalik eta agudoen bidal ditzatela. Egunean itsasoa ekinozioak direla-eta ez da batere aldekoa; baina gogoan hartu behar da halako jendetzaren emana galbidetsua gerta daitekeela gure hiri onarentzat, are gehiago ume hauek denak bide luzearen ondorioz gose baitira eta ez baitakite zer egiten duten. Agindua eman dut marinelei portura deitzeko eta ontziak prestatzeko. Bezperetakoan itsasoratu ahal izango dira. Ume aldra ez dago hirian, baina hondartzan zehar dabil maskorrak biltzen bidaiaren oroigarri gisa, eta harritu egiten omen dira itsas izarrekin, eta uste omen dute zerutik jausi direla bizirik Jaunaren bidea eurei erakustearren. Eta gertakizun bana-banako honetaz, hara zer esan behar dudan nik: lehenik, nahi izatekoa dela Hugo Ferré eta Guillermo Porc ontzi-maisuek atzerriko anabasa hau azkar eraman dezatela gure herritik kanpora; bigarrenik, negua latza izan dela, eta ondorioz aurten lurra elkor dagoela, nire jaun merkatariek ondotxo dakitenez; hirugarrenik, Elizari ez diotela Iparraldetik datorren aldra honen asmoaren berri eman, eta ez dela ume gudaroste baten (turba infantium) eromenean nahastuko. Halaber,  komeni da Hugo Ferré eta Guillermo Porc ontzi-maisuak goraipatzea, bai gure hiri onari dioten onirizteagatik, bai Gure Jaunaren meneko izateagatik, ekinozioko garai honetan ontziak bidali eta gidatuz, Argelia eta Bujiako faluetan gure itsasoa zeharkatzen duten fedegabeek erasotzeko arrisku handia dutelarik.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018