UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Aintza Jainkoari! Laudatua izan bedi Profeta zeinak onartu didan behartsua izatea eta herriz herri Jaunaren izena aldarrikatzen ibiltzea! Hiru aldiz izan bitez bedeinkatuak bertakoa naizen jainko ordena sortu zuten Mohameden lagun santuak! Zeren ni Haren kidekoa bainaiz, aipatu ere nahi ez dudan hiri zital hartatik harrika egotzi zutenean, eta mahasti batean babesturik kristau jopu bat harekin errukitu eta mahats aleak eman, eta ilunabarrean fedearen hitzek ukitu zutenean. Jainkoa handia da! Mosul eta Bagdad eta Basrara hiriak zeharkatu ditut, eta Sala-ed Din (Jainkoak gorde dezala haren arima) eta haren anaia Seif-ed Din sultana ezagutu ditut, eta Sinestunen Gomendadorea begietsi dut. Ohidalez bizi naiz eskean lortzen dudan arroz apurrarekin eta nire kurkubitara isurtzen didaten urarekin. Irmo nago gorputzeko garbitasunean. Baina garbitasun gorena ariman dago. Idatzita dago ezen Profeta, bere misioaren aurretik, lurrera jausi zela lo gogorrak harturik. Eta gizon zuri bi haren gorputzaren ezker-eskumara jaitsi, eta bertan geratu omen ziren. Eta ezkerreko gizon zuriak urrezko aizto batekin bularra urratu omen zion, eta bihotza atera eta odol beltza zukutu omen zuen bertatik. Eta eskumako gizon zuriak sabela urratu, hesteak atera eta garbitu egin omen zituen. Eta erraiak beren lekuan jarri omen zituzten, eta harrezkero Profeta garbi zegoen fedea iragartzeko. Naturaz gaindiko garbitasuna da hori, bereziki aingeruzko izakiei dagokiena. Halarik ere, umeak ere garbiak dira. Horrelakoa izan zen emakume asmagileak sortzea desiratu zuen garbitasuna, Mohameden aitaren buruaren gainean argi-koroa sumatu eta berarekin bat egin nahi izan zuenean. Baina Profetaren aita bere emazte Aminahekin batu zen eta argi-koroa aienatu egin zen haren bekokitik, eta emakume asmagileak horrela jakin zuen Aminahek izaki garbia sortu berri zuela erraietan. Aintza Jainkoari garbigarria baita! Hemen, bazar honen aterpean, har dezaket hats, eta igarotzen direnak agurtuko ditut. Badira oihal eta bitxi merkatari aberatsak kukulumuxu jarrita. Hona hemen kaftan bat mila dinar balio duena. Nik ez dut diruaren beharrik eta librea naiz txakur bat den gisa. Aintza Jainkoari! Gogoan dut, orain gerizpetan nagoela, neure hitzaldiaren hasiera. Lehenik, Jainkoaz dihardut, harengandik kanpo ez baita Jainkorik, eta gure Profeta santuaz, zeinak fedea agertu baitzuen, zeren eta pentsamendu guztien jatorria baita, dela ahotik atereak, dela luma baten laguntzaz moldatu izan direnak. Bigarrenik, hausnartzen dut Jainkoak santuei eta aingeruei eman zien garbitasunaz. Hirugarrenik, umeen gaixotasunaz egiten dut gogoeta. Izan ere, ikusi berri dut Sinestunen Gomendadoreak erosi duen ume aldra handi bat. Galtzadan ikusi ditut. Artalde baten antzera zebiltzan. Egiptotik omen datoz, eta frankoen ontziek porturatu omen zituzten han. Satanek hartuak zeuden eta Jerusalemera joateko itsasoa zeharkatzen saiatu ziren. Aintza Jainkoari! Ez zen utzi horrelako ankerkeria egin zedin. Zeren eta ume gaixo hauek, laguntza eta janaririk gabe, hil egingo baitziren bidean. Erabat errugabeak dira. Eta haien bistara lurrera bota dut neure burua, eta lurra jo dut bekokiaz Jauna ozenki goraipatuz. Hona hemen baina zein zen ume hauen kanpoko itxura. Zuriz jantzita zeuden, eta beren jantzietan gurutzeak zeramatzaten josita. Bazirudien ez zekitela non zeuden, eta ez zuten atsekaberik erakusten. Begiak urrunera zuzenduta zituzten tinko. Igarri dut haietako bat itsua zela eta neskato txiki batek eskutik helduta gidatzen zuela. Askok ile gorria dute eta begi berdeak. Frankoak dira, Erromako enperadorearen menekoak. Jesus Profeta gurtzen dute faltsuki. Franko hauen okerra nabarmena da. Frogatuta dago noski, liburu eta mirarien bidez, ez dagoela hitzik Mohamedenaz besterik. Ondoren, Jainkoak utz diezagula bera egunero goresten, eta gure bizitza bilatzen, eta bere sinestunei gure ordena babes dezatela agintzen. Azkenik, argiak uko egin die, Ibisek tentaturik, herrialde urrun batetik abiatu ziren umeei, eta bera ez da agertu ohartarazteko. Eta haiek jausi ez balira zorionez sinestunen eskuetan, Suaren adoratzaileek atxilotu eta haitzulo sakonetan kateatuko zituzten. Eta madarikatu horiek sakrifizioan eskainiko zizkieten beren idolo irensle eta higuingarriari. Laudatua izan bedi Jainkoa zeinak egiten duen oro ondo egiten duen, eta ezagutzen ez dutenak ere babesten dituen. Jainkoa handia da! Orain zilargin honen dendara joango naiz neure arroz partea eskatzera eta aberastasunekiko neure destaina aldarrikatzera. Jainkoak hala nahi badu, ume hauek guztiak salbatuak izango dira fedearengatik.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018