UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Gu hirurok, Nikolas, berbetan ez dakiena, Alain eta Dionisio, bideetara irten ginen Jerusalemera heltzeko asmoz. Aspaldian gabiltza alderrai. Ahots ezezagunek deitu ziguten gauean. Ume txiki guztiei deitzen zieten. Neguan hildako txorien ahotsen modukoak ziren. Eta hasieran txori gaixo asko ikusi genituen luze eginda lur izoztuaren gainean, papar gorridun txoritxo asko. Gero, lehenengo loreak eta lehenengo hostoak ikusi genituen eta gurutzeak ehundu genituen. Baserrien aurrean kantatu genuen, urte berrian ohi genuen modura. Eta ume guztiek gureganantz egiten zuten arineketan. Eta artalde baten moduan egin genuen aurrera. Izan ziren gizonak, Jauna ezagutu gabean madarikatu gintuztenak. Izan ziren emakumeak besoetatik heldu eta galdezka gure aurpegiak musuz betetzen zizkigutenak. Eta izan ziren arima onak ere, egurrezko goporretan fruituak eta esnea ekarri zizkigutenak. Eta mundu guztia errukitu zen gurekin. Ze ez dakite nora goazen eta ez dituzte ahotsak entzun.

      Lur zabalean oihan sarriak daude, eta ibaiak, eta mendiak, eta sasiz betetako zidorrak. Eta lurraren muturrean itsasoa dago, laster zeharkatuko duguna. Eta itsasoaren muturrean Jerusalem dago. Ez daukagu ez zuzenduko gaituenik ez gidatuko gaituenik. Baina bide guztiak dira zuzenak. Berbetan ez dakien arren, Nikolasek guk, Alain eta Dionisiok, bezala bide egiten du, eta bazter guztiak antzekoak dira, eta arrisku berdina dute umeentzat. Nonahi dira oihan sarriak, eta ibaiak, eta mendiak, eta arantzak. Baina leku guztietan ahotsak gurekin izango ditugu. Bada hemen ume bat Eustakio izena duena, eta begiak itxita jaio zena. Zabalik ditu besoak eta irri egiten du. Guk ez dugu berak baino gehiago ikusten. Neska koskor batek gidatzen du eta gurutzea eramaten dio. Allys du izena. Ez du sekula hitz egiten, eta ez du sekula negarrik egiten; begiak tinko ditu Eustakioren oinetan, haren estropezuetan eusteko. Denok maite ditugu biak. Eustakiok ezin izango ditu hilobiko argiontzi santuak ikusi. Baina Allysek eskuak hartuko dizkio hilobiko harlauzak ukiarazteko.

      Oi! Zein ederrak diren lurreko gauzak! Ez dugu ezer gogoratzen, inoiz ez genuen ezer ikasi eta. Hala ere, zuhaitz zaharrak eta harkaitz gorriak ikusi ditugu. Batzuetan lanbro sakonetan zehar ibiltzen gara. Beste batzuetan, zelai argietan zehar joaten gara gaua iritsi arte. Oihuka esan dugu Jesusen izena Nikolasen belarrira, eta berak ondo ezagutzen du. Baina ez daki esaten. Guk ikusten dugunaz pozten da bera gurekin batera. Ze haren ezpainak ireki egin daitezke poztasunaren aurrean, eta besagainak laztantzen dizkigu. Eta era horretara ez dira zoritxarreko: ze Allysek Eustakio zaintzen du, eta guk, Alain eta Dionisiok, Nikolas zaintzen dugu.

      Esan ziguten basoetan ogroak eta belagileak topatuko genituela. Gezurra eta abarra. Inork ez gaitu uxatu; inork ez digu gaitzik egin. Bakarzaleak eta gaixoak ikustera etortzen zaizkigu, eta andre zaharrek argiak pizten dituzte guretzat txaboletan. Elizetako kanpaiek gure alde jotzen dute. Nekazariak erretenetatik zutitzen dira guri so egiteko. Animaliak ere begira geratzen zaizkigu, eta ez dute ihes egiten. Eta bidean gabiltzanetik, eguzkia beroagoa bihurtu da, eta ez ditugu lore berdinak batzen. Baina txorten guztiak eho daitezke antzeko itxuretan, eta gure gurutzeak beti dira ezkoak. Honela esperantza handia dugu, eta laster ikusiko dugu itsaso urdina. Eta itsaso urdinaren muturrean Jerusalem dago. Eta Jaunak bere hilobira helaraziko ditu ume txiki guztiak. Eta ahots zuriak zorionekoak izango dira gauean.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018