UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Gura baduzue ulertu esan behar dizuedana, jakizue burua kapusai zuri batekin estalirik dudala eta egur gogorrezko karraka bati eragiten diodala. Jada ez dakit nolakoa den nire aurpegia, baina beldur diet nire eskuei. Nigana datoz piztia ezkatatsu eta belztuak bezala. Moztu egin gura nituzke. Lotsatu egiten naiz ukitzen dutenaz. Iruditzen zait hondatu egiten dituztela hartzen ditudan fruitu gorriak; eta uste dut haien azpian zimeldu egiten direla erauzten ditudan sustraiak. Domine ceterorum libera me! Salbatzaileak ez zuen ordaindu nire bekatu zurbila. Ahaztuta nago pizkundera arte. Ilargi hotzetan harri ilun batean sartutako apo baten antzera, neure lorrin higuinean hertsiturik lotuko naiz besteak beren gorputz argiarekin jaikitzen direnean. Domine ceterorum fac me liberum: leprosus sum. Bakartia naiz eta izututa nago. Soilik nire haginek gorde dute beren zuritasun naturala. Animaliak ikaratu egiten dira, eta nire arimak ihes egin gura luke. Eguna nigandik aldentzen da. Mila berrehun eta hamabi urte dira haien Salbatzaileak salbatu zituela, eta nirekin ez du errukirik izan. Ez ninduen ukitu alderik alde igaro zuen lantza ankerrak. Besteen Jaunaren odolak osatu egingo ninduen agian. Sarritan egiten dut amets odolarekin;  hozka egin nezake neure haginekin; haiek tolesgabeak dira. Berak eman gura izan ez didanez, neurea dena hartzeko irrikan nago. Horra hor zergatik zelatatu nituen Vendome Herritik Loireko baso honetarantz jaisten ziren umeak. Gurutzeak zituzten eta Haren esanera zeuden. Haien gorputzak Haren gorputza ziren eta Hark ez nau bere gorputzaren partaide egin. Lurrean galmendi zurbilak inguratzen nau. Zelatan egon nintzen, haren seme-alaben samatik odol errugabea xurgatzeko. Et caro nova fiet in die irae. Izu-larriaren egunean neure haragia berria izango da. Eta besteen atzetik ume ilegorri heze bat zebilen oinez. Ikusi nuen; jauzi egin nuen behingoan; ahoa hartu nion neure esku izugarriekin. Alkandora zarpail bat baino ez zuen jantzita, oinutsik zegoen, eta begiak bare jarri zituen. Harritu barik begiratu zidan. Orduan, banekienez ez zuela oihurik egingo, artean giza ahotsa entzuteko gogoa piztu eta kendu egin nituen neure eskuak haren ahotik, eta berak ez zuen  xukatu. Eta haren begiak beste nonbait zeuden.

      — Nor haiz?, esan nion.

      — Johannes Teutoia, erantzun zuen. Eta haren berbak garbiak eta onuratsuak ziren.

      — Nora hoa?, gaineratu nuen.

      Eta berak erantzun zuen:

      — Jerusalemera, Lur Santua konkistatzera.

      Orduan barrezka hasi nintzen, eta galdetu nion:

      — Nor duk hire Jauna?

      Eta hark erantzun zidan:

      — Ez dakit; zuria da.

      Eta berba horrek amorruz bete ninduen, eta ahoa ireki nuen neure kapusaiaren azpian, eta haren sama gordinerantz makurtu nintzen, eta ez zuen atzera egin, eta nik esan nion:

      — Nolatan ba ez duk nire beldurrik?

      Eta berak esan zuen:

      — Zergatik izan behar nuen zeure beldurrik, gizon zuri hori?

      Orduan,  negar malkoz gainezka, lurrean ahuspeztu nintzen, lurrari muin egin nion neure musu izugarriekin, eta oihuka esan nuen:

      — Legenarduna naizelako!

      Eta ume teutoiak so egin zidan, eta bare-bare esan zuen:

      — Ez dakit.

      Ez zuen nire beldurrik izan! Ez zuen nire beldurrik izan! Nire munstro-zuritasuna Jaunarenaren antzekoa iruditzen zaio. Eta eskutada bat belar hartu nuen eta haren ahoa eta haren eskuak xukatu nituen. Eta esan nion:

      — Hoa bakean hire Jaun zuriarenganantz, eta esaiok ahaztu egin nauela.

      Eta umeak begiratu egin zidan ezer esan barik. Baso honen belztasunetik kanpora lagundu nion. Ikara barik zebilen oinez. Urrunean haren ile gorriak ikusi nituen eguzkiaren ondoan aienatzen. Domine infantium, libera me. Nire egurrezko karraka zuregana hel dadila, ezkilen hots garbia bezala! Ez dakitenen maisu horrek, aska nazazu!

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018