UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Intsentsutik eta meza-jantzietarik urrun, hagitz aise mintza nakioke Jainkoari ene jauregiko ganbera histu honetan. Honaxe etortzen naiz ene zahartzaroan gogoeta egitera, besotik inork atxiki gabetarik. Meza bitartean ene bihotza goititu egiten da eta ene gorputza zutitu; ardo sagaratuaren leinuruak begiak dizkit betetzen, eta olio gurenekin gogamena zait urintzen; baina ene basilikako leku bakarti honetan ukur naiteke unadura lurtar honen pean. Ecce homo!  Ezen Jainkoak ez du inola ere egiazki adituko bere apaizen ahotsa manamenduen eta bulen hotsandikerian; eta inondik ere ez ditu laket ez purpura ez bitxiak ez margolanak; haatik, gelaxka xume honetan urrikalduko da menturaz ene zezeltasun lorrinaz. Jauna, zaharra naiz oso, eta hemen nauzu, zuriz jantzita zure aitzinean, eta grazia dut Inozentzio, eta zuk badakizu ezen nik deus ez dakidala. Barkatu nire aitasantutza, bestek eratua izan baita, eta nik pairatu egin baitut. Ez dut nik ohorerik agindu. Nahiago dut zure eguzkia leiho biribil honetatik ikusi, ene beirate koloretakoen isla bikainetan baino.

      Utzidazu auhen egiten nola edozein agurek egiten baitu, eta zuregana itzultzen gau eternoaren uhainen gainetik nekez goratzen dudan begitarte ilaun eta zimur hau. Eraztunak ene eri erkinetarik lerratzen dira, nola itzurtzen baitzaizkit bizitzako azken egunak.

      Ene Jainkoa! Zure bikarioa nauzu hemen, eta zuri buruz luzatzen dut neure esku akitua, zure fedearen ardo garbiz okitua. Krimen handiak daude. Hagitz krimen handiak daude. Absoluzioa eman diezaiekegu. Heresia handiak daude. Hagitz heresia handiak daude. Gupida gabe zigortu behar ditugu. Gelaxka zuri histu honetan, zuriz jantzita, belaunikatzen naizen oren honetan, gaitzeko larridura pairatzen dut, Jauna, ez dakidalarik krimenak eta heresiak nire aitasantutzaren aginte hanpurutsuari ala gizon zahar batek eskuak umilki batzen dituen argi zirkulu tipiari dagozkion. Orobat nago durduzaturik zure hilobiaren amoreagatik. Beti dago fedegabez ingurukaturik. Ez da jakin harzara eskuratzen. Inork ez du zure gurutzea Lur Santuari buruz zuzendu; aitzitik laxokerian pulunpaturik gaude. Zaldunek armak utzi dituzte eta erregeek ez dakite agintzen engoitik. Eta nik, Jauna, neure burua salatzen dut bular joka: ahulegia eta zaharregia naiz.

      Halarik ere, Jauna, entzun ezazu ene basilikako gelaxka honetatik lekora goititzen den zezeldura dardaratsu hau. Nire zerbitzariek Flandria eta Alemania herrialdeetarik Marseilla eta Genova hirietarainoko berri estrainioak ekarri dizkidate. Sekta ezezagunak sortuko dira. Mintzatzen ez diren emazte biluziak ikusi dira hirietan lasterka. Mutu ozar horiek zerua seinalatzen dute. Zenbait erok hondamendia aldarrikatu dute plazetan. Eremutar eta kleriko herratuak erasian ari dira. Eta ez dakit zer aztikeriaren bidez zazpi mila ume baino gehiago jalgiak izan dira beren etxeetarik. Zazpi mila dira bidean, eta gurutzea eta pordoia daramatzate. Ez dute deus jatekorik; ez dute armarik; ezgaiak dira eta ahalkearazi egiten gaituzte. Egiazko ezein erlijioren berri ez dakitenak. Ene sehiek galdekatu egin dituzte. Erantzuten dute ezen Jerusalemera doazela Lur Santua konkistatzera. Ene sehiek esan diete ezen ez zezaketela itsasoa zeharka. Arrapostu dute ezen itsasoa ireki eta lehortuko zela haiek iragaiten uzteko. Guraso onak, jainkozale eta jakintsuak, geldiarazten saiatu dira. Gauean zerrapoak hautsi eta harresiak zeharkatu dituzte. Deitoragarria da. Jauna, errugabe horiek guztiak naufragiora eta Mahomaren adoratzaileengana eramanak izanen dira. Bagdadeko sultanak bere jauregian barrandatzen dituela ikusten dut. Ikaran nago pentsatuz marinelek haien gorputzak hartuko dituztela saltzeko.

      Jauna, utz iezadazu erlijio-formulen arabera mintza nakizun. Umeen gurutzada hau ez da jaierazko egintza bat. Ezin izanen du Hilobia irabazi giristinoentzat. Fede zilegituaren mugan dabiltzan erromesak emendatuz doaz. Gure elizgizonek ez dute fedea gerizatzen ahal. Sinetsi beharko dugu Etsaiak hartuak dituela gaixo urrikalgarri horiek. Taldean doaz amildegiei buruz urdeak mendian bezala.  Dakizunez, Etsaia gogara jabetzen da umeez. Beste orduz, arratoi-ehiztariaren itxura hartu zuen bere xaramelaren doinuarekin Hamelin herriko haur koskorrak xarmatzeko. Batzuek diote ezen dohakabe horiek Weser ibaian ito zirela; beste batzuek, mendi baten hegalean hertsitu zituela. Beldur naiz Etsaiak gure ume guztiok gure federik ez dutenen tormentuetara eraman ditzan. Jauna, badakizu ez dela on sinesmena eraberritzea. Sasi gartuan agertu bezain fite, tabernakulu batean gordearazi zenuen. Eta Golgotan zure ezpainetarik itzuri zelarik, ziborio eta eki-sainduetan gordetzeko manatu zenuen. Profeta tipi hauek zure Elizaren etxea eraitsiko dute. Gerizatu beharra da. Gaitziritziko ote dituzu zure sagaratuak, zeinek zure zerbitzuan albak eta estolak jantziko dituzten, zeinek tentazioei gogorki eusten dieten zu irabaztekotzat; eta oneritziko dituzu, ordea, nora doazen ere ez dakiten horiek? Guk utzi egin behar ditugu ume tipiak zuregana etortzera, baina zure fedearen bidetik. Jauna, zure erakundeen arabera mintzo natzaizu. Ume tipi hauek hil eginen dira. Ez ezazu Inozentzioren mendean Inozenteen hilkintza berritzera utzi.

      Orain barka iezadazu, ene Jainkoa, aholkua eskatzearren tiarapetik. Zahartzaroaren ikara nagusitzen da nire baitan. Begira nire esku gaixoei. Agure zaharra nauzu. Ene fedea ez da engoitik ume tipi horiena bezalakoa. Gelaxka honetako hormen urrea denborak higatua dago. Zuriak dira. Zure eguzkiaren zirkulua zuria da. Ene jantzia ere zuria da, eta ene bihotz idortua garbia da. Zure erregelaren arabera diot. Krimenak daude. Krimen hagitz handiak daude. Heresia hagitz handiak daude. Neure burua kordokan dago ahuleziaren ahuleziaz: agian ez da beharrezkoa ez zigortzea ez errugabetzea. Iragan bizitzak zalantzan jartzen ditu gure erabakiak. Ez dut miraririk ikusi. Argi nazazu. Hau miraria ote da? Zer ezaugarri eman diozu? Garaia iritsi ote da? Nahi ote duzu nire gisako agure zahar bat zure ume tipiak bezain zuria izan dadin? Zazpi mila! Haien fedea ezjakina bada ere, zazpi mila errugaberen ezjakintasuna zigortuko al duzu? Nihaur ere errugabea nauzu. Jauna, errugabea nauzu haiek bezala. Ez nazazu zigortu ene zahartzaro larri honetan. Urte luzeek erakutsi didate ume talde honek ez duela garaitzen ahal. Halarik ere, Jauna, miraria ote da? Nire gelaxkak malats dirau, beste meditazio aldi batzuetan bezala. Badakit ez dela beharrezkoa zuri otoi egitea, agerian jar zaitezen; baina nik, ene zahartzaro larriaren goialdetik, zure aitasantutzaren goialdetik, otoi eta otoi egiten dizut. Erakuts iezadazu, nik ez baitakit. Jauna, zure tipi errugabeak dira. Eta nik, Inozentzio honek, ez dakit, ez dakit.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018