UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Hona hemen itsaso irensgarria zeinak errugabe eta urdina dirudien. Haren izurrak leunak dira, eta zuriz berregindurik dago jainko-jantzia iduri. Zeru likido bat da eta bizirik daude haren izarrak. Gogoetagai dut, harkaitz-tronu honetatik zeinera nire ohatzean ekar nintzatela agindu nuen. Zinez giristino lurraldearen erdian dago. Berri-ekarleak bekatua garbitu zuen ur sagaratua bereganatzen du. Haren hegian bisaia santu guztiak makurtu ziren, eta haien irudi gardenak kulunkarazi zituen. Handi gantzutu misteriotsua, ez baituk ez gora ez beherarik, lo-kanta oztina, lurraren eraztunean bitxi isurkor bat iduri ezarria, hiri galde egiten diat neure begiokin. Oi Mediterraneo itsasoa, itzul iezazkidak neure umeak! Zergatik bahitu hituen?

      Ez nitian ezagutu. Ez ziaten haien hats arinek nire zahartzaroa laztandu. Ez zitzaizkidaan otoika etorri beren aho samur erdi irekiekin. Bakarrik, eskale tipiak bezala, sineste itsu eta suminez beterik, agindutako lurrerantz arriskatu zituan eta suntsituak izan zituan. Alemaniatik eta Flandriatik, eta Frantziatik eta Savoiatik  eta Lombardiatik etorri zituan hire uhin zitalei buruz, itsaso santua, adorazio hitz nahasiak xuxurlatuz. Marseilla hirira joan zituan, Genova hiriraino joan zituan. Eta hik eraman hituen ontzietan hire bizkar bitsez asaldatuaren gainean; eta itzuli egin hintzen eta hire beso berdexkak luzatu hituen haienganantz, eta hondoratu egin dituk. Eta besteak saldu egin hituen, fedegabeengana eramanda; eta orain zizpuruka ari dituk Ekialdeko jauregietan, Mahomaren adoratzaileen gatibu.

      Behiala, Asiako errege harro batek agindu zian hi makilekin jotzea, eta katez josi hinduen. Oi Mediterraneo itsasoa! Nork barkatuko dik? Tristeki haiz errudun. Herorri eta herorri bakarrik salatzen haut, faltsuki garbi eta aratza, zeruaren ispilu gaiztoa. Dei egiten diat Goi-goikoaren tronuaren aitzinerako, zeinaren mende dauden sorkari guztiak. Itsaso sagaratua, zer egin duk gure umeekin? Jaso ezak Hari buruz hire hatz burbuilaz dardaratiak; inarros itzak hire ezin konta ahalako barre pupurakarak; eragiok hitz hire murmurioari, eta kontu errendatu iezaiok Hari.

      Hondartzaren gainean nire oinetara hiltzera datozen hire aho zuri guztietatik ez duk hitzik esaten. Bazagok nire Erromako jauregian distira galdutako antzinako gelaxka histu bat, zeina denborak zuri egin duen goiztiria bezala. Inozentzio pontifizea bertan gibelatu ohi zuan. Luzaro egin omen zian gogoeta umeez eta haien sinesteaz, eta Jaunari seinale bat eskatu omen zioan. Hemen, harkaitz tronu honen gainetik, egurats zabalaren erdian, adierazten diat ezen Inozentzio pontifize honek ume baten fedea ere bazuela, eta alferrik inarrosi zuela bere bilo zuria. Inozentzio baino askoz zaharragoa nauk, Jaunak lurrean jarri dituen bikario guztietan zaharrena nauk, eta doi-doi hasi nauk ulertzen. Jainkoa ez duk inolako moldetan agertzen. Urgatzi ote zian bere semea Olibadietako mendian? Ez ote zian bertan behera utzi bere behar-ordu larrian? Oi umekeria handia haren laguntza eskatzea! Gaitz oro eta erakusgarri oro gure baitan zagok. Uste osoa dik bere eskuz sortu lanean. Eta hik haren uste onari huts egin diok. Itsaso jainkozkoa, ez ahal hau nire mintzairak estonatuko. Gauza guztiak dituk berdinak Jaunaren aitzinean. Gizakien arrazoimen handinahiak ez dik infinituaren baliotasunean hire arraintxoetarik baten begitxo erradiatuak baino gehiago balio. Jainkoak puska berdina eman ziok hala hondar aleari nola enperadoreari. Urrea meatzean umotzen duk monjeak monasterioan hausnartzen duen bezain zuzenki. Munduko poxiak batzuk besteak bezain errudunak dituk, ontasunaren lerroei jarraitzen ez zaizkienean, zeren eta Haren baitatik baitatoz. Haren begien aitzinean ez zagok harririk, ez landarerik, ez gizon-emazterik, sorkariak baizen. Ikusten ditiat buru zurikara hauek guztiak hire uhainen gainean jauzika, hire uretan urturik; segundo bakar batez gorritzen dituk eguzkiaren argipean, eta kondenatuak edo hautatuak izan zitezkek. Erabateko zahartzaroak burgoikeria bideratzen dik eta erlijioa argitzen dik. Nakarrezko  maskor txiki honetaz bezainbeste urrikaltzen nauk neure buruaz.

      Hona hemen zergatik salatzen haudan, itsaso irensgarria, ene umetxoak hondoratu baihituen. Oroit hadi zigortu hinduen errege asiarraz. Baina hura ez zuan izan ehun urteko errege bat. Urteek ez ziotean hainbeste erakutsi. Ez zituan ulertu ahal Unibertsoaren gorabeherak. Nik ez haut zigortuko. Zeren eta nire arrangura eta hire murmurioa batera etorriko baitziren hiltzera Goi-goikoaren oinetara, hire uren xuxurla nire oin-zoletara hiltzera datozen bezala. Oi Mediterraneo itsasoa!, barkatzen diat eta errugabe uzten haut. Absoluzio txit santua ematen diat. Hoa eta gehiago bekaturik ez egin. Hi bezala nauk errudun ezagutzen ez ditudan hutsez. Hi etengabe aitortzen haiz hondartzaren gainean hire mila ezpain minduetarik, eta ni hirekin aitortzen nauk, itsaso sagaratu handia, nire ezpain zimelduetarik. Elkarri aitortzen gatzaizkiok. Errugabe nazak eta errugabetuko haut. Itzul gaitezen ezjakin eta xalotasunera. Hala biz.

      Zer egingo dut lurraren gainean? Hobena ordaintzeko monumentua egongo duk, fede ezjakinarentzako monumentua. Datozen belaunaldiek gure urrikalmendua ezagutu behar ditek, eta ez etsi. Jainkoak beraganantz zuzendu zitian ume gurutzatuak, itsasoaren bekatuaren bidez; errugabeak hil egin zitiztean; errugabeen gorpuek babes-etxea izango ditek. Zazpi ontzi hondoratu zituan Reclus uharrian; nik irla honetan Errugabe Berrien eliza eraikiko diat eta hamabi prebendadun ezarriko ditiat. Eta hik nire haurren gorpuak itzuliko dizkidak, itsaso errugabe eta sagaratu horrek; uharteko hondartzetan jarriko dituk; eta prebendadunek jauretxeko kriptetan paratuko ditiztek; eta, gainean, olio santuak erreko diren argi azkengabeak piztuko ditiztek, eta bidaiari urrikalgarriei erakutsiko zizkietek gauean barreiatu hauek hezurtxo zuri guztiak.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018