UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

      Dagoeneko ezin naiz ondo ibili, ze herrialde kiskalgarri batean gaude, zeinera ekarri gintuzten Marseillako gizon ergelek. Hasieran egun beltz batean astinduak izan ginen itsasoaren gainean, zeruko suen artean. Baina nire Eustakio txikiak ez zuen beldurrik izan, ze ez zuen ezer ikusten eta nik esku bietatik heltzen nion. Asko maite dut, eta beragatik etorri nintzen hona. Ze ez dakit nora goazen. Aspaldi abiatu ginen. Gainontzekoek Jerusalem hiriaz hitz egiten ziguten, zeina itsasoaren muturrean dagoen, eta Gure Jaunaz, zeina bertan izango den gu hartzeko. Eta Eustakiok ondo ezagutzen zuen Jesus Gure Jauna; baina ez zekien zer den Jerusalem, ez hiri bat, ez itsasoa. Ihes egin zuen ahotsei esana egitearren, eta gauero entzuten zituen. Gauez entzuten zituen isiltasunagatik, ze berak ez ditu gaua eta eguna bereizten. Eta ahots haietaz galdetzen zidan, baina nik ezin nion ezer esan. Ez dakit ezer, eta pena dut bakarrik Eustakiogatik. Nikolasen eta Alainen eta Dionisioren aldamenean ibili ginen; baina haiek beste ontzi batera igo ziren, eta eguzkia berriz agertu zenean ez zeuden bertan ontzi guztiak. Ai! Zer gertatu ote zaie? Berriz topatuko ditugu Gure Jaunaren ondora iristen garenean. Oraindik oso urrun dago. Etorrarazi gaituen errege batez hitz egiten da, Jerusalem hiria bere aginpidean omen dauka. Eskualde honetan dena da zuria, etxeak eta jantziak, eta emakumeen aurpegia belo batekin estaltzen dute. Eustakio gaixoak ezin du zuritasun hau ikusi, baina nik hartaz hitz egiten diot eta bera poztu egiten da. Ze esaten du amaieraren seinalea dela. Jesus Jauna zuria da. Allys txikia oso nekatuta dago; baina Eustakio dauka eskutik oratuta, eror ez dadin, eta ez zaio astirik geratzen bere nekeaz pentsatzeko. Gau honetan atseden egingo dugu, eta Allysek lo egingo du, ohi bezala, Eustakioren ondoan, eta ahotsek utzi ez bagaituzte, saiatuko da gau argian entzuten. Eta  eskutik helduko dio Eustakiori bidaia handiaren amaiera zuriraino, ze Jauna erakutsi behar dio berari. Eta segurutik Jaunak erruki izango du Eustakioren pazientziaz, eta Eustakiok ikustea posible egingo du. Eta orduan Eustakiok Allys txikia ikusiko du agian.

 

UMEEN GURUTZADA
Marcel Schwob

La Croisade des enfants, 1896
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018