SALATU NAHI DUT Salatu nahi dut guztien aurrean, apaiz eta laiko, antiojo pare baten lapurreta, ator zikin eta zapi erabili bat, poema zenbait, gerra honen azken urteotan idatziak, telebista bat, diskoak, armak, oroitgarri batzuk: Lenin-en liburu bat, on Pepe de la Matrona-ren disko bat Divinsky jainkotiarrak emana, on Fernando Quiñones Cante-ren Markesak horrela aholkaturik, Arjeliatik ekarritako eserleku bat, harri txikiak, eskutitzak, Txileko botila ardo bi, benetako agiriak eta agiri apokrifoak, eta beste gauza txiki baina maiteak, deus ez da berriz agertu, ezta zerrendatu ez ditudan beste batzuk ere. Poliziak lapurtu zituen nire etxean, legez kanpoko zerbait eginez orduan. Galdutako armak zehaztuta daude jada behar den bezala; arma luzeak eta laburrak, arma onak eta txarrak. Objektuak arruntak ziren, edonon salgai dauden horietakoak; txosten polizial iruzurtiek aipatzen zuten 11,25eko arma batez ezker izterraren hasieran arrasto bat utzi zuenaz; beste txosten batek erreferentzia egiten zien balistika arazoei, sentimenduekin lotuak; beste batek jasotzen zuen sargentu baten beldurra ustekabean eraso egin zitzaiolarik, eta beste batzuek ahaztu ditudan gaiez, arrazoi ezin hobeaz. Paper hauetako batzuk desagertu egin dira Poliziak jendeari sartutako beldurraren beldurrez, besteak beste, paperak banan-banan erre zituen Lucila izeneko emakume bati. Beste paper batzuk Poliziak berak suntsiturik edo informazio-zerbitzuetako militarrek birrindurik, nire bila etorri eta eraman egin ninduten horiek beraiek. Salaketa hau egin nahi dut bereziki armak eta poemak galdu direlako, biak ala biak ordezkaezinak. Errepublikako Herriari lapurtu zaizkio, Errepublikako Herriarenak baizik ez zirelarik
SALATU NAHI DUT |