EGIA HUTSA
Paco Urondo

La pura verdad
Arimaren poemak
euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz-69, 2019
armiarma.eus, 2020

 

Zuek baimentzen baduzue,

bizitzen jarraitu nahiago dut.

 

Azken finean, eta ongi hausnartu eta gero, ez dut

protesta egiteko edo kexatzeko motiborik:

 

beti esne-mamitan bizi izan naiz: garrantzizko

deusik ez dut faltan izan.

 

Egia da ez nuela sekula ezer ezinezkorik nahi izan; maitemindurik

mundu honetako gauzekin inkontzientziaz eta minez eta

beldurrez eta beharraz.

 

Barkaezinezko alaitasuna bertatik bertara ezagutu dut; izan nituen

amets asaldagarriak eta amodio goxoak, arinak eta hobendunak.

 

Neure burua handinahikeriaz ikusteak lotsarazten nau; oilo dorpe bat,

malenkoniatsua, ahula, interes urrikoa,

 

haizeak gutxiesten duen luma sorta bat,

denborak ezabatu duen bidexka.

 

Bulkadek kosk egin zuten nire gaztaroan eta orain, ohartu gabe, hasia naiz

heldutasun orekatu batean, edonor supituki zoratzeko edo seko aspertzeko moduan.

 

Nire hutsegiteak betiko ahaztu dira; nire oroimena hil da eta kexaka dabil

ametsean eta sentimendu gaiztoetan ainguratutako beste jainkoekin.

 

Iraungitzen denak, zikinak, etorkizunak, ni kikilitzen asmatu zuen, baina gainditu egin dut

betiko; badakit etorkizunak eta memoriak mendeku hartuko dutela egunen batean.

 

Ezikusia izanen naiz, umiltasun faltsuaz, Errauskine bezala, nahiz eta batzuek

nitaz kariñoarekin oroitu edo nire oinetakotxoa aurkitu eta haiek ere hiltzen joan.

 

Ez dut ospearen eta diruaren

aukera baztertzen; pasio ilunak eta aterbegabetasuna.

 

Ankerkeriak ez nau izutzen eta beti bizi izan liluraturik

alkohol hutsaz, ongi idatzitako liburuaz, haragi perfektuaz.

 

Neure indarrekin fido naiz eta nire osasunarekin

eta nire patuarekin eta zori onarekin:

 

badakit iraultza ikusiko dudala, jauzi beldurgarri

eta desideragarri, gure utzikeriaren atean joka.

 

Hitz baten bihotzean biziko naizela ziur naiz;

berotasun hau partekatzea, geldirik balio ez duen eta usteltzen den fatalitate hau.

 

Hitz egiten eta argia aditzen ahal dut

eta azal maitearen eta etsaiaren eta hurbilaren kolorea.

 

Ametsa eta zikina ukitzea,

ihesaldian emandako dardarizio bakoitzean jaiotzea

 

heriotza eragiterainoko behaztopak;

itxaropena eta mina eta nekamena eta gogoak.

 

Mintzatzen aritzea, eustea

garaipen honi, ukabil honi; agur egitea, adio esatea

 

Handikeriarik gabe esaten ahal dut

bizitza ezagutu dudan hoberena dela.

 

EGIA HUTSA
Paco Urondo

La pura verdad
Arimaren poemak
euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz-69, 2019
armiarma.eus, 2020