CHAITAKO HAIZEAK Chaita ordokietara heldu da horditutako elefantea bezala zuhaitzei hostoak ebatsiz mendeak zeuzkatenak etzanaraziz iraganaren hautsa harrotuz loreen lurrina bazter urrunetaraino barreiatuz. Irakurtzen ditugun istorio asko haize hauek ekarri dituzte Idazten ditugun istorio asko haize hauek sortu dituzte.
Konfiantza osoko etxea eraiki dut baina haize honek porroka litzake etxe zaharrak isilarazi litzake ahots ahulak. Haize honek eraman lezake itsasoko ura zeruraino. Haize honek eraman lezake euria zerutik. Nola ez dut esanen ba neuk ere haize honek ezabatzen ahal dituela herri honen gainean ditugun hodeiak? Nola ez dut esanen ba neuk ere haize honek kentzen ahal dituela herri honen historiaren orrialde lotsagarriak? Putz egiteko pipak jendeari dei egiten dion bezala ari da haize hau iraultzarako deia egiten orbelak zeruan barrena sakabanatuz.
irabazi gizenak egiteko altxatu zituzten etxeok luze iraunen dutenik. Iduri luke ez dagoela hodeirik aski eguzkiaren izpiak gordetzeko bizkarrezurrean jota herria argi ez dezan.
Nire etxeko banderak Om Man-ni pad-me hum hitzak dauzka. Arin inarrosten da egun. Etxaurreko pepal zuhaitzaren hostoak libreki dabiltza hegan egun. Haizea, itxuraz, bakearen eta egiaren bidean dabil. Haizea, itxuraz, urduritua da ongietorria egin beharrez Udaberriari.
Baina, nork daki? Haizea trabarazi egin liteke bere helburura iritsi baino lehen. Nork daki? Haize hau saihets liteke bere helburu finkoa jarraituz.
Nork daki? Haize honek zuztarretik atera lezake pepal zuhaitza gerizpe hezea eskainiz ezin konta ahala bidekori. Chaita ordokietara heldu da horditutako elefantea bezala.
Erne guztiok, erne! Zu, sukaldari, egizu zeure lana suak baino lehen. Eta zu, familiaburu etxekoak bortxaz manatu nahi dituzun hori erne suari! erne haizeari! erne!
CHAITAKO HAIZEAK |