JAINKOAK DAKI ZER BIHURTUKO OTE DEN ORAIN BAHADUR
Kshetra Pratap Adhikari

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Haziak erein genituen egunetik

euriari eman zion atertu gabe.

Ildoak hondatu egin ziren.

Ezer garatu ez.

 

Haziak erein genituen egunetik

hasi zuen ekaitza, izugarrizko ekaitza.

Dena hil zuen

Ezin arroza landatu.

 

Eta uztaroa iragan zen

uztarik gabe.

 

Kartik ez dugu urrun

Dashain eta Tihar-en hilabetea.

Eta zer!

Lehenago ere makinatan utzi ditu Dhan Bahadur-ek

festa hauek ospatu gabe.

Aurten ere ez ditu ospatuko.

 

Artoa eta arroza beharrezkoak ditugu bizirauteko.

Batek goseari gain hartzen ahal badio

ez dauka zer kexatutik.

Dashain eta Tihar beharrezkoak dira alegrantziarako.

Batek festa egin balezake alegrantziarik gabe

ez dauka zer kexaturik.

Baina goseak bizi beharra

ez da egia.

 

Irririk gabe irri egin beharra ere

ez da egia.

Zer den egia Dhan Bahadur-en ametsean:

arrozadia urrezko arrozez

ikusteko ametsa.

Arto uztaren ametsa

uztaroan.

Dhan Bahadur da egia bakarra

milioika Dhan Bahadur ordezkatzen dituena.

Aitzurrak huts egin dio.

Goldeak ere huts egin dio.

Dhan Bahadur-en tximinia hotzean

heriotza baino ez.

Dhan Bahadur-en urdail hutsean

heriotza baino ez.

Dhan Bahadur ez da

heriotzaren biziune bat baino.

 

 

 

Dhan Bahadur-ek ez du ordaindu ahal izan lurra zulatuz.

Jainkoak daki zer zulatu beharko duen orain!

Dhan Bahadur-ek ez du ordaindu ahal izan laboraria izanez.

Jainkoak daki zer bihurtuko den orain! 

 

JAINKOAK DAKI ZER BIHURTUKO OTE DEN ORAIN BAHADUR
Kshetra Pratap Adhikari

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015