WHEDON, EGUNKARIKO ZUZENDARIA
Edgar Lee Masters

Spoon River Anthology, 1915
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2018

 

Afera bakoitzean ertz guztiak antzemateko gai izan;

leku guztietan egon, dena izan, sasoi batean deus ez izan;

egia faltsutu, bere ipurgainera igo komeni zaizunean;

pertsonen sentimendu eta pasio gorenak gibel-asmoz manipulatu;

grezia zaharreko aktoreen antzera

katamaloa jantzi —zure egunkaria bera— titular arranditsuak diren bozgorailuen atzean ezkutaturik ozen oihukatzeko:

“Erraldoia naiz!”

Eta hala,

ihes egin duen lapurraren gisa bizi,

norbere arima ostenduaren berba anonimoek pozoiturik.

Eskandaluak lurperatzeko, horretarako ordainduz gero,

edo lau haizetara zabaltzeko prest,

mendekuagatik edota egunkari gehiago saltzearren,

bizitzak zein izen-onak suntsituz, behar izanez gero;

nola edo hala baina beti irabazi,

norbere bizitza arriskuan jarri barik, noski;

gizatasun oro zulatzen duen deabruzko boterearen gorazarre eginez,

enborra trenbide erdian jarririk trena errailetik aterarazten duen

mutiko paranoikoaren antzera.

Egunkari bateko zuzendaria izan, ni neu izan nintzena.

Eta ondoren, hemen gorpu etzan, ibai ertzean,

herriko estoldetako urak husten diren lekuan

herriko zaborrak, pote hutsak botatzen diren lekuan

umekiak ezkutatzen diren lekuan.

 

WHEDON, EGUNKARIKO ZUZENDARIA
Edgar Lee Masters

Spoon River Anthology, 1915
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2018