SPOON RIVER ANTHOLOGY. Aurkezpena
Joseba Sarrionandia

Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, 1985
armiarma.eus, 2018

 

Spoon River Anthology. Edgar Lee Masters

 

      Poesia egitea boza bilatzea da. Baliteke bizitza osoan bilatu eta sekula ere ez aurkitzea, baliteke luzaroan jardun eta azken lerro batzuetan besterik ez topatzea, baliteke noizbait orriren bateko auskalo ze lerrotan ukitzea, gero baldarkeriara itzultzeko.

      Ingelesezko poesian badago autore bat, Edgar Lee Masters, bere boza etengabe bilatzen jardun eta behin topatu zuena. Berrogeita hamar liburutik gora argitaratu omen zituen 1898 eta 1950 artean, eta poeta mediokrea baizik ez zen izan bere obra gehienean, liburu bakar batean salbu. Liburu hori, 1915. urtean argitaraturiko Spoon River Anthology, miresgarria da, ahots poetikaren aurkitze betea.

      Edgar Lee izena jasoko zuen umea 1868. urtean sortu zen Garnett herrian, Kansas estatuan, pioneroen eta puritanoen familian. Umea hazi ordukio, Illinois aldera aldatu ziren. Ikasketak eginda, Edgar Lee Masters abokatu egin zen ofizioz, lehenengo Chicagon eta gero New Yorken lan egiteko. Artean, poema liburuak argitaratzen zituen, arrakastarik gabe.

      1915. urtean, antologia grekoan inspiraturik eta Ipar Amerika erdialdeko herrixketako bizimodua gai harturik, Spoon River Anthology liburua argitaratu zuen. Berrehundik gora epitafio, hilerriko biztanle bakoitzak berea, herri ia osoaren kronika eginik, nolabaitekoa eta ironikoa. Herri dekadentea da Spoon River, ezabatu dira arbasoen ilusioak, handiak tipien zapaltzaile dira eta, han ere, hipokresia da nagusi. Zoritxarreko bizitzak kontatzen dira epitafio gehienetan. Zorioneko bizitza apurrak zoritxarrekoak baino arruntagoak dira gainera, izan ere bertutea aspergarria baita.

      Spoon River Anthology ondoren ere ugari idatzi zuen baina ez zen epitafio bilduma haren mailara berriz helduko. Autobiografiak, nobelak, biografiak, poema liburuak, alferrik. 1949. urtean, Edgar Lee Masters zahar eta pobrea New York hiriko hotel miserablean bizi zen, urtebete geroago hilko zen Filadelfiako sanatorioan.

      Elmer ahularekin, Herman indartsuarekin, Bert pailazoarekin, Tom mozkortiarekin eta Charley borrokazalearekin dago, beharbada, Edgar Lee. Ella sentimentalarekin, Kate sinplearekin, Mag haserrekorrarekin, Lizzie harroarekin eta Edith zoriontsuarekin. Guziak muinoan loak harturik daude, guziak. Haien bozak, gehienetan erdipurdikoak, behin bakarrik harrigarriak, hilarri mutuak isilarazten dituen artean.

 

(Martxoak 6)

 

SPOON RIVER ANTHOLOGY. Aurkezpena
Joseba Sarrionandia

Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, 1985
armiarma.eus, 2018