MUINOA
Edgar Lee Masters

Spoon River Anthology, 1915
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2018

 

Non dira Elmer, Herman, Bert, Tom eta Charley

menderakoia, beso indartsua,leloa, hordia eta borrokazalea?

 

Den denak muinoan lo dautza

 

Bat sukarrak utzi zuen atzean,

bat meatzean erre zen,

bat borrokan hil zen,

bat espetxean,

bat zubitik behera erori zen

emazte eta seme-alabentzako lanean ari zela.

 

Den denak muinoan lo, lo, lo dautza.

 

Non dira Ella, Kate, Mag, Lizzie eta Edith

bihozbera, arimaz soila, ikusgarria, harroa, zoriontsua?

 

Den denak muinoan lo dautza.

 

Bat erditze lotsagarrian hil zen,

Bat amoreminez,

Bat astakirten batek hil zuen putetxean,

Bat bihotzaren desioen xerka hautsitako harrotasunez,

Bat, Parisen eta London urrunetan bizi ostean, sorterrira ekarri zuten Ella eta Kate eta Magen albora.

 

Den denak muinoan lo, lo, lo dautza.

 

Non dira osaba Isaac eta izeko Emily,

eta Towny Kincaid zaharra

eta Sevigne Houghton

eta iraultza sasoiko gizon agurgarriekin

berba egin zuen Walker alkatea?

 

Den denak muinoan lo dautza.

 

Gerran hildako semeak etxeratu zizkieten

eta bizitzak zapaldutako alabak,

eta guraso bako haur negartiak.

 

Den denak muinoan lo, lo, lo dautza.

 

Non da laurogeita hamar urtean

bizitzarekin jolasean aritu den,

bisutsari paparra agerian aurre egin dion,

edan, astrapalean, ez emazte ez senide ez urre,ez maitasun ez zeru gogoan izan ez dituen

Jones biolin-jole zaharra?

 

Hara hemen isildu ere egin barik,

aspaldiko arrain frijitzeez,

Clary’s Groveko antzinako zaldi lasterketez

Abe Lincolnek behinola Springfielden esan zuenaz.

 

MUINOA
Edgar Lee Masters

Spoon River Anthology, 1915
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2018